(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroak, Euskadik eta Pirinio Atlantikoek heliportuen mugaz haraindiko sare bat sortzeko asmoa dute larrialdietarako ostirala, 2017.eko maiatzak 12


Beaumont kontseilariak Babes Zibileko Zerbitzua buru den proiektu honen plangintza egiteko bileran parte hartu du gaur goizean


Bilera

Beaumont kontseilaria HeliNET proiektuko kideak diren erakundeetako ordezkariekin egindako bileran. ( irudia handitu )

Mª José Beaumontek, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak, HeliNET mugaz haraindiko lankidetza-proiektua koordinatzeko eta plangintza egiteko lehen bileran parte hartu du gaur goizean. Horren bidez, Nafarroak, Euskadik eta Pirinio Atlantikoek heliportuen eta helikopteroetarako eremuen sare bat garatzeko asmoa dute, isolatuta edo urrun dauden Pirinioetako herritan egon daitezkeen larrialdiei erantzuteko, Espainiako eta Frantziako Estatuen arteko administrazio-mugak kontuan hartu gabe.

Horrela, aireontzien erabilera sustatuko da, esaterako, larrialdi medikoak, erreskateak edo natura-hondamenduak gertatzen badira. Beaumont kontseilariak gogoratu du egoera kritikoetan helikopteroak erabiltzea "funtsezkoa" dela ohiko komunikazio-sareetatik edo sarbide zaila duten lekuetatik urrun dauden mendiko herriei erantzuteko, "edozein direla larrialdi-zerbitzuen eta babes zibilaren jarduera baldintzatzen duten administrazio-mugak".

Era berean, proiektu honekin, mugaz haraindiko lankidetza-sare bat sortuko litzateke, bai logistikoa bai operatiboa, hiru lurraldeetako gobernu, foru aldundi, mankomunitate eta tokiko erakundeen babes zibileko, osasun eta larrialdi zerbitzuen artean, elkarrekin aritzeko eta laguntza emateko.

HeliNET proiektua Europako Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2014-2020) programaren uneko deialdian proposatu da, eta gaur egun, hautaketaren bigarren fasean dago, bere kategorian aurkeztutako hogei bat proiektuen artean bigarren kalifikaziorik onena lortu duelako.

Aurreikusita dago HeliNET proiektuak hiru urteko iraupena izatea, 2017ko uztailetik 2020ko ekainera arte, eta 2,5 milioi euroko aurrekontua du. Parte hartzen duten hiru lurraldeetako administrazioek ordainduko dute, eta % 65eko finantzazioa izan lezake Europan. Proiektuaren burua Foru Gobernuko Babes Zibileko Zerbitzua da, eta beste hauek ere parte hartzen dute: Nasuvinsa, Nafarroako Gobernuko lurzoruko enpresa publikoa; Eusko Jaurlaritzako Osakidetzako Larrialdi Zerbitzua; Berrikuntza, Ikerketa eta Osasun Fundazioa eta Baiona, Pau eta Pirinio Atlantikoetako ospitaleak (Frantzia).

GIS sistemak, guztien plataforma teknologikoak eta simulakroak

Proiektu honen barruan, Nasuvinsako langileek hiru lurraldeetako zenbait lekutan helikopteroetarako eremuak jartzeko baldintzak eta herrien katalogoak ezarriko dituzte, geoposizionamendu-sistemen eta informazio geografikoko tresnen (GIS) bidez.

Horrez gain, guztientzako plataforma teknologiko bat ere garatuko dute, 112ko koordinazio operatiboko zentroek denbora errealean jakin dezaten non dauden larrialdi-zerbitzuen esku-hartzeei erantzuteko baliabideak, proiektuan parte hartzen duen edozein lurraldetan erantzuteko denbora ahalik eta txikiena izan dadin.

HeliNET proiektuak herritarrentzako kontzientziazio eta prestakuntza ekintzak elkarrekin ere egiteko asmoa du; baita ariketa eta simulakroak ere, babes zibileko eta larrialdi zerbitzuen sare horrek nola lan egiten duen aztertzeko.


 

Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa