(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Bilatzaile erabili!

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago


Aurten aurrenekoz, Nafarroako Gobernuak Aginte Postu Aurreratutik koordinatuko ditu Xabierraldietako laguntza lanak

ostirala, 2009.eko martxoak 6

Foruzaingoaren ia 200 agente arituko dira lanean erromesen eta ibilgailuen segurtasuna bermatzeko



Aurten aurrenekoz, Nafarroako Gobernuak Aginte Postu Aurreratua (APA) jarriko du abian Xabierraldietan, larrialdiak kudeatu eta koordinatzeko azken teknologiez hornitutako kamioi bat alegia, baliabideen koordinaziorako lagungarria izanen dena.


Esku hartuko duten zerbitzu guztiek -Nafarroako Larrialdietako Agentziaren Babes Zibileko langileak, Foruzaingoa eta Guardia Zibila, DYAko kideak, Gurutze Gorria, boluntarioak edo irratizaleak- arduradun bana bidaliko dute la Caixaren dohaintza izan den kontrolgune horretara. Bihar, larunbata, eta etzi ere Xabierko Gazteluaren ondoko zabalgunean egonen da kokatuta.


Horrela, gertatzen diren kasuei erantzun errazagoa eman ahal izanen zaie, APAren erabileraz arduratzen diren Babes Zibileko arduradunek gertaeraren tokitik hurbilen dauden langileak mobilizatu ahal izanen dituztelako, dela Xabierrera joateko errepide eta bideetan dela santutegiaren inguruetan. Gogoratu nahi dugu laguntza lanetan 600 pertsonatik gora arituko direla, aipatutako taldeetako kideak denak.


Horrez gain, NLAk aholku eman dio Iruñeko Artzapezpikutzari Autobabeserako Plana prestatzeko, estatuko araudian ezarritako betebeharra baita jendetza bilduko den tokietarako larrialdi eta autobabeserako planak prestatzea. Agiri horretan jasota daude erromesaldian zehar gerta daitezkeen gorabehera mota guztiak eta horiek bideratzeko protokoloak.


Foruzaingoak, berriz, Guardia Zibilarekin koordinatuta, trafikorako operazio berezi bat antolatu du lehendabiziko Xabierraldiak direla eta. Plan honen helburua da erromesen nahiz ibilgailuen zirkulazio libre eta segurua bermatzea. Guztira 195 foruzain arituko dira bi xabierraldiak zaintzen, goiz, arratsalde eta gaueko txandetan. Foruzaingoaren Bide Segurtasunaren dibisioko agenteei Zangozako polizia-etxekoek lagunduko diete, Xabierko inguruetan herritarren segurtasun lanak betetzeaz gain. Era berean, Tuterako polizia-etxeko Bide Segurtasuneko Dibisioko agenteak eta Iruñeko nahiz Tuterako polizia-etxeetako Ingurumen Zaintzako Dibisiokoak ere han izanen dira.


Trafikoaren zaintza eta erregulazioa gehien bat hauen ingurukoak izanen dira: bidegurutzeak, Xabierko aparkalekuetako sarrera-irteerak, bide publikoaren tarteetan erromesak babestea eta laguntza ematea ibilgailuen erretentzioak gertatuz gero.


Aurten, erromesek Pirinioko Autobiaren zerbitzu bidea erabili ahal izanen dute Noaindik ia Izkora bitarte. Horrela, Noaingo herrigunetik oinez abiatzen direnek zurubiko arrapalara daraman oinezkoendako aldetik (zoru gorrikoa) joan beharko dute, autobiaren parez pare doan zerbitzu bidea hartzeko, ezkerreko bazterretik, Xabierko norabidean. Bideak bat egiten du bertan Iruñetik Taxoareko baratzeetan barna heldu denarekin. Erromesek Izkoraino jarraituko dute zerbitzu bidean. Hortik aurrera erromesaldia ohiko bidetik eginen da.


Dokumentazioa:
Albiste osoa

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa