(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Bilatzaile erabili!

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Google
  • Facebook

Nire NAOrako sarrera

57. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 25a

  • 2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
    • 2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

MALERREKAKO ZERBITZU OROKORREN MANKOMUNITATEA

Gizarte hezitzaileen kontratazio-zerrenda sortzeko deialdia

Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitateko Asanbladak, 2019ko urtarrilaren 21ean, gizarte hezitzaileen kontratazio-zerrenda sortzeko deialdia onartu zuen.

Donezteben, 2019ko otsailaren 25ean.–Lehendakaria, Jon Telletxea Juanenea.

GIZARTE HEZITZAILEEN KONTRATAZIO-ZERRENDA SORTZEKO DEIALDIA

1.–Arau orokorrak.

1.1. 2019ko otsailaren 21ean Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitateak onartu zuen Toki Entitateen Arteko Lankidetza Hitzarmena, gizarte hezitzaileak aldi baterako kontratatzeko izangaiak hautatzeko. Deialdi honen xedea da jarraian aipatzen diren toki entitateen gizarte hezitzaileen kontratazio-zerrenda osatzea: Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitatea eta Baztango Udala.

1.2. Lanpostu horiek B mailako lansaria izanen dute, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen lansarien behin-behineko erregelamenduan eta hura garatzen edo aldatzen duten gainerako xedapenetan ezarri bezala. Titulazio altuagoa duen izangaia izendatuz gero, lanposturako eskatzen den titulazioari dagokiona izanen da lansaria.

1.3. Lanaldia zerbitzuko beharrei egokituko zaie, eta administrazio organo eskudunak edozein unetan aldatzen ahal izanen du.

2.–Izangaien baldintzak.

2.1. Oposizioan onartuak izateko, izangaiek eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako ondoko baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio, langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa; espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek parte hartu ahalko dute ere, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina gainditua ez izatea.

c) Euskarazko hizkuntza gaitasuna egiaztatzen duen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailako titulua edo baliokideren bat izatea. Izangairen batek ez baldin badu Euskara maila kreditatzeko titulurik, maila zehazteko Euskara azterketa egingo zaio.

d) Gizarte Hezkuntzan diplomadun edo graduatuaren titulua edo balio bereko beste bat izatea.

e) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.

f) Eginkizun publikoak betetzeko gabetua edo desgaitua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik berezia ez izatea.

g) Ibilgailuak gidatzeko B mailako baimena izatea.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartu ahal izateko eskabideak Malerrekako Mankomunitatearen Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira, hogei egun naturaleko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina eta azken eguneko arratsaldeko ordu bata arte, eta egun hori baliogabea bada, balioduna den hurrengora arte. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar ditzaten ziurtatu aurretik. Gainera, Malerrekako Mankomunitateari jakinarazi beharko zaio posta elektronikoz (mancomunidad@malerreka.infolocal.org); betiere, aurkezteko epearen egun eta orduen barrenean.

3.2. Eskabideak deialdian argitaratzen den ereduari lotuko zaizkio eta dokumentazio hau erantsiko zaie:

a) Nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen fotokopia konpultsatua.

b) Eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua.

c) B motako gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

d) Hizkuntza maila egiaztatzeko eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua.

e) Lehiaketaren baremoaren irizpideei jarraikiz, baloratuko diren merezimenduen gaineko agiriak. Epaimahaiak ez ditu aintzat hartuko jatorrizko agiriekin edo fotokopia konpultsatuekin egiaztaturik ez dauden merezimenduak.

4.–Izangaien onarpena eta prozedura.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondotik, Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitateko Lehendakariak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duena, eta Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitateko iragarki oholean eta Mankomunitatearen web atarian argitara emanen du. Bazterturik ez badago, onartutakoen zerrenda behin betikoa izanen da.

4.2. Izangai baztertuek, behin-behineko zerrenda argitaratu ondoko hamar egun baliodunen barrenean, erreklamazioak egiten ahalko dituzte, eta, akatsik baldin bada, horiek zuzendu.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea amaitu eta horiek ebatzi ondotik Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitateko Lehendakariak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, baita euskara maila egiaztatzeko proba egiteko eta deialdian aurreikusitako proba egiteko eguna eta lekua iragartzeko ere, eta Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitateko iragarki oholean eta Mankomunitatearen web atarian argitara emanen du.

5.–Epaimahai kalifikatzailea.

5.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

Mahaiburua: Jon Telletxea Juanenea, Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitateko Burua.

Ordezkoa: Leire Urtuoste Garcia, Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitateko Gizarte Zerbitzuen Batzordeko Burua.

Mahaikidea: Laura Andresena Zubigaray, Baztango Udaleko gizarte langilea.

Ordezkoa: Elena Urtasun Lasa, Baztango Udaleko gizarte langilea.

Mahaikidea: Begoña Alberro Etxandi, Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitateko gizarte langilea.

Ordezkoa: Edurne Anzizar Ibarra, Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitateko gizarte langilea.

Mahaikidea: Arantxa Gamio Igoa, Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko gizarte hezitzailea.

Ordezkoa: Alicia Sagaseta Irigoien, Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko gizarte langilea.

Mahaikidea: Gema Mutuberria Vergara, Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitateko langileen ordezkariek izendatua.

Ordezkoa: Amaia Sagastibeltza Azpiroz, Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitateko langileen ordezkariek izendatua.

Idazkaria: Jon Etxague Goia, Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitateko idazkaria, Ordezkoa: Ainara Velez Ara, Baztango Udaleko idazkaria.

5.2. Probei hasiera eman baino lehen epaimahaia eratu beharko da, eta mahaiburuak horretarako deia eginen die gainerako kideei.

5.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, bere kideen gehiengo osoa bederen ez bada biltzen.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdi honen oinarriak ulertu eta aplikatzean sor daitezkeen gorabehera guztiak.

5.5. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari hori jakinarazi, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan horretarako aurreikusiak dauden arrazoiak suertatzen badira.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errefusatzea, aipatu egoera horiek gertatzen badira.

5.6. Epaimahaiak aholkulari adituak ekartzen ahal izanen ditu proba guztietarako edo batzuetarako bakarrik. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan aritzera mugatuko dira, eta horietan baino ez diote laguntzarik emanen epaimahaiari.

6.–Lehiaketaldia.

6.1. Lehen fasea eta, hala badagokio, euskara proba gainditu duten izangaiei soilik balioztatuko zaizkie merezimenduak, betiere prozesuan onartuak izateko aurkeztu duten eskabideari atxikitako dokumentazioaren arabera.

6.2. Epaimahaiak III. eranskinean ematen den baremoari jarraikiz baloratuko ditu merezimenduak.

Jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsatuta aurkeztu beharko dira.

Gehienez ere 20 puntu emanen dira.

Epaimahaiak ezin izanen du, inola ere, aurkeztu gabeko edo agirien bidez egiaztatu gabeko merezimendurik kontuan hartu.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahal ditu izangaiek alegatutako merezimenduen gainean.

6.3. Izangaiek lehiaketaldian eskuratzen duten puntuazioa Malerrekako Mankomunitateko webgunean argitaratuko da oposizioaldia hasi baino lehen.

7.–Proba.

7.1. II. eranskinean agertzen diren gaiei buruzko froga teoriko-praktikoa egingo da. Probaren gehieneko balorazioa 80 puntukoa izanen da. Izangaiek puntuazioaren erdia lortu beharko dute (40 puntu). Hori lortzen ez duenak baztertuak geratuko dira.

7.2. Ariketaren iraupena epaimahaiak zehaztuko du, ariketaren hasieran.

7.3. Ariketarako dei bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala eraman beharko dute edo, bestela, epaimahaiaren iritziz onargarria den beste nortasun agiriren bat. Oposiziotik kanpo geldituko dira agertzen ez direnak edo nortasuna aipatutako agirien bidez frogatzen ez dutenak.

7.4. Galarazia dago ariketetara kontsultarako materiala eramatea.

8.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda.

8.1. Proba teoriko-praktikoa kalifikatu ostean, epaimahaiak proba gainditu dutenen zerrenda emanen du argitara webgunean, bakoitzaren puntuazioaren hurrenkeraren arabera egina eta puntuaziorik altuena eskuratu duen izangaiarekin hasia.

9.–Zerrenden kudeaketa.

9.1. Oposizioaldia eta lehiaketaldia bukaturik, gainditu duten izangaien zerrenda argitaratuko du epaimahaiak Mankomunitateko webgunean, lortutako puntuazio-hurrenkeraren arabera, oposizioko ariketan eta lehiaketaldian izangaiek lortutako kalifikazioak batuta.

9.2. Deialdi honen bidez sortutako kontratazio-zerrenda lau urtez egonen da indarrean eta lehentasuna izanen du Gizarte Hezitzaileen Aldi Baterako Kontratazioei buruzko Lankidetza Hitzarmena sinatutako toki entitateetako gizarte hezitzaile lanpostu hutsak betetzeko.

9.3. Izangaiak deitzea eta, horrela dagokionean, horien kontratazioa abuztuaren 30eko 251/1993 Foru Dekretu Legegilearen 88. eta hurrengo artikuluek ezarritakoarekin bat eginen dira (Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileriaren Estatutuaren Testu Birbildua), baita aplikatzekoak diren gainerako arauak kontuan hartuta ere.

10.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabetez, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu edo errekurritzen den egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia onartu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

II. ERANSKINA

Ariketa teoriko-praktikorako gai zerrenda

–15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte zerbitzuei buruzkoa.

–69/2008 Foru Dekretua, ekainaren 17koa, gizarte zerbitzu orokorren zorroa onesten duena.

–Gizarte Hezitzailea Gizarte Zerbitzuetan. Metodologia eta talde lana.

–32/2013 Foru Dekretua, maiatzaren 22koa, Gizarte Zerbitzuei buruzko Foru Legea Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Programa eta Finantzaketa arloan garatzeko erregelamendua onesten duena.

–Nafarroako Foru Komunitatean babesgabeko haurren kasuetan esku hartzeko eskuliburua. Adierazleak, interbentzio prozesua eta eskumenak. Nafarroako Gobernua.

–15/2016 Foru Legea, azaroaren 11koa, gizarteratzerako eta errenta bermaturako eskubideak arautzen dituena.

III. ERANSKINA

Lehiaketaldiko merezimenduen balorazioa

Lehiaketak gehienez ere 20 puntuko balorazioa izanen du eta modu honetan banatuko da:

1.–Lan esperientzia (gehienez 12 puntu):

a) Gizarte hezitzaile gisa aritu izana administrazio publikoetan. Urte bakoitzeko 2 puntu.

b) Gizarte hezitzaile gisa aritu izana administrazio publikoetatik kanpo. Urte bakoitzeko 1 puntu.

Esperientzia denbora egiaztatuak urte osoak egiten ez baditu, dagokion proportzioa aterako da. Halaber, ez bada lanaldi osoan aritu, dagokion proportzioa aterako da.

Aurkeztu beharreko dokumentazioa: enpresa ziurtagiriak.

2.–Formakuntza (gehienez ere 8 puntu):

a) Gainditutako formakuntza edo hobekuntza ikastaro bakoitzeko, administrazio publikoek edo unibertsitateek antolatutakoak, dagokion espezializazioarekin lotura dutenak:

–30 ordu edo gehiagoko ikastaro bakoitzeko: 0,30 puntu.

–100 ordu edo gehiagoko ikastaro bakoitzeko: 1 puntu.

Aurkeztu beharreko dokumentazioa: egindako ikastaroen ziurtagirien fotokopia konpultsatuak, ikastaroaren iraupenaren ordu kopurua zehazten dutenak.

Iragarkiaren kodea: L1903317

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa