(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Arazorik ez Nafarroako errepideetan, iparraldean elurra gogotik bota ondoren gaur goizean asteazkena, 2008.eko martxoak 5

Elurra kentzeko 85 makina eta bi turbo fresa aritzen dira lanean sare nagusian eta bigarren mailakoan


Nafarroakoa errepideetan orain ez dago arazorik, gaur goizean, iparraldean, elurra etengabe eta oparo egin ondoren; eguraldiak zirkulazio etenak eta erretentzioak eragin ditu Leitzarango Autobian (A-15), Mugiro (Larraun) eta Latasa (Imotz) artean, eta Nafarroako Autobidean (AP-15), Gulia (Itza) eta Irurtzun artean, ibilgailu artikulatu batzuk bidean gurutzaturik gelditu direlako eta bidea garbitzeko egindako eten teknikoengatik.


Arazo horiek goizeko 10:30etatik 12:30era bitarte gertatu dira gutxi gorabehera, eta arrazoi nagusia izan da ibilgailu astunen zenbait gidarik ez dutela bete egoera meteorologiko txarretan duten betebeharra, eskuineko erreia baizik ez erabili eta beste ibilgailuak ez aurreratzea alegia. Ordu horretan, Gulia eta Mugiro artean botatako elurrak 25 zentimetroko geruza egin du.


Errepide sareko arazoak goizeko zazpietan hasi dira, elurra gogotik hasi duenean iparraldean eta Iruñerrian. Leitzarango autobia (A-15) atzo gauean jada itxia zuten ibilgailu astunek, 23:00etatik 00.30ak arte, Donostiako norabidean, kamioiak gurutzatu zirelako edo aurreneurri gisa, eta ibilgailu horiek Sakanako Autobiara (A-10) edo Iparraldeko Autobiara (A-1) desbideratu zituzten. Murrizketak bi norabideetarako ezarri dira goizean goiz, hiru ordu laurdenez, goizeko 8:20ak arte. Bideko Autobian ere (A-12), Villatuerta inguruan, erretentzioak egon dira gurutzatutako ibilgailuek eraginda.


Bigarren mailako errepideen sarean, garai honetan itxitako errepide bakarra NA-1370 errepidea da (Izaba-Frantzia), Belaguako mendatearen 18. kilometrotik aurrera. Trafiko gutxiko zenbait mendatetan ere kateak beharrezkoak dira, zehazki Urkiagan (NA-138), Ezkurran (NA-170), Artesiagan (NA-1730) eta Urbasan (NA-718).


Nafarroako errepideetan Foruzaingoaren trafikoko 94 patruila dabiltza lanean gaur, eta beharrezkoa izanez gero beste dibisioetako agenteen laguntza izanen dute, bai eta Guardia Zibilaren 54 patruilarena ere; Guardia Zibilak herritarren segurtasuneko beste 116 patruila ere baditu. Orain arte ez da zirkulazio istripu garrantzizkorik gertatu.


Elurra kentzeko 85 makina eta bi turbo fresa aritu dira jardunean, lehentasunez errepideen sare nagusian –15 makina Leitzarango Autobidean- eta bigarren mailakoan ere.


Negu aldeko Erabilgarritasuna Koordinatzeko Organoak, gaur goizean Nafarroako Larrialdien Agentzian bilduta, lehen lehendakariorde eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilari Javier Caballero Martínez buru zela, elurte eta haizete hauen ondorioak aztertu ditu, Meteorologia Institutuak haren berri eman eta egoera alerta laranjakoa zela jakinarazi ondoren. Bihar ere egunaren lehendabiziko zatian iraunen duen ekaitzak zer bilakaera duen ikusi zain, koordinazio organo nagusiak jardunean jarraitzea erabaki du organoak.


Zeropeko 6 gradurainoko tenperaturak eta elur jauzien arriskua Pirinioetan


Gaurko aurreikuspen ofizialek diotenez, prezipitazioak arinak edo batzuetan moderatuak izanen dira, eta maizago gertatuko dira Kantauri aldean eta Pirinioetan; elur maila 200 metrotan egonen da eta 600 metrora igoko da eguerdi parean.


Biharko, berriz, Meteorologia Institutu Nazionalak alerta horia iragarri du (lau mailetatik bigarrena) Ebroko Erriberan elurra eginen duelako, eta 80 kilometro orduko haizeak eta zeropeko 6 gradurainoko tenperaturak izanen baitira, azkenak Pirinioetan, non, gainera, elur-jauziak gertatzeko arriskua egonen den.


Iragarpenaren arabera, bihar zerua lainotuta egonen da iparraldean, eta tarteko prezipitazio arinak egonen dira, batez ere Pirinioetan, eta hodeiak eta ostarteak gainerakoetan. Pirinioetan elurra eginen du maila guztietan egunaren hasieran eta 600-800 metrotan egunaren amaieran.


Tenperatura minimoetan ez da aldaketarik izanen bihar edo beheraka eginen dute; gauean izotza eginen du toki gehienetan. Tenperatura maximoak, aldiz, igo eginen dira. Gaur eta bihar alerta horia mantenduko da, haize indartsuengatik, orduko 80 kilometro ere harrapatuko dutelako.


Beste gorabehera batzuk


Gaur goizean, Madriletik zetozen bi hegazkinek ez dute Noain-Iruñeko aireportuan lurreratzerik izan, ikuspen arazoengatik, eta Gasteiza desbideratu behar izan dituzte. Zirkulazioa ez da eten Iruñeko Ingurabidean, eta Iruñerriko hiri garraioak atzerapenak izan ditu Itaroa Berrian (20. linea) eta Ollokin (23. linea). Nafarroako Larrialdien Agentziako suhiltzaileek 30 irteera egin behar izan dituzte azken orduetan adarrak edo eraikinetako hegalak erori direlako edo erortzeko arriskua zegoelako.


Nafarroako 91.832 ikasleetatik, 401 berandu iritsi dira edo ez dira klasera joan herrietako sarbideetan izandako arazoengatik edo ibilbideak egiterik izan ez dutelako. Ikasle horiek herri hauetako ikastetxeetakoak dira: Altsasu, Burlata, Erro, Erratzu (Baztan), Lizarra, Irurtzun, Jauntsarats (Basaburua), Oteitza, Gares, Atarrabia, Zubiri eta Zudairi. Era berean, 8.584 irakasleetatik 43k huts egin dute.

Dokumentazioa:
Berri osoa.doc

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa