(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroa izango da protagonista, bihar, Parisko Espainiar Zentroaren XXI. Kultura Astearen hasiera ekitaldian osteguna, 2007.eko azaroak 8

Alberto Catalan kontseilariaren hitzaldia eta "Tudela Canta" folklore taldearen kontzertua dira Frantziako hiriburuko hitzordu kulturaleko lehenengo jarduerak


Foru Komunitatea izango da Parisko Espainiar Zentroaren XXI. Kultura Astearen inaugurazio eguneko protagonista, bihar, azaroaren 9an. Frantziako Espainiar Familia Etorkinen Elkarteak antolatutako ekimena da, eta elkarte horretako partaide da "Navarra Siempre" elkartea, nafar jatorriko berrogei familia biltzen dituena.


Inaugurazio ekitaldia 19:00etan hasiko da, eta bertan izango da, besteak beste, Espainiak Parisen duen Enbaxadako kontsul nagusia, Carlos Calderera. Nafarroako Gobernuko Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuko eledun Alberto Catalán Higuerasek hitzaldia emango du ekitaldi horretan, Nafarroako erakundeen, gizartearen eta ekonomiaren gaur egungo egoerari eta aurrera begirako erronkei buruz.


Ondoren, jota eta folkloreko kontzertu bat emango du Parisa ekitaldi horretarako espresuki joandako "Tudela Canta" nafar taldeak.Edonola ere, Espainiar Zentroko bazkideek eta paristarrek, oro har, ikuskizun horretaz gozatzeko beste aukera bat izango dute. Izan ere, Erriberako taldeak beste emanaldi bat eskainiko du, musikaren eta dantzaren esparruko beste artista espainiar batzuekin batera. Kultura Asteko kontzertu nagusia izango da, eta azaroaren 11rako, iganderako, jarrita dago hitzordua, 17:00etarako.


Inaugurazio ekitaldian, beraz, nabarmen agertuko da Nafarroa. Izan ere, nafar zainzuriak, pikillo piperrak, orburuak, gazta eta Nafarroako jatorri izendapeneko ardoa dastatzeko aukera ere izango da, Nafarroako Gobernuak antolatutako aperitiboari esker.


Kultura Astearen egitarauaren barruan, askotariko musika, gizarte eta gastronomia ekitaldiak izango dira, azaroaren 17ra arte, eta Parisko Espainiar Zentroko kide guztiek izango dute horietan parte hartzeko aukera (39, Rue Notre Dame des Champs, 75006 Paris).


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa