(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Bilatzaile erabili!

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Technorati
  • Google
  • Facebook
  • Yahoo

Nire NAOrako sarrera

58/2009 Foru Dekretua, uztailaren 2koa, Nafarroako Aldizkari Ofiziala arautzen duena

58/2009 FORU DEKRETUA, uztailaren 2koa, Nafarroako Aldizkari Ofiziala arautzen duena.

2009ko 82. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, uztailaren 4an

Zioen azalpena

 

Nafarroako Aldizkari Ofiziala mila zortziehun eta hogeita hemezortziko martxoaren batean hasi zen argitaratzen, Iruñeko Aldizkari Ofiziala izenarekin. Ordutik ehun eta hirurogeita hamaika urte iragan badira ere, esan daiteke azken hamabost urteotan gertatu den aldaketa aurreko urte guztietakoa baino askoz handiagoa izan dela. Aldizkari Ofizialaren argitalpena, gaur arte, paperezko euskarrirako baizik ez da pentsatu eta diseinatua izan, eta horrek eragina zuen bai zabalkundea eta banaketa egiteko moduetan bai barruko alderdi instrumentaletan, hala nola, erabilitako letra mota eta neurria, orriak, maketazioa, etab.

1996ko maiatzean hasi zen agertzen Nafarroako Aldizkari Ofizialaren testua Internet bidez, munduko sare informatikoan alegia, Nafarroako Gobernuaren web atari hasiberriaren barruan. Gaur egungo egoeratik ikusita, ohartzen gara hamahiru urte hauetan pertsonen arteko komunikaziorako bideak -telefonia- eta testu eta irudiak bidaltzekoak -posta elektronikoa- direla medio, funtsean desberdina dela mundua orain, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien erabilera eta eskuratzeko aukera zeharo zabalduta baitaude. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioan administrazio elektronikoa ezartzeko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legeak dioenez, Nafarroako gizartearen ezaugarrietako bat da gizarte informatizatua izatea, tresna elektronikoak normaltasunez eta ohikotasunez erabiltzen dituena. Kontuan hartuta aldizkari ofizialaren hartzaile nagusia Nafarroako gizarte hori dela, haren egoera berriak, administrazio publikoen jarduna gidatu behar duen etengabeko ekonomiaren printzipioak eta aspaldi honetan zabaldu den ingurumenarekiko kezkak eragin dute Nafarroako Aldizkari Ofizialaren paperezko argitalpena bertan behera utzi eta argitalpen elektronikoan baizik ez kaleratzeko erabakia, Espainiako beste administrazio publiko batzuek ere jorratu duten bidean.

Argitalpenaren euskarria edozein dela ere, aldizkari ofizial baten helburua beti bera da: arauen publizitatea bermatzea, gure Konstituzioan jasotako printzipioa. Eta argitalpen sistema berriak ez du berme hori kaltetzen, areago, hobetu egiten du, dokumentuen eta aldizkarien bilaketa erosoagoa, arinagoa eta errazagoa baita; bertara sartzea doakoa da gainera, inolako mugarik gabe, eta paperezko argitalpenaren kasuan, ordea, tasa ordaindu beharra dago, harpidetza egiteagatik edo aleka erosteagatik.

Gaurdaino, argitalpen bati dagokion xedea betetzeko modua beharrezkoak ziren ale guztiak paperean inprimatzea zen, eta aurrerantzean Aldizkari Ofiziala "bakarra" izanen da, eta ugaldu eginen dira, berriz, sartzeko eta ikusteko bideak: administrazio publikoetako bulegoak, liburutegiak, etxebizitza partikularrak, etab. Herritarren egoera desberdinak aintzat hartuta, Nafarroako Gobernuak erraztuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialerako sarbidea, kontsultarako guneak ezarriz, eta, aldi berean, Nafarroako toki entitateetan ere hala egin dadila sustatuko du.

Nafarroako Aldizkari Ofiziala arautzen duen foru dekretu honek aurrekoa, 2003koa, ordeztuko du, arestian azaldutako ideiei eta printzipioei erantzunez, aurrekoaren datatik hona haren ingurunean, sozialean nahiz arau arlokoan, gertatu diren eta zuzenean edo zeharka eragin dioten era guztietako aldaketek eskatzen dituzten egokitzapenak eginez; horren guztiaren asmoa da ahalik eta argitasun eta erraztasun handienak lortzea erabiltzaile diren herritarren eta erakundeen hobe beharrez; ideia nagusia da Nafarroako Foru Komunitateak lagundu eginen duela herritarrek Aldizkari Ofiziala kontsulta dezaten, mugatu gabe nahi ez ditugun neurri murriztaileekin, baina, era berean, eta ahal den neurrian datu pertsonalak babesteko eginkizuna betez, dagokionaren aldetik.

Horiek horrela, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2009ko uztailaren 2ko bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta definizioa.

1. Foru dekretu honen xedea Nafarroako Aldizkari Ofiziala arautzea da.

2. "Nafarroako Aldizkari Ofiziala" -NAO- Nafarroako Foru Komunitatearen xedapen orokorrak eta ekintza administratiboak, bai eta Foru Komunitatean argitaratu beharreko arauak ere, argitaratzeko bide ofiziala da; gainera, berariazko araudian ezarritakoa ere argitaratuko da. Indarra hartzeari dagokionez, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den eguna hartuko da kontuan.

3. Nafarroako Gobernuak txostenak, dokumentuak edo komunikazioak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabaki dezake bidezkotzat jotzen duenean.

4. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen diren testuak ofizialtzat eta benetakotzat hartuko dira.

2. artikulua. Eskumena.

Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Lehendakaritzako Zuzendaritza Nagusiari ez beste inori dagokio Nafarroako Aldizkari Ofiziala, edozein bitarteko edo euskarritan, kudeatu, argitaratu eta hedatzea.

3. artikulua. Aldizkotasuna.

Nafarroako Aldizkari Ofiziala Lehendakaritza Departamentuak erabakitzen duen maiztasunaz argitaratuko da, baina betiere hiru ale arrunt gutxienez astean. Argitalpen eta hedapen beharren arabera, ale bereziak ere argitaratzen ahal dira, baita separatak ere, interes bereziko dokumenturen batekin.

4. artikulua. Nafarroako Aldizkari Ofiziala argitaratzea.

1. Nafarroako Aldizkari Ofiziala euskarri elektronikoan editatu eta argitaratuko da, modu digitalean sinatuta, argitaratutakoaren benetakotasuna eta osotasuna bermatzeko; Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen web atarian txertatuko da.

2. Horrez gain, argitalpenak eginen dira unean-unean egoki diren euskarrietan ere, zabalkundea hobea izan dadin eta Nafarroako Aldizkari Ofizialaren jarraipena, kontserbazioa, artxiboa, dokumentu ondarea eta lege gordailua ziurtatzeko.

5. artikulua. Ezaugarri formalak.

1. Nafarroako Aldizkari Ofizialaren goiburuan eta orri bakoitzekoan ''Nafarroako Aldizkari Ofiziala" izena eta Nafarroako armarria agertuko dira; halaber, argitalpen-data adieraziko da, baita urte bakoitzean aldizkari horrek duen ordena-zenbakia ere, aldizkari bereziak ere kontatuta.

2. Nafarroako Aldizkari Ofizialaren ale bakoitzaren hasieran bere edukiaren aurkibidea egonen da, hurrengo artikuluan adierazten den moduan ordenatua.

6. artikulua. Dokumentuak aldizkarian agertzeko ordena.

Dokumentuak agertzean, ordena honi jarraituko zaio:

1. Nafarroako Foru Komunitatea.

1.1. Xedapen orokorrak.

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak.

1.1.2. Foru dekretuak.

1.1.3. Foru aginduak.

1.2. Agintariak eta langileak.

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak.

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan Publikoaren Eskaintza.

1.3. Lurraldearen antolamendua eta hirigintza.

1.4. Diru-laguntzak, laguntzak eta bekak.

1.5. Estatutuak eta lan hitzarmen kolektiboak.

1.6. Nafarroako Kontseilua.

1.7. Bestelakoak.

2. Nafarroako Toki Administrazioa.

2.1. Oposizioak eta lehiaketak. Lan Publikoaren Eskaintza.

2.2. Xedapen eta iragarkiak, herrien arabera antolatuak.

3. Estatuko Administrazioa.

4. Prozedura judizialak.

5. Hauteskunde prozedura.

6. Bestelako iragarkiak.

6.1. Jakinarazpen ediktuak.

6.2. Partikularren iragarkiak.

II. KAPITULUA

Argitaratzeko prozedura

7. artikulua. Argitaratu beharreko dokumentuak igortzea.

1. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharreko dokumentuak sistema elektroniko onartu bat erabiliz baizik ez dira igorriko; sistema horretan ziurtatuta egonen dira dokumentuaren benetakotasuna eta osotasuna, bidalketaren data eta bidaltzailearen nortasuna eta baimena.

Salbuespen gisa onartuko da dokumentuak beste bide batzuk erabiliz bidaltzea.

Lehendakaritzaren eskumena duen departamentuak ezartzen ahalko du argitaratu beharreko dokumentuak bidaltzeko prozedura, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko kudeaketa bateratu eta errazte aldera.

2. Horretarako eskumena duen organo edo agintariak bidaliko ditu dokumentuak Nafarroako Aldizkari Ofizialera argitaratzeko xedez. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde publikoen eremuan, lehendakaritzako eskumena duen kontseilariak ezarriko du, foru agindu bidez, zer organok erabaki dezaketen, zeinek bere eremuan, nork duen ahalmena argitaratu beharreko jatorrizko dokumentuak argitaratzea sinatzeko.

3. Gainerako administrazio publikoek ere baimena eman beharko diete, zeinek bere arau berariazkoekin bat, Nafarroako Aldizkari Ofizialean jatorrizkoak argitaratzea sinatzeko ahalmena dutenei. Baimen berariazkorik izan ezean, xedapena, egintza edo iragarkia sortu duen organo, entitate edo erakundearen ordezkaritza dutenei egokituko zaie.

4. Partikular batek testu bat igortzen badu argitaratzeko, administrazio publiko zehatz baten isiltasunaren aurrean legezko arau batek baimena emanda, hala dela frogatu beharko du berariaz, eta iragarkia administrazio publiko horren epigrafean argitaratuko da.

5. Jatorrizkoak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea sinatzen duten pertsonak izanen dira bidalketa osorik egin izanaren eta dagokionak bidalketa agindua eman izanaren erantzule.

8. artikulua. Argitaratzeko prozeduraren alderdi formalak.

1. Edozein kasutan, dokumentua igorri duen kasuan kasuko organoak eskatuta argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

2. Nafarroako Aldizkari Ofizialaren organo arduradunak balioetsiko du bidalitakoak baldintza formalak eta teknologikoak betetzen dituen, eta foru dekretu honetan xedatutakoarekin eta aplikatzekoak diren gainerako arau guztiekin bat etorri beharko du. Baldintza horiek bete ezean, zilegi izanen da jatorrizkoak itzultzea, zuzentzeko. Argitalpenaren nahitaezkotasunaren inguruko zalantzak sortuz gero, Nafarroako Aldizkari Ofizialak igorleari eskatuko dio inguruabar horri buruzko araua edo justifikazioa jakinaraz dezan.

3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharreko testuak idatzi ziren bezalaxe transkribatuko dira.

4. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko jasotako dokumentu jatorrizkoen edukia erreserbatua izanen da eta ez da hari buruzko informaziorik ematen ahalko dokumentua aldizkarian sartzea eskatu duen sinatzailearen baimen espresurik ez badago.

5. Igorleek eredu normalizatuak erabiliko dituzte, halakorik dagoenean, eta, edozein kasutan, behar bezain laburturik bidaliko dituzte argitaratu beharreko testuak.

6. Ailegatu diren ordena kronologikoari segituz argitaratuko dira dokumentuak Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Dena dela, lehentasuna izanen dute legez epe edo muga-eguna dutenek eta presakoak direnek (betiere presa hori justifikatuta).

7. Oro har, aldizkarian sartzeko eskaera edo zuzentzeko eskaera jaso eta beranduenez hamabost egun balioduneko epean argitaratu beharko da dokumentua. Dokumentua presakoa denean, eta argitalpenaz arduratzen den organoak hala dela iritzita, epe hori sei egun baliodunekoa izanen da.

9. artikulua. Akatsak eta okerrak.

Dokumentu jatorrizko bat edukia aldatzen dion akats edo okerren batekin argitaratzen bada, berriz argitaratuko da, oso-osorik edo behar den zatia, zuzenketak eginda. Zuzenketak arau hauei jarraikiz eginen dira:

1. Argitaratzeko bidalitako testuan baldin bazeuden akatsak, zuzenketa honela eginen da:

a) Falta den informazioak edo akatsek arauaren edukiaren edo esanahiaren aldaketa benetakoa edo itxurazkoa baldin badakarte, maila bereko xedapen baten bidez zuzenduko dira.

b) Igorritako testuaren esanahia aldatu ez edo testuinguruari esker nahasgarri gertatzen ez diren akats edo informazio faltak ere zuzendu litezke, balizko okerrik ez gertatzeko zuzentzea komeni dela iritziz gero, dagokion erakundeak testu zuzendua, osoa edo behar den zatia, berriz argitara dadila eskatuta.

2. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den testuan, jasotako testuarekin alderatuz, egiten diren akatsak Aldizkariaren ardura duen organoak zuzentzen ahalko ditu, zuzendu beharreko egintza edo xedapena eman duen organoari aldez aurretik jakinarazita.

III. KAPITULUA

Nafarroako Aldizkari Ofizialaren araubide ekonomikoa

10. artikulua. Tasak.

1. Nafarroako Aldizkari Ofizialean iragarkiak argitaratzea zergagai bat da, Nafarroako Foru Komunitateko tributuei buruzko araudiaren araberako tasari lotua dagoena. Horrenbestez, aldizkarian zerbait argitaratzeko eskaera bakoitzean tasa ordaintzeko subjektu pasibo arduraduna zein den agertuko da, edo ordaintzetik salbuetsia ote dagoen, hala denean.

2. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, haren aurkibideak eta bilatzaileak kontsultatzea doakoa da, bai eta nork bere baliabideekin paperean inprimatzeko aukera ere. Halere, orria Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak kontsultarako jarritako guneetan inprimatzen denean, Nafarroako Foru Komunitateko tributuen arloko araudian ezartzen den tasa ordaindu beharko da.

IV. KAPITULUA

NAOren zabalkundea eta kontsulta

11. artikulua. Zabalkundea.

1. Nafarroako Aldizkari Ofizialaren edukia Interneten egonen da ikusgai, Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen web atarian, argitaratzen den egunean berean, 00:00etatik aurrera, salbuespenak salbu.

2. Nafarroako Aldizkari Ofizialaren kontsulta unibertsala, librea eta doakoa da. Bereziki zainduko da Nafarroako Gobernuak ezarritako sarbide estandarrak betetzea. Nafarroako Aldizkari Ofizialaren edozein orri argitaratzeko aukera ziurtatuta dago.

3. Nafarroako Gobernuak aurkibide eta bilatzaile sistema erraz eta arina ziurtatzeko behar diren lanabes informatikoak erabiliko ditu. Era berean, harpidetza elektroniko pertsonalizaturako zerbitzua eskainiko da, libre eta doakoa.

4. Nafarroako Gobernuak bereziki zainduko du datu pertsonalen pribatutasuna bermaturik egon dadin, gai horren gaineko arauetan ezarritakoarekin bat.

12. artikulua. Kontsultarako tokiak.

Nafarroako Gobernuak, jendearen arretarako bulegoen eta liburutegien bidez, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialaren organo arduradunaren egoitzan, haren kontsulta libre eta doakoa egiteko bideak jarriko ditu.

Xedapen gehigarriak

Xedapen gehigarri bakarra.-Arau gaikuntza.

Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari ahalmena eman zaio foru dekretu hau garatu eta betetzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Xedapen indargabetzaileak

Xedapen indargabetzaile bakarra.

Indarrik gabe gelditzen dira foru dekretu honi kontra egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak eta, bereziki, Nafarroako Aldizkari Ofiziala arautzen duen maiatzaren 19ko 115/2003 Foru Dekretua, eta erregelamendua garatzen duen otsailaren 5eko 4/2004 Foru Agindua.

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru dekretu honek 2009ko uztailaren seian hartuko du indarra.

Iruñean, 2009ko uztailaren 2an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilaria, Javier Caballero Martínez.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa