(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Koloneko minbizia garaiz antzemateko Programak % 67,53ko parte-hartzea lortu du, aurreikusitakoa baino 7 puntu gehiagokoa asteartea, 2017.eko martxoak 28


229 tumore inbaditzaile antzeman dituzte 2013ko azaroa eta 2015eko urria bitartean, gehienak garaiz


Transcripción textual del video

Kolon eta ondesteko minbizia garaiz antzemateko Programak % 67,53ko parte-hartzea lortu du lehenengo itzulian (2013ko azaroa-2015eko urria); 50.370 lagunek entregatu zuten beren lagina, parte hartzera gonbidatutako 74.594 lagunetatik.

Parte-hartze maila horrek 7 puntutan gainditu du hasierako % 60ko parte-hartzea lortzeko helburua. Gainera, era horretako baheketa-programen Espainiako eta Europako parte-hartze maila handienetakoa da. Programa horien kalitateari buruzko Europako Gidaren gomendioen arabera, % 65ekoa da lortu beharko litzatekeen parte-hartze maila.

% 67,eko parte-hartze maila lortu du kolon eta ondesteko minbizia antzemateko Programak.

Kolon eta ondesteko minbizia garaiz antzemateko Programak % 67,53ko parte-hartzea lortu du lehenengo itzulian (2013ko azaroa-2015eko urria); 50.370 lagunek entregatu zuten beren lagina, parte hartzera gonbidatutako 74.594 lagunetatik.

Parte-hartze maila horrek 7 puntutan gainditu du hasierako % 60ko parte-hartzea lortzeko helburua. Gainera, era horretako baheketa-programen Espainiako eta Europako parte-hartze maila handienetakoa da. Programa horien kalitateari buruzko Europako Gidaren gomendioen arabera, % 65ekoa da lortu beharko litzatekeen parte-hartze maila.

Horixe azaldu du Fernando Dominguez Osasuneko kontseilariak gaur goizean egin duten programaren lehen itzuliaren balantzearen aurkezpenean; hiru osasun-areatako oinarrizko 23 osasun-eremutan ezarri da programa: Iruñean (Donibane, Milagrosa, Ermitagaña, Buztintxuri, Iturrama, Mendillorri, Etxabakoitz, Azpilagaña, Txantrea, Alde Zaharra-I Zabalgunea, II Zabalgunea, Arrotxapea eta San Jorge), Tuteran, Lizarran, Uharten, Izaban, Atarrabian, Auritzen, San Adrianen, Corellan eta Sarrigurenen, 50 eta 69 urte bitarteko 85.343 laguneko xede-taldearekin, nahiz eta baztertze-irizpideak aplikatu ondoren (aldez aurretik minbizia izanda egotea, aurreko bost urteetan kolonoskopia eginda, baheketa ez egitea gomendatzen duen gaixotasun larria), azkenean 75.558 laguni bidali zitzaien gonbidapena (954 gonbidapen baliogabeak izan ziren).

Kontseilariarekin batera egon dira aurkezpenean Maria Jose Perez Jarauta Nafarroako Osasun Publiko eta Lan-osasuneko Institutuko zuzendari kudeatzailea eta Nieves Ascunce, Institutu horretako Epidemiologia eta Osasun Prebentzioko Zerbitzuko burua.


Maria Jose Perez Jarautak, Dominguez kontseilariak eta Nieves Ascuncek aurkeztu dute kolon eta ondesteko minbizia garaiz antzemateko Programaren lehen itzuliaren balantzea. ( irudia handitu )

% 67,53ko parte-hartzea

Lehendabiziko itzuli honetan, 50.370 lagunen 50.569 lagin prozesatu dituzte. % 67,53koa izan da parte-hartzea, % 66koa gizonezkoen kasuan, eta % 69koa emakumeen kasuan. Talde bietan, zenbat eta adin nagusiagoa, orduan eta handiagoa da parte-hartzea, eta 60-64 urteko emakumeena da parte-hartze handieneko taldea, % 72ko parte-hartzearekin.

Hala ere, alde nabarmenak daude oinarrizko eremu batetik bestera: Azpilagañan lortu da portzentajerik handiena (% 74,36), ondoren Izaban (% 74,25) eta Auritzen (% 73,88). Buztintxurin (% 51,64), Alde Zaharra-I Zabalgunean (% 57,66) eta II Zabalgunean (% 58,3), berriz, parte-hartze mailarik txikienak. Kontuan izan behar da eremu asko oso txikiak direla eta, beraz, horietako adierazleak oso aldakorrak izan daitezkeela.

Udalerri askotan, % 80tik gorako parte-hartzea lortu da: Orbaran, Orreagan, Bidangotzen, Garden, Auritzen, Abaurrea Goikoan, Villamayor de Monjardinen, Uztarrotzen, Carcarren eta Ariben.

Kolektibo bereziei dagokienez, nabarmentzekoa da erakundeen ardurapean dauden pertsonen parte-hartzea (% 78,46); arreta berezia eskaintzen zaie pertsona horiei, eta bizi diren zentroan bertan antolatzen da prozesu osoa.

Aitzitik, beharrezkoa da sentsibilizazio-estrategia hobetzea talde jakin batzuen kasuan; hala nola etorkinen kasuan, askoz parte-hartze txikiagoa baitute (% 39,70); osasun-zentroetara atxikita ez daudenen kasuan (% 32,84) edo atxikita egon arren, beste eremu batean bizi direnen kasuan (% 59,62).

4.046 kolonoskopia egin dituzte, eta 229 tumore inbaditzaile antzeman

Eginkarietako odol ezkutuaren baliodun testa zuten 50.350 lagunetatik 3.851 kasutan (% 7,61) lortu zen emaitza positiboa; 9,56ko portzentajearekin gizonetan, emakumeena baino ia lau puntu handiagoa (% 5,87). Positiboak gehitu egiten dira adinarekin (% 5,86koa 50-54 urtekoen taldean, eta % 10,06koa 60-69 urtekoen taldean). Kasu horietan, telefono bidez jartzen da pertsona horiekin harremanetan, jakinarazteko eta lehen mailako beren medikuarekin hitzordua eskaintzeko, hark diagnosi-prozesuarekin jarrai dezan. Lehen Mailako Osasun Arretako 23 zentrotako 220 medikuk eta zentro horietako erizainek hartu dute parte.

TSOH positiboa duten pertsonak ikertzeko egiten den froga sedaziozko kolonoskopia da, ospitaleratu gabe egiten dena. Guztira, 4.046 kolonoskopia egin dira; horietatik 3.035 Nafarroako Ospialegunean, 550 Tuterako Reina Sofia Ospitalean, 418 Lizarrako Garcia Orcoyen Ospitalean, eta 43 zentro pribatuetan.

Kolonoskopia horietatik heren batean (% 39,12) emaitza normala da, edo garrantzirik gabeko patologiaren bat antzematen da, jarraipen berezirik behar ez duena; aldeak nabarmenak dira, sexuaren arabera:

% 52,35 emakumeetan, eta % 29,98 gizonetan. Kasuen beste heren batean (% 28,79) arrisku ertaineko adenomen presentzia baieztatzen da; pertsona horiei jarraipenerako kolonospia bat egin beharko zaie bi urteko tartean.

Kasuen gainerako herenean (% 32,08) arrisku handiko adenomak edo minbizi inbaditzailea antzematen da; hemen ere aldeak nabarmenak dira gizon eta emakumeen artean. Emakumeen artean, kasuen % 5,43an baieztatzen da tumore gaizto inbaditzailea dagoela; gizonezkoen artean, berriz, % 6,86koa da portzentaje hori.

Frogatuta geratzen da gizonek dutela gaixotasun hori izateko arrisku handiagoa. Parte hartu duten mila gizonetik 6,2ri antzeman zaie tumore gaizto inbaditzailea, eta 27,6ri arrisku handiko adenoma bat; emakumeen kasuan, berriz, egin diren 1.000 azterketatatik 3 tumore inbaditzaile eta arrisku handiko 8,09 adenoma antzeman dira.

Guztira, 229 tumore inbaditzaile antzeman dira itzuli honetan; horietatik % 70 baino gehiago garaiz antzeman dira, lokalizatuta, eta sintomen eraginez fase askoz aurreratuagoan antzeman izan balira baino askoz arinagoak eta ez horren erasotzaileak izan dira tratamenduak.

Hain zuzen ere, 229 kasu horietatik 34tan kirurgia beharrik ere ez da egon, eta kirurgia behar izan den kasuen % 70ean, laparoskopia bidez egin dira ebakuntzak. 81 lagunek behar izan zuen kimioterapia, eta 20 lagunek erradioterapia.

Tumore inbaditzailearen diagnostikoa duten pertsonei jarraipena egiten die Onkologia edo Digestio Zerbitzuak.

Arrisku handiko adenomak antzemanez gero, Digestio Zerbitzuak ere egingo du pazienteen jarraipena.

 

Programaren bigarren itzulia

2016ko urtarrilean ekin zitzaion programaren bigarren itzuliari (2016-2017); oinarrizko 39 osasun-eremutako xede-taldeko herritarrei bidali edo bidaliko zaizkie gonbidapenak, lehenengo itzulian sartu zirenak (testa egiteko bigarren gonbidapena) eta aldi honetan sartzen direnak uztartuz:

Tafalla, Cintruenigo, Artaxona, Berriozar, Antzin-Ameskoa, Gares, Noain, Los Arcos, Burlata, Zizur, Allo, Villatuerta, Carcastillo, Antsoain, Buñuel, Olite, Peralta, Ultzama eta Elizondo.

Datozen hiru hilabeteetan programan eremu hauek sartzea aurreikusten da:

Lesaka, Orkoien, Losada, Doneztebe, Zangoza, Agoitz, Salazar Harana eta Valtierra-Cadreita.

Irailetik aurrera, Leitza, Cascante, Viana, Irurtzun, Altsasu eta Etxarri-Aranatzeko eremuetako pertsonak gonbidatuko dira eta, horrela, programak erabateko estaldura izango du.

Kolon eta ondesteko minbizia, gehien diagnostikatzen den tumorea

Nafarroako Minbiziaren Erregistroaren datuen arabera (2008-2010) kolon eta ondesteko minbizia da Nafarroan gehien diagnostikatzen den tumorea.

Hiru urte haietan 1.461 kasu erregistratu zituzten, hau da, tumore guztien % 15,23. Sexuaren arabera, bigarren tokian dago, bai gizonetan (920), bai emakumeetan (541), diagnostikatutako tumore guztien % 16,32arekin eta % 13,80arekin, hurrenez hurren.

Ia bikoitza da gizonetan duen eragina, emakumeetan duenarekin alderatuta.

Emakumeetan diagnostikatutako kasu bakoitzeko, 1,7 gizoni diagnostikatu zitzaien. 2003-2007 denbora-aldiari dagokionez, eragina nabarmen handitu da, bai gizonetan (% 12,7), bai emakumeetan (% 7,3).

2009-2013 aldian urteko 122 gizon eta 88 emakume hil zen Nafarroan minbizi horren ondorioz; hau da, minbiziaren ondorioz gertatutako heriotzen % 13,70 gizonen kasuan, eta % 14,7 emakumeen kasuan, bigarren tokia hartzen zuelarik gizonen artean, eta lehenengoa emakumeen artean.

Prebentzioa eta antzemate goiztiarra

Minbiziak kausa anitzeko gaixotasunak dira, faktore askorekin lotuta daudenak; horietako batzuk ezagunak dira eta beste batzuk ikertzen ari dira.

Besteak beste, adina eta sexua, faktore genetikoak, sozialak eta sozioekonomikoak, lan-jatorrikoak eta bizitza-estiloekin lotutako beste batzuk daude. Kolon eta ondesteko minbiziaren kontrolerako, oso garrantzitsua prebentzio-neurriak hartzea, pisuarekin, elikadurarekin eta ariketa fisikoarekin lotutakoak batez ere, eta neurri txikiagoan, baita alkoholaren eta tabakoaren kontsumoarekin lotutakoak.

Ildo horretan, Minbiziaren Aurkako Europako Kodeak aitortzen du minbiziak prebenitzeko politikak eta ekintzak gara ditzaketela gobernuek (horietako asko, Europako eta estatuetako araudiak) eta prebentziorako pertsonek har ditzaketen 12 neurri jasotzen ditu.

Besteak beste, pisu osasungarria mantentzea, egunero ariketa fisikoa egitea, eta modu osasungarrian jatea: zereal integral asko jatea, lekaleak, fruta eta barazkiak; elikagai hiperkalorikoak neurrian jatea (azukre edo koipe asko dutenak), azukredun edariak eta prozesatutako haragia saihestea, eta haragi gorria eta gatz askoko elikagaiak neurrian jatea. Halaber, garrantzitsua da alkoholaren kontsumoa mugatzea edo saihestea eta ez erretzea.

Hala ere, neurri horiek epe luzera izango dute eragin onuragarria eta, nolanahi ere, ez dute galarazten aldi berean beste era bateko neurriak hartzea.

Hain zuzen ere, antzemate goiztiarra da Kode horrek jasotzen duen hamabigarren neurria, eta frogatu du eraginkorra dela, hilkortasuna nabarmen murriztea lortu baitu.

2013ko azaroan jarri zen martxan Nafarroan kolon eta ondesteko minbizia garaiz antzemateko Programa, 50 eta 69 urte bitarteko gizon eta emakumeei zuzenduta; programaren helburua da hastapeneko fasean dauden tumoreen presentzia antzematea. Horrela, sendatze-maila % 50era igo daiteke fase aurreratuetan antzemanez gero, eta % 90era goiz diagnostikatzen bada.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Dokumentazioa:
Audioa
Bideoa
Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa