(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Bilatzaile erabili!

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Google
  • Facebook

Nire NAOrako sarrera

62. ALDIZKARIA - 2019ko apirilaren 1a

  • 1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
    • 1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
      • 1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

357/2019 EBAZPENA, 2019ko otsailaren 21ekoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak emana, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketa Zerbitzuari atxikitako A mailako O.L. teknikari lanpostu hutsak lekualdatze lehiaketa bereziaren bidez betetzeko deialdia onesten duena.

Gobernu Kontseiluak 2017ko azaroaren 27an hartutako erabaki baten bidez onetsi zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Zerbitzuetako langileen 2017ko lan publikoaren eskaintza, eta han, besteak beste, O.L. teknikari izateko zenbait lanpostu jaso zituen, funtzionarioen araubidekoak (A maila).

Gobernu Kontseiluaren 2018ko ekainaren 19ko erabakiaren bidez onetsitako Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Lanpostuak betetzeko Arautegiaren 9.2 artikuluan ezarritakoarekin bat, lan publikoaren eskaintza batean jasotako lanpostu hutsak lehenik eta behin lekualdatze lehiaketaren bidez betetzeko eskaini behar dira, funtzio publikoan sartzeko deialdietan gehitu baino lehenago.

Gaur egun, Unibertsitateko plantilla organikoan dauden A mailako O.L. teknikarien lanpostu hutsen artean, Ikerketa Zerbitzuari atxikitakoak daude. Zerbitzu horretako eginkizunek espezializazio jakin bat eskatzen dute, eta, hartara, beharrezkoa da arestian aipatutako Gobernu Kontseiluaren 2018ko ekainaren 19ko erabakiaren bidez onetsitako Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Lanpostuak betetzeko Arautegiaren 10.3 artikuluan aurreikusitakoa aplikatzea, alegia, lekualdatze lehiaketetan oro har ezarritako elementuez gain, lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruzko proba praktiko bat baloratzea. Proba hori baztertzailea izango da.

Ikusirik Langileen Kudeaketarako Ataleko buruak egin duen proposamen-txostena, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak ontzat eman duena.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza taldearen egitura orokorra onetsi eta bere funtzioak zehazteko 2015eko ekainaren 24an eman zuen 1042/2015 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehena.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketa Zerbitzuari atxikitako A mailako O.L. teknikari lanpostu hutsak lekualdatze lehiaketa bereziaren bidez betetzeko deialdia onestea.

Lehiaketa hori Gobernu Kontseiluaren 2018ko ekainaren 19ko erabakiaren bidez onetsitako Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Lanpostuak betetzeko Arautegiaren 10.3 artikuluan ezarritakoarekin bat garatuko da.

Bigarrena.–Deialdia arautzen duten oinarriak onestea, ebazpen honi I. eranskin gisa atxikitakoak, baita merezimenduak balioesteko baremoa ere, ebazpen honi II. eranskin gisa atxikitakoa.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoan argitara dadila agintzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, Unibertsitateei buruzko 2001eko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 6.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, eta haren kontra zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea errektorearen aurrean, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako epaitegietan, hilabeteko epean lehenbiziko kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2019ko otsailaren 21ean.–Kudeatzailea, Joaquín Romero Roldán.

I. ERANSKINA

Nafarroako Unibertsitate Publikoko O.L. teknikari lanpostu
hutsak (ikerketa) lekualdatze lehiaketa bereziaren bidez
betetzeko deialdiaren oinarriak

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea Nafarroako Unibertsitate Publikoko A mailako O.L. teknikari lanpostu hutsak lekualdatze lehiaketaren bidez betetzea da.

1.2. Deitutako lanpostu guztiak Ikerketa Zerbitzuari atxikita daude, eta honako eginkizun hauek dituzte:

–Ikertzaileei aholku ematea eta laguntzen deialdi publikoetarako ikerketa proposamenak nahiz entitate publiko eta pribatuentzako kontratu-eskaintzak prestatzen, planifikatzen eta haietarako aurrekontua egiten laguntzea.

–Prozedura eta lizitazio publikoetarako eskaintzak lantzea eta prestatzea.

–Negoziazio teknikoa, ekonomikoa, eta emaitzen jabetza eta titulartasunari buruzko negoziazioa egitea, ikerketa-kontratu eta hitzarmenetan, eta lankidetza proiektuen partzuergorako erabakietan.

–Unibertsitateko spin-off enpresekiko bazkide-itunak prestatzea eta negoziatzea.

–Proiektuen, kontratuen eta ikerketarako laguntzen kudeaketa teknikoa eta ekonomikoa egitea. Zein gastu hauta daitezkeen zehaztea eta haiek kudeatzea.

–Ikerketa proiektu eta jardueren garapenari eta gauzatzeari buruzko proposamenak eta txosten teknikoak prestatzea.

–Solaskide aritzea eta jarraipena egitea entitate finantzatzaile eta kontratatzaileekin izandako laguntzetan eta ikerketa-kontratuetan.

–Outputen eta proiektuen emaitzen jarraipena egitea: haiek babesteko eta ustiatzeko modua aztertzea, baita Open Access eta Open Datari dagokienez hartutako betebeharrak ere.

–Ikerketa-proiektuen justifikazio ekonomikoak prestatzea eta erakunde finantzatzaileek eskatzen dituzten kontu-ikuskaritzak koordinatzea.

–Prestakuntza jarduerak koordinatzea eta ematea honako hauei buruz: ikerketaren kudeaketa, proposamenen prestaketa, eta ikertzaileentzako zein ikerketako laguntzaileentzako laguntzen kudeaketa eta justifikazioa.

–Txostenak, datuak, azterlanak eta estatistikak prestatzea Unibertsitateko ikerketa-jarduerari buruz.

1.3. Aurreko apartatuan adierazitakoa kontuan hartuta, Gobernu Kontseiluaren 2018ko ekainaren 19ko erabakiaren bidez onetsitako Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Lanpostuak betetzeko Arautegiaren 10.3 artikuluan ezarritakoarekin bat garatuko da lehiaketa.

2.–Arau aplikagarriak.

Merezimendu-lehiaketa hau arautzeko, honako hauek hartuko dira kontuan: Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Lanpostuak betetzeko Arautegia, Gobernu Kontseiluak 2018ko ekainaren 19an onetsia; Unibertsitateko kudeatzailearen 2019ko urtarrilaren 15eko 58/2019 Ebazpena, mugikortasun mapa onesten duena aipatu arautegia osatzeko; Unibertsitateen G9 Taldeko Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Mugikortasun Hitzarmena; 1993ko abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duena; Nafarroako Administrazio Publikoetan Langileen Lanpostuak betetzeko Arautegia, 1985eko azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsia; deialdi honen oinarriak, eta aplikatzekoak diren gainerako araudi guztiak.

3.–Argitaratzeak.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, deialdi honen ondoriozko argitalpen eta komunikazioak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren intranetean egingo dira (https://portal.unavarra.es), eta hortik kanpokoek ez dute inolako baliorik izango, oinarri hauetan espresuki adierazten direnen kasuan izan ezik.

4.–Lanpostu hutsak.

4.1. Deialdiko lanpostu hutsak III. eranskinean ageri dira.

4.2. Zilegi da deialdi honetako lanpostuen hasierako kopurua handitzea, epaimahaiak deialdia egin duen organoari izangaien zerrenda (lortutako puntuen hurrenkeraren araberakoa) igortzen dion egunean Ikerketa Zerbitzuan hutsik dauden lanpostuak gehituta.

4.3. Halaber, zilegi da aipatutako lanpostuak deialditik kanpo uztea zerbitzu aktibora itzuli direnei edo burutza bat utzi duten langile finkoei esleitu zaizkielako, edo ordenamenduan ezarritako beste edozein arrazoirengatik.

5.–Izangaiek bete beharrekoak.

5.1. Merezimendu-lehiaketa honen xede diren lanpostuetako bat betetzeko prozesuan parte hartzen dutenek baldintza hauek bete behar dituzte eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta esleitutako lanpostuaz jabetzen diren arte:

a) Nafarroako Unibertsitate Publikoko edo G9 Taldeko Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Mugikortasun Hitzarmena sinatu zuten unibertsitateetakoren bateko langile funtzionarioa izatea, bere administrazio-egoera zein den kontuan hartu gabe.

b) Lanpostu hutsen maila bereko lanpostua edukitzea.

c) O.L. teknikari lanpostuan aritzeko izendatua izatea.

5.2. Beharrezko hautaprobak gainditu ondoren Nafarroako Unibertsitate Publikoan sartzen diren langileek, beren lanpostuak nahitaezkoa badu euskara edo Europako Erkidegoko beste hizkuntza bat jakitea, hizkuntza hori nahitaezkoa duten lanpostu hutsen artean baino ezin izango dute aukeratu.

Hala ere, eskatzen den hizkuntza zein den kontuan hartu gabe, hautaproben emaitzek bidea ematen badiote interesdunari eskakizun hori ezarria ez duen lanpostu bat eskuratzeko, ez da baldintza hori aplikatuko.

5.3. Zerbitzu, atal, bulego edo aurrekoekin parekatutako unitate baten buru izan, eta deialdi honetan eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztenek lekualdatze lehiaketan parte hartzeko aukera izango dute. Prozedura honetan esleitutako lanpostuaz jabetzeak berekin ekarriko du zerbitzuko, ataleko, bulegoko edo aurrekoekin parekatutako unitate baten buru izateari uztea.

5.4. Lanpostua gorde gabe borondatezko eszedentzian edo nahitaezko eszedentzian dauden funtzionarioek, lehiaketan parte hartu eta deialdiko betekizun guztiak betetzen badituzte, berriz sartuko dira jarduneko zerbitzuan, eta lanpostu bat behin betikoz esleituko zaie.

5.5. Behin-behinean lanpostu huts bati atxikita berriz ere zerbitzu aktibora itzuli diren langileek nahitaez aurkeztu behar dute lekualdatze lehiaketa honetara, behin betiko destinoa eslei dakien.

6.–Eskaerak.

6.1. Eskaerak.

Eskabide-eredua Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren helbide honetan dago:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/instancia-general+?languageId=100001

6.2. Izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, 5. oinarrian aipatzen diren betekizunen eta II. eranskinean zerrendatzen diren merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte, aipatu dokumentazioa jada Nafarroako Unibertsitate Publikoak duenean izan ezik; hala bada, eskabidean adierazi beharko da. Nolanahi ere, Giza Baliabideen Zerbitzuak ez baditu aipatu dokumentuak lortzen, zilegi izango du horiek izangaiei eskatzea.

Zehazki, ezein kasutan ez dira aurkeztu beharko administrazio publikoetan emandako zerbitzuak, Nafarroako Unibertsitate Publikoak jada aitortuak baditu. Lehiatzaile bakoitzaren espedientean jasoko dira zuzenean, eta epaimahaiari emango zaizkio barema ditzan.

6.3. Epea.

Eskabideak aurkezteko epea hamabost egun natural igaro ondoren bukatuko da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Eskabideak aurkezteko epea ezin izango da luzatu.

6.4. Aurkezteko modua.

a) Presentziala.

Parte hartzeko eskabideak eta, beharrezkoa denean, dokumentazioa Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira (Arrosadiko campusa z.g., 31006 Iruñea / Tuterako campusa, Tarazonako etorbidea z.g., 31500 Tutera), edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 legearen 16.4 artikuluan ezarritako tokietako batean.

Eskaera posta-bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian egingo da, posta-zerbitzuko langileak, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzan, eta ondoren egiaztatu eta bidali Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistrora (Arrosadiko campusa z.g., 31006 Iruñea).

b) Telematikoa.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistro Elektronikoan bere egoitza elektronikoaren webgunearen bidez: https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/azl

7.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

7.1. Eskabideak aurkezteko epea igaro eta gero, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpen bat emango du deialdi hauetan onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrendak onesteko.

Behin-behinean baztertu diren edo aipatu ez diren izangaiek, behin-behineko zerrenda argitaratu eta ondorengo 5 egun baliodunetan, zilegi dute erreklamazioak aurkeztea eta, akatsik baldin badago, haiek zuzentzea. Aipatutako epean zerrendetan ez agertzearen aurka alegatu eta onartuen zerrendan egoteko eskubidea justifikatzen ez duten edo akatsa zuzentzen ez duten izangaiak behin betiko bazterturik geldituko dira.

7.2. Erreklamazioetarako epea iragan eta haiek ebatzi ondoren, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpena emango du onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda onesteko.

Hautaprobetako onartuen zerrendan egoteak ez du esan nahi, inola ere, Unibertsitateak aitortzen duenik izangaiek deialdiko oinarrietan eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela. Aurkeztutako dokumentazioa edo Unibertsitatearen eskura dagoena aztertuta ikusten bada izangairen batek ez duela betetzen eskatzen diren baldintzetakoren bat, bertan behera geratuko dira deialdian parte hartzeagatik erator litezkeen eskubide guztiak.

7.3. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin, egin beharreko jakinarazpena egin dela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluak xedatzen duenarekin bat etorriz.

8.–Epaimahaia.

8.1. Honako hauek osatuko dituzte deialdiko lanpostu bakoitzaren merezimendu-lehiaketak kalifikatu behar dituzten epaimahaiak:

–Epaimahaiburua: Joaquín Romero Roldán jauna, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzailea.

Ordezko epaimahaiburua: Pablo Sanchis Gurpide jauna, Ikerketarako Baliabideen eta Egituren Arloko zuzendaria.

–Epaimahaikidea: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat, Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatua.

Ordezko epaimahaikidea: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat, Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatua.

–Epaimahaikide idazkaria: Benigno Gómez López jauna, Ikerketa Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezko epaimahaikide idazkaria: Iosu García Fernández jauna, Ikerketa Zerbitzuko Jakintza Transferitzeko Ataleko burua.

8.2. Administrazio prozedura erkidearen arauetan aipaturiko arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta horren berri eman deialdia egin duen organoari. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, aipatu egoera horietako bat gertatzen denean.

8.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren arauen interpretazioan eta aplikazioan sortzen diren zalantzak.

8.4. Epaimahaiak sei hilabete izango ditu gehienez ere, eskaerak aurkezteko epetik kontatzen hasita, lehiaketaren atalen balorazioak egiteko.

8.5. Jakinarazpenak egiteko eta bestelako gorabeheretarako, epaimahaiaren egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Kudeaketako eraikina izango da.

9.–Merezimenduak.

9.1. Alderdi hauek balioetsiko dira:

a) Administrazio publikoetan emandako zerbitzuak: 30 puntu gehienez.

b) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa: 10 puntu gehienez.

c) Lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruzko proba praktikoa, III. eranskinean jasotako gaitegiarekin bat: 10 puntu gehienez.

Aurreko apartatuetan adierazitako puntuazioari hizkuntzak jakiteari dagokion balorazioa gehituko zaio.

9.2. Aurreko apartatuko a) eta b) letretan aipatzen diren elementuak deialdi honen II. eranskinean ezarritako merezimenduen baremoarekin bat balioetsiko dira.

9.3. Epaimahai kalifikatzailearen iragarkiaren bidez jakingo dute izangaiek noiz egingo den 1. apartatuko c) letran aipatzen den proba praktikoa.

Proba hori baztertzailea izango da, eta, gainditzeko, ezinbestekoa izango da gutxienez 5 puntu lortzea.

Proba gainditzen duten izangaiek lortutako puntuazioa lehiaketaren gainerako apartatuetan lortutakoari gehituko zaio, izangaietako bakoitzaren guztizko puntuazioa lortzeko.

9.4. Epaimahaiak inola ere ez du onartuko izangaiek alegatu ez duten edo agirien bidez frogatu ez duten merezimendurik, eta ezin izango du atal bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino handiagorik eman. Epaimahai kalifikatzaileak edozein unetan du aukera azalpenak eta datu osagarriak eskatzeko, izangaiek garaiz eta forman alegatu eta frogaturiko merezimenduen gainean.

9.5. Izangaiek lehiaketan guztira lortzen dituzten puntuetan berdinketarik bada, administrazio publikoen zerbitzuan antzinatasunik handiena dutenen alde joko da. Berdinketak jarraitzen badu, izangai zaharrenaren alde ebatziko da.

9.6. Merezimenduen kalifikazioa amaiturik, parte-hartzaileek lortutako puntuazioak argitaratuko ditu epaimahaiak, eta bost egun balioduneko epea irekiko du interesdunek eskubidez dagokiena alegatu dezaten beren merezimenduen balorazioaren inguruan.

9.7. Egin diren erreklamazioak ebatzi ondoren, epaimahai kalifikatzaileak behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu, eta izangaien zerrenda Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileari bidaliko dio, lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, espediente osoarekin batera.

10.–Lanpostu hutsen aukeraketa, esleipena eta jabetza hartzea.

10.1. Nafarroako Unibertsitate Publikoko langileei lanpostu hutsak aukeratzeko ekitaldi publikora deituko zaie Nafarroako Unibertsitate Publikoaren intranetean argitaratuko den iragarki baten bidez.

Giza Baliabideen Zerbitzuari emango zaio lanpostu hutsen aukeraketa prozesua kudeatzeko ardura.

10.2. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Lanpostuak betetzeko Arautegiak ezarritakoarekin bat etorriz, izangaiek ezin izango dituzte beren atalari atxikitako lanpostu hutsak aukeratu, campusa edo lanaldia aldatzea ekartzen duen kasuetan izan ezik.

10.3. Nafarroako Unibertsitate Publikoko langileek lanpostu hutsak aukeratzen bukatutakoan, gainerako lanpostu hutsak G9 Taldeko Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Mugikortasun Hitzarmena sinatu zuten beste unibertsitateetako langileei eskainiko zaizkie.

10.4. Lanpostu hutsak aukeratzeko ekitaldira joaten ez direnek galdu egingo dituzte lehiaketan parte hartzeko eskubide guztiak.

10.5. Behin lanpostu hutsa aukeratuta, ezin izango zaio uko egin.

10.6. Lanpostu hutsen aukeraketa bukatuta, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak, ebazpen baten bidez, dagokien lanpostua esleituko die izangaiei, eta hori Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean argitaratu dadila aginduko du.

Argitalpen hori gauzatuta, egin beharreko jakinarazpena egin dela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluak xedatzen duenarekin bat etorriz.

10.7. Esleipenari buruzko ebazpena argitaratu ondoko hamar egun balioduneko epean hartu beharko dute izangaiek esleitu zaien lanpostuaren jabetza, non eta ebazpen horrek ez duen jabetza hartzeko beste data bat ezartzen.

11.–Lansariak.

Lekuz aldatzen diren langileek xedapen indardunek esleitzen dizkieten lansariak jasoko dituzte.

12.–Datuen babesa.

Hautaketa-prozesu honetan parte hartzeko, datu pertsonalak eskatzen zaizkie izangaiei, eta datu pertsonalen fitxategi batean sartzen dira. Fitxategi horren helburua irakaskuntzaren eta ikerketaren esparruko Nafarroako Unibertsitate Publikoko langileak kudeatzea da, eta, bereziki, hautaketa-prozesuetako hautagaiek izandako parte-hartzea eta unibertsitate-zabalpeneko jardueretan NUPeko langileek izandako esku-hartzea kudeatzea.

Deialdi honetan parte hartzeko eskabidean hautagaiek baimena emateak berekin dakar hautaketa-prozesuan emandako datuak tratatzeko baimena ematea ere. Datu pertsonalak babesteko indarrean diren araudien arabera interpretatu behar da hori. Zehazki, hauek dira bete beharreko araudiak: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 Erregelamendua (EB), 2016ko apirilaren 27koa, Datu pertsonalen tratamenduaren eta datu horien zirkulazio askearen gaietan pertsona fisikoak babesteari buruzkoa; eta, bestetik, 3/2018 Lege Organikoa, 2018ko abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa.

Datu horiek tratatzeko ardura Nafarroako Unibertsitate Publikoarena da. Datuak tratatzeko jarduerei dagokienez, interesdunek eskubidea dute datuak sartzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko, haiei kontra egiteko eta transferitzeko. Horretarako, mezu bat bidali behar da delegado.protecciondatos@unavarra.es helbidera, 3/2018 Lege Organikoaren 11. eta 18. artikuluei jarraikiz -2018ko abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa-.

13.–Errekurtsoak.

Epaimahai kalifikatzaileak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Deialdi honen aurka, haren oinarrien aurka eta beroriek aplikatzeko egintzen aurka, epaimahaiak egindakoak ez direnean, zilegi da ondoko errekurtsoetako bat jartzea, arau indardunekin bat etorriz:

a) Aukerako berraztertze-errekurtsoa errektorearen aurrean, hilabeteko epean, aurkatutako egintza jakinarazi edo iragarri eta biharamunetik aurrera.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, aurkatutako egintza jakinarazi edo iragarri eta biharamunetik aurrera.

II. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

a) Administrazio publikoetan emandako zerbitzuak. 30 puntu gehienez ere.

Administrazio publikoetan emandako zerbitzuen balioespena egiteko, dagokion deialdia argitaratzean aitortutako antzinatasuna hartuko da aintzat, eta urte bakoitzak puntu bat balioko du.

Oharra a) atalari buruz: urte kopurua osoa ez bada, zerbitzualdiari proportzioan dagokion puntuazioa esleituko zaio.

b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk: 10 puntu gehienez ere.

Oharra b) atalari buruz: atal honetan, deialdiko lanpostuarekin zerikusia duten merezimenduak besterik ez da aintzat hartuko.

b.1) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza-jardueretan parte hartu izana: 0,10 puntu kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 ikastordu); 7 puntu gehienez ere.

Oharrak b.1. atalari buruz:

1. Baloratu beharreko prestakuntza-jardueretako ikastorduen zatikiak hainbanatuko dira.

2. Ikastorduen kopuruaren berri ematen ez duten ziurtagiriak kreditu batekotzat hartuko dira.

3. Ikasturte bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriak 12 kreditukotzat hartuko dira.

4. Puntuazio berarekin balioetsiko da prestakuntza-jardueretan parte hartu izana baldin eta, erakunde antolatzailearen baldintzak bete ez arren, Administrazioaren aginduz egin badira edo Administrazioak baliozkotu baditu. Horien artean espresuki sartuko dira sindikatuek administrazio publikoen Etengabeko Prestakuntza Akordioen barruan antolatutakoak.

5. Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak, nola unibertsitarioak hala unibertsitatez kanpokoak, ez dira atal honetan balioetsiko.

b.2) Biltzar edo jardunaldietan txostenak edo komunikazioak aurkeztu izana, beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egin izana eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratu izana: 2 puntu, gehienez ere, epaimahaiak balioetsi beharrekoak, betiere kontuan harturik lana edo jarduera bakarka edo taldean egina den eta biltzarrak edo argitalpenak nolako maila duen, hots, lokala, eskualdekoa, nazionala edo nazioartekoa.

b.3) Sektore publikoan prestakuntza saioak antolatu edo halakoetan irakasle aritu izana: puntu bat gehienez ere, epaimahai kalifikatzaileak balioetsi beharrekoa jardueren iraunaldiaren arabera.

c) Puntuazio gehigarria hizkuntzak jakiteagatik.

c.1) Merezimenduen baremo guztietan baloratu beharreko merezimendu gisa gehituko da frantsesa, ingelesa edo alemana jakitea, Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak baitira. Bakoitzarengatik gehienez ere 2 puntu emango dira.

c.2) Baremoetan baloratu beharreko merezimendu gisa gehituko da euskara jakitea. Gainerako merezimenduen baremoari esleitutako puntuazioaren %6 izango da gehieneko balorazioa.

Oharrak c) atal osoari buruz:

1. Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren baliokidea den ezagutza maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiri bat duenak gehieneko balorazioa eskuratuko du.

2. Titulazio edo ziurtagiri hori ez badu, gehieneko puntuazioaren 1/5 emango zaio Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 mailaren baliokidea den titulu edo ziurtagiri bat duenari, 2/5 A2 mailaren baliokidea duenari, 3/5 B1 mailaren baliokidea duenari, eta 4/5 B2 mailaren baliokidea duenari.

III. ERANSKINA

Gai zerrenda

1.–Ikerketa Zientifikorako eta Teknikorako eta Berrikuntzarako Espainiako 2017-2020ko Plana: kudeaketa-printzipioak, antolamendua, finantzaketa, helburuak eta onuradunak. Espainiako Plana eta I+G+b: programak eta azpiprogramak.

2.–Ikerketa kontratatua unibertsitatean. Arau-esparrua. Kostuen eta kontraprestazioen kalkulua; konfidentzialtasuna; emaitzen jabetza eta ustiaketa.

3.–Zientziako, Teknologiako eta Berrikuntzako Nafarroako Sistema. Zientziarako, Teknologiarako eta Berrikuntzarako Nafarroako Plana. Nafarroako Gobernuak I+G+B jarduerak finantzatzeko dituen baliabideak eta programak.

4.–Horizon2020 Programako jarduerak: parte hartzeko baldintzak eta jardueren kudeaketa zutabe eta baliabideetako bakoitzean.

5.–Ikerketa kolaboratzailea. Partzuergorako erabakiak. Finantzaketa. Aldez aurreko ezagutza. Emaitzen jabetza, erabilera eta ustiaketa.

6.–Jabego industriala eta intelektuala, ikerketen emaitzen legezko babes gisa. 24/2015 Legea, Patenteei buruzkoa. Patentearen kontzeptua, patentatzeko baldintzak, tramitazioa. Espainiako eta nazioarteko esparru geografikoa.

7.–Ikerketaren emaitzak lizentzia bidez transferitzea. Lizentzia motak eta itzultzeko moduak.

8.–Ikerketa eta jakintzaren transferentzia LOUn eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetan.

9.–Ikertzaileen kontratazioa Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Arau-esparrua eta kontratatzeko politikak.

10.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikerketa institutuak.

11.–Oinarri teknologikoko enpresak sortzea, ikerketa-jardueratik abiatuta. Enpresa plana. Legezko alderdiak. Araubidea Nafarroako Unibertsitate Publikoan.

IV. ERANSKINA

O.L. Teknikari lanpostu hutsak (ikerketa)

LANPOSTUA

ATXIKIPENA

CAMPUSA

LANALDIA

579

LAGUNTZEN ETA DEIALDIEN ATALA

IRUÑEA

GOIZEZ

580

LAGUNTZEN ETA DEIALDIEN ATALA

IRUÑEA

GOIZEZ

581

JAKINTZA TRANSFERITZEKO ATALA

IRUÑEA

GOIZEZ

Iragarkiaren kodea: F1903682

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa