(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

NOGek kanpoko pazienteentzako arreta farmazeutikoaren unitatea handitu eta berritu du; urtean 7.000 pertsona baino gehiago artatzen ditu astelehena, 2018.eko urtarrilak 15


Pazienteak artatzeko kudeaketa-sistema informatikoa ezarri du, Estatuan aitzindaria, tratamenduen segurtasuna eta segimendua hobetzeko


farmazia

Osasun kontseilaria, Fernando Domínguez; NOZ-Oko kudeatzailea, Oscar Moracho; eta Farmazia Zerbitzuko burua, Maite Sarobe, bere taldearekin batera. ( irudia handitu )

Nafarroako Ospitale Guneak (NOG) abian jarri ditu gaur kanpoko pazienteentzako Arreta Farmazeutikoaren Unitateko instalazio berriak, orain arteko espazioa birmoldatu eta handitu eta pazienteak kudeatzeko sistema adimentsu berria jarri ondoren; hots, Estatuan aitzindaria dena.

Egindako lanei esker, orain arteko azalera lau aldiz handitu da (34 metro karratu izatetik 140 metro karratu izatera igaro da), eta artatzeko 2 postu izatetik 4 postu izatera iritsi da. Pazienteak artatzeko zona nahiz lanerako eremua nabarmen hobetu eta handitu dira, botikak gordetzeko zonak eta kamerak medikamentuak banatzeko postuetara hurbiltzeaz gain.

Obrekin batera, lan-prozesuak berrantolatu dira, eta ilarak kudeatzeko aipatu sistema informatikoa jarri da, Farmazia Zerbitzuaren premiak direla-eta Informatika, Telekomunikazioak eta Berrikuntza Publikoko Zuzendaritza Nagusiak (ITBPZN) garatua, Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Funtzio Publiko, Barnea eta Justizia Departamentuaren mendekoa.


farmazia

NOGeko Arreta Farmazeutikoaren Unitate berrituaren ikuspegia. ( irudia handitu )

Paziente bakoitzak, zerbitzura joaten den unean, duen preskripzio farmakologikoaren egoera identifikatzen eta errekonozitzen du sistemak; era horretan, arreta eraginkorragoa da, emandako botiken segurtasuna eta segimendua bermatzeko erreminta berriak eskaintzearekin batera.

Fernando Domínguez Osasun kontseilaria gaur izan da instalazio berriak bisitatzen, eta, harekin batera, honako hauek izan dira: Nafarroako Osasun Zerbitzua-Osasunbideako (NOZ-O) kudeatzailea, Oscar Moracho; NOGeko zuzendari kudeatzailea, Antonio Merino; eta Farmazia Zerbitzuko burua, Maite Sarobe. Kontseilariak nabarmendu du egitura eta kudeaketa aldetik egindako obra honek "aurrerapen garrantzitsua ekarri duela segurtasunean, antolakuntzan eta arretaren hobekuntzan".

Taldeak, gaur egun, egunean batez beste 141 paziente artatzen ditu, astelehenetik ostiralera, goizez eta arratsaldez. 2017. urtean, 7.277 paziente artatu dira, eta arreta eta botika emateko 33.997 zerbitzu eskaini dira.

Segurtasun handiagoa eta arreta pertsonalizatuagoa

Bateratutako instalazio berriak NOG-An (Nafarroako Ospitale zaharra) aurkitzen dira, Farmazia Zerbitzuari erantsita. Kontsultetarako hiru box dituzte, botikak emateko zona bat, laguntzarako beste zona bat eta itxarongela; guztira 140 bat metro karratu. Halaber, obrak aprobetxatu dira bilerak egiteko gela eta despatxu bat sortzeko lau lanposturekin, Farmazia Zerbitzuak erabiltzeko; kasu horretan, guztira 74 metro karratu osatu dira. Bi jarduera horietarako, 140.000 euro inguruko inbertsioa egin behar izan da. Unitatea handitzearekin batera, denbora gutxi barru arreta-taldea ere indartuko da, Farmaziako teknikari berri bat sartuko baita.

Arretarako puntu gehiago eta aldi berean bereizteko aukera izatearekin, zerbitzua pazientearen premietara gehiago egokitu daiteke; izan ere, farmazeutiko espezialistengana edo farmaziako teknikari edo laguntzaileengana bidera daiteke, bakoitzaren kasuan behar denaren arabera. Ilarak kudeatzeko ezarritako sistema adimentsuak arreta pertsonalizatu mota hori antolatzen laguntzen du.

Sistemaren bitartez, paziente bakoitza identifikatu egiten da, sistema berriak ezagutu dezan, haren preskripzio farmakologikoa jakitearekin batera. Informazio hori farmaziako egungo programatik jasotzen du. Modu horretan, itxarongelan dagoen pantailaren bitartez, pazienteari adierazten zaio zein postura joan behar duen arreta jasotzera. Horrez gain, farmazialariak edo farmazialari espezialistak artatzeko gehienez zenbat egunetara itzuli behar duen ezartzen du sistemak.

"Gure ustez, antolatzeko modu berri honek garatzen dugun Arreta Farmazeutikoa optimizatzen lagunduko du; izan ere, azken helburua da gure pazienteen emaitzak hobetzea osasun-arloan", adierazi du Maite Sarobek, zerbitzuaren arduradunak.

Taldeak eskaintzen duen segimendua eta arreta Sendagaien eta Osasun-produktuen Bermeen eta Erabilera Zentzuzkoaren Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 24ko 1/2015 Legegintzako Dekretuan ezarritakoaren araberakoak dira. Testu horretan esaten da ospitalez kanpo erabiltzekoak diren botikak, osasuna artatzeko diziplina anitzeko taldeak bereziki zaindu, gainbegiratu eta kontrolatu behar dituenean, ospitaletako farmazien bitartez eman behar direla. Hain zuzen ere, botika horiek ospitaleko mediku espezialistek adierazitakoak dira beti, askotan jatorri bioteknologikokoak, ia beti garapen berritzailekoak eta kontrako efektuak edo eraginkortasuna medio zaintza eta segimendu estua egitea eskatzen dutenak. Beraz, ingurune espezializatuan maneiatu behar dira, ospitaleko farmazia dagoen lekuan, paziente bakoitza artatzen duen talde klinikoaren barnean integratua.

Besteak beste, gaixotasun arraroak eta minbizia dituzten pazienteen arreta

Ospitaleko Farmazia-zerbitzuetan banatzen diren medikamentuak patologia akutuak edo kronikoak tratatzeko erabil daitezke, pertsona helduentzat edo pediatria-adinean aurkitzen diren pazienteentzat. Zerbitzu honetan artatutako talde nagusien artean nabarmentzekoak dira honako gaixotasun hauen tratamenduan aurkitzen diren pazienteak: gaixotasun arraroak; esklerosi anizkoitza bezalako gaixotasun neurologikoak; artitris erreumatoidea edo espondilo artropatiak bezalako gaixotasun erreumatologikoak; GIB, B eta C hepatitisa bezalako gaixotasunak; psoriasia; giltzurruneko gaixotasunak; arnasbideko gaixotasunak; hesteetakoak; edo onkohematologikoak.

Botika emateaz gain, eta, neurri handi batean, ezaugarri bereziak dituztela-eta, arreta farmazeutikoaren unitatean gaixo bakoitzari edo senitartekoei tratamenduaren inguruko alderdi guztien gaineko informazioa ematen zaie, hartutako terapia ziurra eta eraginkorra izatea lortzearren. Hortaz, besteak beste, honako hauek egiten dira: botika hartzeko ordutegien inguruko informazio zehatza eman (batzuetan pazientearen bizimoduko ohituretara egokituta); normalean larruazalpean administratu behar denean, gailuak nola erabili behar diren azaldu; kontrako efektuen inguruko informazio idatzia eta ahozkoa, prebenitzeko eta pazientea hartzen ari den beste tratamenduekin bateratzeko gomendio eta guzti, elkarreragiteak saiheste aldera.

Horrez gain, programa informatiko bat dago, baita ere garapen propiokoa, jarduera horietan guztietan emaitzak hobetzen dituena, elkarreragiteak antzematean, pazienteak etxean dituen botikaren unitate teorikoei buruzko informazioa ematean eta tratamenduarekiko atxikipena kalkulatzean; alegia, pazienteak zenbateraino betetzen duen tratamendua, portzentaje ia beti kritikoa helburu terapeutikoa lortzeko. Informazio hori guztia garrantzitsua da pazientearen segimendua egiteko, eta profesional kliniko arduradunen eskura dago; azken horiek etengabe harremanetan daude Unitateko farmazialariekin eta farmazialari espezialistekin, tratamenduen aldaketen, dosifikazioen, elkarreragiteen eta abarren inguruan edozein kontsulta egiteko.

120 entsegu kliniko abian

NOGeko Farmazia Zerbitzua honako hauek osatzen dute: 28 farmazialari (horietatik 16 Ospitaleko Farmazian espezialistak eta 12 prestakuntza espezializatuaren (FIR) fasean), erizaintzako unitateko burua, 16 erizain, farmaziako 29 teknikari eta/edo erizain-laguntzaile, 7 zaindari eta administrari.

Gaur estreinatutako unitatean kanpoko pazienteak artatzeko egiten den lanari gehitu behar zaio berrikuspen farmazeutikoa, NOGeko 1.100 ohe baino gehiagotan paziente bakoitzeko eskaintzen den medikazioaren eguneroko kudeaketa eta banaketa, etxeko ospitalizazioko 96 ohe barne, gehi eguneko sei ospitale (onkologiako Eguneko Ospitalea, hematologiakoa, helduen bi balioniztun eta bi pediatriko, horietako bat onkohematologikoa). Horrela, egunero giro esterilean prestatu behar dira medikamentuak eta nutrizio artifizialeko prestakinak bi gela garbietan, nahiz formulazio magistral eta bulegoko prestakin ugari. Gainera, Farmazia Zerbitzuan, farmazialari espezialista batek kudeatzen du NOGeko jarduneko medikazioarekin egiten diren 120 entsegu klinikoren medikazioa.

Gaur aurkeztutako instalazioak Farmazia Zerbitzua birmoldatzeko lehen fasean sartzen dira. Aurten, bigarren fasea garatuko da, eta, besteak beste, botikak ontziratzeko espazioak, entsegu klinikoen unitatea, administrazio-eremua, merkantziak jasotzeko zona eta kanpoko portxea birgaitu eta berrituko dira. Horretarako, beste 90.000 euro jarriko dira.




Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa