Castellano | Euskara | Français | English
Ikusi egun honetako albiste gehiago
Esku-hartzeari esker, erabiltzaileak autobidera sartu ahal izanen dira, hegoalderantz, eta baita autobidetik atera ere, iparralderantz, Valtierra, Castejon eta inguruko herrietarantz
(
irudia handitu
)
Laura Alba Cuadrado Nafarroako Gobernuko Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko kontseilaria Valtierrako hegoaldeko lotunea (AP-15) inauguratzeko ekitaldiko buru izan da gaur goizean. Javier Taberna AUDENASAko (Autopistas de Navarra SA) presidentea eta Valtierra, Cadreita, Castejon eta Arguedasko ordezkariak ere bildu dira ekitaldira.
2007an Nafarroako Gobernuak eta AUDENASAk izenpetu zuten lankidetza hitzarmenari jarraiki egin dituzte lanak. Hitzarmenak iparralderanzko mugimenduak osatzea zuen xede, eta horretarako, hegoalderantz doazen eta hegoaldetik abiatzen diren adarrak eraikiko zituztela hitzartu zuten. Proiektua eta lanak Vionasa enpresari esleitu zizkioten, 2.018.240 euroren truke (BEZa barne).
Esku-hartzeari esker, erabiltzaileak AP-15 autobidera sartu ahal izanen dira, hegoalderantz, eta baita autobidetik atera ere, iparralderantz, Valtierra, Castejon eta inguruko herrietarantz. Era berean, bi biribilgune eraiki dituzte, eta horiei esker Castejondik autobidera eta autobidetik Castejonera bitarteko zirkulazioa erraztuko dute. Biribilguneetako bat Ebro ibaitik gertu dago, baina ibaiak gainez eginagatik ez da arazorik sortuko, azpiegitura 1,5 bat metroko altueran dagoelako (gaur egungo sestrarekin alderatuta).
Lanen deskribapena
Proiektuaren baitan bi biribilgune itxi eraiki dituzte, N-113 errepidean (Los Abetos-Castejon). Biribilguneok AP-15 autobideko eta N-113 errepideko zirkulazioa antolatuko dute.
(
irudia handitu
)
Adar berriak biribilgune horietan hasten eta amaitzen dira, eta azeleratzeko eta dezeleratzeko bideen bidez autobideko galtzadekin lotzen dira.
Los Abetos-etik (N-113) gertuen dagoen biribilgunea lanen ondorioz kendu duten biribilgune-erdiaren hegoaldean dago, eta autobidetik irteteko adarra (berria) eta autobidera sartzeko iparralderanzko adarra (zaharra) antolatuko ditu.
Hegoaldeko biribilgunea, berriz, Ebro ibaitik gertu dago, N-113 errepidean, eta iparraldetik ateratzen den zirkulazioa eta hegoalderanzko sarrera berriko zirkulazioa antolatuko ditu. Biribilgunea gaur egungo sestratik gora dago, uholdeetan ibaiak gainez egiten duenean arazorik ez sortzeko.