Ikusi egun honetako albiste gehiago
Gobernuak 111 milioi euro banatuko ditu 2010ean Nafarroako nekazaritza-sektorera bideratutako laguntzen kanpainan
asteazkena, 2010.eko otsailak 3
Laguntzak bide telematikotik izapidetzen dira, internet bidez edo Foru Komunitate osoan dauden 251 sarbide-puntuetako batean
Nafarroako Gobernuak, 2010eko kanpainan, 111 milioi euroko laguntzak emango dizkie Nafarroako nekazaritza- eta abeltzaintza-sektoreko 20.000 ekoizleri. Laguntza ekonomiko horiek, 28 motatan taldekatuta (18 NPBri dagozkio, eta 10 Nafarroako Gobernuari), apirilaren 30era arte eska daitezke internet bidez edo Nafarroan dauden 251 sarbide-puntuetako batean (finantza-entitateak, nekazaritza-erakunde eta –enpresak, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren eskualde-bulegoak).
Hala azaldu du prentsaurrekoan Begoña Sanzberro Iturriria Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak. Ignacio Guembe Cervera Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia alboan izan du. Kontseilariak, agerraldi publikoan, laguntza bakoitza azaldu du, eta bere Departamentuak administrazio-izapideak bizkortzeko (eskaera bakar telematikoa) eta albait arinen ordaintzeko egindako lana azpimarratu du, eta laguntza horien kopurua eta zuzkidura ekonomikoa aurreko legegintzalditik handitu egin dela esan du.
Sanzberroren arabera, informazio-bolumenari eta zenbatekoari dagokienez, laguntza hauen izapidetza urteko administrazio-erronka handienetakoa da Nafarroako Gobernurako, eta Nekazaritza Bermeko Espainiako Funtsak (FEGA) eredua beste autonomia-erkidego batzuetan aplikatu daitekeela adierazi du.
Nekazariei eta abeltzainei ordaindutako laguntzak bi talde handitan banatu daitezke: Nekazaritza Politika Bateratutik (NPB) datozenak, Europar Batasunak finantzatu eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak izapidetu eta ordaintzen dituenak (100 milioi euro) eta Nafarroako Gobernuak abian jarritakoak: beharrizana duten inguruetarako eta mendi-inguruetarako laguntzak eta nekazaritza eta ingurumenerako laguntzak; hau da, beste 11 milioi. Azken horiei dagokienez, Sanzberro kontseilariak nabarmendu du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak ahalegin handia egin duela, eta horri esker atal honetara bildutako ildoak 2006an 5 izatetik aurten 10 izatera igaro direla. Zenbateko hori, 11 milioi euro, 2006an bideratutako kopuruaren bikoitza da.
Gehiago irakurri:
Ikusten ari den informazioa Nafarroako Gobernuak emandako prentsa-ohar osoaren bertsio bat da, online komunikabiderako egokitua.