Castellano | Euskara | Français | English
Ikusi egun honetako albiste gehiago
Nafarroako Ingurumen Baliabideen Zentroak, Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuarekin lotuta dagoen fundazioak, jardunaldi bat eginen du gaur arratsaldean, 18:00etan, Atarrabiako Bolategian.
Ekitaldian honako hauek hartuko dute parte: Manuel Omedas Ebroko Konfederazio Hidrografikoko Plangintza Bulegoko buruak, César Pérez Martín Nafarroako Gobernuko Hidrologia eta Plangintza Bulegoko buruak, Peio Gurbindo Atarrabiako alkateak, Alfonso Amorena Iruñeko Eskualdeko Mankomunitateko Ingurumen Arloko zuzendariak, Javier Asín Nafarroako Ingurumen Baliabideen Zentroko zuzendari kudeatzaileak, eta Uraren Foroan parte hartu duten Herri Administrazioetako, gizarte eta herritar erakundeetako, eta ekonomiaren sektoreko ordezkariek.
Arga Azpiarroko Uraren Foroa informazioa emateko eta parte hartzeko plataforma da, eta gizarteko, ekonomiako eta erakundeetako eragileen arteko lankidetza esparrua osatzen du. Azken batean, Arga ibaiko ura egoera onean egon dadin laguntzea du helburu, Europar Batasuneko Uraren Esparru Zuzentarauak xedatzen duenari jarraituz.
2007ko martxoaz geroztik hamaika bilera egin ditu Foroak. Hartara, Argako gaur egungo egoeraren diagnostikoa egin dute, eta 57 neurri zuzentzaile proposatu dituzte. Neurri horiexen berri emanen diete agintariei, Ebro Arroko Plan Hidrologikoa (2009), Nafarroako Gobernuaren, Udalen, Mankomunitateen eta herritarren elkarteen Plan Sektorialak eta ingurumenaren arloko borondatezko proiektuak egiteko kontuan hartu ditzaten.
Proposatutako neurriak biltzen dituen dokumentua egiteko erakundeetako eta eragile sozialetako ehun ordezkaritik gora jardun dira lanean (Foru eta Toki Administrazioak, mankomunitateak, profesionalen elkargoak, ikastetxeak, adituak, gizartearen eta ekologiaren arloko erakundeak, nekazaritzaren, industriaren eta zerbitzuen sektoreetako erakundeak, etab.).
57 neurriak argitalpen bakarrean
Hobekuntzako 57 neurriak herritarrei helarazteko "Buscando soluciones al Arga" (Argarako konponbideen bila) argitaratuko dute, gaztelaniaz eta euskaraz. Argitalpena Nafarroako Ingurumen Baliabideen Zentroko web orrian ere eskuragarri dago (www.crana.org), Agua/Foro del Agua/Arga atalean. Proposatutako neurriak biltzeaz gain, "Argarako Konponbideen bila" argitalpenak bestelako informazioa ere ematen du (arroari buruzko datuak, bertako arazo nagusien diagnostikoa, eta prozesuan parte hartu duten erakundeetako ordezkarien iritziak).