Castellano | Euskara | Français | English
Ikusi egun honetako albiste gehiago
Digestio Patologien EAEko eta Nafarroako Erakundearen XXX. Bileran, ahozko komunikaziorik onenaren saria jaso zuen lanak; gaixotasun horiek garaiz hautemateko teknika baten eraginkortasuna aztertzen du
prentsaurrekoaren une bat. Ezkerretik hasita eskuinera, De Miguel, Razquin, Guerra, Alonso eta Montes doktoreak.
(
irudia handitu
)
Bideko Ama Birjina Ospitaleko sendagile batzuek kolon-ondesteko ondoretasunezko minbiziaren diagnostikoari buruzko ikerketa lana egin dute, eta ahozko komunikaziorik onenaren saria jaso du Digestio Patologien EAEko eta Nafarroako Erakundearen XXX. Bileran; hots, 2007ko azaroaren 16an eta 17an Donostian egindako bileran. Digestio Aparatuaren Biltzar Nazionalean ere aurkeztuko dute ikerketa.
Lanaren izenburua "Utilidad de la inmunohistoquímica en los cánceres extracorrectales de pacientes con Síndrome de Lynch" da. Bideko Ama Birjina Ospitaleko Digestio Aparatuaren Zerbitzuko Ana Guerra Lacunza doktoreak aurkeztu zuen, eta Ospitaleko Anatomia Patologikoko, Genetikako, Urologiako eta Ginekologiako Zerbitzuetako medikuen lankidetzarekin egin zuten.
Gaur goizean, berriz, jendarteko aurkezpena egin dute. Aurkezlea Ana Guerra bera izan da, eta harekin izan dira María Concepción De Miguel Medina, María Socorro Razquin Lizarraga eta Martas Montes Medina patologoak eta Ángel Alonso Sánchez genetista.
Lynchen Sindromea edo popilopsiarekin harremanik ez duen koloneko ondoretasunezko minbizia dutenek bai minbizi mota hori bai hainbat organotan beste tumore batzuk izateko joera izaten dute. Horregatik, garaiz diagnostikatzeak eta sindromea duenaren familia zaintzeak garrantzi handia du, gaixotasuna saihesteko.
Lynchen Sindromea gene jakin batzuen mutazioaren ondorioz jazotzen da, eta behin betiko diagnostikoa egiteko analisi genetiko garestiak eta neketsuak egin behar izaten dira. Horregatik, garrantzi handia du analisiak zein gaixori egin behar zaizkion jakiteak. Gaur Bideko Ama Birjina Ospitalean aurkeztu duten lanaren edukia honako hau da: inmunohistokimika, teknika erraza eta kostu txikikoa, Ospitaleko Anatomia Patologikoko Zerbitzuan egiten dutena. Horretarako, gaixoren batek minbizia izateko joera areagotzen duten mutazio genetikoak izan ditzakeela uste dutenean, koloneko biopsia egiten diote. Analisi inmunohistokimikoaren emaitza positiboa bada, analisi genetikoa egiten dute, mutazioa aztertzeko eta behin betiko diagnostikoa egiteko.