Castellano | Euskara | Français | English
Ikusi egun honetako albiste gehiago
Kanpaina bi erakundeek elkarrekin egin zuten, Eguberrietan, eta 217 jostailu eta eduki sexualeko 1.250 produktutik gora atzeman zituzten
Foruzaingoak 29 salaketa-akta helarazi dizkio Familia, Haurtzaro eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiari, arriskutsuak izan daitezkeen jostailuen eta eduki sexuala duten produktuen salmena dela-eta, adingabeen eskubideak urra ditzaketelako. Dagoeneko hasi dira espedienteen izapideak egiten, produktu horiek saltzen zituzten dendak zigortu behar ote diren ebaluatzeko.
Foruzaingoak eta Nafarroako Gobernuko Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak abenduaren 20tik urtarrilaren 7ra bitarte (Eguberrietan) elkarrekin antolatu zuten kanpaina bati jarraiki egin dituzten salaketak dira, hain zuzen.
Kanpainan Foru Komunitateko 106 saltoki ikuskatu zituzten, eta Foruzaingoak honako produktu hauek bahitu zituen: arriskutsuak izan daitezkeen 217 jostailu, 1.239 DVD pornografiko, eta eduki sexualeko 35 produktu (karta sortak, labanak edo giltzatakoak, euren salmenta modua zela-eta adingabeen babesa urra zezaketen produktuak).
Jostailuen kasuan, zortzi produktu kontrolatu zituzten. Berriki saltzen hasi ziren produktuak dira, eta Alerta Sare Nazionalean sartuta zeuden, urte gutxiko adingabeentzat arriskutsuak izan daitezkeelako. Izan ere, eztarrian gelditu daitezkeen eta itolarria eragin dezaketen elementuak dituzte. Honako jostailu hauek dira, hain zuzen: ehunezko dado bat (bentosaduna); tren txiki bat (adingabeen hatzak harrapa ditzake); eraikuntza joko magnetiko bat (iman bat du); bale bat eta ahate sorta bat (haurrak itoarazi ditzaketen gailuak dituzte, soinuak egiteko); ezpata, partxe eta turutaz osatutako kita; eta bi pistola (bolak jaurtitzen dituzte, indar handiz).