Castellano | Euskara | Français | English
Ikusi egun honetako albiste gehiago
Instalazioak Erradioterapia Zentroko sotoan daude, 2.500 m2 dituzte, eta 50 profesionalek artatuko dituzte
(
irudia handitu
)
María Kutz Peironcely Osasun Departamentuko kontseilariak, María Jesús Calvo Guitián Nafarroako Ospitaleko zuzendariak eta Jesús María Arteaga Coloma Nafarroako Ospitaleko Nefrologia Zerbitzuko buruak Zerbitzuko eta Dialisi Unitateko instalazio berriak aurkeztu dituzte gaur goizean. Instalazioak Nafarroako Ospitaleko Erradioterapia Zentroko sotoan daude ("J pabiloia").
Gaur egun, Nefrologia Zerbitzuko eta Dialisi Unitateko instalazioak Nafarroako Ospitaleko C pabiloian daude, behe solairuan eta lehenengo solairuan, eta jakina denez, aurki pabiloia berritzen hasiko dira. Instalazio zaharren azalera 924 metro koadrokoa da, eta guztira 31 hemodialisi postu daude. Datorren astelehenean (otsailaren 2a) abian jarriko dituzten instalazioen bidez, berriz, azalera nabarmen handituko da. Izan ere, instalazio berriek 2.500 m2 dituzte eta bertan 176 gaixori egin ahal izanen diete hemodialisia (bi dialisi mota daude: hemodialisia eta peritoneo dialisia, etxean bertan egiten dutena). Instalazio berrien diseinuaren bidez gaixoen erosotasuna eta ongizatea bermatu nahi dituzte.
Gaur egun 143 gaixori egiten diete dialisia Nafarroako Ospitalean (107ri hemodialisia, eta 36ri, berriz, peritoneo dialisia). Foru Komunitatean tratamendu hori egiten ari diren pertsonen %50 dira, hain zuzen, eta gainerakoak Bideko Ama Birjina Ospitalean, Klinika Unibertsitarioan eta Tuterako Sofia Erregina Ospitalean artatzen dituzte.
Oro har, dialisi tratamendua egiten duten gaixoek hiru saio egiten dituzte astean, bi egunean behin, eta ondorioz, zentroa urteko egun guztietan egonen da zabalik, jaiegunak barne (igandeak salbu), 7:00etatik 21:00etara.
Gaur inauguratu dituzten instalazioek eremu hauek dituzte:
- Hemodialisi eremua: 46 postu ditu, 6 aretotan (besaulki bakoitzean bi gaixo tratatu ditzakete egunean; bat, goizez, eta bestea, arratsaldez). Isolamendu boxa ere badu. Dialisi prozesuak 4 bat orduko iraupena du. Postu bakoitzak honako ekipamendu hauek ditu: errezel automatiko bilgarriak gaixoak bereizteko; ur hartune bat (ur ostomizatua), azido hartune bat, eta hustubide bat; oxigeno hartune bat eta huts hartune bat; korronte hartuneak, zuntz optikoa, informatika hartuneak eta minijack bat; telebista bat; eskuak garbitzeko konketa, baskula, altzariak, eta hainbat ekipamendu.
- Kontsulta eremua - eguneko ospitalea: peritoneo dialisiko kontsulta, dialisi-aurreko kontsulta, tratamendu aretoa, eta peritoneo dialisiko entrenamendu gela.
- Lan eremua – bulegoak: lan aretoa, bilera aretoa, langileentzako egongela, Zerbitzuko buruaren bulegoa, eta Unitateko buruaren bulegoa.
- Beste areto batzuk: gaixoentzako eta langileentzako aldagelak, sostengu eremuak, biltegiak, ura tratatzeko planta eta itxarongelak (orokorra eta berezia).
Instalazioetan 50 langile jardunen dira: 5 sendagile (3 gizonezko eta 2 emakumezko), 24 EUD (Erizaintzako Unibertsitate Diplomadunak), erizaintzako 19 laguntzaile, zaindari 1, eta administrari 1.
Lanak 2007ko abuztuan hasi zituzten, eta Nafarroako Gobernuak 2.782.000 euroko guztizko inbertsioa egin du, honela banatuta: 90.000 euro, proiektua idazteko eta lanak zuzentzeko: 2.246.000 euro, lanak egiteko; 182.000 euro, ekipamenduetarako; eta 264.000euro, ura tratatzeko.
Giltzurrunetako gaixotasun kronikoa Nafarroan
Giltzurrunetako gutxiegitasun kronikoa osasun publikoko arazoa da. Ondoretasun prozesuen edo bizitzako prozesuen azken emaitza da, eta giltzurrunetan kalte itzulezinak eragiten ditu. Hala, gaixoari bizirik eusteko gaitasuna galtzen dute giltzurrunek, eta gaixotasuna aurreratuta dagoenean, gaixo gehienei dialisia (odola garbitzeko teknika) edo giltzurrun transplantea egin behar izaten diete.
Zama fisiko, emozional eta sozial handia eragiten duten tratamenduak dira, gaixoentzat, familientzat, zein osasun sistemarentzat. Hala, tratamenduak 40.000-50.000 euroko kostua izaten du urte eta gaixo bakoitzeko, sendagaiak eta garraioa barne. Gainera, osasun kostuaren %2-3 giltzurrunetan arazoak dituzten gaixoak tratatzeko izaten da.
Oraindik ez da mende erdi igaro giltzurrunetako gaixotasuna modu kronikoan tratatzen hasi zirenetik, baina urteotan transplantea ohiko teknika bilakatu da. Nolanahi ere, giltzurrun transplantearen zain dauden pertsonen itxaron zerrendak handitzen ari dira. Izan ere, gero eta gaixo gehiagori eskaintzen diete aukera hori, eta gainera, zirkulazio istripuen kopurua txikitu egin da, eta horrek hildakoen organoen emaileen kopurua mugatzen du. Egoera horri aurre egiteko, Espainian indarra hartzen ari da bizidunek emandako giltzurrunak transplantatzeko aukera. Nafarroan giltzurrunetako 26 transplante egin zituzten 2008an, horietako 3 bizirik dauden emaileei esker.
Gaixo kroniko gehienak dialisi bidez tratatzen dituzte (behin-behinean, giltzurrun bat transplantatu bitartean, edo behin betiko). Dialisia egiten duten gaixoen nagusitasuna %50 handitu da azkeneko urteetan, eta %300etik gora, berriz, azkeneko 25 urteetan.
Nafarroako Giltzurruneko Gaixoen Erregistroko datuen arabera, 2008aren amaieran 300 gaixo baino gehiagori egiten zieten dialisia (%85i, hemodialisia; eta %15i, peritoneo dialisia, etxean). Dialisia behar duten gaixoen kopuruak gora egin du mundu garatuan, oro har, eta horren eragileak honako hauek dira: biztanleriaren zaharkitzea, diabetesa, hodietako gaixotasunak, eta gaixoak dialisi programetan sartzeko irizpideen liberalizazioa.