Castellano | Euskara | Français | English
Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa: navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.
Ikusi egun honetako albiste gehiago
CEIN sozietate publikoak kudeatuko du haztegia
Roig kontseilaria, Nika Vega (Aula Máster), Luis Casado eta Carmen Leza.
(
irudia handitu
)
Tuterako Udalak nekazaritzako elikagaiekin zerikusia ez duen sektore askotako enpresa-haztegia abian jarri du, enpresa sortu berriak edo modu formalean eratuta ez daudenak, izaera berritzailea dutenak eta negozio-ereduan hazkunde-potentzial handia dutenak hartzeko. Izatez, urtearen hasieratik bi enpresa berritzaile bertan ezarri dira: Aula Máster, enpresen prestakuntzara bideratua; eta Efen, enpresen produktibitatea hobetzeko zerbitzuak eskaintzen dituen aholkularitza, besteak beste, energia efizientziari lotutakoak.
Proiektua Nafarroako Gobernuaren (Nafarroako Enpresen eta Berrikuntzaren Europar Zentroaren, CEINen, bidez) eta Erriberako hiriburuko Udalaren arteko lankidetza-hitzarmenaren emaitza da. Hitzarmena 2009ko apirilean sinatu zen. Horren bidez, CEIN enpresa-espazioa kudeatzeaz arduratuko da, eta toki entitateak sozietate publikoak emandako zerbitzuak finantzatuko ditu. Orain arte, inbertsioa 400.000 eurokoa izan da, eta instalazioak egokitzeko erabili da.
José María Roig Aldasoro Berrikuntza, Enpresa eta Lan kontseilariak gaur goizean inauguratu ditu espazio berriak, hots, lau nabe eta hiru bulego, Luis Casado Tuterako alkatea eta Carmen Leza CEINeko zuzendari kudeatzailea alboan zituela. Roigek nabarmendu duenez, "haztegietako enpresen %70ek denboran irauten dute eta enplegua sortzen dute". Kontseilariak enpresa-jarduera mota honetako ekimenekin babestearen garrantzia nabarmendu du.
Tuterako enpresa haztegiaren kanpoko ikuspegia.
(
irudia handitu
)
Ekimen honen bidez, herrian sortzen diren enpresa-ekimen berriak babestu nahi dira eta inguruko enpresa-jarduerari laguntzeko azpiegiturak garatzeko beharrari erantzun nahi zaio. Horretarako, nabe guztiek zuzkidura hauek dituzte: bilera gela, prestakuntza gela, jantokia eta officea, komunak eta dutxak. Horrez gain, nabe guztietan ura, sartu-irteeren kontrola, segurtasun sistema eta suaren kontrako sistema, telefono eta internet hartuneak eta elektrizitatearen eta klimatizazioaren banakako instalazioak egongo dira.
CEINek laguntza pertsonalizatua eskainiko du enpresa-kudeaketan (diagnosiak, aholkularitza...), finantzaketa moduei buruzko informazioa (harremanak arrisku-kapitaleko sozietateekin eta dokumentazio ekonomiko-finantzarioa prestatzea, besteak beste); proiekzioa (topaketak eta gertakizunak, enpresa-sareetara eta transferentzia teknologikoaren sareetara gehitzea, komunikazio-jardueretan laguntzea…); eta, amaitzeko, sarbidea baliabideetara (software bikaintasun zentroetara, administrazio, teknologia eta dokumentazio zerbitzuetara, enpresen prestakuntza eta aholkularitza, eta kudeaketa-erremintak ezartzea).
Haztegian ezarritako enpresen indarraldiari dagokionez, 5 urtera arteko inkubazio fasea egongo da. Horrez gain, modu formalean eratu ez diren proiektuen kasuan, bi urtera arteko aurreinkubazio aldia egongo da.