(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Principe de Viana aldizkariaren azken aleak Karlos Vianakoaren eta Brianda Vaca maitalearen arteko harremanak aztertu ditu astelehena, 2018.eko martxoak 26


Argitalpenean Benjamin Tuterakoaren garai bertsuko beste bidaiari baten liburua eta Asenjo margolaria aztergai dituzten lanak ere nabarmendu behar dira


Principe de Viana aldizkariaren 268. alearen azala.

Principe de Viana aldizkariaren 268. alearen azala.

Principe de Viana aldizkariaren 268. aleak Karlos Vianakoak eta Brianda Vacak nafar koroarentzako garai latz haietan izandako maitasun istorioari buruzko artikulua argitaratu du. Argitalpenean, halaber, Benjamin Tuterakoarekiko hainbat paralelismo dituen XII. mendeko judu alemaniar baten liburuari buruz Jose Mª Rodríguez Ochoa hebraistak landutako artikulua ere bildu da.

Ikerketa artistikoaren arloko beste artikulu batean mendez mende iraun duten zurginen familien istorioetan sakondu da, eta horrekin batera, Tuterako San Andres ikastetxe zaharrean XVII. mendean gertatu zen eraldaketa ikonografiko harrigarria aztertu, Belateko Guduak iraun zuen zazpi egunei buruzko jakingarriak berreraiki, Sakanako XV. mendeko datu demografikoak bildu, Felipe II.a erregearen arma ikuskatzailea izan zen Lope de Elío y Sarasa kapitainaren bizitza gogora ekarri, García Salcedo familiak Milagron zuen etxearen garrantzi estetikoa eta XVII. mendeko boterearen ikur gisa zuen garrantzia nabarmendu, eta Primo de Riveraren diktaduraren garaiko Iruñeko apezen ikuspegi orokorra eskaini da, beraien prentsa-irakurketetatik abiatuta. Lan hauek guztiek osatu dute argitalpenaren ale berria.

Artea

Aldizkariak Historia, Espazio eta Ondareko Ikerketa Aurreratuetako masterreko ikasle Raquel Idoateren Maestros Carpinteros. Una saga familiar: los Biguiristi (Zurgin maisuak. Saga familiar bat: Bigiristiarrak) lana plazaratu du. Ikerketa honetan, Idoatek Nafarroako zurgintzaren adibidetzat hartu du XVI. mendearen bukaeratik XX. mendearen hasierara bitartean lanean jardun duen maisuen saga familiarra. Genealogoa horren ikerketatik abiatuta, Idoate zurgintza lantzeko era desberdinetan eta 300 urtetik gorako epean izandako bilakaeran murgildu da, Nafarroako Erdialdeko zurgin-maisuaren bizimodua islatuz.

Argitara emandako beste lan bat UPV/EHUn (Euskal Herriko Unibertsitatea) ikertzaile dabilen Eneko Ortegak sinatu du, El programa iconográfico del antiguo colegio jesuítico de Tudela (Tuterako jesuiten ikastetxe zaharreko panorama ikonografikoa) izenburupean. Artikulu honetan, Ortegak, XVII. mendearen hasieran sortutako Tuterako San Andres ikastetxe zaharreko ikonografian izandako eraldaketa aztertu du, izan ere, Jesuiten ordenan ohikoak ziren gaiak irudikatzen hasi zen (Jainkoaren Loria eta Konpainia goresteko ikonografia), baina XVIII. mendearen erdialdeaz geroztik, barruko apainketa aldatzeari ekin zitzaion San Frantzisko Xabierren figura nabarmentzeko.

Historiako doktore Jose Mª Muruzabalek Salustiano Asenjo margolariari buruzko artikulua argitaratu du, El pintor Salustiano Asenjo: contribuciones al estudio de su figura y de su obra (Salustiano Asenjo margolaria: honen bizitza eta lana aztertzeko ekarpenak). 1834an Nafarroako hiriburuan jaioa, Asenjo margolaria Valentziara joan zen haurtzaroan eta hantxe hil zen 1897an, Muruzabalek argitu duenez. San Carlos Arte Ederren Akademian prestatu zen eta erakunde horretako zuzendari bihurtu zen 1871an. Azterketak xehetasun biografikoa ere gaineratu du, dagokion garaian kokatu ahal izateko. Bigarren zatian, artistaren ekoizpena aztertu du hainbat bloke tematikoren arabera: erretratua, pintura historikoa, kostunbrista eta paisaia. Lanak Asenjok marrazkilari eta irudigile satiriko gisa egindako lanak ere errepasatu ditu, egilearen katalogoari dagozkion hogeita hamar lanen aipamenaz, horietako batzuk ezezagunak direlarik.

Historia

Historiari eskainitako atalean, aldizkariak “Brianda de Vaca, la amada nuestra de Carlos de Viana” (“Brianda Vaca, Karlos Vianakoaren maitale gurea”) izenburuko artikulua plazaratu du, Madrilgo Unibertsitate Autonomoan Erdi Aroko Ikasketa Hispaniarretako masterreko ikasle Juan Boix-ek egindakoa. Leinuen arteko harremanen esparruan, Boix-ek arreta handiz aztertu ditu Vianako Printze Karlos Trastamara eta Evreuxkoaren maitale eta haren seme –Nafarroako koroaren oinordeko naturalaren bigarrena– Filiperen ama izan zen Brianda Vaca andrearen jatorria eta nortasuna. Lanak bien arteko topaketa, andreak nafar gortera egindako bisitaldia, Filiperen jaiotza eta Bartzelonan gauzatutako familia berri baten sorrera errepasatu ditu.

Pedro Esarte historialaria dugu La batalla de Belate (1512): una revisión crítica (Belateko gudua (1512): berrikuspen kritikoa) artikuluaren egilea. Idazlea gatazkari buruzko datuak argitzen ahalegindu da, Nafarroako konkistari buruz dauden bertsio askotan kontrajarrien inguruko bertsioak argitzen dituzten agiri argitaragabeen harira. Artikuluaren bitartez, zehatz-mehatz azaldu nahi izan du jardun militarreko zazpi egun haietan gertaturikoa, eta neguan mendatea nola igaro zuten eta bestelako alderdiei buruzko informaziorik eza beste informazio-iturri batzuen laguntzaz estali du.

Jose Luis Erdoziak Zenbait datu demografiko Sakanan XV. medearen hasieran euskarazko artikulua osatu du. Bertan, Erdoziak eskualde horretako Erdi Aroaren amaierako datu demografikoak aztertu ditu, Mendialdeko Merinaldean 1427an zeuden suei buruzko datuak erreferentziatzat harturik. Artikuluak bi zati ditu. Lehenengo zatian, artikuluaren zergatia azaldu du hitzaurre gisa, garai hartako datuak bilduz. Bigarren zatian, XV. mendearen lehenengo laurdenari dagokion Arakil, Sakana eta Burundari buruzko informazioa jaso du. Datu guztiak hogeita hamasei taulatan bildu dira, dagozkien iruzkinekin eta izaera geografiko, ekonomiko eta historikoa duten bestelako datuekin batera.

Bestetik, Francisco Javier Baztan ingeniariak El capitán Lope de Elío y Sarasa. Un navarro veedor de armas del rey Felipe II (Lope de Elío y Sarasa kapitaina. Felipe II.aren arma ikuskatzaile nafarra) artikulua osatu du. Baztanek Lope de Elio kapitainaren bizitza eta jarduera profesionala laburbildu ditu, berrogei urtez zerbitzatu baitzuen Felipe II.a erregea, azken hogei urteetan Gipuzkako probintziako eta Bizkaiko Jaurerriko arma ikuskatzaile gisa.

Errioxako Unibertsitateko Giza-Zientzien Departamentuko irakasle Pilar Anduezak landu du De Nueva España a Navarra: el mayorazgo y la casa principal de José García de Salcedo en Milagro (Espainia Berritik Nafarroara: Jose Garcia de Salcedok Milagron zuen maiorazkoa eta etxe nagusia) deritzon artikulua. Anduezak García de Salcedo familiak Erriberako herri horretan zuen etxea hartu du oinarritzat, Nafarroako jauretxe barrokoen arkitektura-eredurik nabarmenenetakoa baita. José García de Salcedo militarrak eraiki zuen 1680an, beraren leinuaren botere ekonomiko eta sozialaren metafora gisa, Bizkaia Berritik (egungo Mexikoaren iparraldean) itzuli ondoren, hango gobernadorea izan baitzen 1671etik 1676ra bitartean. Anduezaren lanak familiaren biografiarekin batera aztertu du Pedro Agirre maisu ospetsuaren eraikuntza-prozesua.

La prensa periódica leída por los sacerdotes navarros en la época de Primo de Rivera (Primo de Riveraren garaiko nafar apezek irakurritako aldizkako prentsa) dugu Nafarroako Unibertsitateko Elizaren Historiako Institutuko ikertzaile Santiago Casas-ek landutako artikuluaren izenburua. Casas-ek Iruñeko elizbarrutiko apezei apezpikuaren aginduz 1928an egindako inkestaren emaitzak aztertu ditu. Inkestak prentsa ez-erlijiosoaren irakurketa-eredua finkatzea zuen helburua. Lanak garai hartako elizbarrutiko apezen ikuspegi orokorra eskainzten du.

Literatura

Aldizkariko literatura atalean, José Mª Rodríguez Ochoa hebraista eta irakasle emerituaren Petachia de Regensburg, viajero judío contemporáneo de Benjamín de Tudela (Petachia Regensburgekoa, Benjamin Tuterakoaren garai bereko bidaiari judua) izenburuko artikulua bildu da. Bertan, Rodríguez Ochoa irakasleak XII. mendeko Petachia de Regensburg errabino askenaziak Palestinara eta kultura judutarrak Babilonia izenaz ezagutzen zuen lurralde zabalera egindako bidaia aztertu du. Garai bertsuan bizi izan zen Benjamin tuterarrak bezalaxe, ibilaldiko gorabeheren berri eman zuen hainbat idazkitan. Artikulu honi eusten dion oinarrizko iritziaren arabera, Petachiak idatzitako Sibbuv –Zirkuitua/Ingurabidea– lanak Benjamin Tuterakoari buruzko ezagutza aberasten eta areagotzen laguntzen du, eta alderantziz. Artikuluaren bigarren zatian, Sibbuv lanaren itzulpen berria gehitu da, hebraieratik zuzen-zuzenean landutakoa.

Aldizkariak 268. alea plazaratu du, 400 alez osatutako argitaraldiarekin. Nafarroako Gobernuaren argitalpenen dendan eros daiteke, 8,40 euroko prezioan.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa