(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Miranda eta Sanzberro kontseilariak Tuterako "Ciudad Agroalimentaria" industrialdeko lanak ikusten izan dira asteartea, 2008.eko otsailak 26

Eremuaren urbanizazioa egina dago, eta lehenengo habearteak eraikitzen hasi dira


Álvaro Miranda Simavilla bigarren presidenteorde eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko kontseilaria eta Begoña Sanzberro Iturriria Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuko kontseilaria Tuterako "Ciudad Agroalimentaria" (Nekazaritzako Elikagaien Hiria) industrialdeko lanak ikusten izan dira, gaur goizean. Urbanizazio lanak dagoeneko egin dituzte, eta lehenengo habearteak eraikitzen hasi dira.


Tuterako "Ciudad Agroalimentaria" 1,2 milioi metro koadroko industrialdea da, SPRIN (Nafarroako Inbertsioak eta Azpiegiturak Sustatzeko Sozietate Publikoa) enpresa publikoak sustatutakoa. Guztizko inbertsioa 120 milioi eurokoa da, eta Foru Komunitateko eta bereziki Ebroko Erriberako nekazaritzako elikagaien kalitatearen erreferentzia zentro izan nahi du.


Aurreikusita dagoenez, berrogeita hamarren bat enpresa ezarriko dira industrialdean, eta 1.400 lanpostu berri sortuko dira. Lehenengo enpresa, olioa fintzeko fabrika bat, Urzante enpresakoa, datorren udan hasiko da lanean.


Helburuak eta hornikuntza


Industrialdearen helburuak hainbat dira. Batetik, industria baliabideak optimizatzea, eta energia kostuak txikitzea; eta bestetik, balio erantsia duten produktuak egitea, produktuen eta ekoizpen prozesuen gaineko ikerketa eta garapena sustatzea, kalitatearen eta desberdintzearen irudia indartzea, enpresa berriak sor daitezen sustatzea, eta nekazaritzako elikagaien kateko eragileen arteko lotura erraztea (hornitzaileak, enpresa laguntzaileak, eraldatzaileak, banatzaileak eta produktuak merkaturatzen dituztenak).


Hobekuntza teknologikoa, energiaren aurrezpena, ingurumen eraginaren murrizketa, logistika eta kudeaketako kostuen murrizketa, eta langileen eta zuzendarien lanbide heziketa errazteko moduan diseinatu dituzte industrialdeko instalazioak. Xede horiekin, industrialdean ezarriko diren enpresetarako aurreikusitako hornikuntza honako hau da: zentro teknologiko bat, analisietarako hiru laborategi eta industrialdea elektrizitatez, lurrunez, hotzez eta beroz hornitzeko energiaren aldibereko ekoizpenerako fabrika bat izanen dituena; negozioetarako zentro bat; hondakin uren araztegi bat eta hondakinak kudeatzeko planta bat; enpresa laguntzaileak eta mantentze, logistika eta segurtasun zerbitzuak; enpresa berrien haztegi bat; sukaldaritza eta ostalaritza eskola bat; eta nekazaritzako elikagaien arloko turismo zentro bat.


Energia eta ur kontsumoarekin lotutako gastuei dagokienez, zerbitzuak zentralizatuta egonen dira, eta ondorioz, aurreikuspenen arabera, urtean ia 100.000 euro aurreztu ahal izanen dituzte enpresek.


 "Ciudad Agroalimentaria" industrialdea Tuteran egitearen arrazoia Erriberako hiriburuaren kokaleku estrategikoa da. Izan ere, Tutera Ebro Ibarraren bihotzean dago, Espainian ekoizten diren barazki eta fruituetako askoren sorlekuan. Gainera, garrantzizko beste alderdi batzuk ere hartu behar dira kontuan. Honako hauek, besteak beste: Espainiako eta Europako hiri nagusiekiko komunikazio ona izatea, errepidez zein trenbidez; biztanleen masa kritiko nahikoa izatea enpresa berriek sortuko dituzten lanpostuetan jarduteko; zerbitzuen ehundurak ahalmena izatea industrialdean ezarriko diren enpresen beharrizanak asetzeko; eta ur asko izatea (Lodosako Kanala, geroko Nafarroako Ubidea eta Ebro ibaia).


Lehenago esan dugunez, aurreikusitako guztizko inbertsioa 120 milioi eurokoa da, honela banatuta: 30 milioi euro, urbanizaziorako; 70 milioi, energia eta arazketa azpiegituretarako; eta 20 milioi, industrialdeko lehen lerroko industria eraikinetarako eta habearteetarako.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa