(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Langabeziak 569 pertsonatan egin du behera Nafarroan, azken 12 urteotako otsaileko daturik onena lortuz ostirala, 2018.eko martxoak 2


Hilabete berean, Gizarte Segurantzako afiliazioak 2.311 pertsonatan gora egin du, 2006az geroko igoerarik handiena lortuz


Transcripción textual del video

Nafar Lansareko Agentzietan erregistratutako langabeen kopurua 36.088 pertsonatan kokatu da otsailean. Hortaz, hilabete horretako langabeziari buruzko datuen balorazioa arras positiboa da, langabeziak 569 pertsonatan egin baitu behera, -% 1,6, eta 4.632  pertsonatan behera urte batean, hots, -% 11,4.
eraikuntza

Bi profesional, altxatzen ari diren eraikin batean.

Nafar Lansareko Agentzietan erregistratutako langabeen kopurua 36.088 pertsonatan kokatu da otsailean. Hortaz, hilabete horretako langabeziari buruzko datuen balorazioa arras positiboa da, langabeziak 569 pertsonatan egin baitu behera, -% 1,6, eta 4.632  pertsonatan behera urte batean, hots, -% 11,4.

Gainera, aurreko urteekin alderatuz gero, balorazio hori are positiboagoa da. Horren harira, aurreko hilabeteek normalean langabeziaren jaitsiera errazten ez duten arren, otsaila hilabete positiboa izan ohi da azken urteotan. Hortaz, helburua jaitsiera horri tamaina hartzea da, beste urte batzuetan gertatutakoarekin konparatuz.

Alderaketak argi utzi du otsail honetako langabeziaren beherakada orain arte izandako positiboena izan dela, krisiaren aurreko otsailak ere kontuan harturik. Beraz, langabeziak azken hamabi urteotan izan duen jaitsierarik handiena izan da. Izan ere, aurreko bi urteetan izandako aldaketekin konparatuz gero, langabeziaren hileko jaitsiera handiagoa izan dela egiaztatzen ahal da. 2017ko otsailean izandako jaitsiera % 1,27koa izan zen, 2016an % 0,04koa eta 2015ean % 0,77koa. Krisiaren aurreko urteetara joz gero, 2007ko otsailean izandako jaitsiera ere txikiagoa izan zen, % 1,08koa.

Horrekin batera, urtaroen araberako eragina kontuan harturik, litekeena da langabeziaren jaitsiera bere horretan mantentzea uda igaro arte, eta hortik aurrera gora egitea. Ondorioz, arestian adierazi den gisara, gorabehera horien intentsitatea konparatu behar da, jaitsiera horiek langabezia areago murrizteko gauza izan daitezen.

Urteko kopuruei so eginik, langabeziaren % 11,6ko jaitsiera hori da azken hamabi urteotan izandako langabeziaren murrizketarik handiena. Hemen ere, aurreko urteekiko konparazioak jaitsiera mesedegarriagoa frogatzen du. Hartara, 2017an jaitsiera garrantzitsua izan zen, baina txikiagoa, % 9,7koa, 2016an langabezia % 8,1 murriztu zen, eta 2015ean % 7,6. Bestetik, krisiaren aurretik gertatutakoaren eredu gisa, 2007ko datuaren arabera, langabeziak % 5,1eko jaitsiera izan zuen urte batean, hau da, 6,5 puntu txikiagoa.

Laburbilduz, urtaroen araberako eragin errepikakorren gainetik, argi eta garbi finkatu da langabeziaren beheranzko joera. Horren inguruko estimazioak positiboak dira.

Ez dugu ahantzi behar Nafarroako langabezia-mailarik handiena 2013ko otsailean izan zela, 56.524 langaberekin. Harez geroztik, murrizketa % 36,3koa izan da, hau da, 20.516 langabe gutxiagokoa.

Bestalde, Estatuan langabezia % 0,18 jaitsi da hilabete batean eta % 7,48 urte batean. Hortaz, hilabeteka nahiz urteka, langabezia bizkorrago murrizten ari da Nafarroan.

Izan ere, Nafarroa lehen postuan kokatu da langabeziaren jaitsieran, Aragoiren (-% 11,1) eta Galiziaren (-% 11,2) aurretik. Euskadirekiko (-% 8,65) nahiz Errioxarekiko (-% 8,4) aldea 3 puntu ingurukoa da.

Langabeak babesteko Estatuko Sistemaren estaldurari dagokionez, aurkeztuta azken datuek agerian utzi dituzte berriz ere sistema horren mugapenak, estalduraren proportzioan izandako hobekuntza arina gorabehera. Azken datu erabilgarriaren arabera, urtarrilean, lagabeziako estaldura-tasa %  50,3koa izan da. Hau da, abendukoa baino 0,8 hamarren handiagoa eta duela urtebetekoa baino puntu erdi handiagoa.

Laburbilduz, langabeen erdia baino gehiago, % 53,9, estaldurarik gabe daude sistema honen barnean. Horrela, langabe guztiak kontuan harturik, Nafarroan 19.770 lagabe estaldurarik gabe daude. Horren kariaz, garrantzi handikoa da Errenta Bermatua bezalako tresna propioak izatea.

Estatuan, estaldura-tasa % 59,2koa da, hots, 8,9 puntu handiagoa. Izan ere, urte batean, Nafarroan estaldura-tasa bost hamarren igo delarik, Estatuan 2,7 puntu gehitu da.

Gizarte Segurantzako afiliazioa eta kontratazioa

Langabeziaren jaitsierarekin batera, igoera adierazkorra gertatu da afiliazioan. Hortaz, enpleguaren hazkunde berri bat gertatu da. Langabeziari buruzko datuekin bezalaxe, aldaketa are positiboagoa da, azken hamabi urteotako otsailean gertatu den hazkunderik handiena dela kontuan hartzen baldin badugu, 2006an eta 2007an izandako hazkundeak baino are handiagoa.

Datuei dagokienez, Nafarroan 273.873 pertsona Gizarte Segurantzan afiliatuta zeuden otsailean, aurreko hilean baino 2.311 gehiago, eta iaz baino 10.072 gehiago. Aldaketa horiek, beraz, % 0,85eko igoera ekarri dute hilabete batean, eta % 3,82ko urteko hazkundea.

Estatuarekin alderatuz gero, afiliazioaren igoera handiagoa izan da hileka zein urteka. Estatuan, hilabeteko igoera % 0,45ekoa izan da eta urtekoa % 3,47koa. Gainera, kontuan izan behar da lagabezia-tasaren aldea ia zazpi puntukoa dela.

Bestalde, nabarmendu behar da langabezia-tasa txikiagoak dituzten beste Autonomia Erkidegoekiko konparazioak (Euskadi, Aragoi eta Errioxa) egoera positiboagos islatzen duela afiliazioaren hileko eta urteko hazkundeari dagokionez. Adierazi denez, Nafarroan, langabezia-tasarik txikiena duen komunitatea izanik, afiliazioaren urteko igoera % 3,82koa izan da. Hartara, langabezia-tasarik txikieneko bigarren erkidegoa den Euskal Autonomia Erkidegoan, urteko igoera % 2,21ekoa izan da; Aragoin, langabezia-tasarik txikieneko hirugarren erkidegoan, % 3,62koa, eta Errioxak, langabezia-tasarik txikieneko laugarren erkidegoak, % 2,80ko urteko igoera izan du afiliazioan.

Ez dugu ahaztu behar afiliazio-kotarik txikiena 2014ko urtarrilean egon zela: 243.505 afiliazio. Beraz, otsaileko azken datu kontuan hartzen badugu, 30.368  afiliazio gehiago egon dira, % 12,5eko igoera, beraz.

Kontratazioari buruzko kopuruei dagokienez, aurreikus zitekeen bezalaxe, kontratazioak behera egin du hilabete honetan. Horrela, 2018ko otsailean, lan-zentroa Foru Komunitatean duten 26.322  kontratu erregistratu dira Nafar Lansarean. Honek esan nahi du aurreko hilabetean baino 4.930 kontratu gutxiago zeudela, -% 15,8. 2006az geroko konparazioari so eginik, ohikoa bide da kontratazioak behera egitea urteko bigarren hilabetean. Hala eta guztiz ere, urteko kopuruetan, kontratuen kopuruak % 10,4 egin du gora, kontratazio-kopuru historikoak lortu ziren 2017. urteko otsailean baino 2.474 kontratu gehiago bilduz. Horren harira, 2018ko urtarrileko eta otsaileko datu metatuek islatzen dutenez, egun 2017ko epealdi berean baino % 8 kontratu gehiago daude.

Positiboko nabarmendu beharreko beste elementu bat da mugagabeko kontratazioan izandako urteko igoera, aldi bateko kontratazioarena baino argiro handiagoa. Urte batean, mugagabeko kontratuen kopurua % 22,2 igo da, eta aldi bateko kontratuena % 9,5.

Aldaketa horien ondorioz, otsailean egindako kontratazioen % 8 gutxi gorabehera kontratazio mugagabeak izan dira, aurreko hilabeteetako proportzioa gaindituz (2012ko hasieraz geroztik ez da honelako portzentajerik izan).

Langabeziaren datuen banakapena

Enplegu Agentzien arabera, hilabeteko datuetan, langabezia agentzia guztietan jaitsi da, Lizarra eta Lodosakoetan izan ezik, % 0,8ko eta % 1,7ko igoera izan baitute, hurrenez hurren. Kopuru absolutuetan, 17 langabe gehiago erregistratu dira Lizarran eta 25 gehiago Lodosan.

Bestetik, hauexek izan dira hileko jaitsierak: Doneztebe (-% 3,2), Agoitz (-% 3,2), Tafalla (-% 3,1), Zabalgunea (-% 1,9), Arrotxapea (-% 1,8), Yamaguchi (-% 1,6), Iruña osoa (-% 1,8), Altsasu (-% 1,6) eta Tutera (-% 1,3).

Urteko aldaketari dagokionez, langabeziaren jaitsiera bulego guztietan gertatu da, baina intentsitate desberdinetan. Yamaguchi-Iruñeko agentzian (-% 14,2), Arrotxapekoan (-% 12,7), Agoizkoan (-% 11,9), Iruñeko Zabalgunekoak (-% 11,8), Iruñeko agentzia guztietan (-% 12,7), Donezteneko agentzian (-% 11,2), Tafallakoan (-% 10,6), Altsasukoan (-% 10,1), Tuterakoan (-% 10), Lizarrakoan (-% 8,8) eta Lodosakoan (-% 3,6).

Langabeziaren izaerari dagokionez, sexuaren arabera, 21.006 emakume langabe zeuden, -% 0,8ko jaitsieraz (171 emakume gutxiago) eta 15.082 gizon langabe, -% 2,6ko jaitsieraz (398 gizon gutxiago). Beraz, langabeziaren hileko jaitsiera zertxobait handiagoa izan da gizonen artean.

Bestetik, urteko aldaketa genero-ikuspegitik aztertuz gero, langabeziaren banaketa orekatuago batera itzuli dela egiaztatzen ahal da. Gizonezko langabeen kopurua % 14,6 jaitsi da urtean; emakumezkoen kasuan berriz, % 8,9 jaitsi da. Horrela, gaur egun, langabeen % 58 emakumeak dira; 2009. urtean amaieran, berriz, % 49koa izan zen.

Adin-taldeen arabera, langabeziak behera egin du adin-tarte guztietan. Horrela, langabe gazteen kopuruak 112 pertsonatan behera egin du, -% 3,3ko jaitsieraz. Hauxe da kopuru erlatiboetan eman den jaitsierarik handiena . Bestetik, 25 eta 34 urte bitarteko langabeen kopurua % 2,7 jaitsi da hilabete batean (188 gutxiago), 35 eta 44 urte bitarteko langabeen kopuruak % 1,3 egin du behera (117 gutxiago), 45 eta 54 urte bitarteko langabeen kopurua % 0,8 jaitsi da (68 pertsona gutxiago hilabete batean). Azkenik, 55 urtetik gorako langabeen kopurua % 1 jaitsi da hilabete batean (84 langabe gutxiago hilabete batean).

Horrela, 25 urtetik beherako gazteen artean 3.313 langabe daude (langabe guztien % 9,2), 25 eta 34 urte bitartekoen artean % 18,7 langabeak dira (6.737), 35 eta 44 urte bitartekoen artean % 24,7 (8.910), eta 45 eta 54 urte bitartekoen artean % 24,3 (8.763 pertsona). Azkenik, 55 urte edo hortik gorakoen artean, % 23,2 langabeak dira, 8.365 pertsona.

Urteko aldaketari dagokionez, gazte langabeen kopuruak % 14,7 egin du behera, 25 eta 34 urte bitarteko langabeena % 14,4 jaitsi da, 35 eta 44 urte bitarteko langabeen urteko jaitsiera % 12,5ekoa izan da. Bestalde, 45 eta 54 urte bitarteko langabeen kopuruak % 12,3 egin du behera urtebetean, eta 55 urtetik gorakoen artean % 4,9 jaitsi da.

Ikasketa-mailaren arabera, hamar langabeetatik zazpik Bigarren Hezkuntzako lehen etapatik gorako prestakuntzarik ez izaten jarraitzen dute; beraz, langabe guztien % 70,8 (25. 551). Unibertsitateko prestakuntza duten pertsonen langabezia % 9,5ekoa da (3.424 pertsona). Unibertsitateko ikasketak dituzten biztanleei dagokienez, adierazgarria da hamarretik zazpi emakumeak direla (%72,2).

Bestalde, nazionalitatearen arabera, otsailean lanik ez zuten pertsonen % 19,2 atzerritarrak ziren, hots, 6.929 pertsona. Hilabeteko eta urteko aldaketei dagokienez, % 0,4ko igoera arina gertatu da atzerritarren langabezian urtarrilaren aldean, eta nazionalitate espainiara duten pertsonen langabeziak % 2 egin du behera hilabetean. Urteko kopuruei erreparatuta, atzerritarren langabeziak % 5,8 egin du behera, eta nazionalitate espainiara dutenena % 12,6 jaitsi da. Horrela, atzerritarren kolektiboak langabezian duen pisua % 19,2koa da, eta kontuan izan 2009ko urtarrilean % 21ekoa izan zela.

Iraupen luzeko langabeziari dagokionez, hau da, langabezian urtebete baino gehiago daramaten pertsonak, 13.608 dira guztira, langabeziaren % 37,7. Alderdi positibo gisa nabarmendu behar da urteko jaitsiera langabezia osoaren beherakada baino handiagoa izan dela, -% 12,3 eta -% 11,4, hurrenez hurren. Hilabeteka, jaitsiera % 0,7koa izan da, langabezia osoan izandako % 1,6ko beherakadaren aldean.

Azkenik, sektore ekonomikoen arabera, langabeziak sektore guztietan egin du behera, lehen sektorean izan ezik, ia-ia bere horretan mantendu baita, % 0,1eko igoera arinarekin. Honela, industrian langabezia % 3 jaitsi da hilean (150 langabe gutxiago), eraikuntzan beherakada % 2,5ekoa izan da (54 langabe gutxiago). Kopuru absolutuetan, zerbitzu sektorean gertatu da jaitsierarik handiena, -% 1,5ekoa, 367 langabe gutxiagorekin. Hortaz, kopuru erlatiboetan, jaitsiera hori industria sektorean gertatutakoaren erdia da. Bestalde, aurretik lanik gabe zeuden pertsonen kopurua ez da aldatu.

Urteko kopuruetan nabarmendu behar da langabezia dezente murriztu dela sektore guztietan, bereziki krisiak gogor kaltetutako eraikuntzan eta industrian. Horrela, ehunekoetan, eraikuntzan izandako jaitsiera nabarmendu behar da, % 22,9koa (623 langabe gutxiago), baita industriako langabezian izandako beherakada ere (-% 14,4, 829 langabe gutxiago). Zerbitzu sektorean jaitsiera % 10,5ekoa izan da, hots, 2.791 langabe gutxiago urte batean. Bestalde, lehen sektorean urteko jaitsiera % 5,1ekoa izan da, 115 langabe gutxiagorekin. Azkenik, lanik ez zutenen kasuan, langabeziaren urteko jaitsiera % 8,2koa izan da, 274 langabe gutxiagorekin. Azaldu denez, jaitsiera sektorial hauek arras positiboak dira, izan ere, iaztik hautemandako joera indartzen dute, industrian eta eraikuntzan izandako langabeziaren beherakada portzentual handiagoa berretsiz. Nolanahi ere, argi utzi behar da zerbitzu sektoreko langabezia erregistratutako langabezia osoaren % 66,1 dela, industriakoa % 13,6, eraikuntzakoa % 5,8 eta lehen sektorekoa % 6

Langabeziako gainerako % 8,5a aurretik lanik ez zuten langabeei dagokie. Horren harira nabarmendu behar da, otsailean, industria sektoreko langabeziaren pisua serie osoko (2006-2018) txikiena dela. 2009ko otsailean % 23koan izan zen, eta 2017ko otsailean % 19,7koa, hots, egungoa baino sei puntu inguru handiagoa.

Azkenik, langabezia azpisektore ekonomikoen arabera aztertuz gero, langabeziaren hileko jaitsieraren eragileak, hein handi batean, aurreko urteetako otsailean langabeziaren murrizketa ekarri ohi duten adar berberak direla egiaztatzen ahal da, baina kasu hauetan jaitsiera horiek intentsitate handiagokoak izan dira.

Langabeziaren hileko jaitsiera eragin duten adarren artean honako hauek nabarmendu dira:

Enpleguarekin lotutako jarduerak (115 langabe gutxiago), Janari eta edari zerbitzuak (64 gutxiago), Hezkuntza (60 gutxiago), Administrazio Publikoa eta defentsa; nahitaezko Gizarte Segurantza (59 gutxiago), Elikagaigintzako industria (44 gutxiago), Ostatu zerbitzuak (44 gutxiago) eta Material eta ekipamendu elektrikoaren fabrikazioa (42 gutxiago).

Bestalde, urtarrilaren aldean langabeziaren hazkunderik handiena izan duten adarrak honako hauek izan dira: Osasun-jarduerak (28 langabe gehiago), Makineria eta ekipamenduaren fabrikazioa (15 gehiago), Elkartegintzako jarduerak (14 gehiago), Txikizkako merkataritza (13 gehiago), Sormen eta arte jarduerak eta ikuskizunak (12 gehiago) eta Etxeko langileen enplegatzaile gisa egindako etxeko jarduerak (12 gehiago).

Langabeziaren urteko aldaketari dagokionez, jarduera-adar gehienetan behera egin du langabeziak. Hauek nabarmentzen dira:

Txikizkako merkataritzan, ibilgailu motordunak eta motozikletak izan ezik (414 langabe gutxiago urtebetean), Eraikuntza espezializatuko jarduerak (345 gutxiago), Janari eta edari zerbitzuak (327 gutxiago), Administrazio Publikoa eta defentsa; nahitaezko Gizarte Segurantza (290 gutxiago), Aurretik enplegurik gabe (274 gutxiago), Eraikinen eraikuntza (238 gutxiago), Handizkako merkataritza eta merkataritzako bitartekariak (194 gutxiago), Elikagaigintzako industria (178 gutxiago), Eraikuntzetarako zerbitzuak eta lorezaintza jarduerak (176 gutxiago), Lurreko eta hodi bidezko garraioa (141 gutxiago), Hezkuntza (127 gutxiago), Etxeko langileen enplegatzaile gisa egindako etxeko jarduerak (116 gutxiago), Egoitza-establezimenduetako laguntza (115 gutxiago) eta Motordun ibilgailuen fabrikazioa (109 gutxiago).


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Dokumentazioa:
Bideoa
Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa