(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Bilatzaile erabili!

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Posta-elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Foru titulartasuna duten hiru museoek jarduera bereziak eskainiko dituzte Museoen Nazioarteko Egunaren eta 2018ko Europako Museoen Gauaren karietara astelehena, 2018.eko maiatzak 14


Eskaintzaren barnean, bisita lagunduak, haurrentzako tailerrak, argibide-jokoak, hitzaldiak eta dokumentalen proiekzioak izanen dira


Nafarroako Museoak, Karlismoaren Museoak eta “Julio Caro Baroja” Nafarroako Museo Etnologikoak bat egin dute, urtero-urtero maiatzaren 18an ospatzen den Museoen Nazioarteko Egunaren karietara. Egun horretarako prestatu duten programazio berezian, museoek komunitateekin eta inguruneekin izan ohi dituzten loturak nabarmenduko dituzte “Museo hiperkonektatuak. Ikuspegi berriak. Publiko berriak” lemapean. Egun horrexetan sortu zen Frantzian Europako Museoen Gaua; hurbilen dagoen larunbatean ospatu ohi da eta iaz Europa osoko 30 herrialdetako 3.000 museo ingururen parte-hartzea lortu zuen.

Premisa honen azpian, ostegunean, maiatzak 17, Sam Cullman eta Jennifer Grausman zuzendariek egindako “Art&Craft” dokumental iparramerikarra eskainiko da Nafarroako Filmotekan, izan ere, erakunde honek Museoaren bat egin du arteen arteko loturarik ez dagoela aldarrikatzeko. 2014ko film honen aurkezpenean Emilio Quintanilla historialariak parte hartuko du.

Gainera, Arte oro garaikidea da deritzon eraberritze-proiektuaren barnean, Nafarroako Museoak esperientzia berezia bizitzeko aukera helarazi nahi die publiko berriei ostiralean, larunbatean eta igandean. Horretarako, Museatu eta bidaiatu: beste kultura batzuk Nafarroako Museoan delako jarduera antolatu du Amaia Vicente arte-historialariarekin batera. Museoko piezetarako bisita lagunduen bitartez, pertsonen eta ideien joan-etorrietara hurbildu eta Nafarroako Museoan ikusgai dauden beste kultura batzuk gertu-gertutik ezagutzeko aukera eskainiko die helduei eta familiei.

Bestalde, zirkuaren munduko pertsonaiak Nafarroako Museoaz jabetuko dira larunbatean, maiatzak 19, eta bertako bisitariak harritutko dituzte bisita ludiko eta interaktiboa girotzeko eskainiko dituzten bat-bateko jandunen bitartez. Horrela, antzerkiaren artea museoko artearekin bilduko da. Arratsaldeko bisitariei izozkia hartzeko gonbita emanen zaie, eta gaurko bisitariei kopa bat ardo hartzeko aukera eskainiko zaie Museoan bertan. Gauaren bukaeran, ezusteko gertakari batek bertaratutako guztiak zur eta lur utziko ditu.

Azkenik, igandean, maiatzak 20, hilaren 21ean ospatuko den Elkarrizketarako eta Garapenerako Aniztasun Kulturalaren Munduko Egunarekin bat eginez, Milagros Nuin Monreal adituak (Arabierako eta Islameko doktorea, arabierazko eta ingelesezko itzultzailea Kanpo Arazoetarako Ministerioan eta arabiar hizkuntza eta literaturako irakaslea Unibertsitate Konplutentsean) “Marfilezko lorategia: Leireko kutxatila” izenburuko hitzaldia eskainiko du, eta honen ondoren, artelana bertatik bertara ikusteko aukera izanen da.

Horrekin batera, Danok Taldea 1966-1967. Osatu gabeko modernitatea deritzon aldi bateko erakusketarako bisita lagunduak antolatuko dira.

Museoetako Pasaportearen kanpaina programazioan ere izanen da, ikusmin bezain despiste handia duen Wally izeneko bidaiariaren eskutik.

Karlismoaren Museoa

Bestalde, Karlismoaren Museoak prestaturiko programazio berezia ostiralean, maiatzak 18, hasiko da, 12:00etan, egun horretatik urriaren 14a arte publikoari eskainiko zaion “Toisoiaren ebasketa” argibide jokoaren (escape room) aurkezpenarekin. XIX. mendeko hotel baten errekreazioan antolatutako joko hau 1877an gertatu eta ondo dokumentatuta dagoen gertaera historiko batean oinarrituta dago. Karlos VII.a erregegaiari Urrezko Toisoia ebatsi zioten Milango Hotel de la Ville delakoan, eta egiazki zer gertatu ote zen ez da erabat argitu gaurdaino. Zantzuen arabera, Boet jeneralak eragindako ebasketa ala On Karlosek berak antolatutako iruzurra izan zitekeen.

“Toisoiaren ebasketa”, Proyecto de Escapismo enpresa galiziarrak Karlismoaren Museoaren jatorrizko ideia baten gainean garatutako ikerketa jokoa da. Gale batean bildurik, bost pertsona ere izan ditzakeen talde bateko partaideek hainbat buru-hausgarri eta enigma argitzeari ekin beharko diote istorio honen bukaera egokia aurkitzeko. Jokoak 60 minutuko iraupena du eta aldez aurreko erreserbaz goza daitekeen doako jarduera da.

Haurrentzat, Karlismoaren Museoak Montizongo konde Joan III.a erregegaiaren bizitza ezagutzera ematea helburu duen tailera eskainiko du Tea en la Azotea taldearekin batera. Errege-eskubideei 1868an uko egin ondoren, Joan III.a Londresen finkatu eta argazkilari gisa nabarmendu zen. 1852ko udan Londresko zoologikoan atera zituen zenbait irudi argazkigintzaren historiaren funtsezko osagai bihurtu dira. Zehazkiago esanda, Obaysch Niloko hipopotamo erraldoiaren irudia azpimarra daiteke, baita lutxo baten irudia ere, arrain bizi bati ateratako lehendabiziko argazkia.

“Londresko zoologikoan” deritzona aurretik erreserbatu behar den 5 eta 12 urte bitarteko neska-mutilei zuzendutako doako jarduera da, 15 pertsonako aforo mugatua duena. Eskulangintza tailer honetako partaideak Londresko garai hartako zoologiko ezagunaren giroa simulatzen duen photocall batean erretratatuko dituzte, haurrek landutako animalia-mozorroekin apainduta.

Era berean, kanpainaren jarduera osagarri gisa, Karlismoaren Museoak Museatu eta bidaiatu. Nafarroako Museoetarako pasaportea deritzon publiko guztiendako argibide-jokoa eskainiko du, erregegai karlistek Europan zehar izan zituzten hiru egoitzetan zehar ibilbibidea osatzea proposatuz.

Nafarroako Museo Etnologikoa

Azkenik, “Julio Caro Baroja” Nafarroako Museo Etnologikoak hiru bisita gidatu antolatu ditu bere instalazioetan zehar, eta jardueraren osagarri gisa, erakunde honen sorrera eta geroko bilakaera azaltzeko Museoak 2017an ibilbide horretako zenbait protagonistaren zuzeneko testigantzak bilduz ekoiztu zuen dokumentala pantailatatuko da.

Programazio hau ezagutzera emateko erabiliko den irudia Elena Moreno Jordanak landu du International Council of Museums (ICOM) erakundeak diseinatutakoa abiapuntutzat hartuz eta hiru foru museoen BIDI kodeak txertatuz.

“Museo hiperkonektatuak: ikuspegi berriak, publiko berriak” delako lema aukeratu du aurtengo ediziorako 1946an sortu eta formalki UNESCOri atxikita dagoen ICOMen (International Council of Museums) erakundeak, izan ere, ezinezkoa izango litzateke museoen eginkizuna ulertzea, horiek ezartzen dituzten konexio guztiak aintzat hartu gabe. Tokian tokiko komunitateen, paisaia kulturalaren eta ingurune naturalaren funtsezko osagaiak dira. Teknologiaren laguntzaz, museoak ohiko publikotik harantzago irits daitezke sarean zehar. Baina museoek ez dute teknologiaz nahitaez baliatu behar konexio berriak sortzeko. Bildumak aurkezteko edo programazioak diseinatzeko modu berritzaileak erabiltzea aski izan daiteke publiko berri-berria erakartzeko.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa