Castellano | Euskara | Français | English
Ikusi egun honetako albiste gehiago
Gaur eguerdian José María Roig Aldasoro Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko kontseilariak nabarmendu duenez, "Potasas de Subiza" (POSUSA) enpresak ingurumena lehengoratzeko lanak egiten ditu Potasas meatzeak erasandako eremuetan. Izan ere, meatzea lanean aritu zen 37 urteetan 18 milioi tona gatz hondakin sortu zituzten, eta dagoeneko 1,6 milioi tona berreskuratu dituzte.
(
irudia handitu
)
Zehazki, lehengoratze, mantentze eta hobekuntza lanak egiten dituzte, honako leku hauetan: meatze ahoan, lantegi zaharreko lursailetan, Gatzagako obra-hondakindegian eta basoan, Las Arrubiasko obra-hondakindegian, Beriaingo obra-hondakindegian (Saldosa), Zolinako basoan, zundaketetan, hodietan eta Moreako putzuan.
Potasas meatzea 1960tik 1997ra bitarte aritu zen lanean. Hasieran, "Potasas de Navarra" enpresaren bidez jardun zen (Estatuaren enpresa, Industria Institutu Nazionalaren bidez). 1986an, berriz, Estatuak eta Nafarroak "Potasas de Subiza" sortu zuten, erdibana, meatzea ustiatzen jarraitzeko, eta esan dugun moduan, 1997ra bitarte lanean jarraitu zuten.
Industria jarduerak hondatu zituen eremuetan ingurumena lehengoratzeko lanak egiten ditu enpresak. Izan ere, meatzea lanean aritu zen 37 urteetan 18 milioi tona gatz hondakin sortu zituzten. 1998an, Nafarroako Gobernuak Saldosa sortu zuen (%74 POSUSArena da), eta kontseilariak adierazi duenez, honako helburu hauek ditu: gatz hondakinen bidez aberastasuna eta enplegua sortzea eta ingurumenean eragindako kalteak arintzea. Gaur egun Saldosak 45 langile ditu, baina lantegi berria abian jartzen dutenean gehiago izanen ditu. POSUSAk, berriz, 8 langile ditu, eta ingurumena zaintzeko lanetan aritzen dira.
Roig kontseilariak adierazi duenez, meatzaritza jarduerarekin lotutako eremua ingurumenaren ikuspuntutik lehengoratzeko erantzukizuna POSUSAri dagokio, eta horretarako jarduera hauek egiten ditu: Moreako putzua kontrolatu eta mantendu; Zolinako putzua kontrolatu eta mantendu; lixibiatuak kontrolatu, bildu eta Gatzagako basora eraman; Las Arrubias gatz gordailuko dekantazio putzuak eta hodiak mantendu eta isurketa ura eta euri ura kontrolatu; gorabeherak eta matxurak; "El Socorro" (Beriain) gatz gordailuko eta gatz fabrikako lixibiatuen bilketa kontrolatu eta Gatzagako basora eraman; ponpak eta hodiak kontrolatu eta Gatzagako goi-lautadako lixibiatuak ponpatu eta basora eraman; ponpak kontrolatu eta mazela erdiko estazioko lixibiatuak ponpatu; Gatzagako basoa kontrolatu eta zaindu; Las Arrubias, Gatzagako basoa eta Zolina agortu arte hartu beharreko neurri zuzentzaileetarako inbertsio proiektuak aztertu eta prestatu; euriteak direla-eta kontrolik gabeko isurketak eragin ditzaketen matxurak kontrolatu; gatz fabrika zaharreko eta hangarreko lursailak araztu, ondoren saltzeko, eta parte-hartzearen kontrola eta jarraipena egin (%76an, Saldosa/Salinas de Navarra SL); kontrol entitateek (Foru Komunitateko eta Estatuko Administrazioa) eskatutako txostenak eta estatistikak egin; eta sozietatea ekonomiaren eta finantzaketaren ikuspuntutik kudeatu.