Castellano | Euskara | Français | English
Ikusi egun honetako albiste gehiago
Carlos Pérez-Nievas Hezkuntza kontseilariak Mª Victoria Arraiza Parlamentuko PSN-PSOEko Hezkuntza eledunak eskolatzearen gainean eginiko adierazpenei erantzun die gaur goizean. Hezkuntza Departamentuak itunaren edukia zehaztasun osoz bete duela baieztatu du kontseilariak.
Kontseilariak azaldu duenez, parlamentu mozioak daude, eta EBk eskolaratzea ikastetxe berezituetan egiteari buruzko lege proposamenetik abiatuta, eztabaida zabalago bat egitea planteatu zen. Zentzu horretan, Parlamentuaren gehiengoak lege proiektu bat onartuko balu, Departamentuak ontzat hartuko lukeela esan du. Dena dela, oraindik beste legerik ez dagoenez, gaur egun indarrean dagoen araudiaren arabera bakarrik jardun daitekeela adierazi du.
Daten kontua ere hor dago: aurrekontu akordioa abenduaren 22an sinatu zen, eta haur eta lehen hezkuntzarako aurre-matrikula martxoaren 9tik 16ra bitartean egin behar da. Hori aurrera eramateko premia dago. Edonola ere, aurrekontu itun honen edukia kontuan hartuta egitea aurreikusi dute.
Kontseilariak azaldu duenaren arabera, eskolatzearen gaineko itunean honako bi gai hauek dira garrantzitsuak: Nafarroako Eskolatze Batzordea eta Iruñeko Eskualdeko eskola barruti bakarra. Aurreko sistemarekiko aparteko desberdintasuna markatzen duten bi nobedade garrantzitsu dira. Zona bakarra aurre-matrikula prozesuaren aurretik jarri behar da martxan, eta hala planteatu da. Hau da, puntu hori berehala sartzea aurreikusi dute.
Hitzarmenaren arabera, Batzordearen egitekoa "ikasleak Nafarroako hezkuntza sisteman berdintasun baldintzetan eta indarrean dagoen araudiaren arabera sartzea da". Pérez-Nievasek azaldu duenez, Nafarroan ez da gaur egun Batzorde Nagusi hori existitzen, edo ez behintzat izaera orokor horrekin (gaur egun Departamentuko funtzionarioek osatzen dute). Dena dela, Batzorde Nagusi ireki, plural eta parte-hartzaile bat sortzeko prozesu bat garatzen ari dira. Batzordearen zirriborroa iragan astean egin zuten, eta hori osatzeko, izapide asko egin behar dira, Foru Dekretuz onartu behar delako.
Bi berritasunek hobekuntza ekar ditzaketen arren, kontseilariaren arabera, gaur egun indarrean dagoen eskolatze sistemarekin, gurasoen hautua kasuen %97tan onartua izan da, 1. aukeran ez bada ere, bigarrenean edo hirugarrenean. Beraz, pozik ez daudenen ehunekoak ez du garrantzirik estatistikari dagokionez. Ehuneko hori zertxobait handitzen da Iruñean, %4,6, alegia. Beraz, ez da egia sistemak ez duela funtzionatzen edo irregulartasunekin jarduten duenik, aditzera eman nahi izan den bezala. Sistemak ia erabatekoa den gogobetetasuna du, beraz.
Kontseilariak aitortu du kasuren batean zonakatzearekin zerikusia duten irregulartasunak detektatu zirela. Baina zona bakarrarekin, erroldatze susmagarri horiek jadanik ez dute zentzurik –esan du. Neurri horri esker, Pérez-Nievasen arabera, hautatzeko askatasun handiagoa dago. Edozein pertsonak du nahi duen ikastetxera joateko eskubidea, bizi den auzotan bizi dela. Eta hain zuzen ere, aukera gehiago dituzte ikastetxe hitzartu batera joateko baliabide gutxiago dituzten pertsonak. Hau da, eskolatik hurbil bizitzeak jadanik ez du inolako abantailarik ematen aurretiko izen ematean.
Familien %97k seme-alabak bidali nahi zituen ikastetxea hautatu dute. Hala ere, batzuetan eskaintza baino eskari gehiago dago. Kasu horretarako, LOEk zentzuzko irizpideak ezartzen ditu: anai-arrebak ikastetxean, guraso langileak ikastetxean, irizpide ekonomikoak (zenbat eta baliabide gutxiago orduan eta aukera gehiago) eta elbarritasunak.
Berdinketa gertatuz gero, bi berrikuntza izanen dira: Departamentuak erabaki du puntu bat familia ugariko kide izateari dagokiola. Oraindik ere berdinketak jarraituz gero, ikastetxeek hautagaiak aukeratu beharko dituzte; bai zozketa bidez, bai hitzartutako bestelako irizpide baten bidez. Ikastetxe bakoitzaren puntu gehigarria da, oraindik ezagutzen ez dena; halere, Departamentuak onartu egin behar du.
Alabaina, Pérez-Nievasen arabera, horrek guztiak ez du inola ere desorekatze edo gorabeherarik eraginen etapa honetarako 6.000 matrikulaziotik gora eta Arartekoari zuzendutako lau kexa baino ez dituen sisteman.
PSN-PSOEko ordezkariek ere Hezkuntza Departamentuan leihatila bakarra dagoela adierazi dute. Nolanahi ere, ezinezkoa izanen da aurre-matrikulazio honetarako abian jartzea. Gutxienez 10 administrari kontratatu beharko lirateke Departamenturako, eta adierazi duenez, ez dago nahikoa aurrekonturik.