(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Donibaneko osasun-zentroak lideratuko du “Auzoko adinekoaren aldeko ituna” proiektua osteguna, 2018.eko martxoak 22


Dokumentua gaur sinatu dute Donibaneko osasun-zentroak, Iruñeko Udalak eta beste zazpi erakundek, biztanleen % 33k 65 urte baino gehiago dituen zonalde honetako zahartzearen erronkari aurre egiteko asmoz


Donibaneko osasun-zentroa

Donibaneko osasun-zentroan aurkeztutako programa berritzailea ezagutzera emateko ekitaldira bildutakoak. ( irudia handitu )

Iruñeko Donibane auzoa dugu biztanleriaren zahartze aktiboa bultzatzeko ekimen berri baten agertoki, biztanleen % 33k 65 urte baino gehiago dituen zonalde honetako osasun-zentroaren lidergopean. Osasun-zentroak bultzatutako “Auzoko adinekoaren aldeko ituna” deritzonak Iruñeko Udala eta hainbat elkarte eta erakunde ditu partaide, zahartze aktibo eta osasungarria sustatzearen aldeko parte-hartze bidezko konpromiso aktiboari lotuta.

Dokumentua gaur goizean sinatu dute bederatzi erakunde parte-hartzaileen ordezkariek: Iruñeko alkate Joseba Asironek, Donibaneko osasun-zentroko María Eugenia Ursuak, San Juan Xar auzokide-elkarteko Koldo Osinagak, Martin Azpilcueta Merkatarien Elkarteko Anuntxi Menak, SDRC Anaitasunako Miguel Ollacarizquetak, AD San Juan-eko Miguel Angel Irigoyenek, Caritas Donibaneko Luis Aramendiak, Oskia Erretiratuen Elkarteko Mª Ángeles Avizandak eta Nafarroako DYAko Ángel Manuel Chuecak. Ekitaldian izan dira, halaber, Osasun Departamentuko zuzendari nagusi Luis Gabilondo, osasun-zentroko profesionalak eta auzoko bizilagunak.


Osasuna

Erakunde laguntzaileen ordezkariak, hitzarmena sinatzeko ekitaldian. ( irudia handitu )

Ekimen honen bitartez, erantzun egokia eman nahi zaie biztanleria zahartuaren behar soziosanitarioei, betiere norberaren egoera ekonomikoari, osasunari nahiz mendekotasunari lotutako heterogeneotasunezko aldagaiak kontuan hartuz, eta amankomunean dituzten ezaugarriei arreta eginez: narriadura fisiko eta kognitibo handiagoa, norberaren kabuz baliatzeko aukera murritzagoak 80 urtetik aurrera, urteetan aurrera egin ahala gutxituz eta ahulduz doazen gizarte-harremanak, balizko isolamendu soziala eta bakardadea, eta tratu txarra pairatzeko arrisku handiagoa.

Instituzio, erakunde eta elkarteen arteko lankidetza

Proiektu honek beste maila batzuekiko lankidetza-esparru berri bat finkatzeko aukera eskainiko du, baterako erantzukizuna aitortuz, elkarren ezagutzatik abiatuz eta sinatzaile bakoitzak eskain ditzakeen esperientziak eta aukerak profitatuz.

Dokumentuak berariazko helburuak eta horiek betetzeko ekintzak eta neurriak bildu ditu. Helburuen artean, honako hauek nabarmen daitezke: parte-hartzea sustatzea, adinekoen ikasketa erraztea, prestatzaile gisa duten balioa bultzatzea, bizimodu osasungarriak, ariketa fisikoa, elikadura osasuntsua eta estimulazio kognitiboa sustatzea; osasun zerbitzuetan nahiz zerbitzu sozial eta komunitarioetan arreta segurtatzea; adinekoen gaitasun funtzionala eta bizi-kalitatea hobetzea; arriskuan dauden adinekoak detektatzeko sistema eraginkorrak bultzatzea; zaintzailearen bizi-kalitatea hobetu eta zainketaren inpaktua murriztea, zaintzaileari laguntzeko zerbitzuak bultzatzea; gai ekonomiko eta finantzarioei buruzko aholkularitza; adinekoenganako tratu ona sustatu eta abusuzko egoeren inguruko kontzientzia soziala areagotzea; ingurune garbi eta osasungarriak, gizarteratzaileak eta seguruak sortzea; norberaren etxe barneko zahartzea bultzatzea; aisialdiko jardueretan nahiz ekitaldi orokorretan adinekoen parte-hartzea sustatzea; eta adinekoen beharrei nahiz zahartzearen baldintzatzaileei buruzko ikerketa bultzatzea.

Jarduerak

Aipatutako helburuak lortzeko, Itunak hainbat esparruri dagokion ekintza-programa diseinatu du, parte hartzen duten erakundeen jarduera-esparruen araberakoa; horrela, auzoko boluntariotza sustatzea aurreikusi da, aisia, kirola, teknologia berriak eta oroimena landu eta garatzeko tailerrak antolatuz; baita adinekoei urteetako ezagutza belaunaldi berriei transmititzea ahalbidetuko dieten hiriko baratzak, jubiloteka bat eta denboraren banku bat sortzea ere, besteak beste.

Halaber, gai ekonomiko eta finantzarioei buruzko laguntza eta sostengua eman zaie, abusuzko egoeren inguruko kontzientzia soziala areagotuz. Irisgarritasun eta segurtasun fisikoari dagokionez, auzoko kaleetan dauden gune beltzei buruzko mapa egitea aurreikusi da, baita bide-segurtasunari edo etxe barneko segurtasunari buruzko informazio-hitzaldiak ere, eta etxebizitzak zaharberritzeko laguntza publikoak deituko dira.

Zahartze Aktibo eta Osasungarriaren aldeko Estrategiak

Ekimen hau Nafarroako 2017-2022rako Zahartze Aktibo eta Osasungarriaren aldeko Estrategiari atxikita dago, osasun oneko bizitza-itxaropena areagotzeko eta mendekotasunaren prebalentzia murrizteko xedez. Proiektu hau lehentasunezkoa da foru exekutiboarentzat, hogei urte barru Nafarroako biztanleen % 25ek 65 urte baino gehiago izango dituela iragartzen duten aurreikuspenen harira.

Estategia hau, osasuna Foru Administrazioko departamentu guztietan txertatzea xede duen Osasun arloko Departamentu-arteko Kontseiluak sustatu du, eta 60 ekintza-ildo baino gehiago ditu. Oinarrizko hiru ardatz hauen inguruan egituratuta dago: bizitza-proiektu aktibo eta osasungarriak, Adinekoekin adiskidetsuak diren inguruneak eta Eskualde-garapena eta Zerbitzu eta prestazio sozial eta ekonomikoak. Estrategiaren garapen operatiborako parte-hartze bidezko prozesu zabala egin da gaiarekin lotutako Eragileekin batera, baita 2018-2019ko Ekintza-Plana ere, zeinetan Adinekoen Eskola eta Zaintzaileen Eskola gisako ekintzak bultzatu diren, besteak beste, edota adinekoekin adiskidetsuak diren hiri, herri eta auzoen sustapenerako dirulaguntza-deialdiak Tokiko Agenda 21ean sartu diren, herri eta auzo mailako tokiko proiektuak bultzatzeko xedez.

Halaber, itun hau Iruñeko Udalak OMEk babestutako Hirugarren Adinarekin Adiskidetsuak diren Hirien Sarearekin egin duen bat-egiteari atxikita dago. Bat-egite honi jarraiki, Iruñeko Udala Adinekoentzako Plan Zuzendaria lantzen ari da, adineko pertsonen aniztasuna babesteko, adin guztietako pertsonek partekatutako gizarteratze-kultura bultzatzeko eta zahartze aktiboari lotutako beharrei eta lehentasunei malgutasunez erantzun ahal izateko.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa