(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako ekonomiak %1,1eko hazkunde negatiboa izanen du 2009an, baina urtearen erdialdetik aurrera goranzko bideari ekinen dio astelehena, 2009.eko urtarrilak 26

Miranda presidenteordeak Foru Komunitateko 2009ko makroekonomiaren aurreikuspenak aurkeztu ditu gaurko gobernu bilkuran


Nafarroako Gobernuak Foru Komunitateko 2009ko makroekonomiaren aurreikuspen berriak aztertu ditu gaurko bilkuran. Batik bat, Europako Batzordeak Espainiarako egindako aurreikuspenetan eta Nafarroako Gobernuko zerbitzu teknikoek egindako azterketetan oinarritutako aurreikuspenak dira, hain zuzen.


Aurreikuspen berrien arabera, Nafarroako BPGak %1,9 inguruko hazkundearekin amaituko du 2008a (Espainiako Gobernuak Estaturako egindako aurreikuspena baino 7 hamarren gehiago).


2009an, berriz, Nafarroako ekonomiak %1,1eko hazkunde negatiboa izanen du. Estatuan, berriz, hazkundea negatiboagoa izanen da: Ministro Kontseiluak onartutako aurreikuspenen arabera, -%1,6; eta Europako Batzordearen aurreikuspenen arabera, -%2.


Nolanahi ere, 2009aren erdialdetik aurrera nafar ekonomiak goranzko bideari ekinen dio Nafarroako Gobernuaren txosten ekonomikoaren arabera, eta hazkunde negatiboaren tasa txikiagoa izanen da. Hala, baliteke 2010ean hazkundea positiboa izatea, eta krisialditik ateratzen hastea.


Aurreikuspen ekonomiko horiek kontuan hartuta, Foru Komunitatean abian jarritako planak (batik bat Nafarroa 2012 Plana) eta 2009ko zerga murrizketa eraginkorrak izanen direla uste du Nafarroako Gobernuak. Dena den, neurri gehiago ere jarriko dituzte abian, etxebizitzaren, enpleguaren sustapenaren eta kontsumoaren arloetan, krisiari aurre egiteko.


Kontsumoaren eta inbertsioaren beherakada


2009an barne eskariak bilakaera negatiboa izanen du (-%1,7). Kanpo eskariak, berriz, 6 hamarreneko hazkundea izanen du.


Barne eskariaren beherakadaren eragilea kontsumo pribatuaren beherakada izanen da; izan ere, Herri Administrazioen kontsumoaren hazkundea ez da nahikoa izanen kontsumo pribatuaren beherakada orekatzeko.


Gainera, inbertsioek ere nabarmen eginen dute behera (kapital eraketa gordina). Nolanahi ere, Nafarroako beherakada Estatukoa baino askoz txikiagoa izanen da, Nafarroa 2012 Plana tarteko (azpiegitura eta ekipamendu publikoetarako inbertsioen plana) eta eraikuntzak Nafarroako BPGan Estatukoan baino pisu txikiagoa duelako.


Esan dugun moduan, kanpo eskaria handitu eginen da 2009an, baina 2008an baino neurri txikiagoan, Europar Batasuneko herrialde nagusietako egoera ekonomikoa dela-eta (izan ere, Nafarroako esportazioen %80, gutxi gorabehera, herrialde horietarako izaten dira).


Sektore ekonomikoei dagokienez, eraikuntzaren sektoreak %3,7ko beherakada izanen duela aurreikusten du Gobernuak. Industriak eta zerbitzuen sektoreak ere behera eginen dute, baina gutxi. Lehenengo sektoreak, berriz, portaera ona izanen du.


Enpleguak portaera hobea


 Nafarroako Gobernuaren txosten ekonomikoaren arabera, Foru Komunitateak Estatuak baino sendotasun handiagoarekin egin dio aurre krisialdi ekonomikoaren lehen urteari. Hala, BPGaren datuek enpleguaren datuetan izan dute isla, eta horixe bera da, enplegua, krisialdiaren biktima nagusia eta Gobernuak abiatutako plan eta neurrietako lehentasuna.


2008ko laugarren hiruhileko Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera (joan den ostiralean argitaratu zuten), 2008aren amaieran Nafarroako langabezia tasa Estatuko baxuena zen (Nafarroan, %8,12, eta Estatuan, %13,91).


Urteko batez besteko langabezia tasa, berriz, %6,7koa izan zen iaz Nafarroan, Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera.


Urteko batez besteko langabezia tasa erabili du Europako Batzordeak, hain zuzen, 2009ko aurreikuspenak egiteko, eta hala, kalkulu horiei jarraiki, 2009an Nafarroako batez besteko langabezia tasa %10,5ekoa izanen dela aurreikusten du Foru Gobernuak. Estatuko batez bestekoari dagokionez, berriz, Ekonomia Ministerioak %15,9ko langabezia tasa aurreikusten du (Europako Batzordeak, aldiz, %16,1ekoa).


Hobekuntza arina zerga bilketan


Nafarroako Gobernuaren txosten ekonomikoaren baitan zerga bilketaren aurreikuspena ere egin dute. Hala, azken datuen arabera, 2009an 3.244,2 bat milioi euro biltzea aurreikusten dute, 2008ko abuztuko kalkuluen arabera aurreikusitakoa baino 85,6 bat milioi euro gehiago (izan ere, uda ondoren zerga bilketako datuak hobetzen hasi ziren).

Dokumentazioa:
Previsiones económicas 2009.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa