(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Gobernua “Betizu” arraza autoktonoaren haragia merkaturatzeko proiektua garatzen ari da ostirala, 2018.eko martxoak 23


Garapen Ekonomikoko Departamentuak finantzatu eta INTIAk gauzaturiko proiektua da


Betizuaren haragiaren dastaketa bateko partaideak. ( irudia handitu )

Nafarroako Gobernua “Betizu” behi-arraza autoktonoaren haragiaz ekoiztutako produktu lehiakorra lortzeko I+G proiektua garatzen ari da, Garapen Ekonomikoko Departamentuak finantzatuta eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari atxikitako INTIA enpresa publikoak garatuta.

“Betizuaren Haragia” deritzon produktua karakterizatzea da proiektuaren helburu nagusia, Nafarroan galtzeko zorian dagoen behi-arraza autoktono honen ustiategien errentagarritasuna hobetu eta mantentzen laguntzeko, elikagaitzat erabiltzen dituzten larreei atxikitako kalitate bereiziko haragi-ekoizpenerako baliatuz.

Proiektu honen barnean, INTIak dastaketa bat antolatu berri du, haragi autoktono honen kalitatea eta izaera bereizia aztertzeko. Dastaketan parte hartu zuten 22 pertsonek zenbait animalia-motaren laginak probatu zituzten (gizendutako abelburuen 3 lagin eta aratxeen kategoriako bi lagin), kolorea, usaina, zaporea, gogortasuna eta urtsutasuna bezalako parametroei buruzko balorazioa eginez, horretarako prestatuak zituzten dastaketa-fitxen bitartez.

Dastaketan, Betizu arrazako behien hazleen elkarteko adituek, Administrazioko teknikariek eta harakintzako profesionalek parte hartu zuten. Ondoren, dastaketa-bazkaria egin zen 50 pertsonaren parte-hartzeaz haragi honekin prestatutako platerak probatzeko eta, aldi berean, proiektua ezagutzera eman, orain arte emandako aurrerapausoak azaldu eta proiektuaren helburuak sektorearekin partekatzeko asmoz.


Betizu arrazako abelburuak, larrean. ( irudia handitu )

600 abelburu inguru Nafarroan

Betizua Nafarroa, Gipuzkoa, Bizkaia eta Akitaniako (Frantzia) zenbait eskualdetan zehar sakabanatuta dagoen arraza autoktonoa da, 2003az geroztik Nafarroan galtzeko zorian dauden espezieen artean sailkatuta dagoena. Arraza hau haragia ekoizteko hazten da nagusiki, era estentsiboan hazi, eta Pirinioen aurrealdeko larre gogorrez elikatzeko gauza denez gero, mendiak egoera onean mantentzeko laguntzen du.

Nafarroako Betizu Arrazako Behien Hazleen Elkarteak (ASBENA) INTIAren laguntzaz eta partaidetzaz osatutako erregistroaren arabera, Nafarroan betizua hazteko 17 ustiategi daude eta arraza honetako 623 abelburu, guztira.

Duela 15 urte, Nafarroako Gobernuak betizu-populazio bat mantentzeari ekin zion Urraulgoitin duen Sastoia finkan, eta betizu-talde hori arraza horretako behi-talde bat mantentzeko ardura duen INTIA erakundearen eskura utzi zen geroztik. Ekoizpen ekologikoan izen-emanda dagoen finka horrek 83 hektareako azalera du, eta bertan, behi-mota honen maneiu estentsiboa egiten da, bai arraza honen ezaugarriei eta tamainari erreparatuta, baita finkaren egiturak berak abelburuak bildu eta maneiatzeko eskaintzen dituen zailtasunen eraginez ere.

2016an, INTIAk hasiera eman zion hiru urteko iraupena duen I+G proiektu honi, Garapen Ekonomikoko Departamentuaren finantzaketaz, merkarturatzeko moduko produktu lehiakorra garatzeko asmoz: harakaia deritzon Betizu arrazako ar zikiratua, 48 hilabetetik beherako adinean sakrifikatutakoa. Horretarako, 2016an eta 2017an, INTIAk galtzeko zorian dagoen arraza honetako 24 hilabetetik gorako 40 behiez osatutako ustiapena mantendu du finka honetan.

Proiektu hau, INTIAren ildo esperimentalen barnean galtzeko zorian dauden arraza autoktonoak mantendu, hobetu eta hedatzea xede duen ildoari atxikita gauzatzen ari da, eta haragi mota honen kalitatea eta izaera bereizia aztertzeko, nahitaezkoa du dastaketa organoleptikoak egitea. Proiektuak dirauen bitartean, bildutako laginekin haragi freskoaren kontsumitzaileei zuzendutako dastaketak antolatuko dira, haragi honen onargarritasun orokorra merkaturatutako haragiarekin alderatuta neurtzeko, eta honen laguntzaz, 24-30 hilabeteko harakaiaren produktua tipifikatu ahalko da.

Betizu, galtzeko zorian dagoen arraza autoktonoa

'Europako azken basa-behia' izaki, betizua dugu Europa osoko behi-arrazarik bereizgarrienetakoa, genetikagatik nahiz basatutako izaeragatik. Animalien baliabide genetikoak balio goreneko ondarea dira gizateria osoarentzat, eta aniztasun genetikoaren galerak abeltzaintzaren ekoizpena eta produktibitatea mantendu eta hobetzeko eta nekazaritza iraunkorrari eusteko aukerak gutxitzen ditu, ingurumen-baldintza berriei aurre egiteko gaitasuna ere murriztuz.

Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumeneko Ministerioak “Arraza Autoktonoa” logotipoa erabiltzeko baimena eman dio Betizu-Hazleen Federazioari (FEBE), arraza honen Liburu Genealogikoa kudeatzeko aitorpena duen erakundea den aldetik, Nafarroako Gobernuak baldintza-plegua onartu ondoren. Federazioaren datuen arabera, arrazak 922 abere inskribatuak ditu gaur egun Liburu Genealogikoan, 40 ustiategitan zehar banaturik.

Historikoki, betizu arrazako abereak laborantza-lanetarako erabiltzen ziren tarteka, eta noizean behin, abeltzainek haragia ekoizteko ere baliatzen zituzten. Irauteko aukerarik ere izanen ez lukete beste arraza batzuen aldean, larretan arras ongi portatzen den arraza denez gero eta berairazko ekoizpen-sistema dutenez gero, kalitate bereiziko haragia ekoizteko moduko arraza dela uste da.

Azken urteotan, arraza hau berreskutatu eta abelburu-kopurua areagotzearen aldeko interesa hazten ari da. Baina ekoizteko aukera garbirik ezean, betizuaren haragia ezin da lehiatu gaur egun beste arraza batzuetako haragiekin.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa