(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Eszena 2008 Dantza Jaialdiaren baitan, asteburu honetan, dantza garaikidea, klasikoa, neoklasikoa eta folklorea osteguna, 2008.eko martxoak 13

Eszena 2008 Dantza Jaialdiaren baitan, asteburu honetan, Biarritzeko Balleta, Pere Faura, Aldanza eta Aukeran Dantza Taldea jardunen dira. Ikuskizunak Lizarran, Uharten, Zizur Nagusian, Antsoainen eta Zangozan izanen dira.


Biarritzeko balleta

Biarritzeko balleta. ( irudia handitu )

Biarritzeko Junior Balletak "Gari Beltza" aurkeztuko du, eta bi emanaldi eskainiko ditu. Bat, bihar izanen da (ostirala, martxoaren 14a), 20:30ean, Lizarrako Golem Los Llanos zinema aretoetan, eta bestea larunbatean (martxoaren 15a), 20:30ean, Zangozako Carmengo Auditorioan.


Biarritzeko hiriaren eta Kultura eta Komunikazio Ministerioaren bultzadarekin, CCN (Koreografia Zentro Nazionala) / Biarritz Balleta 1998an sortu zuten. Sentikortze ekintzak sortzea, hedatzea eta abian jartzea du helburu. 1999an "Accueil Studio" proiektuari ekin zioten, beste konpainia batzuen lan artistikoari laguntzeko. 2000n, berriz, kokaleku geografiko bikaina dutela kontuan hartuta, mugaz gaindiko koreografia jarduerak egiten hasi zen CCN. Horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Europako Erkidegoaren sostengua jaso zuen. 2002an, mugaz gaindiko politikaren goraldiarekin batera, Ballet Biarritz - Dantzaz sortu zuten, Dantzarako Sentsibilizazioa sustatzeko Mugaz gaindiko Zentroa. Egia Kultur Etxean lokalak ditu, eta Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak ematen diote sostengua.


Biarritzeko Balletaren zuzendari artistikoa Thierry Malandain da. Monique Le Dily, René Bon, Daniel Franck eta Raymond Franchetti haren irakasle izan ondoren, Thierry Malandain honako hauetan aritu zen dantzari: Pariseko Operan (Violette Verdy), Rhineko Balletean (Jean Sarelli) eta Nancyko Antzerki Frantseseko Balletean (Jean-Albert Cartier-Hélène Tralline). Hainbat koreografia lehiaketatan irabazi izan ditu sariak (Volnine Saria 1984an, eta Nyongo Nazioarteko Lehiaketako Saria 1984 eta 1985ean). 1986an, dantza karrerari amaiera eman zion, eta Temps Présent konpainia sortu zuen. Hamabi urtez konpainia horren buru aritu zen, eta sari ugari jaso zituen bere lanarengatik. 1998an, Koreografia Zentro Nazionala - Biarritz Balleta sortu zuten urte berean, Catherine Trautman Kultura ministroak bertako zuzendari izendatu zuen.


Astebururako programatuta dagoen beste ikuskizun bat Pere Faurarena da. Bi emanaldi eskainiko ditu, Uharteko Arte Garaikidearen Zentroan. Bat, bihar (ostirala, martxoaren 14a), eta bestea larunbatean (martxoaren 15a), 20:30ean (bi emanaldiak).


Pere Faurak "Striptease" izeneko bakarkako dantza saioa eskainiko du, Kataluniako dantzariaren eta Demi Moore aktorearen arteko interakzioa "Striptease" filmeko dantza eszenetan. Pere Faurak (Bartzelona, 1980) 10 urtetik gora eman zituen musika ikasten, Bartzelonako Kontserbatorioan. Institut del Teatre delakoan antzerkia ikasi zuen, eta baita ballet eta dantza garaikidea ere "Area, espai de dansa i creació" eskolan. 2002an Amsterdamera joan zen, prestakuntza osatzera, eta gaur egun bertan bizi da. Fauraren lanaren ardatza dantzaren eta bideoaren arteko lotura da. Sortu dituen lanen artean, nabarmentzekoa da "This is a picture of a person I don’t know" (2006), ITS Festival Choreography Award saria jaso zuena.


Almudena Lobónen Dantza Konpainiak, Aldanzak, "A.D. 2008" ikuskizuna aurkeztuko du, bihar (ostirala, martxoaren 14a), 22:00etan, Zizur Nagusiko Kultur Etxean.


"A.D. 2008" dantzari eskainitako omenaldia da. Almudena Lobónen Dantza Konpainiak 2008rako egin duen proposamenaren osagaiak honako bi koreografia hauek dira: batetik, Etude, Almudena Lobón berak sortu duen dantza neoklasikoko lana; eta bestetik, Panta Rei, Antonio Calero-ren dantza garaikideko lana.


Almudena Lobón, konpainiako zuzendari artistikoa, Zaragozako María de Avila eskolan trebatu zen, eta entzute handiko ikaskideak izan zituen bertan: Ana Laguna, Arantxa Argüelles, Trinidad Sevillano, Carmen Roche eta Victor Ullate, besteak beste. Ullate bera zuzendari artistiko zuela, hain zuzen, Ballet Liriko Nazionalean sartu zen Almudena Lobón (gaur egungo Dantza Konpainia Nazionalean). Konpainia horretan hainbat urtez dantzari aritu ondoren, 1982an dantza irakasteko ikastetxe bat jarri zuen abian, Iruñean. 2007an, 25 urte bete ditu zuzendari Almudena Lobón Dantza Eskola Profesionalean.


Amaitzeko, Aukeran Dantza Taldeak kulturen arteko elkarguneari buruzko lana aurkeztuko du, "Bideak" izenekoa, Antsoaingo Antzokian, bihar (ostirala, martxoaren 14a), 22:00etan.


Aukeran Dantza Taldea 1997an sortu zuten, eta harrezkero, kultura, musika eta koreografia nahasita dauden mundu batean bizi garela nabarmentzea izan du helburu. Erritmoen eta doinuen arteko nahasketan oinarritutako estiloa du konpainiak, eta tradiziozko folklorearen eta dantza garaikidearen osagaiak ditu. Euskal Herriko tradiziozko dantzen aberastasunaren berri mugez gaindi ematen ahalegintzen da Aukeran, hizkuntza berri bat sortzeko. Taldea sortu zenetik, Menchu Medel-ekin (dantza klasikoa) eta Katixa Perea-rekin (dantza garaikidea) egiten du lan.


"Eszena" Dantza Jaialdia Nafarroako Gobernuak antolatzen du, Kultura eta Turismo Departamentuaren bidez, eta aurtengo aurrekontua 230.000 eurokoa da. Jaialdiaren funtsezko helburua da dantzak lekua izatea Foru Komunitateko gune eszenikoetako kultur jardueren programazioan.


Sarreren salmentari, ordutegiei eta beste gai batzuei buruzko informazioa www.cfnavarra.es/danza webgunean kontsultatu daiteke.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa