(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Gobernuak lau etxebizitza utziko dizkio Santa Lucía-Adsis fundazioari astelehena, 2013.eko azaroak 11


Hamar urteko kontratua beste bost urtez luzatu ahal izango da.


Luis Zarraluqui kontseilaria eta Gilberto Padrón Adsiseko zuzendaria. ( irudia handitu )

Nafarroako Gobernuak lau etxebizitza utziko dizkio Santa Lucía-Adsis fundazioari hamar urtez, eta gehienez beste 5 urtez luzatu ahal izango da kontratua. Fundazioak adingabeen zentroetako Nafarroako gazteei ostatu emateko erabiliko ditu etxebizitzak. Horren truke, fundazioa etxebizitzek behar dituzten berrikuntza-obretaz arduratuko da.

Sustapen Departamentuak azaldu duenez, horixe da Nafarroako Gobernuak jarraitzea nahi duen lan-ildoa, eta erabilgarri dituen etxebizitza hutsen bidez bultzatuko du ildo hori, ez, ordea, iragan asteazkenean Nafarroako Hipotekak Kalte Eginikoen Plataformak (PAH) San Jorge auzoko Foru Gobernuaren bi etxebizitza legez kontra okupatu zituen modura. Sustapen Departamentuak jakinarazi du PAHri okupaturiko bi etxebizitzak eskuratzeko emate-kontratuaren antzeko irtenbidea ari direla aztertzen.

Hori dela-eta, Luis Zarraluqui Sustapeneko kontseilariak prekarioko  lau emate-kontratu sinatu ditu gaur goizean Navarra de Suelo y Vivienda enpresa publikoaren (Nasuvinsa) jabetzakoak diren etxebizitza erabiliak Santa Lucía- Adsis fundazioari besterentzeko. Fundazioa  Adsis Movimiento de Comunidades elkarteak sustaturiko GKEa da, baztertuta dauden pertsona eta taldeen gizarteratzea bultzatzeko, batez ere gazteena. Adsisen aldetik, Gilberto Padrón Rodríguez zuzendariak izenpetu du kontratua.

Santa Lucía -Adsis fundazioak "Acompañamiento en el Proceso de Emancipación" (‟Emantzipazio-prozesuan lagun egitea", euskaraz) izeneko proiekturako baliatuko ditu lau etxebizitzak. Proiektuaren helburua adingabeen zentroetako gazte nafarrei ostatu ematea izango da, izan ere, adin-nagusitasunera  iristen direnek, zentrotik ateratzean, ez daukate helduen bizitzara aldatzeko denboraldi horretan lagunduko dioten familia, lagun eta abarren babesik.  Babesa ezinbestekoa da autonomiaren oinarriak sendotzeko. Egonaldiak bi eta hiru urtekoak izan ohi dira, eta gazteek Santa Lucía -Adsis fundazioko teknikari baten laguntza izaten dute.

Nasuvinsa enpresak utzitako lau etxebizitzak bigarren eskukoak dira, 62 eta 81 m2 artean dituzte eta Burlatan (bi etxebizitza) eta Iruñean (beste biak) daude. Indarrean den legediak eskatzen dituen bizigarritasun-baldintzak betetzen dituzte eta bizigarritasun-zedula eta energia-efizientziaren ziurtagiriak dituzte. Etxebizitzak prest izateko, egokitzeko obra batzuk egin behar dira.

Kontratuaren baldintzak

Esan bezala, kontratuaren arabera, ADSIS Santa Lucía fundazioari 10 urtez utziko zaizkio etxebizitzak; fundazioak, horren truke, etxebizitzek behar dituzten berrikuntzak egingo ditu. Epea igarotakoan, kontratua urteka luzatu ahal izango da, gehienez 5 urtez. Ondoren, Santa Lucía-Adsis fundazioak Nasuvinsari itzuli beharko dio etxebizitza, baldintza egokietan, alokatu edo saltzeko merkaturatu ahal izateko.

Hortaz, kontratuaren bi aldeentzako onurak dakartzan ekimen berritzailea da. Horri esker, Nasuvinsak higiezinen merkatuan merkaturatzen zailak diren etxebizitzak besterendu egingo ditu, eta fundazioak doan eskuratuko ditu etxebizitzak. Etxebizitzetan bizitzeko beharrezkoak diren berrikuntza-lanak besterik ez ditu gauzatu beharko trukean.  Fundazioak burutuko diren jarduera, hobekuntza eta berrikuntza guztien berri emango dio Nasuvinsari. Enpresa publikoko langileek lan guztiei buruzko informazioa bildu eta lanen garapena gainbegiratuko dute.

Fundazioa arduratuko da, halaber, uraren, gasaren eta elektrizitatearen hornidura kontratatu eta kontsumitzeagatiko gastuez, lurraren kontribuzioa ordaintzeaz, etxebizitzen komunitateetako gastuez eta antzeko bestelako kostuez emate-kontratua indarrean den bitartean.

Zaharberritzeko egin beharreko lanak

Utzitako lau etxebizitzetan berritu beharko da instalazio elektrikoa; hirutan berogailuaren eta etxeko ur beroaren galdara aldatu behar da eta instalazioa eta erradiadoreak prest jarri behar dira. Laugarren etxebizitzan, aldiz, etxeko ur beroaren berogailu elektrikoa aldatu behar da.

Hiru etxebizitzetan iturgintzaren eta horniduraren instalazio guztia aldatu behar da eta sukaldea eta bainugela erabat berritu behar dira. Amaitzeko, lau etxebizitzetatik bitan, gutxienez, parketa konpondu edo aldatu, leihoak aldatu, eta horma eta sabaiak pintatu behar dira.

Etxebizitzetako batean sarrerako atea ere aldatu behar da, eta beste batean kondentsazioaren arazo bat konpondu behar da.

Adsis

Gobernuz kanpoko erakundea, Movimiento de Comunidades Adsis erakundeak sustatuta, 1996. urtetik ari da txirotutako pertsona eta taldeak gizarteratzeko lanean. 700 boluntario baino gehiagok eta kontrataturiko 250 pertsona inguruk osatzen dute.

Adsis Fundazioan 13.000 pertsona baino gehiagori ematen zaie laguntza urtean zortzi programaren bidez; programa horiek Espainiako estatuko 12 probintziatan daude abian.

Lana pertsona, enpresa, instituzio publiko eta pribatuen laguntzarekin burutzen da, gertuko harremanean lagun egitean eta zerbitzu eraginkorrean oinarritutako banako zein taldeko garapen-prozesuen bidez.

Adsis fundazioak gazteen parte-hartzea bultzatzen du batez ere, eta gizarte-ekintzako, hezkuntzako eta garapen-lankidetzako programak antolatzen ditu.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa