(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroan giltzurruneko 26 transplante, gibeleko 19 transplante, eta bihotzeko 7 transplante egin zituzten 2008an ostirala, 2009.eko urtarrilak 2

Sei familiak uko egin zioten hildako senitartekoen organoak emateari; 2006an eta 2007an, berriz, ez zen horrelakorik gertatu


Nafarroan giltzurruneko, gibeleko eta bihotzeko 52 transplante egin zituzten 2008an, honela banatuta: 26, giltzurrunekoak (3, emaile bizidunei esker); 19, gibelekoak (1, "domino transplantea" teknikaren bidez, eta 3, emaile bizidunei esker); eta 7, bihotzekoak. Gainera, zilbor-hesteko 704 odol-emate egin zituzten. Horixe bera jakinarazi du gaur goizean, Nafarroako Ospitalean, Juan José Unzué Gaztelu Foru Komunitateko transplanteen koordinatzaileak. 2007an, berriz, giltzurruneko 18 transplante, gibeleko 18 transplante, eta bihotzeko 7 transplante egin zituzten. Gogoan izan hiru organo horietako transplanteak direla ohikoenak.


Bestalde, Nafarroako ospitaleetan 27 heriotza entzefaliko jazo ziren 2008an. Kasu horietan garuna erabat eta modu atzeraezinean gelditzen da, baina organoak emateko aukera badago. Hala, 12 kasutan organoak eman zituzten, eta gainerakoei dagokienez, 6 familiak uko egin zioten hildako senitartekoen organoak emateari, 8 kasutan sendagileek organoak desegokitzat jo zituzten, eta beste kasu batean ez zegoen hartzailerik. Guztira 24 giltzurrun, 11 gibel, 3 bihotz eta 2 birika lortu zituzten.


Hildako senitartekoen organoak emateari uko egin zioten familiei dagokienez, talde etniko edo erlijio jakin batzuetako pertsonak izan direla azaldu du Unzuék, eta hartara, 2006ko eta 2007ko joera apurtu egin dela. Izan ere, bi urte horietan familia bakar batek ere ez zion uko egin senitartekoen organoak emateari. Horregatik, Unzuék beharrezkotzat jo du transplanteen aurka dauden herritarrei kontzientzia harraraztea. Gainera, honako hau ere azpimarratu du: itxaron zerrendak murrizte aldera bizidunen arteko transplanteek garrantzi handia dutela.


Gogoan izan behar dugu bizidunen arteko emaitzen bidez gibela eta giltzurruna transplantatzen dituztela. Gibelari dagokionez, organoaren zati bat transplantatzen dute, eta emailearen gibela bere kabuz lehengoratzen da. Giltzurrunari dagokionez, berriz, emaileak bat ematen du; izan ere, bakarrarekin bizi daiteke. Ahaideen artean edo nolabaiteko harremana duten pertsonen artean egiten diren emaitzak dira, kasua batzorde etiko batek edo epaile batek aztertu ondoren. Emaitza arruntak, berriz, anonimoak eta desinteresatuak izaten dira, beti. Unzuék azaldu duenez, emaileen elkarteek bizidunen arteko transplanteen garrantzia azpimarratzen dute gaur egun; izan ere, zenbait faktore tarteko (hala nola istripu kopuruaren beherakada) gazte eta pertsona osasuntsu gutxiago hiltzen dira.

Gaur egun 84 pertsona giltzurrun baten zain daude Nafarroan (9, behin-behineko kontraindikazioan). Beste 21 pertsona gibela transplantatzeko zain daude (2, behin-behineko kontraindikazioan), eta 4 pertsona, berriz, bihotza transplantatzeko zain daude. Estatuko datuak honako hauek dira: 4.200 pertsona giltzurrun baten zain daude, 750 pertsona gibela transplantatzeko zain daude, 90 pertsona bihotza transplantatzeko zain daude, eta 90 pertsona birikak transplantatzeko zain daude.


Foru Komunitatean, organoak Nafarroako Ospitalean ateratzen dituzte, garun heriotza ziurtatu ondoren. Ehunak, berriz, Bideko Ama Birjina Ospitalean ateratzen dituzte (batik bat korneak, hezurrak, eta bihotzeko balbulak). Gibel, bihotz eta giltzurrun transplanteak Klinika Unibertsitarioan egiten dituzte, eta ehun transplanteak, berriz, ospitale guztietan.


Nafarroako lehenengo giltzurrun transplantea 1969. urtean egin zuten, eta harrezkero, 764 egin dituzte. Lehenengo gibela, berriz, 1990ean transplantatu zuten, eta gaur egunera arte 340 transplante egin dituzte. Bihotzari dagokionez, azkenik, lehenengo transplantea 1984an egin zuten, eta gaur egunera arte 249 transplante egin dituzte.

"Domino transplantea" eta "emaitza gurutzatua"


"Domino transplantea" izeneko teknika gibel transplanteetan erabiltzen dute, organo eskasiari aurre egiteko. "Familiako polineuropatia amiloidotiko" izeneko gaixotasun genetikoa diagnostikatzen dutenean erabiltzen duten teknika da, hain zuzen. Bilakaera luzeko patologia da (20-40 urte), eta gibelak proteina anomalo bat sortu dezan eragiten du. Proteina organoetan metatzen da (bihotza, giltzurrunak, burmuinak...) eta gorputza nabarmen hondatzen da, heriotza eragin arte. Gaixoek gibel berria behar izaten dute metaketa eragozteko, eta eurena, egitura arazorik ez duenez, itxaron zerrendan dagoen eta 60 urtetik gora dituen pertsona bati transplantatu diezaiokete; izan ere, adin horretako pertsonek ez dute gaixotasunik garatuko. Horrela, kateko emaitzak egiten dituzte.


Bestalde, "emaitza gurutzatua" Estatu Batuetan eta Herbehereetan giltzurruna transplantatzeko erabiltzen duten teknika da. Aurki Espainian ere hasiko dira erabiltzen. Kasu honetan, transplantea honela egiten dute: Demagun A eta B emaile-hartzaile bikoteak ditugula; bikote bakoitzeko kideen artean ezin dute giltzurrun transplanterik egin, kideak bateraezinak direlako (odola...), baina A bikoteko emailea eta B bikoteko hartzailea bateragarriak dira, eta alderantziz; beraz, A bikoteko emaileak B bikoteko hartzaileari eman diezaioke giltzurruna, eta alderantziz.


Zilbor-hesteko odol-emateak Nafarroan


2008ko abendura arte, zilbor-hesteko 704 odol-emate egin zituzten Nafarroan. Zentzu horretan, Osasun Departamentuak Zilbor-hesteko Odol-emateen Programako aurreikuspenak egin zituenean, Foru Komunitatean urtero 400 bat lagin bilduko zituztela aurreikusi zuten, eta zenbateko horretara maiatzean iritsi zirela kontuan hartuz gero, aurreikuspenak bete ez ezik gainditu ere egin direla esan dezakegu. Aipaturiko programa 2007ko amaieran jarri zuten abian eta aurreikuspenak datu orokorretan eta Estatuko beste ospitale batzuetako aurreikuspenetan oinarrituta egin zituzten, hain zuzen.


Zilbor-hesteko odol-emateen kalitateari dagokionez, Bartzelonako Banku Publikoak laginen %83,7 onartu zituen, eta Estatuko batez bestekoa %65ekoa da.


Jakina denez, zilbor-hesteko odola transplanteetarako erabiltzen dute, ahaideek emandako hezur muinaren transplanteen xede berarekin. Oro har, zilbor-hesteko odola hezur muinaren emaile bateragarririk ez dagoen kasuetarako gordetzen dute.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa