Castellano | Euskara | Français | English
Ikusi egun honetako albiste gehiago
Ekuadorko indigenen alde egindako lanarengatik eman diote saria, eta batik bat 1953az geroztik Ekuadorko ekialdean egiten ari den lanarengatik
(
irudia handitu
)
Aguaricoko (Ekuador) Bikariotza Apostolikoak (Kaputxinoen misioa) irabazi du Elkartasunaren Nazioarteko VIII. "Nafarroa" Saria. Nafarroako Gobernuak eta Euskadiko Kutxako Nafarroako Zuzendaritzak sustatu duten saria da, hain zuzen.
Epaimahaiak prentsaurrekoa egin du gaur goizean, euren erabakiaren berri emateko, eta bertara honako hauek bildu dira, epaimahaikide gisa: María Isabel García Malo Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko kontseilaria (presidentea); Miguel Indurain Larraia nafar kirolaria (presidentea); Alfonso García Liberal Euskadiko Kutxako Nafarroako zuzendaria; Miguel Ángel Argal Nafarroako Medicus Mundiko presidentea; Marina Navarro Nazio Batuen Milurteko Kanpainako Espainiako koordinatzailea; eta Eduard Soler Europako Garapenerako eta Giza Laguntzarako GKEen Konfederazioko ordezkaria.
Aguaricoko Bikariotza Apostolikoa baso-soiltzea, ingurumenaren kutsadura eta giza eskubideen urraketaren arloetan jarduten da, eta ahaztuta dauden lekuetako ekuadortarren bizi-kalitatea hobetzeko ekimenei sostengua ematen die. Jarduera ildo hauek ditu: hezkuntza; osasuna; turismo ekimenak; herri indigenetako kultura, historia eta hizkuntza berreskuratzeko jarduerak; argitalpenak; Ekuadorko egoerari buruzko eztabaida guneak; edo Cocako kultur etxea. Hori guztia Bikariotzaren konpromisoaren isla da.
Ekuadorko indigenen alde egindako lanarengatik eman diote saria, eta batik bat 1953az geroztik Ekuadorko ekialdean egiten ari den lanarengatik. Berrogeita hamar urte baino gehiago igaro dira Aguaricoko Bikariotza oihanean ezarri zenetik, eta harrezkero mugako lana egin izan du; egoera desegokian, muga-mugan, bazterretik, ahulenak babestuz, ahotsik ez dutenen ahotsa izaten saiatuz. Gaur egun 58 misiolari eta 9 kongregazio ditu.
Aurten zortzigarren aldiz eman dute saria, eta haren xedea honako hau da: pertsonek, elkarteek, gobernuz kanpoko erakundeek eta entitateek egoera txarrean dauden gizarte sektoreen eta herrialdeen alde euren borondatez egindako lana aintzat hartzea, lanaren berri ematea, eta gizartea lan horren garrantziaren gainean sentsibilizatzea. Zentzu horretan, Foru Komunitateak aurten 21,5 milioi euroko laguntza eman duela nabarmendu du García Malo kontseilariak, eta hala, biztanleko ekarpen handiena egin duen erkidegoa dela.