(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Sanz presidentea eta Salanueva kontseilaria Iturmendiko lanak ikusten izan dira osteguna, 2008.eko martxoak 27

Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidentea Iturmendira joan da, gaur. Bertan, azpiegitura lanak egiten ari dira, eta aurreikuspenen arabera, 800.000 eurotik gorako kostua izanen dute.


Presidentearekin batera Amelia Salanueva Murguialday Toki Administrazioko Departamentuko kontseilaria eta Pedro Pegenaute Garde Departamentu bereko zuzendari nagusia izan dira, eta bilera egin dute, Iturmendiko kudeaketa batzordeko kideekin. Aipaturiko batzordeko presidentea, zehazki, Nicolás Arbizu Gabirondo da.


Bileraren ondoren, dagoeneko eginda dauden zenbait lan ikusi ditu Sanzek. Udaletxean egin dituzten lanak, sareak berritzeko lanak, eta herriguneko zolaberritze lanak, hain zuzen ere. Gainera, 379 biztanle dituen Sakanako herriko beharrizanen berri izan du, bertatik bertara.


Azkeneko urteetan, 880.000 eurotik gorako inbertsioa egiten ari dira herrian, eta zenbateko horretatik 556.887 € Toki Administrazioko Departamentuak finantzatutakoak dira. Berriki, euri ura isur dadin saihesteko lanak sartu dituzte Azpiegituren Planean. Horretarako, 69.524 euro beharko dituzte, eta 53.534 euroko diru laguntza jasoko dute. Izan ere, herriak berak ezin du bere gain hartu gastu hori. Gaur egunera arte 811.000 euroko inbertsioa egin dute Iturmendin, eta zenbateko horretatik 503.353 euro Toki Administrazioko Departamentuak finantzatu ditu.


Euri ura isur dadin saihesteko lanak egiteko laguntza ezinbestekoa izan da Udalarentzat, eta lanak 2008an bertan hasi ahal izanen dituzte, 2005-2008ko Azpiegituren Planaren kontura. Hain zuzen ere, herrigunean dagoen errekasto bideratu batean barrena igarotzen diren euri eta hondakin urak banatuko dituzte. Hartara, errekastoan behera dagoen hustubideak gainez egin dezan eta Bakaiku-Iturmendiko araztegia gainkargatu dadin saihestuko dute. Izan ere, gaur egungo hodiak euri ura eta hondakin ura batera biltzen ditu, eta euri urak aipaturiko arazoak eragiten ditu. Horretarako, hondakin ura biltzeko hodia eraikiko dute, herriko behealdean dauden habearteetako harguneetarako, eta bideratu eginen dute, erregistro putzu berriraino. Bertan, hodi biltzaile guztiek bat eginen dute.


Era berean, gaur egun hondakin ura biltzen duen hodiko isuriak birmoldatu nahi dituzte, hodi berri batetik bideratzeko. Hirugarren urrats gisa, hodi biltzaile berri bat eraikiko dute, gaur egungo hondakin uraren hustubidearen azpitik, eta ura errekastoan isuriko du. Gainera, errekastoaren profila berritu eta garbitu eginen dute, oso-osorik.


Urteotan Iturmendin inbertituko dituzten 880.000 euroen baitan, arazketa sareak berritzeko lehen faseko lanak, zolaberritze lanak, eta kale argiteria daude sartuta. Dagoeneko eginda dauden lanak dira, eta 696.726 euroko kostua izan dute. Herrigunearen herenean izan zuten eragina, eta aldez aurretik, udaletxeko hobekuntzak ere egin zituzten.


Iturmendiko Udalak, datorren azpiegituren planaren baitan, sareak berritzeko eta kaleak zolaberritzeko lanekin aurrera egin nahi du, eta helburutzat ditu, besteak beste, industrialdea sustatzea, eskola berria eraikitzeko orubea urbanizatzea, eta babes ofizialeko etxebizitzak sustatzea.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa