(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroak zahartze aktiboaren eta osasungarriaren inguruko politiken aldeko apustua egiten du zahartzeko modu berrien aurrean, eta 2037. urtean 70.000 nafar 80 urtetik gorakoak izatea aurreikusten du asteartea, 2017.eko maiatzak 2


Zerbitzu sozio-sanitario berriak (etxez etxeko fisioterapia) ariketa fisikoaren eskaintza eta adinekoekin adiskidetsuak diren herriak eta hiriak. Horiek dira estrategia berrian nabarmentzen diren jarduerak


Zahartze Plana

Zahartze Aktiboko Estrategiaren aurkezpenera joan direnak. ( irudia handitu )

Nafarroak 2017tik 2022ra bitarteko denboraldirako duen Zahartze Aktiboaren eta Osasungarriaren Estrategiak bizi-itxaropena gehitu nahi du osasun onean eta mendekotasunaren nagusitasuna murriztu. Hain zuzen ere, lehentasunezko proiektua da foru-exekutiboarentzat. Aurreikuspenen arabera, hemendik hogei urte barru, Nafarroako biztanleriaren %25 65 urtetik gorakoa izatea nahi da (egun %19) eta 70 pertsona inguruk 80 urtetik gora izatea egungo 42.000 pertsonaren aurrean.

Zahartze Aktiboaren eta Osasungarriaren Estrategia aurkeztu dute gaur instituzio ezberdinetako ordezkarien, agente sozialen eta gizarte zibilaren aurrean. Aurkezpenean honako hauek egon dira: Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos; Osasun kontseilaria, Fernando Domínguez; Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren zuzendari kudeatzailea, Inés Francés; Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García; eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, María José Pérez.

Barkosek aurkezpenean ondorengoa adierazi du: "sustatzen ari gara, eta ahalik eta gehien ahaleginduko gara politika integral bat eta departamentu artekoa garatzen, konpromiso zehatzekin. Gobernuko Departamentu bakoitzak bere gain hartu du zenbait ildo estrategiko bultzatzeko lana; halaber, konpromisoa hartu du ekintza-multzo bat berehala burutzeko. Urtea amaitu aurretik azken horiek osatu beharko dituzte parte hartzeko prozesuan sortuko diren proposamen eta konpromisoekin, Nafarroako gizarte osoa inplikatuko duen benetako Jarduera Plana ezartze aldera. Gobernuak, berriz, lurralde-ekitatearen aldeko konpromisoa hartuko du zerbitzu sozio-sanitario berriak garatzerakoan, errehabilitazio funtzionala eta etxez etxeko arreta indartzeko konpromisoa, ariketa terapeutikoa sustatzekoa, etxebizitzen egokitzapena bultzatzekoa, adinekoen eskola eta inpaktu eta kostu handiko bestelako neurriak, ezbairik gabe gizarte eta ekonomia aldetik eraginkorrak izango direnak epe ertain eta luzera".


Zahartze estrategiaren aurkezpena

Barkos Lehendakaria bertaratu direnei hitz egiten. ( irudia handitu )

Gogoratu behar da Estrategia hau Osasuneko Departamentu arteko Kontseiluak sustatu duela; hots, Foru Administrazioaren departamentu guztietan osasuna sartzeko zeharkako organoak, politika guztietan osasuna izateko Adelaidaren Aitorpenarekin bat egiten duenak (2010ean Osasunaren Mundu Erakundeak sustatua). Ekintza-politika horien arabera, ingurune sozialak, ekonomikoak eta fisikoak osasun-sistema berak bezainbeste edo gehiago eragiten dute biztanleriaren osasun-egoeran. Ildo horretan, Barkos lehendakariak honako hau azpimarratu du: "zahartzeak aurkezten duen erronkari aurre egitea ez da soilik Nafarroako Gobernuaren egitekoa izan behar. Garapen sozial orekatua eta berritzailea sustatzeko, gizarte osoa tartean sartu behar dugu, sektore publikoa, sektore produktiboa, ezagutzaren sektorea eta gizarte zibil osoa barne. Hitz gakoak erantzukidetasuna eta konpromiso soziala dira".

Estrategia hedatzeko eta horren barneko plan eta programa ezberdinak zehazteko, 2017an zehar parte-hartze prozesu zabala burutuko da tartean nahasitako agente guztiekin.

Urteei bizitza eransteko estrategia

Estrategiaren helburua da Nafarroako biztanleriaren zahartzea ahalik eta gaitasun funtzional handienarekin eta bizi-kalitate onenarekin gertatzea, pertsonak aktiboak, autonomoak eta independenteak izan daitezen ahalik eta denbora gehienean, eta bizitza osoa eta gogobetegarria gara dezaten gizarte inklusiboan.

Estrategiak 60 ekintza-ildo baino gehiago ditu, eta hiru funtsezko ardatzen inguruan egituratzen da: zerbitzu eta determinante sozial eta ekonomikoak (gizarte-zerbitzuak, osasun-zerbitzuak eta komunitate-zerbitzuak; besteak eta norberak bere burua zaintzea; eta segurtasun ekonomikoa, soziala eta lan-arlokoa); adinekoekin ingurune lagunkoiak eta eskualde-mailako garapenerako aukerak (hiri, herri eta auzo lagunkoiak, eta eskualde-mailako ikerketa, berrikuntza eta garapena) eta bizitza-proiektu aktiboa eta osasungarria (bizitzeko estiloak; ikaskuntza eta aisia; irudi soziala eta gizarte positiboa; eta parte-hartze soziala). Era berean, genero-berdintasunaren eta ekitate sozio-ekonomikoaren eta lurralde-ekitatearen ikuspegiak zeharkako izaera izango du bertan.

Zerbitzu berriak eta adineko pertsonengandik gertuago daudenak

Estrategiaren lehen funtsezko ardatza da adinekoentzako prestazio ekonomiko duinak ziurtatzea; baita osasun-zerbitzuak, zerbitzu sozialak eta komunitarioak eta haien premietara egokitutako bizitokiak ere. Ildo horretan, zerbitzu sozio-sanitarioak pertsonengana hurbiltzeko lan egingo da. Aurten, 2017an, etxez etxeko fisioterapia-zerbitzuak abian jarriko dira edota ospitaleratzeen ondorengo susperraldi eta indarberritze unitateak egoitza-zentroetan epe ertainean. Modu berean, laguntza-zerbitzu komunitarioen eta familia-atsedenaldirako zerbitzuen eskaintza hobetzea aurreikusten da, plaza-kopurua gehitzea Eguneko Zentroetan edota Adinekoen eta Zaintzaileen Eskola berehala abian jartzea 2018. urtean.

Adineko pertsonek beren etxebizitzetan baldintza egokiak izan ditzaten, eragozpen arkitektonikoak kentzeko laguntzak gehituko dira, segurtasun handiagoa eta domotika izatearren. Bizitoki-eskaintza hobetuko da, lehendik daudenak artatzeko eredua aldatzea bultzatuko da eta bizitzeko ekimen berritzaileak sustatuko dira: etxebizitza kolaboratiboak, cohousing eta egoitza-etxebizitza zerbitzuekin.

Baliabide ekonomiko egokiak izatea oso garrantzitsua da osasunean eta ongizatean; hori dela-eta, estrategiak bat egiten du gobernuak honako hauen inguruan laguntzak ezartzeko jada hasitako neurriekin: larrialdi sozialeko laguntzak, gizarteratzeko bermatutako errenta eta adinekoentzako pentsio jakin batzuen errenta osagarria.

Ingurune adiskidetsuak adinekoekin eta garatzeko aukerak

Estrategiaren bigarren ardatzaren xedea da adinekoekin ingurune osasungarriak eta lagunkoiak eta berrikuntza eta garapen aukerak sortzea, bizi-kalitatearen berme-motor gisa. Udalekin eta Nafarroako Udalerrien eta Kontzejuen Federazioarekin batera lan egingo da adinekoekin lagunkoiak diren herrien eta hirien Nafarroako Sarea sortzeko (lehendik dauden sareekin harremanetan daudenak).

Beste jarduera-ildo bat izango da zahartze-ikuspegia eta talde horren premiak sartzea hirigintzako etorkizuneko planetan eta adinekoen egoerara eta premietara egokitutako etxebizitza berrien diseinuan, babestutako etxebizitza lortzea bultzatuaz.

Biztanleriaren zahartzeak premiak ez ezik, berrikuntzarako, garapen ekonomikorako eta gertutasuneko enplegua sortzeko (aisiaren eta hezkuntzaren gaineko eskaintza, zaintzeko eta errehabilitaziorako zerbitzu berriak,…) eremu berriak ere aurkezten ditu. Oinarrizkoa izango da jardutea zahartze aktiboaren eta osasungarriaren gaineko ikerketaren garapenean nahiz Estrategia Nafarroako S3 Espezializazio Adimentsuarekin (biomedikuntzako proiektuak, osasun-teknologietako berrikuntza-proiektuak, e.a.) eta Aldaketa Klimatikoaren Ibilbide Orriarekin (bereziki, egokitzeko neurriei dagokienean) elkartzeko lanean.

Azken jarduera-ildo nabarmena izango da zahartze aktiboan inplikaturiko profesional-mota ezberdinen prestakuntza (Gradua, Graduondoa eta Etengabeko Prestakuntza).

Zahartzea bizitza-proiektu aktibo eta osasungarri gisa

Adineko pertsonek bizitza-proiektu atseginak, aktiboak, osasungarriak eta parte-hartzaileak gara ditzaten, tratu oneko harremanen eta irudi sozial positiboaren testuinguruan, lehenik eta behin, Nafarroako geografia osoan ariketa fisikoaren eskaintza gehitzearen aldeko apustua egingo da. Modu berean eta berehala, maiatzean abian jarriko da Adinekoen Eskola, osasunez ondo zahartzeko bizitza-estiloak jorratze aldera. Ekimen horrekin jarduera komunitarioak, adinekoen eta boluntarioen elkarte-mugimendukoak, indartzen dira.

Orobat, beste lan-ildo bat izango da talde horrentzako kultura, hezkuntza eta aisiako eskaintza berregokitzea, eta, bereziki, teknologia berrietan prestakuntza jasotzea, hesi digitala murrizteko eta seme-alabekin eta bilobekin komunikatzeko aukerak eta aisiarako aukerak gehitzeko. Beharrezkoa da adinekoen egungo premiak eta eskaerak artatzea zentro zibikoetan, kultur etxeetan, erakunde sozialetan edo unibertsitateetan.

Adinekoentzako informazio eta sentsibilizazio sozialerako kanpainak abian jartzea era positiboan, adineko pertsonen eta adineko emakumeen tratu onerako eta horien tratu txarrak prebenitzeko, antzemateko eta jarduteko sustapen-programak edota adinekoen eskubideen inguruan eztabaida soziala bultzatzea (tartean, bizitzaren amaieraren prozesuarekin zerikusia dutenak) izango dira jasotzen diren beste zenbait jarduera-ildo.

