Ikusi egun honetako albiste gehiago
Roig kontseilaria Lizarrako Tailer Eskolaren hogeigarren urteurrena ospatzeko ekitaldian egon da
asteartea, 2009.eko maiatzak 26
Lanerako prestakuntza-zentroan igeltserotza, zurgintza, iturgintza, forja, lorezaintza eta soldatzearen inguruko ikasgaiak eskaintzen dira
José María Roig Aldasoro Berrikuntza, Enpresa eta Lan kontseilaria gaur eguerdian Lizarrako Tailer Eskolaren hogeigarren urteurrena ospatzeko ekitaldian egon da.
Ekitaldia Begoña Ganuza Bernaola hiriko alkateak aurkeztu du. Jarraian mahai-ingurua egin da, eta kontseilariak ekitaldia itxi du. Amaitzeko, kontseilariak urteurrena ospatzeko antolatu duten erakusketa bisitatu du.
Tailer Eskola lanerako prestakuntza-zentroa da, eta 1989an ireki zituen ateak. Urte hauetan igeltserotza, zurgintza, iturgintza, forja, lorezaintza, nekazaritza eta basozaintza eta soldatzearen inguruko ikasgaiak eskaini dira. Aldi berean, zaharberritze proiektuetan parte hartu dute, hala nola Egia Jauregian, gaur egun liburutegi publikoa dena; San Benito komentuan, etorkizunean museo etnografikoa izango dena, eta Ega ibaiaren ertzetan. Ingurumen-zaharberritze lanari esker, Lizarrako Udalak ingurumen arloko saria lortu zuen Baliabideen Iraunkortasunerako Institututik 2004an.
Gaur egun, zurgintza, soldatze eta iturgintzaren arloko irakaskuntzen proiektua du, eta 2009ko ekainaren 28an amaituko da. Programaren barruan, 16 eta 24 urte bitarteko 32 gazteri lan-merkatuan sartzea errazteko prestakuntza eskaintzen zaie. Ikasleen artean hamaika immigrante, Saharaz hegoaldeko herrialdeetako bost ikasle, Ekuadorreko hiru eta Kolonbiako, Marokoko eta Aljeriako ikasle bana daude.
Hogeigarren urteurrena ospatzeko, Tailer Eskolak erakusketa antolatu du Kultura Etxean. Erakusketa horretan urte hauetan garatu diren ondoz ondoko zortzi proiektuen argazkiak ikus daitezke, baita ikasleek egindako lan praktikoen lagin txiki bat ere. Era berean, 25 urtetik gorako pertsonekin egin diren lau enplegu-tailerren oroitzapen grafikoa gehitu da. Erakusketa datorren maiatzaren 30era arte irekita egongo da, 11etatik 13etara eta 18,30etik 20,30era.
Hogei urte hauetan Eskolan 520 pertsonak parte hartu dute eta 53 pertsona sukaldaritzari, ostalaritzari, menpeko pertsonen artapenari eta lorezaintzari buruzko tailerretara joan dira. Hasiera-hasieratik zurgintza irakatsi da, eta sei urtez, igeltserotza. Gaur egun zurgintza, soldatzea eta iturgintza eskaintzen dira, baita enplegu-tailerrak ere. Irakasleen taldean 38 pertsona aritu dira.
Ikasleek benetako obretan lan egin dute eta hiri-ingurua zaharberritzen lagundu dute. Tailer Eskolan laneratzea lortzeko lan egiten da, lanbide-prestakuntza teoriko eta praktikoaren bidez, espezialitate zehatz batean lanbide-kualifikazioa lortzeko.
Gaur egindako jardunaldiaz gain, maiatzaren 28an, osteguna, tailerreko ateak irekiko dira eta San Beniton egiten ari diren lanak bisitatuko dira.