Ikusi egun honetako albiste gehiago
Sanz presidenteak eta Caamaño ministroak Espainiako abokatu-elkargoen V. jardunaldiei amaiera eman diete
ostirala, 2009.eko ekainak 12
Asteazkenetik aurrera Baluarten egindako topaketa honetan 600 profesional baino gehiago elkartu dira
Miguel Sanz Sesma Nafarroako Gobernuko presidenteak eta Francisco Caamaño Domínguez Justizia ministroak gaur goizean Espainia osoko abokatu-elkargoetako Gobernu Batzordeen V. jardunaldiei amaiera eman diete. Topaketa hau asteazkenetik aurrera Baluarte Nafarroako Biltzar Jauregi eta Auditorioan egin da, eta 600 profesional baino gehiago bildu ditu.
Sanz presidenteak estatu-ituna egin behar dela eta horretan Parlamentuko indar politiko guztiak bildu behar direla adierazi du edo, gutxienez, gobernuan dagoen alderdia eta oposizioko alderdi nagusia. Modu horretan, arau prozesalen aldaketa bermatu eta espainiarrek “azkenean” justizia-zerbitzu moderno eta azkarra lortzeko bitartekoak jarriko dira, herri-administrazioetatik eta enpresetatik jasotzen dituzten gainerako zerbitzuen antzeko kalitatearekin. Era berean, Nafarroako Gobernuak Justizia Administrazioari lotuta 1999tik abian jarri dituen jardun batzuk aipatu ditu. Urte horretan, Foru Komunitateak arlo horretako eskumenak bereganatu zituen. Ildo horretatik, Nafarroako epaitegietan egindako hobekuntzak gogorarazi ditu, baita Foru Administrazioko beste esparru batzuekin eta Espainiako sistema judizialeko instantziekin batera lanean aritzeko aplikazioak eta kudeaketako sistema informatikoak ere. Sanzek esperientzia hori nazioko gobernuaren eskura jarri du.
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak egindako inkesta baten arabera, Nafarroan eta Aragoin funtzionatzen du justiziak hoberen. Hala ere, Sanzek adierazi duenez, oraindik “asko hobetu behar da, Nafarroako organo judizialen kalifikazioa ez baita zazpira iristen, nahiz eta herrialde osoan balorazioa askoz txikiagoa izan”.