Ikusi egun honetako albiste gehiago
Catalan kontseilaria Errioxarekin lankidetza gehitzearen eta sendotzearen alde dago
osteguna, 2009.eko apirilak 16
Errioxako Lehendakaritza kontseilariarekin bildu da, bien intereseko diren gaiak lantzeko
Nafarroako eta Errioxako Gobernuek bilera egin dute, harremana sendotzeko.
(
irudia handitu
)
Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuko eledun Alberto Catalan Higuerasek eta Errioxako Lehendakaritza kontseilari eta Gobernuko eledun Emilio del Rio Sanzek bilera egin dute gaur Logroñon, bi erkidegoetako Gobernuen arteko harremana sendotzeko, hiritarren zerbitzuak eta bizi kalitatea hobetze aldera.
Laneko bilera horretan agerian geratu da bi Gobernuei erkidegoak eta administrazio publikoak lankidetzan aritzea eta elkar ulertzea interesatzen zaiela. Alde horretatik, esan dute lankidetza eta ulermena izan behar direla, hain zuzen, harremanen oinarriak “are gehiago gaur egun, lankidetzaren bitartez zailtasunei aurre egiteko eta aurrerapenari eta hiritarren ongizateari euste aldera lan egiteko".
Gauzak horrela, bi buruek Nafarroa eta Errioxa hartzen dituen Ebroren erdiko harana sustatzeko apustua egin dute, ekonomia, gizartea, industria eta turismoa garatzeko ardatz bihurtu dadin. Horretarako, ezinbestekoa da Nafarroa eta Errioxa lotzeko komunikabide onak eta modernoak edukitzea, baita bi erkidegoak Espainiako gainerako lurraldeekin lotzeko ere. Horren harian, Catalan kontseilariak esan du “Nafarroako Gobernua etxeko lanak egiten ari dela azken urteetan”, hain zuzen: Santiago Bideko Autobia, Errioxaraino (2007an bukatu zuten); Ebroko Autobiaren Nafarroako zatia; eta NA-134 errepidea (Ebroko ardatza) hobetzeko lanak.
Nafarroako eta Errioxako Gobernuek bilera egin dute, harremana sendotzeko.
(
irudia handitu
)
Hala ere, bi buruek gogoratu dute “Nafarroa eta Errioxa garatzeko erabakigarriak diren gai garrantzitsu batzuk ebazteko daudela oraindik eta estatuko gobernuaren esku daudela”. Alde horretatik, Catalanek lan hauek aipatu ditu: Santiago Bideko autobia Logroñoraino eramateko obrak (hitzarmena 2009ko urtarrilaren 12an sinatu zen baina egikaritzeko dago), Madril-Soria-Tutera autobia, N-232 errepidea Ebroko autobia bihurtzea eta abiadura handiko trena (kantabriar-mediterraniar korridorea garatzeko). Kontseilariaren iritziz, “proiektu horiek guztiak ezinbestekoak dira bi erkidegoek aurrera egin dezaten”.
Horrez gain, bileran elkarlanerako harreman egonkorrak edukitzeko aukeraz hitz egin dute, dagoeneko indarrean dauden lankidetza hitzarmenak handitzeko arlo hauetan, adibidez: osasun arretan, larrialdietan eta azpiegituretan. Halaber, Catalanek adierazi du Nafarroako Parlamentuak Errioxako Gobernuarekin eta inguruko erkidegoekin akordioak adostu nahi dituela, erkidego horietan Nafarroako lurreko telebista digitaleko kateak ikus ditzaten (baita alderantziz ere).
Bileran izan dira, baita ere, Nafarroako Gobernuko Erakundeekiko Harremanetarako zuzendaria, Lola Eguren Apesteguía, eta Errioxako Lehendakaritza Kontseilaritzako idazkari tekniko nagusia, Carmen Gómez Collado. Bilera egin dute, hain zuzen, Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren departamentuak inguruko erkidegoekin lankidetza gehitzeko eta sendotzeko helburua lortze aldera.