(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Hazi egin da Bertizko eta Urbasa-Andiako parke naturaletako bisitari kopurua ostirala, 2017.eko apirilak 7


2016an, 84.493 lagunek bisitatu zuen Bertiz, eta ia 52.000k Urbasa-Andia


Iaz hazi egin zen pixka bat Bertiz eta Urbasa-Andia parke naturaletako bisitari kopurua. Guztira, 136.000 lagunek gozatu zuen espazio horietako natura-balioez eta balio ekologikoez 2016an. 84.493 lagunek bisitatu zuen Bertiz, aurreko urtean baino % 5,5 gehiagok. Urbasako parkeak, berriz, 51.688 bisitari izan zuen, eta bost urtetako igoerarik handiena izan zuen. Horixe jakinarazi dute parke bietako patronatuek aste honetan egin dituzten batzarretan; Isabel Elizalde Elizalde Landa Garapeneko, Toki Administrazioetako eta Ingurumeneko kontseilariak hartu du parte batzar horietan.

Bertizek, abuztuan izan zuen bisitari gehien 2016an, 15.288 lagun; urte osoan zehar 84.493 bisitari izan zituen. Horrek esan nahi du % 5,5 hazi zela bisitari kopurua 2015. urtearekiko. Lorategi historikoa bisitatu zuten bisitari askok, bisitari guztien % 58,28k (49.243 lagunek); gainerako 35.250 bisitariak basoan ibili ziren.

Aurreko urteetan bezala, Nafarroakoak (% 20) eta Euskadikoak (% 19) ziren bisitari gehienak; jarraian, Madril, Katalunia, Valentziako Komunitatea, Aragoi eta Errioxa. Bisitari atzerritarren portzentajea % 3koa izan zen; gehienak Frantziakoak izan ziren.

Urbasako parkeak, berriz, 51.688 bisitari izan zuen 2016an, eta bost urtetako igoerarik handiena izan zuen. Bisitarien jatorriari dagokionez, Euskadikoak (% 39) eta Nafarroakoak (% 23), Kataluniakoak (% 10), Madrilgoak (% 8,5) eta Andaluziakoak (% 2,2) ziren bisitari gehienak; gainerako autonomia erkidegoetako bisitariak ere hartu zituen. Atzerriko bisitari guztien artean, Frantziakoak (% 35), Holandakoak (% 14,8) eta Alemaniakoak (% 9,9) hartu zituen.

Bertizko lorategi historikoa

2016an zehar parkean egindako lanei dagokienez, garrantzitsuenak izan ziren pisten mantentze-lanak egitea, lorategi historikoaren egoera ebaluatzea urtetan lagata eduki ondoren, eta garbiketa- eta mantentze-lanak egitea, interes handiko elementu historikoak berreskuratzeko. 100 urte baino gehiago ditu lorategiak, eta mundu osoko 126 espezie ezberdin ditu: Txinako ginkoak, Kaliforniako sekuoiak, Balkanetako gaztainondoak eta nenufarrak, Naturaren Interpretazio Zentro bat eta jauregi ederrak. Gainera, zazpi arotz-txori espezieak dituen Iberiar Penintsulako habitat bakarra da.

2017an lorategiko elementu nagusiak berreskuratzea eta garbitzea aurreikusten da (parterreak, denboraldiko loreak, sastraka-garbiketa eta exotikoak kentzea, konposizioak birdefinitzea). Gainera, indartu egingo dira jauregiaren azpiegiturak, eskualdeko, probintziako, nazio zein nazioarte mailako gertakariak hartu ahal izateko eta, era horretan, eskualdearen alderdi soziokulturala eta ekonomikoa sustatzeko.

Halaber, jauregi zaharreko baratzea berreskuratzeko proposamenak ere planteatzen dira; baratze hori bere garaiko eta gaur egungo funtsezko elementu sozioekonomiko eta kulturala da. Bestalde, unibertsitateekin eta ikerkuntza-zentroekin kontaktuak hasiko dituzte, parkearen balio ekologikoak ezagutzearekin eta kontserbatzearekin lotutako proiektuak garatzeko. Azkenik, udako nazioarteko kanpaldi baterako deialdia egiteko asmoa dago, parkearen ondare arkitektonikoa eta ekologikoa berreskuratzeko helburuz.

Batzarrean nabarmendu zenez, Departamentuaren helburuetako bat da parkearen dinamizazio handiagoa lortzea, patronatuko kideen laguntzarekin. Horretarako, bi lan-mahai antolatuko dira, Aizkolegiko jauregia berreskuratzeko aukerak aztertzeko eta erabilera publikoa aztertzeko.

37.000 abelburu baino gehiago Urbasa-Andian

356 ustiategitako 37.680 abelburuk aprobetxatu zituen Urbasa-Andia parke naturaleko larreak iaz, 2015ean (34.214) baino 3.466 animali gehiagok.

Abelburu horietatik 29.375 ardiak ziren, 4.674 behiak eta 3.680 zaldiak. Abeltzainen nahien arabera banatzen dira Urbasa eta Andiako mendizerratan Parke Naturalera igotzen diren animaliak; Urbasako Mendilerroan ibiltzen dira 190 ustiategitako 20.288 abelburu, eta gainerako 166 ustiategitako 17.392 abelburu Andiako Mendizerran ibiltzen dira.

Antzina-antzinatik, abereek intentsiboki erabili dituzte Urbasa eta Andiako larreak, udako oinarrizko elikagai gisa. Antzinatik datorren eskubideari esker, Nafarroako herritar orok du larre horiek denbora-mugarik eta abere kopuru mugarik gabe eta batere kanonik ordaindu gabe erabiltzeko eskubidea.

Patronatuak 2017rako esleitutako jarduketak aztertu ditu. Abeltzaintzako erabileraren arloan, honako hauek nabarmentzen dira: putzu natural batzuk konpontzea, garbitzea eta egokitzea; sastrakak kentzea; asken, hodien eta kutxatilen obra txikiak; itxiturak egiteko, birpasatzeko eta mantentzeko jarduketak; eta ur-hodien kartografia eta digitalizatzea.

Abeltzaintza, erabilera publiko eta basogintzako lan-mahaian kontrastatu eta landu dira ekintzak; lan-mahai hori iaz ezarri zen patronatuan, eta dinamizaziorako tresna berria da.

Erabilera publikoari dagokionez, bidezidorren mantentze-lanak eta seinaleztapena azpimarratu behar da; eta hainbat konponketa egin da naturaren interpretazio zentroan.

Bestalde, kontserbazioaren arloan, anfibioen azterlanak egingo dira aurten, eta hainbat animaliaren jarraipena: ugatzak, sai zuriak eta karramarro autoktonoa. Gainera, espezie zinegetikoen egoera aztertuko da. Bereziki interesgarria da tuberkulosiak fauna basatian duen eraginari buruz egiten ari diren azterlana, eta abelburuei transmititzeko bide izan daitekeen aztertzen ari dira. Maiatzerako emaitzak izatea espero da, eta hortik abiatuta, biosegurtasuneko hobekuntza-neurriak hartuko dira


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa