Castellano | Euskara | Français | English
Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa: navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.
Ikusi egun honetako albiste gehiago
Nafarroako Gobernuak 800 eskari inguru jaso ditu eta nekazariei gogoratu die ezarritako segurtasun-baldintzak bete behar direla
Soroa.
Aurten, klimatologia bereziak eragindako arrazoi fitosanitarioak direla eta, ohiz kanpo baimendutako uztondo-erreketak irailaren 6tik 24ra egin beharko dira, Nafarroako Gobernuak egindako egutegiaren arabera. Gobernuak zehaztu du erreketak idatzizko baimena jaso duten nekazariek bakarrik egin ditzaketela, eta ezarritako baldintza guztiak bete behar dituztela.
Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko Departamentuak antolatutako plangintzan, Nafarroa bost zonatan banatuta dago, eta zona bakoitzari lau egun egokitu dizkiote baimendutako lursailetan erreketak egiteko.
Era horretan, arriskuak gutxitzeaz gain, Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko Departamentuak Nafarroako Larrialdi Agentziarekin, Foruzaingoarekin, Sepronarekin eta Guardia Zibilarekin batera suteak prebenitzeko egiten duen lana erraztuko da.
Ohiz kanpoko erreketa horien helburua da organismo kaltegarrien hondakinak kentzea eta arazo fitosanitarioek laboreak kaltetu eta bideragarritasuna arriskuan jar dezaketen zonak ez kutsatzea.
Eskariak 27.700 hektarea erretzeko dira
Baso Administrazioko Bulegoan, eskariak jasotzeko epean, hau da, abuztuaren 25era arte, 758 eskari jaso dituzte. Eskari horiek, guztira, nekazaritza-lurretako 27.720 hektarea hartzen dituzte, 12.400 barrutitan. Teknikariak oraindik eskariak berrikusten ari diren arren, asko jaso direlako eta analisi-prozesua konplexua delako, eskatutako hektareen %20 baimenik gabe geratuko da.
Orain arte eskatzaileen erdiari erantzun diete, gutxi gorabehera, eta asmoa da datozen egunetan bigarren erantzun-txanda bat bidaltzea. Idazki horietan erreketak egiteko egunak zehaztuta daude.
Erreketa egiteko baimena eman ala ez erabakitzeko irizpide nagusia mendiarekiko gertutasuna izan da: basoak mugakide dituzten lursailen jabeei ez zaie uztondoa erretzeko baimenik eman.
Edozein modutan, eskari berean lursail bat baino gehiago sartu dituzten nekazariei Departamentuak azaldu die gerta daitekeela lursail batzuk erre ahal izatea eta beste batzuk ez, eta, horregatik, baimenaren edukia arretaz irakurtzea komeni dela.
Halaber, Departamentuak gogoratu du ezarritako baldintzak zehatz-mehatz bete behar direla eta uztondoa erretzen hasi ondoren eguraldia txartzen bada, batik bat haizea altxatzen bada, eta, ondorioz, erreketa ezin bada kontrolatu, eten egin behar dela. Kasu horietan, uzta baimendutako hurrengo egunean egin beharko da, betiere baimenean zehaztutako baldintzak betetzen badira.
Departamentuak adierazi du, baita ere, baimenak pixkanaka bidaltzen ari direla eta, beraz, nekazariren batek ikusten badu bere lursailaren ondoan erreketa egiten ari direla, hark ez duela egin behar baimena jaso arte.
Erreketak egiteko ez da tokiko erakundeen baimenik behar, baimena Nafarroako Gobernuak ematen baitu. Orobat, SOS Nafarroari ez zaio erreketa egingo denaren abisurik eman behar, Nafarroako Larrialdi Agentziak badakielako zein den erreketak egiteko egutegia.
Ohiz kanpoko baimenak
Nekazaritza Zerbitzuak egiaztatu zuen aurten, egin duen eguraldia dela eta, arazo fitosanitarioak izan dituztela Nafarroa osoko nekazariek. Neguan eta udaberrian euria asko eta maiz egin duenez, zerealen lepoko gaixotasunak agertu dira, belar txarrak ugaritu egin dira eta bare eta zabro izurriak egon dira.
Horregatik, ezinbestekotzat jo zuten uztondo-erreketak baimentzea, lurrean olo zoro haziak eta belar txarrak ez ugaritzeko eta neguko izurriak prebenitzeko, hurrengo kanpainetan tratamendu fitosanitarioen erabilera ez areagotze aldera.
Departamentuak nekazaritza-erakundeekin adostu zituen erreketen oinarriak, baso-suteen prebentzioa oso kontuan hartuta. Oinarri horiek lurzoru urbanizaezinean suaren erabilera arautzen duen uztailaren 5eko 248/2013 Foru Aginduan jaso zituzten, eta agindu horretako 8.5 artikuluak dio arrazoi fitosanitarioengatik uztondoak erretzeko baimena eman daitekeela, ohiz kanpoko neurri gisa eta Nekazaritza Zerbitzuak txostena egin ondoren.
Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko Departamentua Nafarroako Larrialdi Agentziarekin, Foruzaingoarekin, Sepronarekin eta Guardia Zibilarekin elkarlanean ari da etengabe.
Uztondoa erretzeko baldintzak
Uztailaren 5eko 248/2013 Foru Aginduaren arabera, hauek dira nekazariek uztondoak erretzeko bete behar dituzten baldintzak:
Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen