Ikusi egun honetako albiste gehiago
Foru Gobernuak asteleheneko bilera San Adriáneko udaletxeko osoko bilkuren aretoan egingo du
ostirala, 2010.eko otsailak 26
Gobernuko kideek udalbatzarekin bildu eta osasun-zentro berriaren lanak bisitatuko dituzte
San Adriáneko udaletxea.
Foru Gobernuak astelehenetan Nafarroako Jauregian egiten duen ohiko bilera datorren martxoaren 1ean, astelehena, San Adriáneko udaletxeko osoko bilkuren aretoan egingo du.
Bileran, goizeko 9:30etik, asteko ohiko gaiak jorratuko dira, Sanz presidentea buru dela. Presidentearekin batera Nafarroako Gobernua osatzen duten beste hamar kide ere bertan egotea aurreikusi da.
Bileraren amaieran (11:30), osoko bilkuren aretora udalbatzako kideak sartuko dira, Carlos Monasterio Muro alkatea buru dela. Bileran Nafarroako Gobernuak herri horretan eta herriaren eragin-esparruan abian dituen proiektuak aztertuko ditu, eta udal ordezkariek haien planteamenduak eta proiektu berriak azalduko dituzte.
Saioaren amaieran, udaletxea utzi eta San Adriáneko osasun-zentro berria hartuko duen orubera joango dira. Azpiegitura hori Nafarroa 2012 Planaren barruan dago eta Nafarroako Gobernuak hiru milioi euro inguru eman ditu (2,8 milioi euro proiekturako, lanetarako eta lan-zuzendaritzarako, eta 200.000 ekipamenduetarako). Lanak 2009ko azaroan hasi ziren eta betearazpen-epea 15 hilabetekoa izatea aurreikusi da.
12:45ean, udaletxera itzultzean, Miguel Sanz presidenteak San Adriáneko udalkideei eta udalerriko entitate eta elkarte nagusietako ordezkariei harrera eskainiko die.
Gogoan izan behar da legegintzaldi honetan Foru Gobernuak ohiko bilera beste hirutan egin duela Nafarroako Jauregitik kanpo, zehatz esanda, Tafallan (2008ko ekaina), Lekaroz-Baztanen (2009ko martxoa) eta Los Arcosen (2009ko urria).