Nafarroan, 2037. urtean, 70.000 pertsona inguru 80 urtetik gorakoak izango direla uste da

Azken hamarkadetan gertatutako aldaketa demografikoak direla-eta (jaiotze-tasaren jaitsiera iraunkorra eta heriotza-tasen murrizketa handia), bizitza-itxaropena dezente areagotu da, eta bizitza-luzeraren iraultza izenekoa sortu da. Nafarroak, 84 urterekin, jaiotzean bizi-itxaropen handiena du Europan eta munduan. 2005 eta 2015 urte artean, bi urte inguru gehitu da, eta Estatistikako Institutu Nazionalak (EIN) hamarkada bakoitzeko beste bi urte gehitzen joatea aurreikusten du. Hala ere, Espainian bizi-itxaropena munduko altuenetarikoa izan arren (83,2 urte) ez da hain altua osasun oneko bizi-itxaropena (65 urtekoa), Europako batez bestekoa baino hobea bada ere, baina Europako iparraldeko herrialde batzuetatik urrun aurkitzen da, horietan 70 urtetik gorakoa baita.

EINek biztanleriaren inguruan epe ertain eta luzera egindako proiekzioen arabera, aurreikusitako joera demografikoa mantentzen bada, 20 urte barru, 2037. urtean, Nafarroako biztanleriaren %25a 65 urtetik gorakoa izango da, egungo %19aren aurrean; gainera, 70.000 pertsona inguruk 80 urte baino gehiago izango dituzte, egungo 42.000 pertsonaren aurrean, eta 750 bat pertsona ehun urtetik gorakoak izango lirateke egungo 260 pertsonaren aurrean.

Aldaketa demografiko sakon horiek aldaketa sozial eta kultural garrantzitsuak ekarri dituzte. XX. mendean zahartzaroaren, erretiroaren edo bizitza-zikloan zehar parte-hartzearen eta ikastearen inguruan zeuden kontzeptuak jadanik ez daude indarrean XXI. mendearen hasieran, eta modu positiboan formulatu behar dira berriro. Adineko pertsona berriek prestakuntza hobea dute, eta ekonomikoki ere hobeto aurkitzen dira, aktiboagoak dira eta haien eskubideak gehiago defendatzen dituzte. Familiei emateko asko dute, eta zahartzaroa aldarrikatzen ari dira. Aldi berean, biztanleria hori askotarikoa eta heterogeneoa da; alde handiak daude talde "gazteenen" eta "oso adinekoen" artean, eta hirugarren eta laugarren adina bereiz daitezke, ezaugarri eta premia ezberdinekin.

Zahartze aktiboa eta osasungarria eta horren determinatzaileak

Zahartze aktiboak eta osasungarriak osasuna, parte-hartzea eta segurtasuna hobetzeko aukerak optimizatzeko prozesua (banakoa nahiz taldekoa) adierazten du, pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko helburuarekin zahartzen doazen heinean (OME).

Pertsonalki nahiz taldean modu aktiboan eta osasungarrian zahartzeak askotariko determinatzaileak ditu: balio kulturalek erabakitzen dute nola osatzen diren familiak edo nola antolatzen diren zaintzak; generoa ere kontuan hartu beharreko beste ikuspegia da, funtzio eta egiteko ezberdinak gizonei eta emakumeei esleitzeko rolak antzemateko; osasun-sistemek eta gizarte-zerbitzuek betetzen duten papera garrantzitsua da, eta osasuna sustatzera eta prebenitzera bideratu behar dira; portaera eta bizitza-estilo osasungarriak (ez erretzea, jarduera fisikoa, adimen-jarduera, jarduera soziala, elikadura osasuntsua, pisu egokia,…); ingurumen-arloko faktoreak, kalitateko bitartekoa izatea bultza baitezakete (ura, airea, zarata, biodibertsitatea, lurzorua,...), bizitza eta elikadura osasungarrirako oinarri gisa, eta mendekotasun edo autonomia egoerak dituen ingurunea (esate baterako, etxean edo kalean ingurune ez seguruak edo eragozpen fisikoak dituztenak); determinatzaile sozialak, ikaskuntza edo prestakuntza, narriadura kognitiboa prebenitzeko; eta garrantzia handiarekin, determinatzaile ekonomikoak.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa