(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

"Las variaciones Marker" eta "Bingai" filmak jendaurrean aurkeztuko dituzte, euren zuzendariek, "Punto de Vista" Jaialdian asteazkena, 2008.eko otsailak 20

Nafarroako Gobernuak antolatzen duen "Punto de Vista" Zinema Dokumentalaren Nafarroako Jaialdiko Sail Ofizialeko bi film aurkeztu dituzte gaur goizean, Civican aretoan. Aurkezpenean izan dira Isaki Lacuesta, Las variaciones Marker lanaren zuzendaria, eta Feng Yan, Bingai lanaren zuzendaria.


Isaki Lacuesta Gironan jaio zen, 1975ean, eta Rotterdamgo azkeneko jaialdiko sail ofizialean aurkeztu zuten La leyenda del tiempo (2006) film luzearen egilea da. Horixe bera da Lacuestaren bigarren lana, eta nazioarteko hainbat jaialditan saritu dute (Nantes, Tubingen, Yerevan, Las Palmas, edo Guayaquilgo jaialdietan, besteak beste). Bere lehenengo lanak, Cravan vs Cravan (2002) izenekoak, Zinemaren Sitgesko Nazioarteko Jaialdian bi sari lortu zituen: errebelazio zuzendariaren saria eta ikusleen saria film onenari. Hainbat film labur eta erakusketetako instalazioak ere egin ditu. Zinemagile jarduteaz gain, irakasle ere bada (Pompeu Fabra Unibertsitatean eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan, besteak beste).


Egin dituen filmetako batzuk honako hauek dira: Esbozo (2004), Teoría de los Cuerpos (2004), Microscopias (2003), Ressonàncies Magnetiques (2003), Nummulits (2002 - 2004) eta Caras vs. caras (2000).


Las variaciones Marker, Espainia, 2007. 34’. Chris Marker egile ospetsua, muntaketako artista misteriotsua, ezkutuko idazlea, berea ez den off-eko ahotsaren eta bere aurpegia ia erakusten ez duten argazki lausotuen azpian ezkutatzen dena. Existitzen al da, egiaz, Chris Marker? Isaki Lacuestak gutun bat idatzi zion eta postontzian erantzun bitxia aurkitu zuen. Zenbait ipuin, Chris Markerrentzat. Dokumental honek Gijoneko 2007ko Zinemaren Nazioarteko Jaialdian parte hartu zuen.


Feng Yan, berriz, Tianjinen jaio zen. Japoniar literaturako ikasketak egin zituen, eta hamahiru urtez Japonian bizi izan da. 1994an landa eremuko Txinari buruzko dokumentalak egiten hasi zen, eta bere lanak jaialdi askotan hautatu dituzte, hala nola Yamagata International Documentary Film Festival, Taiwan International Documentary Festival edo China Documentary Film Festival delakoetan.


Bingai, Txina, 2007. 114´. Hiru Arroiletako presa amaitzen dutenean, milioitik gora lagunek Yangtze ibaiko uraren azpian galduko dituzte etxea, lurra eta sustraiak. Eraikuntza lanek aurrera egin ahala, uraren maila igotzen ari da, eta emakume batek uko egin dio herria uzteari. Filmak Excellent Documentary Award saria lortu zuen, The 4th China Documentary Film delakoan, eta baita Ogawahinshuke saria ere, Zinema Dokumentalaren Yamagatako Nazioarteko Jaialdian.

Dokumentazioa:
Berri osoa.doc
Programa del festival

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa