(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Sanz presidenteak iragarri du otsailean Nafarroako Gobernuak CEN, UGT eta CCOOekin Enpleguaren IV. Plana sinatuko duela asteartea, 2009.eko urtarrilak 13

Plana sinatuko duela Iragarkia Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren hamargarren urteurrena ospatzeko ekitaldian egin du


Miguel Sanz Sesma Nafarroako Gobernuko presidentea eta José María Roig Aldasoro Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu arloko kontseilaria Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren hamargarren urteurrena ospatzeko ekitaldiaren buru izan dira gaur. Ekitaldi horretan, Sanzek iragarri du datorren otsailean Nafarroako Gobernuak CEN, UGT eta CCOOekin Enpleguaren IV. Plana sinatuko duela, lau urterako sinatzen den lehenengoa, hots, 2009tik 2012ra. Plana errealitate sozioekonomiko berrira eta gaur egungo krisi-egoeran enpresek eta langileek dituzten beharrizanetara egokituta egongo da.



Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren hamargarren urteurrena ospatzeko ekitaldia Burlatako Iturrondo lanerako prestakuntzako ikastetxean egin da. Ekitaldi horretan hurrengo hauek ere parte hartu dute: José Luis Ruiz Ciruelos NEZko zuzendari gerentea; Cristina Arcaya Nafarroako Gobernuko Enplegua eta Prestakuntza Behatzeko zerbitzuaren zuzendaria; José Manuel Ayesa CENeko lehendakaria; Juan Goyen UGTko idazkari nagusia Nafarroan; eta José María Molinero CCOOko idazkari nagusia Nafarroan. Ekitaldira, besteak beste, Elma Sáiz Gobernuaren ordezkaria Nafarroan, Elena Torres Parlamentuko lehendakaria eta Gobernuko kontseilariak bertaratu dira, baita agintari ugari eta goi-kargudun ohiak ere.




Nafarroako Enplegu Zerbitzua Nafarroako Gobernuaren organismo autonomoa da, iraganean Estatuak gauzatzen zituen eskumenak bereganatzearen emaitza, eta Sanz presidenteak azpimarratu duen moduan, hasiera-hasieratik Nafarroako Gobernuaren eta gizarte- eta ekonomia-eragileen baterako bultzada izan du.


Miguel Sanzek gehitu duenez, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak lanean egin dituen hamar urteetan hiru Enplegu Plan onetsi eta gauzatu dira, eta horiek izan dira arlo horretako kudeaketaren oinarrizko tresna, ekintza bateratuaren bizkarrezurra. Horiei esker, enplegua pertsona askorengana iritsi da eta lan-baldintzak apurka-apurka eta modu nabarmenean hobetzeko ahalegina egin da. Ildo horretatik, presidenteak iragarri du datozen asteetan 2009-2012 aldirako aurreikusitako Enpleguaren IV. Plana argitaratuko dela.


Nafarroako Enplegu Zerbitzua


Nafarroako Enplegu Zerbitzua Nafarroako Gobernuaren organismo autonomoa da, eta Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentura atxikita dago. Gaur egun 200 langile inguru ditu eta enplegu-agentziak ditu Foru Komunitate osoan: Iruña (3), Tutera, Lizarra, Tafalla, Agoiz, Altsasu, Doneztebe eta Lodosan. Gainera, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak bi prestakuntza zentro ditu: Iturrondo zentroa Burlatan, langileentzat eta langabeentzat prestakuntza orokorra eskaintzen duena, eta CENIFER (Energia Berriztagarrien arloko Prestakuntzarako Zentro Nazionala) Imarkoainen, energia berriztagarrien arloko prestakuntza eskaintzen duena.


Nafarroako Enplegu Zerbitzua Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioak eta Nafarroan ordezkaritza handiena duten sindikatuek, UGTk eta CCOOk, adostasunez sortu zuten. Zerbitzuaren helburua Nafarroako Gobernuko enplegu-politikak planifikatu eta betearaztea da, gizarte-eragileekin adostuta, enplegua sustatzeko ezarritako zerbitzuak eta programak modu koordinatuan kudeatuz.


NEZren helburu estrategikoei dagokienez, hurrengo hauek azpimarratu behar dira: pertsona langabeen eta ez-aktiboen aldeko neurri aktibo eta prebentziozkoak; giza kapitalaren kualifikazioa sustatzea kualifikazioen sistemaren eta etengabeko ikaskuntzaren bidez; lanpostuak eta enpresa-espiritua sortzea; aldaketen aurreko moldagarritasuna erraztu eta sustatzea lana antolatzeko malgutasuna eta lan-egonkortasuna bultzatuz; laneskuaren eskaintza handitzea eta enplegua mantentzea eta beharrizanik handiena dutenak lan-munduan sarbidea izatea sustatzea; gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasuna; aitortu gabeko lana arautzea; eta Nafarroako Enplegu Zerbitzua suspertzea.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa