(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuak Kirolaren Balioak izeneko ekintza plana aurkeztu du

ostirala, 2017.eko urriak 6


«Bizitzan, kirolean bezala» goiburuak kirol ekitaldietan, kirolguneetan eta hedabideetan jarriko ditu agerian balio horiek


Kanpainaren irudia. ( irudia handitu )

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuak Kirolaren Balioak izeneko ekintza plana aurkeztu du gaur. Plan horrek nabarmendu nahi du oso garrantzitsua dela kirolaren bidez balioetan heztea. Helburu horrekin, planak kirolari lotutako balioak jarriko ditu agerian (hobetzeko grina, begirunea, berdintasuna, gizarteratzea, joko garbia eta laguntasuna), gizarteari oro har eta sektoreko eragile guztiei ohartarazteko oso garrantzitsua dela kirolaren bidez balioak transmititzea, irakastea eta haietan heztea eta trebatzea.

Gaur (ostirala) aurkeztu den plan horren goiburua «Bizitzan, kirolean bezala» da. Balioetako bakoitzari lotuko zaio, eta kirolguneetan, kirol-ekitaldietan eta hedabideetan agertuko da.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko kontseilari Ana Herrerak, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko (NKGI) zuzendari kudeatzaile Rubén Goñik eta NKGIko Kiroleko zuzendariorde Primitivo Sánchezek Kirolaren Balioak izeneko ekintza planaren jardun ildo nagusiak azaldu dituzte prentsaurreko batean. Planaren aurkezpenak bat egiten du kirol denboraldiaren hasierarekin, eta, bereziki, NKGIk antolatzen duen Nafarroako Kirol Jolasak programaren hasierarekin.

Zabalkundea eta ezarpena

Gaur aurkeztu den plana datozen asteetan zabalduko da, prentsan, irratian, telebistan, zineman, markesinetan eta kirolguneetan, bideoen eta irudidun kartelen bidez, eta, haietan, kirolean balioak sustatzeko erabiliko den goiburua agertuko da.


Kanpainaren irudia. ( irudia handitu )

Zabalkunde ekintzak ez ezik, beste ekintza batzuk ere biltzen ditu planak, eta, haien bidez, Administrazioak zuzenean esku hartuko du kirolaren balioak sustatzeko programetan edo diru-laguntzen deialdietan.

Horren haritik, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak jokalekuko balioen ordezkariaren figura sortuko du lehiaketaren esparru guztietan, bereziki kirol jolasetan. Orobat, arbitroen balioa indartuko da, haien lana erraztuko duten ekintzen bidez.

Horretaz gain, Nafarroako Kirol Jolasak programaren barruan, ekitaldi bat diseinatu nahi da kirol jardueretan balioak sustatzeagatik nabarmendu diren erakunde eta kirolariei esker ona adierazteko.

Bestalde, tokiko erakundeetan ere bultzatu behar da kirol jarduera fisikoko programetan sar dezaten kirolaren balioak sustatu beharra dagoela.

Era berean, taldeko kiroltasunaren arduradunaren figura jarriko da martxan, elkartekide guztiek bizikidetzaren alde dihardutela bermatzeko eta era guztietako indarkeria saihesten eta desagerrarazten laguntzeko, bai elkarteak berak martxan jarritako ekimenen bidez, bai Administrazioak ezarritako neurrien alde eginez.

Gatazketako bitartekaritza eta esku-hartzea

Plan honen barruan dagoeneko martxan dauden berritasun handietako bat bitartekariaren figura da, kirol gatazkak edo jazarpena dagoenean esku hartzen duena. Horrela, eragileen artean bizikidetza baketsua sustatu nahi da. Ildo horretatik, dagoeneko martxan da kirol arloan bitartekari lanak egiteko, gatazkak konpontzeko eta jazarpen egoeretan esku hartzeko bulego bat. Esku hartzeko protokolo espezifiko bat ere diseinatu da, eta haren berri emango da, kirol sareari laguntzeko.

Bulegoak bi arlo hauetan egiten du lan: batetik, kirol gatazketako bitartekaritza; eta, bestetik, kiroleko jazarpenaren prebentzioa. Haren funtzio nagusiak dira indarkeria saihestea eta sor litezkeen gatazketan aholkularitza edo bitartekaritza eskaintzea.

Trebakuntza

Kirolaren Balioak izeneko ekintza planaren trebakuntza eta orientazioa kirol arloko eragile guztiei zuzenduta daude, eta balioetan heztearen garrantziaz jabetzea eta horretan sakontzea dute helburu.

Asmo horrekin, trebakuntza ekintza ugari diseinatu dira, hala nola arlo horretan trebakuntza teoriko eta praktikoa jasotzeko proiektu pilotu bat sortzea, testuinguru zehatz bakoitzera egokitua; teknikarien trebakuntzako bloke komunean kirolaren balioei buruzko eduki espezifikoak sartzea; eta ikasmateriala prestatzea (unitate didaktikoak, gidak, etab.), teknikariek eta hezitzaileek tresna praktikoak izan ditzaten trebetasun sozialak eta komunikaziokoak kontrolatzeko, baita kirolean sor litezkeen jazarpen egoerei eraginkortasunez erantzun ahal izateko ere.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Dokumentazioa:
1. kanpainaren bideoa
2. kanpainaren bideoa

Argazki galeria.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa