(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Gobernuak fruta eta barazkiak jatea bultzatzeko bigarren eskola-kanpaina aurkeztu du osteguna, 2012.eko otsailak 16


Foru Erkidegoko 78 udalerritako 109 zentrotako 3 eta 6 urte arteko 9.224 ikaslek hartuko dute parte


2012ko frutaren eskola-kanpainaren aurkezpena

Iribas eta Goicoechea kontseilariak eta Marisol Aranguren Osasunbideko zuzendaria Sarriguren ikastetxe publikoko ikasleekin hizketan, frutaren eskola-kanpainaren aurkezpenean ( irudia handitu )

Lourdes Goicoechea Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen kontseilariak, José Iribas Hezkuntza kontseilariak eta Marisol Aranguren Nafarroako Gobernuko Osasunbideko zuzendariak 2011-2012 ikasturterako frutaren eskola-kanpainaren bigarren edizioa aurkeztu dute gaur goizean Sarriguren ikastetxe publikoan. Kanpainan Foru Erkidegoko 78 udalerritako 109 zentrotako 3 eta 6 urte arteko (haur hezkuntzako bigarren zikloa) 9.224 ikaslek hartuko dute parte. Gobernuko kideekin batera izan da aurkezpenean Ángel Miguel Goñi ikastetxeko zuzendaria.

Kanpainaren  helburua ikasleei jateko ohitura osasungarriak izatera bultzatzea da, batik bat fruta eta barazkiak, obesitateari aurre egiteko eta hainbat gaixotasun prebenitze aldera energia-dentsitatea delakoa murrizteko. Kanpaina Espainiako Gobernuko Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioaren nutrizioaren, ariketa fisikoaren eta obesitatea prebenitzearen aldeko NAOS estrategiaren barruan burutzen da.

Kanpainaren asmoa ikasleek landagunea eta nekazaritza ezagutu eta baloratzea ere bada. Horretarako, baratzeko produktuei, horiek dietan gehitzen dituzten onurei eta kontsumitzeko sasoi egokienari buruzko jarduera didaktikoak burutuko dira.

Kanpaina urtarrilean hasi zen eta 19 aste iraungo duela aurreikusi da. Edizio honetan bikoiztu egin da parte hartzen duten ikasle eta ikastetxe kopurua iazko ikasturtearekin alderatuta. Orduan, 44 ikastetxek eta 4590 haurrek hartu zuten parte. 

Ikastetxeek fruta jasotzen dute ikasleen artean banatzeko astean hiru egunez. Aurrez gurasoei jakinarazten zaie, banaketa-egunetan haurrek etxetik eramaten duten hamaiketakoaren ordez fruta jango dutela. Lau fruta mota banatzen dira: albertxikoak, marrubiak, sagarrak, mertxikak, nektarinak, madariak, platanoak, mandarinak eta laranjak. Fruta-atalak osorik eta zuritu gabe banatzen dira elikagai guztiak mantentzeko. Frutaren % 80 Nafarroan hazitakoa da sasoiko eta inguruko elikagaien kontsumo-eredua sustatzeko.

Kanpainaren kostua 274.000 eurokoa da, eta Nafarroako Gobernuak eta Europar Batasuneko funtsak ordaintzen dute erdibana. Nekazaritza, Elikagai eta Ingurumen Ministerioak 25.148 euro gehiago ematen ditu neurri osagarrietarako, adibidez, guraso eta irakasleentzako material didaktikoa argitaratzeko.

Nafarroan, kanpaina Foru Gobernuko hiru departamentutako teknikariek osaturiko batzorde batek kudeatzen du: Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentukoak kanpainarako aurrekontuaren banaketari eta logistikaren diseinuari erantzuten dio, Osasun Departamentuak  banatzen diren produktuen egokitasunaren irizpide teknikoak zehazten ditu elikagaien profila hobetzeko, eta Hezkuntza Departamentuak kanpaina burutzen duten ikastetxeekin harremanetan jarri eta jarduerak koordinatzen ditu. Fruta hornitu eta banatzeko Grupo AN enpresa hautatu da, interesa agertu duten hiru erakundeen arteko norgehiagoka-prozesuaren ondoren.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa