Ikusi egun honetako albiste gehiago
Expopyme 09 azoka azaroaren 18an eta 19an egingo da Iruñan
asteazkena, 2009.eko ekainak 24
Roig kontseilariak ETEentzako produktuen eta zerbitzuen IV. areto profesionala eta XIV. Redepyme kongresua aurkeztu ditu
Roig kontseilaria eta antolatzaileak Expopyme 09 azokaren aurkezpenean.
(
irudia handitu
)
José María Roig Aldasoro Nafarroako Gobernuko Berrikuntza, Enpresa eta Lan kontseilariak, erakunde antolatzaileetako ordezkariek lagunduta, gaur goitzean Expopymeren laugarren edizioa aurkeztu du, hots, enpresa txiki eta ertainentzako produktuen eta zerbitzuen areto profesionala. Azoka azaroaren 18an eta 19an egingo da Baluarten, eta bertan XIV. Redepyme kongresua ere egingo da.
Expopyme Espainian enpresa txiki eta ertainen inguruan antolatzen den fororik garrantzitsuena dela jotzen da. Hori dela eta, Roig kontseilariak adierazi du Nafarroako Gobernua oso pozik dagoela laugarren edizioa Iruñan egingo delako, eta ekitaldi hori bere Departamentuak enpresei laguntzeko eta enplegua sortzeko duen helburuaren barruan sartu du.
Kontseilariaz gain, hurrengo hauek parte hartu dute gaur goizeko aurkezpenean: Marta Raspall Expopymeko zuzendaria; Alfonso González Industria Antolaketaren Eskolako zuzendari nagusia; Iñaki Garay “Expansión” egunkariko erredakzio-zuzendaria, eta Estela Gallego Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioko ETEen Politikako zuzendari nagusia.
Expopymeren aurreko hiru edizioak Madrilen (2006), Zaragozan (2007) eta Málagan (2008) egin dira. Azken horretan berrehun enpresak parte hartu zuten eta enpresei lotutako 2.000 profesional baino gehiago eta 5.000 bisitari baino gehiago hurreratu ziren.
Expopyme 09 azokaren inaugurazio-egunean “Sormena ETEetan” gaia landuko da, eta gai horren inguruan hitzaldiak, mahai-inguruak, bilerak eta ponentziak egongo dira. Hurrengo egunean berrikuntzaren gaia aztertuko da enpresa txiki eta ertainetan, eta ETEei bideratutako sentsibilizazio-ekitaldia egingo da teknologia berrien erabileraren inguruan, eta tailer tematiko berriak, bilerak eta ponentziak egongo dira. Era berean, enpresa txiki eta ertainen egoerari buruzko blogosfera tematikoa aurkeztuko da.
Antolatzaileen esanetan, Expopyme nahitaezko topagunea da enpresaburu txiki eta ertain guztientzat, bi arrazoi direla bide: lortu nahi duen helburuarengatik, hau da, enpresaren beharrizan desberdinei erantzunak eskaintzea, eta proiektuak oinarri duen filosofiarengatik, hau da, hazkundea, berrikuntza, lehiakortasuna eta sormena bultzatzea Espainiako ekonomian giltzarria den sektorean.
Expopyme 09 azokarako jarduera berriak garatzea eta egitura berria ezartzea aurreikusi da, elkarreragina, sormena, prestakuntza eta aholkularitza nabarmenduz, hori guztia, negozio-aukerak garatzeko aukera ematen duen merkataritza-estalkiaren azpian.
Espainiako enpresa-ehunaren %99 baino gehiago enpresa txiki eta ertainek osatzen dute, eta horiek enpleguaren %62,7 sortzen dute. XIV. Redepyme kongresuaren helburua bertaratzen diren enpresen lehiakortasuna hobetzea da. Enpresa horiek negozio-bilerak egin ditzakete beste enpresaburu batzuekin, aholkularitza jaso dezakete Industria Antolaketaren Eskolako aholkulariengandik edo uharte teknologiko bat bisitatu dezakete informazioaren eta komunikazioaren teknologiak hobeto erabiltzen ikasteko.
- Dokumentazioa:
- Audioa
- Bideoa