Ikusi egun honetako albiste gehiago
Bueltatu da Nafarroako Jauregira Goyak egindako Fernando VII erregearen erretratua
osteguna, 2009.eko ekainak 18
Margolana Toledon egon da, Independentzia Gerrari buruzko erakusketa batean; erakusketa 128.000 pertsona baino gehiagok ikusi dute
Goyaren margolana Nafarroako Jauregian jarri dute berriz.
(
irudia handitu
)
Goyak Fernando VII erregeari egindako erretratua normalean Nafarroako Jauregian egoten da, baina abenduan Gaztela-Mantxara eraman zuten, Toledoko Santa Cruz museora, Independentzia Gerrari buruzko erakusketa batean jartzeko. Margolana bueltatu egin dute eta orain betiko lekuan dago. Toledoko erakusketaren izenburua hau zen: “España 1808-1814. De súbditos a ciudadanos”. Erakusketa “Don Quijote de conmemoraciones culturales de Castilla-La Mancha” sozietate publikoak antolatu zuen eta joan den urteko abenduaren 16an inauguratu zen. Erakusketa ikustera 128.000 pertsona baino gehiago joan dira.
“Francisco de Goya y Lucientes margolariak 1814an egin zuen “Retrato del rey Don Fernando VII de España y III de Navarra” izenburua daukan margolana. Olio-pintura bat da, 104 x 83,5 zentimetroko mihisean egina. Pinturan erregea luzera erdian dago, zeukan estatusaren sinboloekin: ondoan errege koroa dauka; eskuineko eskuan aginte makila, Espainiako armen gaztelu eta lehoiekin apaindua; eta gerrian sablea (urre koloreko buruaren hondarrak bakarrik geratzen dira). Soinean urre kolorea eta lore urdinak dauzkan zetazko kasaka darama, Carlos III erregearen ordenako banda zuri-urdinarekin gurutzatua. Purpura koloreko kapa dauka, urre koloreko lirioz betea eta erbinudez forratua; lepoan, urrezko intsignia.
Mihisea zaintzeko eta zaharberritzeko azkena egindako tratamenduan ikusi da pinturaren osaera asko aldatu dela eta esku-hartzeen ondorioz erretratuak kalitatea galdu duela. Berez, kapak ez zuen erregea estutzen, aitzitik, gorputzaren bi alboetara zabaltzen zen. Margolana berriz ehundu eta atzealdea beltzez pintatu zuten; horrez gain, behealdean idazkun hau jarri zioten: Fernando III de Navarra y VII de Castilla. Orain, Goyaren bereizgarri diren zirkulu zentrokideko krakeladuran, jatorrizko hondo grisa nabaritzen da eta pintzelkadak ikusten dira, solteak, batik bat lepoan, besoetan eta urrezko intsignian, adituek diotenaren arabera.
Nafarroako Gobernuko presidentea, Miguel Sanz Sesma, “España 1808-1814. De súbditos a ciudadanos” erakusketan egon zen otsailaren 18an. Bisita horretan Gaztela-Mantxako gobernuburua, Jose Maria Barreda, eta Kultura, Turismo eta Artisautza kontseilaria, Maria Soledad Hierro izan zituen lagun. Jose Maria Barredak eskerrak eman zizkion Miguel Sanzi, Nafarroako Gobernuak erakusketan parte hartu duelako aipatu artelana utzita. Sanz presidenteak adierazi zuen erakusketa oso garrantzitsua zela eta utzitako obrak Nafarroan garrantzi handia daukala. Artelana, orain, betiko lekuan dago, Nafarroako Jauregian.