Castellano | Euskara | Français | English
Ikusi egun honetako albiste gehiago
Foroa otsailaren 11n eta 12an eginen dute Baluarten, eta 350 bat pertsona bilduko dira bertara
Álvaro Miranda Simavilla bigarren presidenteorde, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko kontseilari, eta Nafarroako Berrikuntza Agentziako (ANAIN) presidenteak Talentuari buruzko "Ágora Talentia" Munduko I. Foroa aurkeztu du gaur goizean. Foroa Iruñeko Baluarte auditorioan eginen dute, otsailaren 11n eta 12an. Kontseilariaz gain, José Manuel Ayesa Enpresa Ehundura Askotarikotzeko Fundazioko eta Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioko presidentea eta Enrique de Mulder "Ágora Talentia" foroko komisarioa ere bildu dira aurkezpenera.
Foroa Nafarroako Gobernuak antolatu du, Nafarroako Berrikuntza Agentziaren bidez eta Enpresa Ehundura Askotarikotzeko Nafarroako Fundaziorekin elkarlanean, eta honako helburu hauek ditu: talentua garatzeko alderdi kritikoak eta gakoak identifikatzea, kezkak partekatzea, eta etorkizuneko joerak definitzea, pertsona ospetsuen, nazioarteko adituen, erakunde publikoen eta organizazioen parte-hartzearen bidez. Hala, pertsona talentudunak izateko beharra eta talentua enpresetan eta Administrazioan sustatzeko beharra aztertuko dituzte.
Aurreikuspenen arabera, hainbat arlotako 350 bat aditu bilduko dira forora (enpresak, sektore publikoa, hezkuntza…), eta honako eduki hauek izanen ditu: hitzaldien ziklo bat, "talentua ezagueraren aroan" ardatz duen adierazpen hitzartua, eta ideiak partekatzeko eztabaida foroaren eraketa. "Ágora Talentia" bi urtean behin bilduko den foro iraunkor bilakatu dadin nahi dute, talentua garatzeko programak eta ekintzak sustatzeko.
Miranda kontseilariak adierazi duenez, topaketa Nafarroan eginen dute Foru Komunitatea lehiakorra delako eta ongizate eta kalitate maila handia duelako. Gainera, Nafarroa Estatuko eta Europako eredu da ongizatearen eta garapenaren arloetan, EBko zerrenden arabera: 271 lurraldeetatik 38.a, biztanleko errentari dagokionez; eta 19.a, teknologiaren arloan trebatutako langile kopuruari dagokienez. Bestalde, Nafarroako langileen %40k unibertsitateko ikasketak dituzte.
Gainera, berrikuntzaren arloko eredu ere bada Nafarroa, kontseilariak gogorarazi duenez. Hain zuzen ere, Estatuan enpresa berritzaileen ehuneko handiena duen komunitatea da, eta Madrilekin batera, I+G+b arloko inbertsio handiena egiten duten erkidegoen zerrendako buru da. Bestalde, talentuarekiko konpromisoa duen lurraldea da, bertako bi unibertsitateen eta hamalau zentro teknologikoen bidez.
Horrela bada, "Ágora Talentia" foroak Nafarroako erakusleiho izan nahi duela adierazi du Mirandak, bertako berrikuntza ahalmenaren, ekintzailetza potentzialaren eta Nafarroako enpresen kalitatearen eta lehiakortasunaren berri emateko, eta Foru Komunitatea talentuaren eredu bilakatzeko.
Hitzaldiak emanen dituzten adituetako batzuk honako hauek dira: Sir Ken Robinson, negozioen eta hezkuntzaren arloetako talentuari buruzko aditua, munduko onenetakoa; Richard Florida, idazle eta zutabegilea (The New York Times, The Wall Street Journal edo The Washington Post); Sam Lipson, Cambridge-ko (Massachusetts) Osasun Publikoaren Departamentuko Ingurumen Osasuneko zuzendaria; edo Inma Shara, emakumezko orkestra zuzendari bakarretako bat.