Castellano | Euskara | Français | English
Nafarroako Gobernuak Foru Dekretu bat onetsi du gaurko bilkuran Angel Ruiz Fernandez San Adriango notario izendatzen duena.
Nafarroako Gobernuak akordioa erdietsi du, eta hala, 2008ko Nafarroako Aurrekontu Orokorren Foru Legeko aurreikuspenen arabera, itunpeko irakaskuntzarako modulu ekonomikoak eta kuotak aldatu ditu; hain zuzen ere, lansarien hazkundearekin, antzinatasunarekin, zuzendaritza karguetako osagarriekin eta Itunpeko Irakaskuntzaren Kalitatea eta Lan Baldintzak Pixkanaka Hobetzeko Akordioan hitzartutako beste alderdi batzuekin zerikusia duten konpromisoak betetzeko.
Miguel Sanz Sesma presidentea buru zuelarik, Nafarroako Gobernuak ohiko bilkura egin du gaur. Bertan onetsi diren gaiak ezagutu nahi izanez gero ondoko dokumentazio hau kontsultatzen ahal duzu.
Nafarroako Gobernuak haren dolumina adierazi du Francisco Gorria Reyren heriotzarengatik. Gorria Buenos Airesko Nafar Etxeko presidentea izan zen eta berriki hil da. Gobernuak haren “eskerronik beroenak” eman ditu “bihotzez” erriberritar honen ibilbidearengatik, izan ere, ekimenak eten gabe bultzatu baitzituen Foru Komunitateko kultura eta izaera mantendu eta zabaltzeko Argentinako hiriburuan.
Gaurko bilkuran, Nafarroako Gobernuak Foru Dekretu bat onartu du, eta hala, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legea Garatzeko Erregelamendua onartu du.
Joan Karlos eta Sofia Espainiako errege-erreginek Energia Berriztagarrien Zentro Nazionaleko (CENER) Haize-sorgailuak Probatzeko Laborategia inauguratu dute, gaur goizean, Zangozan.
Joan Karlos eta Sofia Espainiako errege-erreginek Ecointegra planta inauguratu dute, gaur arratsaldean, Agoitzen. Ecointegra aparatu elektrikoak eta elektronikoak birziklatzeko, ingurumeneko jardunbide egokiak zabaltzeko eta I+G+b jarduerak egiteko zentroa da, eta Nafarroako Enplegurako Aspace Fundazioak bultzatu du. Ezintasunen bat duten hamabost langile ditu.
Joan Karlos eta Sofia Espainiako errege-erreginek bisita ofiziala egin dute, gaur, Foru Komunitatera. Hasierako aurreikuspenen arabera, Zangoza eta Agoitzera joatekoak ziren, baina azkenean, beste bisita bat ere egin dute. Eguerdian, hain zuzen, Iruñera joan dira, berriki zaharberritu duten Kondestablearen Jauregira (Alde Zaharreko Kale Nagusia), Pablo Sarasate biolinista eta musikagilearen heriotzaren mendeurrena dela-eta Iruñeko Udalak antolatu duen erakusketa ikustera.
Santoñako atentatuan gertatutako Luis Conde de la Cruz brigadaren erailketa gaitzetsi du Nafarroako Gobernuak gaurko ohiko bilkuran. Haren esanetan “ekintza hori printzipio etiko funtsezkoenaren aurka doa, hots, gizakien bizitzarekiko errespetuaren aurka, eta aldi berean ETA bere borondatea indarkeriaz gizarteari inposatzen saiatzen da”.