(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Bilatzaile erabili!

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Google
  • Facebook

Nire NAOrako sarrera

73. ALDIZKARIA - 2019ko apirilaren 15a

  • 1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
    • 1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
      • 1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

801/2019 EBAZPENA, apirilaren 1ekoa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, deialdi bat onesten duena prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeran gelako buru izateko lanpostuetan aritzeko izangaien zerrenda bat osatzeko, operadoreentzat murriztutako hautaproben bidez.

Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibilerako Zerbitzuak dituen langile beharrak ikusirik, bidezkoa da deialdi bat onestea prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeran gelako buru izateko lanpostuetan aritzeko izangaien zerrenda bat osatzeko operadoreentzat murriztutako hautaproben bidez, gerora 112 SOS Nafarroa Larrialdiak Kudeatzeko Zentroan sortzen diren beharrei erantzuteko.

Deialdia honako arau hauen babesean onetsi da: 8/2005 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzkoa; 18/2019 Foru Dekretua, martxoaren 6koa, 112 SOS Nafarroa Larrialdiak Kudeatzeko Zentroa arautzen duena, irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretua Nafarroako Segurtasun Eskolaren Antolaketa eta Funtzionamendurako Erregelamendua arautzen duen; 96/1997 Foru Dekretua, apirilaren 14koa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 24.2 artikulua hein batean garatzen duena; eta 199/2004 Foru Agindua, abenduaren 30ekoa, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak emana, prestakuntzarako lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak osatu eta kudeatzeko prozedura ezarri zuena.

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Deialdi bat onestea prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeran gelako buru izateko lanpostuetan (B mailakoak) aritzeko izangaien zerrenda bat osatzeko operadoreentzat murriztutako hautaproben bidez, gerora Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibilerako Zerbitzuko 112 SOS Nafarroa Larrialdiak Kudeatzeko Zentroan sortzen diren beharrei erantzuteko.

2. Ebazpen hau eta bere eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

3. Ebazpen hau eta eranskinak jakinaraztea Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuari, Argibide eta Erregistro Bulegoari eta epaimahaiko kideei, behar diren ondorioak izan ditzaten.

DEIALDIA, GELAKO BURU IZATEKO LANPOSTUETAN
ARITZEKO PRESTAKUNTZARAKO ZERBITZU BEREZIKO EGOERAN ARITZEKO IZANGAIEN ZERRENDA BAT OSATZEKO, OPERADOREENTZAT MURRIZTUTA

Hona hemen deialdiaren oinarriak:

Lehenbizikoa.

Deialdia egiten da gelako buru izateko lanpostuetan prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeran arituko diren izangaien zerrenda bat osatzeko operadoreentzat murriztutako hautaproben bidez, gerora Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibilerako Zerbitzuan sortzen diren beharrei aldi batez erantzuteko.

Bigarrena.–Parte-hartzaileen betebeharrak.

2.1. Deialdi honetan parte hartu nahi duten izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa izatea, koordinazioko operadore-ofizial edo koordinazioko operadore laguntzaile izateko lanposturako izendatua, eta eskubidez dagokien gehieneko prestakuntzaldia agorturik ez izatea.

b) Beren lanpostuan gutxienez hiru urteko zerbitzualdia benetan egina izatea.

c) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

d) Gradu titulua, unibertsitateko diplomadunaren titulua, ingeniari tekniko edo arkitekto teknikoarena, edo aurrekoen titulu baliokidea, edo eskuratzeko baldintza guztiak betetzea eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, edo lizentzia, ingeniaritza bateko edo arkitekturako lehenengo hiru ikasturteak osorik gaindituak izatea.

Tituluak atzerrian lortu badira, homologatuta daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira.

e) Gelako buru gisa zerbitzu berezietan prestakuntza jasotzeko zerrenda batean ez egotea.

f) Deialdiko lanpostuaren eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

2.2. Oinarri honetako baldintza guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira, baita hautapen prozesu osoan, dei egiten zaien unean eta prestakuntzak iraun bitartean ere.

Hirugarrena.–Parte hartzeko eskabideak.

3.1. Hautapen prozedura honetan parte hartu nahi dutenek I. eranskinean jasotzen den eskabidea erabili beharko dute eskaera egiteko. Eskabide hori Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorreko edozein bulegotan dago eskuragarri. Interneten bidez ere lortzen ahal da, www.nafarroa.eus helbidean, bai deialdia argitaratzen deneko aldizkari ofizialetik abiatuta, bai deialdiaren estekatik abiatuta.

Parte hartzeko eskabidean, interesdunek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

3.2. Euskarazko C1 edo B2 jakite-mailaren eskakizuna duten lanpostu elebidunak hautatu nahi dituztenek, parte hartzeko eskabideaz gain, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren maila horretako euskara tituluaren edo egiaztagiriaren fotokopia aurkeztu beharko dute, edo hizkuntza eskola ofizial batek luzatutako Euskararen Gaitasun Agiriarena edo ofizialki baliokidea den beste titulu batena.

Aipatutako titulua izan ezean, izangai horiek hizkuntza horretan behar bezalako maila duten zehazteko proba bat gainditu beharko dute. Gaitasun proba hori egin nahi dutenek prozesuan parte hartzeko eskabidean adierazi beharko dute, horretarako ezarritako tokian.

3.3. Deialdian parte hartzeko eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa, 31002 Iruña), edo Nafarroako Gobernuaren beste edozein erregistro bulegotan (zerrenda Nafarroako Gobernuaren Interneteko web-orrian ageri da: www.nafarroa.eus), edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten eskabideari, ziurtatu aurretik.

Halaber, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat, eskabidea telematika bidez aurkezten ahalko da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan. Erregistro hori Nafarroako Gobernuaren web-orrian dago (www.nafarroa.eus). Kasu horretan, parte hartzeko eskabide berariazkoarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa eransteko, Erregistro Orokor Elektronikoan artxiboak eransteko aurreikusita dauden formatuetatik edozein erabiltzen ahalko da.

3.4. Parte hartzeko eskabidearekin batera, euskara maila egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu behar da, 3.2 atalean esaten denarekin bat.

Bigarren oinarriko 2.1.d) atalean eskatzen den titulazio betebeharra agiri bidez frogatu beharko da lanerako deia egiten denean, deialdiko hamargarren oinarrian ezarritakoarekin bat.

3.5. %33ko desgaitasuna edo handiagoa izanik parte hartzen dutenek horren berri eman beharko dute eskabidean; gainera, hura frogatzen duen dokumentazioa, organo eskudunak emana, erantsi beharko dute. Halaber, beharrezkotzat jotzen dituzten denbora edo baliabide egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte. Kasu horretan, eskabidean adierazi egin beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean, zer egokitzapen eskatzen duten zehaztu.

%33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangai horiek Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziara bideratuko dira, probak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak zehazteko.

Laugarrena.–Eskabideak aurkezteko epea.

Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea hamar egun baliodunekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bosgarrena.–Izangaien onarpena.

5.1. Behin-behineko zerrendak.

Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak deialdian onartu eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrendak ikusgai jarriko ditu Nafarroako Gobernuaren iragarki-taulan (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea 2, atalondoa) eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko webgunean (www.nafarroa.eus).

Zerrenda horien kontra interesdunek erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte, edo eskabidean egindako akatsak zuzendu, hamar egun balioduneko epean, hura argitaratu eta biharamunetik hasita, idazki bat aurkeztuta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuari.

Izangai bazterturik ez bada, onartuen zerrendak behin betiko onetsiko dira zuzenean.

5.2. Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukaturik eta haien gainean ebatzi ondoren, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak, ebazpen baten bidez, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak onetsiko ditu, eta Nafarroako Gobernuaren iragarki-taulan (Karlos III.aren etorbidea 2, atalondoa, Iruña) eta Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus) argitaratuko ditu, deialdian ezarritako hautapen proba egiteko eguna, ordua eta tokia adierazita.

Onartuen zerrendan agertzea ez da aski deialdian eskatutako betebeharrak betetzen direla aitortzeko. Izangaiek aurkeztutako dokumentazioa edo Administrazioak bere esku daukana aztertuta, eskatutako baldintzetako bat betetzen ez dutela ikusiz gero, interesdunek deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

Eskabidean adierazten dutenek Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 edo B2 mailari dagokion euskara titulua edo egiaztagiria dutela, zuzenketak egiteko epea iraganda ez badute frogatu, euskararen mailaketa proba egiteko deia jasoko dute.

Euskarazko berariazko probarako deia jaso eta atal honetan aipatzen diren behin betiko zerrendak argitaratu ondoren eta euskara probak hasi baino lehen, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 edo B2 mailari dagokion euskara titulua edo egiaztagiria dutela frogatzen duten izangaiak euskara proba egitetik salbu geldituko dira. Tituluak Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuari igorri beharko zaizkio, eta deialdiaren 3.3 oinarria aipatutako bitartekoaren baten bidez aurkeztu beharko dira. Ohartuz gero aurkezten den dokumentazioa ez dela Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren euskararen C1 edo B2 mailaren baliokidea, interesdunari jakinaraziko zaio berariazko euskara proba egin beharra duela.

5.3. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Seigarrena.–Kalifikazio epaimahaia.

6.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Isabel Anaut Peña andrea, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Babes Zibilerako Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezko epaimahaiburua: Javier Bayona Iturrarte jauna, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko zuzendaria.

Epaimahaikidea: Francisco José Fernández Elizalde jauna, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko segurtasun arloko goi mailako teknikaria.

Ordezko epaimahaikidea: Rebeca Sarasa Erdozain andrea, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko arkitekto teknikoa.

Epaimahaikidea: Yolanda Jiménez Marín andrea, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko S.O.S. Nafarroa Ataleko burua.

Ordezko epaimahaikidea: Elena Iribarren Gorriz andrea, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Larrialdietako Prebentzio, Informazio eta Prestakuntza Ataleko burua.

Epaimahaikidea: José Javier Boulandier Herrerra jauna, Langileen Batzordeak izendatutako ordezkaria.

Ordezko epaimahaikidea: M.ª Puy Armañanzas Pagola andrea, Langileen Batzordeak izendatutako ordezkaria.

Epaimahaikide-idazkaria: Ana Isabel Munguira Elizondo andrea, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Boluntarioen Bulegoko burua.

Ordezko epaimahaikide-idazkaria: Juan Manuel Lobo Palanco jauna, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Babes Zibilerako Zerbitzuko Larrialdien eta Komunikazio Sistemen Plangintza eta Koordinazio Ataleko burua.

6.2. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aipatzen diren arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaikideek ezin izanen dute kalifikazio epaimahaian parte hartu, eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko diote.

Halaber, zilegi da epaimahaia osatzen duten kideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

6.3. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, bere kideen gehiengo absolutua bertan ez bada. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazio eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

6.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistak hartzen ahalko ditu probetarako, eta horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

Zazpigarrena.–Hautapen prozesua.

7.1. Hautapen prozesuak bi fase edukiko ditu: lehena hautaproba bat egitea izanen da, eta bigarrena prestakuntza ikastaro bat gainditzea.

7.1.1. Hautaproba.

Hautaproba egiteko, bi ariketa eginen dira ebazpen honetako II. eranskineko gai-zerrendan agertzen diren gaiei buruz. Bi ariketak egun berean eta ondoz ondo eginen dira:

–Lehenengo ariketa: aukera anitzeko 50 galdera sorta bati erantzun beharko zaio idatziz. Galdera bakoitzari erantzuteko lau aukera eskainiko dira, baina erantzun zuzena bakarra izanen da. Gaiak II. eranskinean ageri direnak izanen dira. Okerreko erantzun bakoitzagatik zuzen erantzuten denaren balioaren herena kenduko da.

Ariketak egiteko ez da inolako testurik edo dokumentaziorik erabiltzen ahalko, ezta hiztegirik, kalkulagailurik edo bestelako materialik ere.

Ariketa honek gehienez ordubete iraunen du.

Ariketa honek, gehienez ere, 30 puntuko kalifikazioa izanen du.

–Bigarren ariketa: praktikoa izanen da, eta II. eranskineko gai-zerrendako gaien inguruan epaimahaiak proposatzen duen kasu bat idatziz ebatzi beharko da.

Ariketa hau egiteko ezin izanen da norberaren materialik erabili, eta epaimahaiak emanen ditu ariketa egiteko behar diren bitartekoak.

Ariketa honek gehienez ere lau ordu iraunen du.

Ariketa honek, gehienez ere, 70 puntuko kalifikazioa izanen du.

7.2. Probak 100 puntuko kalifikazioa izanen du gehienez, eta bazterturik geldituko dira, proba bere osotasunean aintzat harturik, gehieneko puntuazio horren %30 gutxienez lortzen ez duten izangaiak.

Zein egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarra duen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

7.3. Probarako dei bakarra eginen da. Parte-hartzaileek nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat aldean dutela agertu beharko dute proba egitera. Nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertu eginen dira.

7.4. Probak egiteko, beharrezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak jarriko dira, desgaitasun aitorturen bat dutenentzat eta eskabidean eskatu dutenentzat.

Zortzigarrena.–Emaitzak.

8.1. Hautapen probak bukatu ondotik, epaimahaiak Nafarroako Gobernuaren iragarki-taulan eta Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus) argitaratuko ditu lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea emanen du emaitzei buruzko alegazioak egiteko.

8.2. Alegazioak aurkezteko epea bukaturik eta haiek ebatzi ondoren, kalifikazio epaimahaiak parte-hartzaileen artean gertatzen diren berdinketak hautsiko ditu, eta, horretarako, deialdiko eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean izangai bakoitzak duen antzinatasun aitortua hartuko du irizpide.

Berdinketak jarraitzen badu, kalifikazio epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez erabakiko da. Hala, berdindutako izangai guztien artean bat hautatuko da, ausaz. Berdinketa guztiak hurrenkera alfabetikoari jarraikiz deseginen dira, abiapuntu harturik zozketa horretan hautatzen den izangaiaren abizenak eta izena. Bozketaren emaitzak Nafarroako Gobernuaren web-orrian eta iragarki-taulan jarriko dira jendaurrean.

8.3. Aurkezten diren alegazioak eta berdinketak ebatzirik, epaimahaiak Nafarroako Gobernuaren iragarki-taulan eta web-orrian (www.nafarroa.eus) argitaratuko du prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeran aritzeko hautapen prozesua gainditu duten pertsonen zerrenda, lortutako guztirako puntuazioaren arabera ordenatua.

8.4. Euskara proba: proba gainditu duten izangaien artean, euskararen ezagutzari buruzko probak egitea eskatu duen izangairik bada, epaimahaiak Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoaren laguntza eskatuko du. Organo horrek hizkuntza mailaren gaineko berariazko ariketa bat eginen du, eta izangaiei “gai” edo “ez gai” kalifikazioa emanen die.

Horretarako, epaimahaiak, Euskarabidearekin bat, probak egiteko tokia, eguna eta ordua iragarriko ditu. Izangai horientzako deialdia Nafarroako Gobernuaren iragarki-taulan argitaratuko da (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea 2, atalondoa), bai eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko www.nafarroa.eus web-orrian ere.

Euskararen ezagutzari buruzko proben kalifikazioa bukaturik, emaitzak jendaurrean jarriko dira Nafarroako Gobernuaren iragarki-taulan eta Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus).

Bederatzigarrena.–Prestakuntza ikastaroa.

9.1. Hautapen prozesuaren barruan, prestakuntza ikastaro bat dago. Gai kalifikazioa lortu behar da ikastaroa gainditzeko eta, modu horretan, gelako buru izateko lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendan egoteko. Baztertu eginen dira ez-gai kalifikazioa lortzen dutenak.

9.2. Zazpigarren oinarriko proba gainditzen duten izangaiek borondatez parte hartzen ahalko dute prestakuntza ikastaroan. Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak eman eta garatuko du ikastaroa, eskolak berak ezartzen duen moduan.

9.3. Zortzigarren oinarrian ezarritako tramiteak eginda, kalifikazio epaimahaiak prestakuntza ikastaroa egitera deitutako izangaien zerrenda argitaratuko du, eta hura zein egunetan hasiko den adieraziko.

Prestakuntza ikastarora deitutako pertsonen kopurua Babes Zibilerako Zerbitzuaren aurreikuspenen arabera behar diren langileen arabera ezarriko da. Izangaiei prestakuntza ikastarora joateko deia egiteko orduan, zerrendan guztira lortutako puntuazioari jarraituko zaio.

9.4. Prestakuntza ikastaroak 100 ordu iraunen du, gutxi gorabehera. Horietatik 65 praktikoak izanen dira, eta 112 SOS Nafarroa Larrialdiak Kudeatzeko Zentroa arautzen duen martxoaren 6ko 18/2019 Foru Dekretuaren 14. artikuluan aipatzen diren arloak landuko dituzte.

9.5. Prestakuntza ikastaro hori egitetik salbuetsita daude Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolan ikastaroa egina eta gainditua duten izangaiak. Ondorio horietarako, epaimahaiak proba gainditu duten izangaien zerrenda bidaliko dio Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolari, hark prestakuntza ikastaroa gainditua duten izangaien berri eman dezan.

9.6. Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak epaimahaiari igorriko dizkio ikastaroaren emaitzak, honek Nafarroako Gobernuaren web-orrian eta iragarki-taulan argitara ditzan.

9.7. Aurrerago, aldian behin, prestakuntza ikastaro berrietarako deia eginen zaie izangaiei, sortzen diren langile beharren arabera. Zerrendan ageri den guztirako puntuazioari jarraituz deituko zaie izangaiei ikastarora. Prestakuntza ikastaroa gainditzen ez duten izangaiak baztertu eginen dira gelako buru izateko lanpostuetan prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrendatik.

Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak ofizioz igorriko dio Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari gai eta ez-gai kalifikazioa lortu duten izangaien zerrenda, prestakuntzarako zerrendan sartzeko edo bertatik kentzeko.

Hamargarrena.–Gelako buru izateko lanpostuetan prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrenda eta lanerako deia.

10.1. Prestakuntza ikastaroa amaituta, epaimahaiak izangaien zerrendak bidaliko dizkio Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari, hark onets ditzan, hautapen prozesuaren espediente osoarekin batera, prestakuntza ikastaroa gainditu duten izangaiak eta hori egitetik salbuetsita daudenak adierazita.

Hautapen prozesuaren espediente osoa jasota, izangaien zerrendak onetsiko dira Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez. Ebazpen hori Nafarroako Gobernuaren iragarki-taulan argitaratuko da (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea 2, atalondoa), baita Nafarroako Gobernuaren web-orrian ere (www.nafarroa.eus).

10.2. Deitzea.

Lanerako deia eta, hala badagokio, prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeraren deklarazioa honako hauetan ezarritakoaren arabera eginen dira: apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 30eko 199/2004 Foru Agindua, prestakuntzarako lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak osatu eta kudeatzeko prozedura ezarri zuena, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Ezin izanen zaie inola ere deitu prestakuntza ikastaroa egitera deitu ez zaien izangaien atzetik dauden izangaiei.

10.3. Deia jasotzen dutenek eskatutako titulazio betebeharra betetzen dutela frogatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte; horretarako, unibertsitateko gradudun tituluaren, unibertsitateko diplomaren edo ingeniaritza edo arkitektura teknikoko unibertsitate tituluaren fotokopia aurkeztu beharko dute, edo horien baliokidetzat hartutako beste titulu batena, edo lizentziatura, ingeniaritza edo arkitekturako lehen hiru ikasmailak osorik gaindituta dela frogatzen duen ziurtagiria, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena, edo, bestela, eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen titulua lortzeko moduan egon izanaren gaineko ziurtagiria.

Izangaiek aurkezten duten dokumentazioak ez du zertan izan jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua; hortaz, dokumentu horien fotokopia arruntak aurkezten ahalko dira.

Hala ere, Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie izangaiei aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.

10.4. Eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten pertsonak hautapen prozesutik baztertuko dira Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

Hamaikagarrena.–Errekurtsoak.

Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdiaren, oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluarekin bat eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2019ko apirilaren 1ean.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Amaia Goñi Lacabe.

I. ERANSKINA

Prestakuntzarako zerbitzu berezietarako eskabidea (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko langile finkoak bakarrik).

Jaitsi beharreko fitxategia PDF formatuan dago.

II. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1. gaia.–Babes Zibila.

–Babes zibilaren antolaketa Espainian. Babes Zibilaren sistema nazionala. Babes zibilaren antolaketa Nafarroan.

–8/2005 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzkoa.

2. gaia.–Larrialdietarako plangintza.

–Babes Zibileko planak Nafarroan: PLATENA, TRANSNA, basoko suteak, uholdeak, tunelak, industria kimikoak, erradiologikoa. Udalen jarduketa planak.

3. gaia.–Koordinazioa.

–Ekintza koordinaziorako zentroak. Kontzeptua. Helburuak. Eginkizunak. Zerbitzu koordinatuak. Ekintza koordinaziorako zentro integratuak. Hiru zifratako telefonoak. 112 telefonoa. Europako zuzentarauak.

–Martxoaren 6ko 18/2019 Foru Dekretua, zeinaren bidez arautzen baita 112 SOS Nafarroa Larrialdiak Kudeatzeko Zentroa.

4. gaia.–Prozedura operatiboak.

–Jarduten duten zerbitzuen mobilizazioa, tipologiaren arabera.

–Beste prozedura eta tresna batzuk erabiltzea: informazio hidrologikoa. Nafarroako informazio meteorologikoa. CERET delakoa. Salgai arriskutsuak tarteko diren istripuetan esku hartzeko fitxak. Informazio sismikoa.

5. gaia.–Kudeaketa tresnak.

–Larrialdiak kudeatzeko sistema: deiak jaso eta erantzutea. Gertaerak lokalizatu eta balidatzea. Gertaerak tipifikatzea. Zerbitzuak esleitzea. Baliabideak esleitzea. Gertaeren segimendua eta bukaera. Txostenak. Estatistikak. Web ataria. SIGANE. POSIC. SGEren beste aplikazio batzuk.

6. gaia.–Poliziaren esku-hartze zerbitzuak.

–Foruzaingoa. Polizia Nazionalaren Kidegoa. Guardia Zibila. Udaltzainak. Eskumenak. Banaketa.

7. gaia.–Nafarroako suhiltzaileak.

–Eskumenak. Mendekotasuna. Lurraldekako antolaketa. Talde bereziak. Kanpainak. Eginkizunen eta hierarkiaren araberako antolaketa. Banaketa.

8. gaia.–Osasun zerbitzuak.

–Osasun laguntzaren sarea: ospitaleak, larrialdi zerbitzuak. Oinarrizko Osasun Laguntza. Larrialdietako osasun garraioaren sarea. Banaketa.

9. gaia.–Salbamenduetan aritzen diren beste entitate batzuk.

–Boluntarioen entitateak: Gurutze Gorria, DYA, kirol federazioak, erreskate-zakurrak, suhiltzaile boluntarioak, boluntarioen beste elkarte batzuk. Psikologoak. UME. Eginkizunak, antolaketa eta hedapena.

10. gaia.–Komunikazioak.

Nafarroako Gobernuaren irrati bidezko sarea. Tetra sistema. Irrati-hizkuntza.

11. gaia.–Nafarroako geografia.

Nafarroako populazioguneak: udalak eta kontzejuak. Bide-sarea Geografia fisikoa.

Iragarkiaren kodea: F1904658

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa