(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Musika-emanaldiak, ateak zabaltzeko egunak eta ekitaldi instituzionalak izango dira 2013ko Nafarroaren Egunean ostirala, 2013.eko azaroak 15


Gaurtik hasita hitzordua eska daiteke “Nafarroako Jauregiaren ateak zabalik” doako bisita gidaturako, 012-Infolocal zenbakira edo 948 217012 zenbakira deituta.


Nafarroako Gobernuak, abenduaren 3an, San Frantzisko Xabierkoaren egunean, 2013ko Nafarroaren Eguna ospatzeko askotariko ekitaldien programa antolatu du. Egun horretan, Yolanda Barcina Foru Komunitateko Lehendakariak Nafarroako Urrezko Domina emango dio Espainiako Itsuen Erakundeari (ONCE).

Aurreko urteetan bezalaxe, Gobernuak herstura- eta doitasun-printzipioei eutsi die programa egiteko gastuetan. Guztientzat eta Nafarroa osoko jendeari zuzenduriko ekitaldiek osatzen dute programa. 135.000 euroko aurrekontua baliatuko da.

Aurtengo berritasun nagusien artean dago objektu baliotsuak Nafarroako Gobernuari dohaintzan eman dizkiotenei eskerrak emateko ekitaldia, baita Foru Komunitatearen irudi turistikoari loturiko eskolen arteko sariketaren deialdia ere.  

Programa azaroaren 25ean hasiko da, Nafarroako Jauregirako bisitekin, eta abenduaren 16an amaitu, Madrilen egingo den ekitaldi batean. Hala ere, ospakizun handian, abenduaren 3an, izango dira ekitaldi gehienak, esate baterako, ekitaldi instituzionalak eta Nafarroa osoan zehar aldi berean egingo diren abesbatzen eta orkestren 75 kontzertu.


Jauregiko ateak zabaltzeko eguna

Aipatu den bezala, programa osatzen duten jarduerak azaroaren 25ean hasiko dira "Nafarroako Jauregiaren ateak zabalik" doako bisita gidatuekin. Abenduaren 2ra arte eskainiko dira, 17:00etatik 20:00etara lanegunetan, eta 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara asteburu eta jaiegunetan. Bertako artelanak eta eraikin adierazgarriaren historia ezagutzeko aukera ematen du.

Gehienez 40 pertsonako taldeetan egingo dira bisitak, gida batek bideratuko ditu eta 60 minutukoak izango dira. 2.000 bisitari ingururi eskainiko zaie ibilbidea egiteko aukera. Interesa dutenek gaurtik hasita (ostirala, azaroak 25) eskatu ahal izango dute hitzordua 012- Infolocal (0,34 euro deia) edo 948 217012 zenbakietara deituta. Bi telefono-zenbakietara deitzeko ordutegia 8:00etatik 19:00etara izango da astelehenetik ostiralera, eta 9:30etik 13:30era larunbatetan.

Gogoratu, adingabeek heldu arduratsu batekin egin ahal izango dute bisita eta ezingo da eraikinean sartu Jauregiko zoru artistikoa kalte dezaketen takoi altuko zapatekin edo bestelako objektuekin. Bisitari bakoitza identifikatuko da jauregira iristean eta segurtasun-kontroletik pasatu beharko da.

Bisitan honako hauek ikusiko dira: sarrerako bideoa, Lehendakarien Aretoa, Areto Berdea edo erregeen erretratuen aretoa, Lehendakaritzako Bulegoa, Bilera Aretoa, Tronu Aretoa eta Kapera. Irtetean, bisitariek Nafarroako armarria duen bereizgarria jasoko dute, baita Jauregiari buruzko eta Nafarroako Gobernuaren jardunari buruzko liburuxka bana ere.

Ekitaldi instituzionalak

Astelehenean, azaroaren 25ean, 12:00etan, Nafarroako Gobernuari objektu baliotsuak dohaintzan eman dizkiotenak eskertzeko ekitaldia egingo da. Lehen aldiz egiten den ekitaldia da, azken urteetan Gobernuari baliodun objektuak dohaintzan eman dizkioten pertsona eta erakundeak eskertzeko. Esate baterako, Nafarroako Foru Komunitateak margolanak, pieza arkeologikoak, agiriak, liburuak etab. jaso ditu artxibo edo museoetarako (Nafarroako Museoa, Julio Caro Baroja Museo Etnologikoa eta Karlismoaren Museoa).

Asteartean, azaroaren 26an, 12:00etan, Tronu Aretoan "dbr3. Nafarroaren Irudi Turistikoa" eskolen arteko sariketako" sariak banatuko dira. Lehen aldiz egiten den lehiaketa da, Lehen Hezkuntzako 5. mailatik Batxilergoko 2. mailarako ikasleei zuzenduta. Kategoria bakoitzean, beste eskualde edo herrialde batzuetako haur eta gazteentzat Foru Komunitatearen irudi turistiko erakargarria izango den eta bisitatzera animatuko dituzten hiru lanik onenak sarituko dira.

Bestalde, ostegunean, azaroaren 28an, 12:00etan, gazteriaren arloko sariak banatuko dira, horiek ere Nafarroako Jauregiko Tronu Aretoan. Xabier Armendarizek, EAZL lizentziadun, pianoko goi-mailako tituludun eta ikusmen-urritasuna duen gazteak, Nafarroako Gobernuak ematen duen gazteriaren saria jasoko du. Aurten, Atena Fundazioaren "Pasos de Integración" konpainia eta Tafallako Udala ere sarituko dituzte, parte-hartze sozialaren eta erakunde edo entitateen kategorian, hurrenez hurren.

Beste alde batetik, Raquel Irurzun Ororbiako (Oltza Zendea) gazteari egingo diote aipamena, kale erdian, bihotz- eta arnas-gelditze baten ondorioz lurrera erori zen 51 urteko gizonari lehen laguntza emanez lagundu ziolako. Irurzun larrialdietako erizain gisa ari da lanean lanaldi partziala egiten.

Kirol Merezimenduaren Zilarrezko Dominak abenduaren 2an banatuko dira, oraindik irabazleen izenak kaleratu ez badituzte ere.

Ekitaldien programa askoz osatuagoa izango da abenduaren 3an, asteartean. 9:45ean, agintariak ere bertan izango direla, Xabierko Santutegian San Frantzisko Xabierkoaren omenezko elizkizuna hasiko da. 12:00etan, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren klaustro isabelinoan, Lehendakariak Foru Komunitateko agintariei egingo die harrera eta Nafarroako Urrezko Domina emango dio ONCEri, urritasunak dituzten pertsonak gizarteratzeko egiten duen lana eskertuz. ONCE erakundeak, aurten, 75. urteurrena ospatuko du. Gaur egun 805 bazkide ditu Nafarroan.

Amaitzeko, ekitaldi ofizialen artean, abenduaren 16an, astelehenean, Nafarroaren Eguna ospatuko da Madrilen, Barcina Lehendakaria bertan izango delarik. Ekitaldia Conde Duque kultur etxean izango da, 19:30ean. Ekitaldian, Lehendakariak Madrilen bizi diren Nafarroako agintari politiko, enpresetako zuzendari eta artearen alorreko jendeari egingo die harrera eta San Frantzisko Xabierkoaren Saria emango du. Ekitaldia amaitzeko, Javier, Leyre eta Pablo Aznárez anai-arrebek kontzertua eskainiko dute.

Bestelako ekitaldi eta ospakizunak

Abenduaren 3an, 12:30ean, Burlatako kultur etxean izango da Nafarroan dauden beste herrialde batzuetako elkarteen Folklore Jaialdia. Beranduago, 13:00etan, Nafarroako abesbatz eta orkestren aldi bereko 75 kontzertu hasiko dira. Nafarroako ereserkiarekin hasiko dira eta, ondoren, zehaztutako programari ekingo diote.  Kontzertu guztiak 13:00etan hasiko dira, Erruki Etxeko kontzertua izan ezik. Hura 12:00etan hasiko da.

Azkenik, Nafarroaren Eguneko ospakizunen artean, Tuterako V. Jota Txapelketako Nafarroako Foru Komunitatea Saria ere emango da azaroaren 25ean, eta Los Arcosko Santa María ikastetxe publikoko frontoian haurrentzako trafikodun parke bat jarriko dute. Parkean, bide-heziketako jarduerak egingo dira ikastetxeko ikasleekin, 9:00etatik 13:00etara. 15:00etatik 17:00etara, poliziaren materialaren erakustaldi eta erakusketak egingo dira.

Tuterako V. Jota Txapelketako Nafarroako Foru Komunitatea Saria Castel Ruiz enpresa publikoak antolatzen du, Nafarroako Gobernuaren babesarekin. Helburua Nafarroako jotaren kantua bera sustatzea, baita horren hobekuntza eta hedapena ere, eta kategoria eta adin guztietako jotariei baldintza berberetan lehiatzeko aukera ematea da.

Aurretiko fasea (kanporaketa) azaroaren 21ean, ostegunean, eta 22an, ostiralean, izango da, Tuterako Castel Ruiz ekitaldi-aretoan, 19:00etan. Ostegunean, azaroaren 21ean, benjaminen, haurren eta gazteen kategorien kanporaketa izango da, eta 22an, ostiralean, heldu amateurren eta helduen kategorien kanporaketa.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa