(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Bilatzaile erabili!

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Google
  • Facebook

Nire NAOrako sarrera

55. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 21a

  • 1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
    • 1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
      • 1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

378/2019 EBAZPENA, otsailaren 26koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak emana. Haren bidez, hautaproben bitartez bi izangai-zerrenda egiteko deialdiak onesten dira, O.L. kudeaketari lanpostua betetzeko (B mailakoa), bata aldi baterako kontratazioak egiteko, eta bestea prestakuntzarako, zerbitzu berezien egoeran, betiere Nafarroako Unibertsitate Publikoan sortzen diren beharrak betetzearren.

2014ko azaroaren 25eko Gobernu Kontseiluaren Erabakiak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen administrazio araubidearen araberako kontratazioa arautzen duenak, xedatzen du aldi baterako langileak deialdi bidez aukeratuko direla, eta deialdi horretan berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioak bermatuko direla, bai eta publikotasun-printzipioak ere.

2014ko azaroaren 25eko Gobernu Kontseiluaren Erabakiak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen administrazio araubidearen araberako kontratazioa arautzen duenak, xedatzen du ezen Nafarroako Unibertsitate Publikoak, aldi baterako kontratazioa egin baino lehen, bete nahi dituen lanpostuak eskainiko dizkiela bere funtzionarioei, horretarako dagozkion hautaprobetarako deialdia eginez, zeinak aldi baterako kontratazioetarako hautagai-zerrenda osatzeko hautaprobekin batera egingo baitira.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren beharrak asetzeko, bidezkoa da hautaprobetarako deialdiak onestea bi izangai-zerrenda egiteko, O.L. kudeaketari lanpostua betetzearren (B mailakoa), bata aldi baterako kontratazioak egiteko, eta bestea prestakuntzarako, zerbitzu berezien egoeran.

Ikusirik Langileen Kudeaketarako Ataleko buruak egin duen proposamen-txostena, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak ontzat eman duena.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza taldearen egitura orokorra onetsi eta bere funtzioak zehazteko 2015eko ekainaren 24an eman zuen 1042/2015 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehena.–Bi izangai-zerrenda egiteko hautaprobetarako deialdiak onestea, O.L. kudeaketari lanpostua betetzeko (B mailakoa), bata aldi baterako kontratazioak egiteko, eta bestea prestakuntzarako, zerbitzu berezien egoeran, betiere Nafarroako Unibertsitate Publikoan sortzen diren beharrak betetzearren.

Bigarrena.–Deialdiak arautzeko oinarriak onestea. Ebazpen honekin batera doaz I. eta II. eranskin gisa.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Unibertsitatearen webgunean argitara dadila agintzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, Unibertsitateei buruzko 2001eko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 6.4 artikuluak xedatzen duenaren arabera, eta zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea errektorearen aurrean, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegietan, hilabeteko epean lehenengo kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2019ko otsailaren 26an.–Kudeatzailea, Joaquín Romero Roldán.

I. ERANSKINA

Oinarriak

Honako hauek arautuko dituzte deialdiak: 2014ko azaroaren 25ean Gobernu Kontseiluak hartu zuen erabakiak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen administrazio araubidearen araberako kontratazioa arautzen duenak (2014ko abenduaren 15eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala), 2014ko azaroaren 25ean Gobernu Kontseiluak hartu zuen erabakiak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile funtzionarioen prestakuntza eta lanbide-hobekuntza arautzen dituenak (2014ko abenduaren 15eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala), deialdi honen oinarriek eta aplikatzekoak diren gainerako araudiek.

I
Deialdia, O.L. kudeaketari lanpostuan aritzeko aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat egiteko

Lehena.

Deialdi honen xedea da izangaien zerrenda bat egitea, hautaproben bidez, O.L. kudeaketari lanpostua betetzeko (B mailakoa), Nafarroako Unibertsitate Publikoan sortzen diren beharrak betetzearren.

Nolanahi ere, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Ikerketa Zerbitzuan sortzen diren beharrak betetzeko, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzailearen 2017ko martxoaren 16ko 601/2017 Ebazpenaren bidez onetsitako O.L. zerbitzuetako kudeaketariak kontratatzeko zerrendako izangaiek izango dute lehentasuna, zerrenda hori indarrean dagoen bitartean.

Bigarrena.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Deialdian onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa izatea edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiar Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen batekoa.

Halaber, Espainiako, Europar Batasuneko estatuetako eta aipatu nazioarteko itunak aplikatzen diren eremuko estatuetako herritartasuna dutenen ezkontideek parte hartzeko aukera dute, betiere zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude; herritartasuna duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartzeko aukera dute, zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude, baldin eta 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteta edukitzea, eta nahitaezko erretirorako gehieneko adina beteta ez edukitzea.

c) Honako titulu hauetako bat edukitzea: Gradua, Diplomatura, Ingeniaritza Teknikoa, Arkitektura Teknikoa edo baliokidea, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren ordainagiria, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, edo lizentziadun, arkitekto edo ingeniarien edozein titulu ofizial eskuratzera bideratutako ikasketen lehen hiru ikasmailak osorik gaindituta edukitzea, edo aipatu ikasketa horien lehen zikloa, baldin eta lehen ziklo horrek gutxienez 180 kredituko irakastordu kopurua baldin badu.

Atzerrian erdietsitako titulazioak badira, aipatutako egunean izangaiak eskuan izan beharko du homologazioaren egiaztagiria, edo baliokidetzearena, halakorik badago. Baldintza hori ez zaie aplikatuko lanbide arautuen eremuan prestakuntza profesionalaren aitorpena Europako Erkidegoko Zuzenbidearen xedapenen babesean erdietsi duten izangaiei.

d) Dagozkion eginkizunak betetzeko gaitasun fisiko eta psikikoak edukitzea.

e) Eginkizun publikoetarako desgaitua edo gabetua ez egotea eta Administrazio Publiko baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Espainiakoa ez beste nazionalitate bat dutenek ere diziplina-zehapen edo zigor kondenaren bidez beren estatuetako funtzio publikoetan aritzeko gabetuta ez egotearen zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute.

2.2. Oinarri honetan ezarritako baldintzak eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete behar dira, eta hautaketa-prozedurak edo kontratazio epeak dirauen bitartean ere bete beharko dira.

Hirugarrena.–Hautaketa-prozesuaren garapena eta balorazioa.

Hautaketa-prozesua bi deialdietako arau komunek ezartzen dutenaren arabera egingo da.

Laugarrena.–Behin-behineko kontrataziorako izangaiei dei egitea.

Arau hauen arabera dei egingo zaie izangaiei, eta, behar denean, kontratatu: Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategineko 1993ko abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88. artikuluak eta ondorengoak; 2014ko azaroaren 25ean Gobernu Kontseiluak hartu zuen erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen administrazio araubidearen araberako kontratazioa arautzen duena; eta deialdi honen oinarriak eta aplikatu beharreko gainerako araudiak.

Deia egiteko, kontuan hartuko da, halaber, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategineko Zazpigarren Xedapen Gehigarriko 4. atalak ezartzen duena, zeinean arautzen baitira desgaitasunen bat daukaten pertsonak Nafarroako Administrazio Publikoko lanpostuetan sartzeko prozedura. Horretarako, % 33ko edo gehiagoko desgaitasun aitortua daukaten izangaiek desgaitasuna egiaztatu beharko dute, organo eskumendunak horretarako egindako dokumentuaren kopiaren bidez.

II
Deialdia, izangaien zerrenda bat egiteko, O.L. kudeaketari lanpostuan prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran aritzeko

Lehena.

Deialdi honen xedea da izangaien zerrenda bat egitea, hautaproben bidez, O.L. kudeaketari lanpostua betetzeko (B mailakoa) prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran, Nafarroako Unibertsitate Publikoan sortzen diren beharrak betetzearren.

Nolanahi ere, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Ikerketa Zerbitzuan sortzen diren beharrak betetzeko, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzailearen 2017ko martxoaren 16ko 601/2017 Ebazpenaren bidez onetsitako O.L. zerbitzuetako kudeaketari lanpostuan prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran aritzeko zerrendako izangaiek izango dute lehentasuna, zerrenda hori indarrean dagoen bitartean.

Bigarrena.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Deialdian onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete behar dituzte, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako funtzionarioa izatea, eta C, D edo E maila edo multzokoa izatea.

b) Nafarroako Unibertsitate Publikoan zerbitzu ematen hiru urteko antzinatasuna izatea gutxienez.

c) Eszedentzian ez egotea, non eta eszedentziak ez duen ezartzen lanpostua erreserbatzeko eskubidea; edo Gobernu Kontseiluaren 2014ko azaroaren 25eko erabakiaren xedapen iragankorrean adierazitako egoeran egotea –Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Zerbitzuetako funtzionarioen prestakuntza eta lanbide-hobekuntza arautzen duen erabakia–.

d) Honako titulu hauetako bat edukitzea: Gradua, Diplomatura, Ingeniaritza Teknikoa, Arkitektura Teknikoa edo baliokidea, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren ordainagiria, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, edo lizentziadun, arkitekto edo ingeniarien edozein titulu ofizial eskuratzera bideratutako ikasketen lehen hiru ikasmailak osorik gaindituta edukitzea, edo aipatu ikasketa horien lehen zikloa, baldin eta lehen ziklo horrek gutxienez 180 kredituko irakastordu kopurua baldin badu.

Atzerrian erdietsitako titulazioak badira, aipatutako egunean izangaiak eskuan izan beharko du homologazioaren egiaztagiria, edo baliokidetzearena, halakorik badago. Baldintza hori ez zaie aplikatuko lanbide arautuen eremuan prestakuntza profesionalaren aitorpena Europako Erkidegoko Zuzenbidearen xedapenen babesean erdietsi duten izangaiei.

2.2. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete behar dira oinarri hauetan ezarritako baldintzak, bai eta hautaketa-prozedurak edo prestakuntza-epeak dirauen bitartean ere.

2.3. Gorago aipatutako baldintzak betetzen dituzten funtzionarioek ezin dute aldi berean parte hartu aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda osatzeko deialdian eta zerbitzu berezien egoeran aritzeko prestakuntzarako izangaien zerrenda osatzekoan.

Hirugarrena.–Hautaketa-prozesuaren garapena eta balorazioa.

Hautaketa-prozesua bi deialdietako arau komunek ezartzen dutenaren arabera egingo da.

Laugarrena.–Prestakuntzako izangaiei dei egitea.

Izangaiei dei egingo zaie eta, behar bada, prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran deklaratuko, honako hauetan ezarritakoaren arabera: 2014ko azaroaren 25ean Gobernu Kontseiluak hartutako erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile funtzionarioen prestakuntza eta lanbide-hobekuntza arautzen dituena, deialdi honen oinarriak eta aplikatzekoak diren gainerako araudiak.

III
Bi deialdien arau komunak

2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera –Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa–, hautaketa-prozesu honek eragiten dituen argitalpenak, Nafarroako Aldizkari Ofizialari dagokiona izan ezik (deialdien arau komunen 1. oinarrian aipatutakoa), Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean azalduko dira (www.unavarra.es/servicioRRHH/empleo-publico/pas), eta ez dira baliozkoak izango bestelako tokietan agertzen direnak.

Lehena.–Eskabideak aurkezteko epea.

Bi deialdietan parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea hamar egun baliodunekoa izango da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Bigarrena.–Eskabideak.

2.1. Parte hartzeko eskabideak eta dokumentazioa Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistro Orokorrean aurkeztu behar dira (Arrosadiko campusa, z.g., 31006 Iruñea / Tuterako campusa, Tarazonako etorbidea, z.g., 31500 Tutera), edo Estatuaren Administrazio Orokorreko erregistroetan, Autonomia Erkidegoetako Administrazioetako eta Toki Administrazioa osatzen duten Erakundeetako erregistroetan, posta bulegoetan edo Espainiak atzerrian dituen kontsuletxeetan edo ordezkaritza diplomatikoetan.

Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian egingo da, posta zerbitzuko langileak, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzan, eta ondoren egiaztatu eta bidali Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistrora (Arrosadiko campusa, z.g., 31006 Iruñea).

2.2. Eskabide-eredua Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren helbide honetan dago:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/kontratazio-zerrendak-osatzeko-hautaprobak (aldi baterako kontrataziorako izangaiak).

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/pruebas-selectivas-formacion (prestakuntzarako izangaiak, zerbitzu berezien egoeran).

Eskabidean, parte-hartzaileak adierazi beharko du eskaerak aurkezteko azken egunean eskaturiko baldintza guztiak betetzen dituela.

Aldi baterako kontrataziorako deialdian parte hartzen dutenek Iruñeko campusean, Tuterakoan edo bietan kontratuak onartzeko daukaten prestasuna agerrarazi beharko dute.

2.3. Parte hartzeko inprimakiarekin batera, izangaiek beste dokumentu hauek aurkeztu behar dituzte:

–Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nortasuna eta nazionalitatea egiaztatzen duen dokumentuarena, eta, beharrezkoa bada, naziotasun eta ahaidetasun baldintzak egiaztatzen dituenarena.

–Deialdian eskatzen den titulazio akademikoa egiaztatzen duen dokumentazioa.

2.4. Desgaitasun aitortua daukaten izangaiek, eskabidearekin batera, desgaitasuna egiaztatzen dien dokumentua aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emandakoa. Halaber, modua izango dute ariketak egiteko denboren eta baliabideen egokitzapenak eskatzeko, eta hala adierazi beharko dute eskabidean. Adierazi beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zein egokitzapen eskatzen duten, horretarako diseinatutako orri bereizi batean:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/kontratazio-zerrendak-osatzeko-hautaprobak?languageId=100001

2.5. Hizkuntza-eskakizuna duten lanpostuak eskuratzeko aukera izan nahi dutenek Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren baliokidea den titulu baten kopia aurkeztu beharko dute parte hartzeko eskabidearekin batera. Nolanahi ere, titulazio hori geroago lortzen dutenek Giza Baliabideen Zerbitzuan aurkezteko aukera izango dute, eta horrela une horretatik aurrera eskaintzen diren eta hizkuntza-eskakizuna duten lanpostuak eskuratzeko aukera izango dute.

Hirugarrena.–Izangaiak onartzea.

3.1. Behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea igaro eta gero, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpen bat emango du, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean argitaratuko dena, eta onetsi diren deialdietan onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrendak onetsiko ditu.

Bi deialdien arau komunetako 2.3 oinarriak aipatzen dituen dokumentuak ez aurkezteagatik behin-behinean baztertzea galarazi gabe, eskaera epez kanpo aurkeztea edo lehiaketaren bidez lortu nahi den lanpostua betetzeko bete behar diren baldintzak ez betetzea baztertzeko arrazoiak izango dira, eta, gainera, horiek ezin izango dira zuzendu.

Baztertutako edo azaldu gabeko izangaiek, behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo 10 egun balioduneko epean, zilegi dute erreklamazioa egin eta, akatsen bat badago, horiek zuzentzea. Aipatutako epean zerrendetan ez agertzearen aurka alegatu eta onartuen zerrendan egoteko eskubidea justifikatzen ez duten edo akatsa zuzentzen ez duten izangaiak behin betiko bazterturik geldituko dira probetatik.

3.2. Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioetarako epea iragan eta haiek ebatzi ondoren, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpena emango du onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda onesteko. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean argitaratuko da zerrenda hori. Ebazpen horretan jakinaraziko da noiz eta non egingo den oinarri hauetan aipatzen den hautaproba.

Hautaprobetako onartuen zerrendan egoteak ez du esan nahi, inola ere, Unibertsitateak aitortzen duenik izangaiek deialdiko oinarrietan eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela. Aurkeztutako dokumentazioa edo Unibertsitatearen eskura dagoena aztertuta ikusten bada izangairen batek ez duela betetzen eskatzen diren baldintzetakoren bat, bertan behera geratuko dira deialdian parte hartzeagatik erator litezkeen eskubide guztiak.

3.3. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin, egin beharreko jakinarazpena egin dela ulertuko da, 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluak xedatzen duenarekin bat etorriz.

Laugarrena.–Probak.

4.1. Ebazpen honek onetsi dituen deialdietako hautaketa-prozesua bi probaren bidez egingo da. Zerrendetan egoteko, izangaiek bi probak gainditu behar dituzte.

–Lehen proba: erantzuteko hainbat aukera dituzten galderen zerrenda bat izango da, eta galdera bakoitzarentzat erantzun bakarra izango da balioduna. Galderak ebazpen honen II. eranskinean ezarririko gaitegiari buruzkoak izango dira. Huts egindako erantzunek puntuak kenduko dituzte.

Epaimahai kalifikatzaileak zehaztuko du probak zenbat denbora iraun behar duen gehienez, eta horren berri emango du proba hasi baino lehen. Halaber, jakitera emango du nola balioetsiko den proba eta zein den erantzun okerren penalizazioa.

Baztertuta geratuko dira probaren gehieneko puntuazioaren erdia lortzen ez dutenak.

Probaren kalifikazioa bukatu ondoren, Epaimahaiak gainditu duten izangaien zerrenda argitaratuko du, lortu duten kalifikazioekin batera, eta, halaber, bigarren proba non eta zer egun eta ordutan izango den adieraziko du, gutxienez 48 ordu lehenago.

–Bigarren proba: informatikako proba bat izango da, non izangaiek gaitegiari buruzko kasu praktiko bat edo batzuk ebatzi beharko dituzten, Windows 10 sistema eragilea duen PC ordenagailu batekin, Microsoft Office 2013ko Excel eta Word aplikazioak erabilita.

Epaimahai kalifikatzaileak zehaztuko du probak zenbat denbora iraun behar duen gehienez eta nola baloratuko den, eta horren berri emango du proba hasi baino lehen.

Baztertuta geratuko dira probaren gehieneko puntuazioaren erdia lortzen ez dutenak.

4.2. Hautaprobetarako deialdia dei bakar baten bidez egingo da, eta izangaiek epaimahai kalifikatzaileak adierazi duen tokian eta egunean bertaratu beharko dute, jardunak hasteko ezarri duen orduan. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala, AIZ, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Nortasuna esandako dokumentuen bidez egiaztatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak probatik kanpo geldituko dira.

4.3. Desgaitasun aitortua izanik, eskabidean eskaera egin duten izangaientzat, ariketak egiteko behar diren denbora eta baliabideetan izan litezkeen egokitzapenak ezarriko dira hautaprobak garatzeko.

Bosgarrena.–Epaimahaia.

5.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: María José Iñigo Berrio andrea, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ekonomia Gaietarako Zerbitzuaren Ekonomia Kudeaketarako Ataleko burua.

Ordezko epaimahaiburua: María Sauleda Munárriz andrea, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Kontuhartzailetza eta Ikuskaritza Zerbitzuko zuzendaria.

–Epaimahaikidea: Roberto Vallés Lanas jauna, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Irakaskuntza Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezko epaimahaikidea: Juan Cruz Ruiz de Gauna Gorostiza jauna, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Irakaskuntza Zerbitzuaren Gradu Ikasketen Ataleko burua.

–Epaimahaikidea: Marta Pérez Urdánoz andrea, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ekonomia Gaietarako Zerbitzuaren Aurrekontuen eta Ekonomia Plangintzaren Ataleko O.L. teknikaria (Ekonomia arloa).

Ordezko epaimahaikidea: Nieves Ibarrola Labiano andrea, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ekonomia Gaietarako Zerbitzuaren Kontabilitate Ataleko O.L. kudeaketaria.

–Epaimahaikidea: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat, Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatua.

Ordezko epaimahaikidea: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat, Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatua.

–Epaimahaikide idazkaria: José Antonio Marañón Oricáin jauna, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Langileen Kudeaketarako Ataleko burua.

Ordezko epaimahaikide idazkaria: Antonio Ureta Aizcorbe jauna, Nafarroako Unibertsitate Publikoko idazkari teknikoa.

5.2. Administrazio prozedura erkidearen arauetan aipaturiko arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta horren berri eman deialdia egin duen organoari.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, aipatu egoera horietako bat gertatzen denean.

Baldin eta legeak ezartzen dituen abstentziorako edo errekusaziorako arrazoiak izaten badira, eta epaimahaiaren osaera aldatzen bada, hau jendaurrean jakinaraziko da, onartutako eta baztertutako izangaien zerrendekin batera.

5.3. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da.

Epaimahai kalifikatzailearen eraketak eta jardunak balio izan dezaten, gutxienez kide guztien gehiengo osoa beharko da. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak edo haien ordezkoek egon behar dute bertan.

5.4. Hautaprobak aurrera egin ahala, deialdi honen oinarriak interpretatzetik eta aplikatzetik sortzen diren zalantzak Epaimahaiaren gehiengoak ebatziko ditu, eta deialdian kontuan hartzen ez diren arazoak konpontzeko behar diren neurriak hartuko ditu.

5.5. Epaimahai kalifikatzaileak aukera izango du hautaprobetarako aholkulari adituak sartzeko. Aholkulariek beren espezialitate teknikoetan baino ez dute lagunduko.

5.6. Jakinarazpenak egiteko eta bestelako gorabeheretarako, Epaimahaiaren egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Kudeaketako eraikina izango da.

Seigarrena.–Gainditu dutenen zerrenda.

6.1. Hautaketa-prozesua bukatzen denean, Giza Baliabideen Zerbitzuak zerrenda hauek argitaratuko ditu, bereizirik:

A) Aldi baterako kontratazioaren deialdia gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako puntuazio osoaren arabera ordenatuta. Deia egiteko salbuespenei dagokienez, Gobernu Kontseiluak 2014ko azaroaren 25eko erabakiaren 8. artikuluan ezartzen duenari jarraituko zaio, hain zuzen, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen administrazio araubidearen araberako kontratazioa arautzen duen erabakian ezarritakoari. Halaber, kontuan hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategineko Xedapen Gehigarrietako Zazpigarrenaren 4. atalak ezartzen duena, zeinean arautzen baitira desgaitasuna duten pertsonak Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeari buruzko alderdiak.

Puntuazioetan berdinketak egonez gero, bigarren proban puntuaziorik handiena lortzen dutenen alde ebatziko dira. Berdinketak irauten badu, zozketa bakar bat egingo da berdinketa duten izangaien artean. Zozketan ateratzen den pertsonaren deituretatik eta izenetik hasi, eta berdinketa guztiak ebatziko dira deituren alfabeto hurrenkerari jarraikiz. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean jakinaraziko dira zozketaren emaitzak, deialdiaren aipuan.

B) Prestakuntza zerbitzu berezien egoeran egiteko deialdia gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako puntuazio osoaren arabera ordenatuta.

Puntuazioetan berdinketak egonez gero, bigarren proban puntuaziorik handiena lortzen dutenen alde ebatziko dira. Berdinketak irauten badu, deialdiak ezartzen duen eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean, antzinatasun handiena daukan izangaiaren alde ebatziko da.

6.2. Epaimahaiak Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileari igorriko dizkio arau honek aipatzen dituen zerrendak, onets ditzan, hautaketa-prozesuaren espediente osoarekin batera.

Zazpigarrena.–Izangaien zerrendak.

7.1. Behin betiko zerrendak.

Hautaprobaren espediente osoa jaso eta gero, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzailearen ebazpen baten bidez, bi izangai zerrenda onetsiko dira hautaprobak gainditzen dituztenekin, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean argitaratuko dira.

7.2. Deia.

Arau honek aipatzen dituen zerrendetan dauden izangaien deia 2014ko azaroaren 25eko Gobernu Kontseiluko erabakiek ezarritakoarekin bat etorriz egingo da –Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Zerbitzuetako langileen administrazio araubidearen araberako kontratazioa eta Administrazioko eta Zerbitzuetako funtzionarioen prestakuntza eta lanbide-hobekuntza arautzen duten erabakiak–. Bermatu egingo da, gainera, lehentasuna izango dutela prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran egongo diren izangaiek aldi baterako kontrataziorako izangaien aldean.

Zortzigarrena.–Prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran aritzeko gehieneko denbora.

8.1. Lanpostu bat prestakuntzan betetzea onartzen dutenak arrazoi horrengatik zerbitzu berezien egoeran daudela deklaratuko da, gehienez ere urte bateko aldirako, hasiera batean, eta aldi hori urte bateko aldietan luzatzeko aukera izango da, gehienez ere sei urte bete arte. Prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran daudela deklaratzeko, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpen bat emango du, eta aldi jakin baterako izango da.

8.2. Prestakuntzan sei urteko gehieneko epe hori bete eta gero, langile funtzionarioek automatikoki hasi beharko dute berriz ere zerbitzu aktiboan zerbitzu berezietan deklaratu zituztenean betetzen ari ziren lanpostuan, eta ezin izango dituzte berriz ere zerbitzu berezietan deklaratu arrazoi beragatik. Izendapen libre bat edo bitarteko izendapen bat izan zuen lanpostu batetik badatoz, amaitutzat joko da egoera.

8.3. Prestakuntza zerrenda batean baino gehiagotan daudenak sei urte egongo dira gehienez ere guztira prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran.

8.4. Prestakuntzarako zerbitzu berezien egoera, hasierako deklarazioa eta bere luzapen guztiak barne, sei urtetik beherako aldi baterako bada, zerrendan dagokion lekua izango du berriz ere izangaiak aldi hori bukatzean.

Bederatzigarrena.–Datu pertsonalen babesa.

Hautaketa-prozesu honetan parte hartzeko, datu pertsonalak eskatzen zaizkie izangaiei, eta datu pertsonalen fitxategi batean sartzen dira. Fitxategi horren helburua Nafarroako Unibertsitate Publikoko langileak kudeatzea da, eta, bereziki, hautaketa-prozesuetako hautagaiek izandako parte-hartzea eta unibertsitate-zabalpeneko jardueretan NUPeko langileek izandako esku-hartzea kudeatzea.

Deialdi honetan parte hartzeko eskabidean hautagaiek baimena emateak berekin dakar hautaketa-prozesuan emandako datuak tratatzeko baimena ematea ere. Datu pertsonalak babesteko indarrean diren araudien arabera interpretatu behar da hori. Zehazki, hauek dira bete beharreko araudiak: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 Erregelamendua (EB), 2016ko apirilaren 27koa, Datu pertsonalen tratamenduaren eta datu horien zirkulazio askearen gaietan pertsona fisikoak babesteari buruzkoa; eta, bestetik, 3/2018 Lege Organikoa, 2018ko abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa.

Datuak tratatzeko jarduerei dagokienez, interesdunek eskubidea dute datuak sartzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko, haiei kontra egiteko eta transferitzeko. Horretarako, mezu bat bidali behar da delegado.protecciondatos@unavarra.es helbidera, 3/2018 Lege Organikoaren 11. eta 18. artikuluei jarraikiz –2018ko abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa–.

Hamargarrena.–Errekurtsoak.

Epaimahai kalifikatzaileak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Deialdi honen aurka, haren oinarrien aurka eta beroriek aplikatzeko egintzen aurka, epaimahaiak egindakoak ez direnean, zilegi da ondoko errekurtsoetako bat jartzea, arau indardunekin bat etorriz:

a) Aukerako berraztertze-errekurtsoa errektorearen aurrean, hilabeteko epean, aurkatutako egintza jakinarazi edo iragarri eta biharamunetik aurrera.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, aurkatutako egintza jakinarazi edo iragarri eta biharamunetik aurrera.

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

1.–2/2018 Foru Legea, 2018ko apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa: atariko titulua eta I. titulua.

2.–2/2018 Foru Legea, 2018ko apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa: II. eta III. tituluak, xedapen gehigarriak, xedapen iragankorrak, xedapen indargabetzailea, azken xedapena eta eranskinak.

3.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren 2019ko aurrekontua betearazteko oinarriak: 1. partea: txostena eta araudia.

4.–39/2015 Legea, 2015eko urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: atariko titulua, I. titulua eta II. titulua.

5.–39/2015 Legea, 2015eko urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: III. eta IV. tituluak.

6.–6/2001 Lege Organikoa, 2001eko abenduaren 21ekoa, Unibertsitateei buruzkoa.

7.–110/2003 Foru Dekretua, 2003ko maiatzaren 12koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuak onesten dituena.

8.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileak kontratatzeko arautegia (NAO, 109. zk., 2017ko ekainaren 7koa).

9.–1393/2007 Errege Dekretua, 2007ko urriaren 29koa, Unibertsitateko Ikasketa Ofizialen Antolamendua ezartzen duena.

10.–Nafarroako Unibertsitate Publikoan Gradu eta Master ikasketak arautzen dituzten arauak (NAO, 139. zk., 2016ko uztailaren 19koa, eta 75. zk., 2018ko apirilaren 19koa).

Oharra: gaiei buruz eskatuko den edukia bat etorriko da deialdi hau argitaratzen den egunean indarrean diren legeekin.

Iragarkiaren kodea: F1903307

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa