(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Bilatzaile erabili!

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Technorati
  • Google
  • Facebook
  • Yahoo

Nire NAOrako sarrera

64. ALDIZKARIA - 2017ko martxoaren 31

  • 1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
    • 1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

9E/2017 EBAZPENA, martxoaren 10ekoa, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana. Honen bidez, toki entitateentzako laguntzen deialdia onesten da energiaren efizientzia bultzatzeko, energia berriztagarriak inplementatzeko eta mugigarritasun elektrikoa sustatzeko.

Nafarroako Energia Planak (2030) helburu du, besteak beste, energiaren kontsumo eraginkorra sustatzea, energia berriztagarriek energiaren azken kontsumoan egiten duten ekarpena handitzea, erregai fosilen kontsumoa murriztea eta energia berriztagarriak garraioan erabiltzeko portzentajea handitzea.

Hori dela eta, Nafarroako toki entitateentzako laguntza hauen deialdiak xedea du Plan Estrategikoan aurreikusitako eta lehenago aipatutako helburuak lortzen laguntzea.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Toki entitateentzako laguntzen deialdia onestea energiaren efizientzia bultzatzeko, energia berriztagarriak inplementatzeko eta mugigarritasun elektrikoa sustatzeko.

2. Onestea diru-laguntza emateko oinarri arautzaileak, ebazpen honen eranskinetan jasoak.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimendu dira:

NEURRIA

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA
(euroak)

1

820003-82230-7609-425200: Toki entitateentzako transferentziak energiaren aurrezpenean eta efizientzian inbertsioak egiteko

2017

300.000,00

2

820002-82230-7609-425200: Energia berriztagarriak sustatzea toki entitateetan.

2017

620.000,00

3

820003-82230-7609-425203: Toki entitateentzako transferentziak ibilgailu elektrikoa sustatzeko

2017

100.000,00

Zenbateko horiek partiden artean transferitzen ahal dira, horietako bakoitzaren kreditu beharren arabera, 5. oinarri arautzailearen 3. atalean ezarritako irizpideei jarraituz.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2017ko martxoaren 10ean.–Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Yolanda Blanco Rodríguez.

I. ERANSKINA

OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria. Xedea.

Honako hauek dira Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2012ko azaroaren 25ean energiaren efizientziari buruz emandako 2012/27/EB Zuzentarauaren helburuak:

–Berotegi efektuaren gasen isurketen %20 murriztea, 1990eko mailen aldean.

–Energiaren %20 iturri berriztagarrietatik lortzea.

–Energiaren efizientzia %20 handitzea.

Diru-laguntza honen xedea da zuzentarau horretan aurreikusten diren eta Nafarroako Energia Plan (2030) berriarekin bat egiten duten helburuak eskuratzen laguntzea, energiaren efizientzia sustatuz, energia berriztagarriak inplementatuz eta mugigarritasun elektrikoa bultzatuz Foru Komunitateko toki entitateetan.

Horretarako, diru-laguntzak jaso ditzaketen neurri hauek zehaztu dira (horien ezaugarriak deialdiaren II. eranskinean ageri dira):

NEURRIAREN KODEA

NEURRIA

1

Argiteria publikoa berritzea

2

Energia berriztagarrien instalazioetako inbertsioak

3

Mugigarritasun elektrikoa

2. oinarria. Onuradunak.

Lehenago zehaztutako helburuarekin lotura duten inbertsioak egiten dituzten Nafarroako toki entitateak izanen dira diru-laguntza hauen onuradunak.

Zehazki, onuradunek II. eranskinean neurri bakoitzerako zehaztutako berariazko baldintzak bete behar dituzte.

3. oinarria. Diruz laguntzen ahal diren instalazioak, lanak burutzeko epea eta diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. Diru-laguntzen xede izanen dira II. eranskinean zehaztutako neurrietan aipatzen diren inbertsio eta gastuak, Nafarroan eginak betiere.

Finantza errentamenduaren bidez (leasing eta energia zerbitzuen hornitzaileekin izenpetutako kontratuak) eskuratzen diren aktiboak diru-laguntzaren xede izan daitezke, betiere kontratuaren hasieratik eragiketa osoaren BEZa aldez aurretik pagatzen bada eta, gainera, kontratu bukaeran aktiboa eskuratzeko konpromiso irmoa ageri bada kontratuan.

Gastu hauek ezin dira diru-laguntzaren xede izan:

a) Inbertsioaren ondoriozko gastu finantzarioak.

b) BEZa, onuradunak berreskuratu edo konpentsatu badezake. Horretarako, toki entitateak adierazi beharko du jasandako BEZa jasanarazi dezakeen ala ez.

2. Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean hasiko da inbertsioa egiteko epea, eta 2017ko urriaren 31n bukatuko.

Ulertuko da jarduketa egina dagoela gastuak epe horretan fakturaturik eta ordaindurik daudenean.

3. II. eranskinean neurri bakoitzerako zehaztutakoa izanen da diru-laguntzaren zenbatekoa. Nolanahi ere, inguruabar hauetako bat gertatuz gero, laguntza handitu daiteke:

a) Toki entitateren batek bi neurri gauzatuz gero, %5 handituko da diru-laguntzaren portzentajea haietako bakoitzerako. Hiru neurriak egiten baditu, portzentaje hori %10 handituko da neurri bakoitzerako, betiere ezarritako gehieneko mugak gainditu gabe bi kasu horietan.

b) Toki entitateek emakumearen eta gizonen arteko berdintasunarekin duten konpromisoa baloratuko da. Gisa horretan, %5eko laguntza osagarria emanen zaie entitateei baldin eta Berdintasun Plan bat badute, genero berdintasunaren alorrean aitortza edo bereizgarriren bat lortu badute edo berdintasuna sustatzeko beste neurriren bat hartu badute (esaterako, langileen artean eginkizunen bateragarritasuna bultzatzeko eta lana eta familia bateratzeko neurriak hartu izana, hizkera eta irudi ez-sexista erabiltzea edo frogatzen ahal den beste edozein jarduketa).

4. oinarria. Diru-laguntza eskatzeko modua eta epeak.

1. Eskaerak aurkezteko epea 45 egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Eskaeran adierazi beharko da jakinarazpenak baliabide telematikoen bidez jaso nahi direla eta, horretarako, helbide elektroniko gaitua eduki beharko da (DEH). 8. oinarrian ezarritako moduan lor daiteke DEH.

Eskaera bulego batean aurkezten bada, entitateari eskatuko zaio zuzentzeko, aurkezpen elektronikoa eginez. Ondorio horietarako, ulertuko da eskaeraren aurkezpen eguna zuzenketaren eguna dela.

2. Laguntzak eskatzeko aurkeztu beharreko dokumentazioa, agiri bereizietan eskaneatua eta izenarekin identifikatua, II. eranskinean neurri bakoitzerako zehaztutakoa izanen da.

3. Eskaerak ez baditu finkatutako baldintzak betetzen, organo eskudunak entitate interesdunari eskatuko dio okerra zuzen dezala hamar egun balioduneko epean eta adieraziko dio zuzendu ezean eskaerari uko egiten diola ulertuko dela.

Eskatutako dokumentazioa ez aurkeztea ezin da inondik inora zuzendu.

5. oinarria. Diru-laguntza emateko irizpideak eta prozedura.

1. Laguntza horiek norgehiagokako prozeduran emanen dira. Hartara, organo kudeatzaileak aurkeztutako eskaerak konparatuko ditu, haien artean lehentasuna ezartzeko, II. eranskinean neurri bakoitzerako ezarritako balorazio irizpideekin bat. Neurri bakoitzerako baimendutako gastuak bide ematen badu eskaera guztiei heltzeko, ez da lehentasun hori ezarri behar.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratu duten eskaerei aplikatuko zaie II. eranskinean neurri bakoitzerako ezarritako laguntzaren intentsitatea, erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

2. Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak eskaerak ebaluatuko ditu aipatutako balorazio irizpideei jarraikiz eta, gero, organo eskudunari igorriko dio ebazpen proposamena, non adieraziko baita onuradunek diru-laguntza lortzeko irizpide guztiak betetzen dituztela.

Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia da organo eskuduna, diru-laguntza nori eman ebazteko. Ebazpena gehienez ere bi hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka toki entitateek errekurtsoa jartzen ahalko dute, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

3. Neurri batean aurkeztutako eskaera guztiei helduta horretan kreditu erabilgarririk badago, honela erabiliko da:

a) Lehenik, beste neurrietako eskaerei heltzeko. Lehentasuna 3. neurriak izanen du, gero 2.ak eta 1.ak, ondoz ondo, neurri bakoitzean ezarritako lehentasun hurrenkerari jarraituz.

b) Bigarrenik, diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoak mugatu dituen eskaeren diru-laguntza handitzeko, muga hori izan ezean izan behar zuten diru-laguntzaren portzentajera arte, aurreko letran ezarritako lehentasun hurrenkerari jarraituz.

6. oinarria. Diru-laguntzaren justifikazioa eta ordainketa.

1. Onuradunek egindako inbertsioak justifikatu beharko dituzte, 2017ko urriaren 31n beranduenez. Horretako, ondoko agiri hauek aurkeztu beharko dituzte 4. oinarrian adierazitako moduan:

a) Egindako jarduketen fakturak eta fakturen ordainagiriak. Bi agiri horiek eskatzailearen izenean egonen dira, salbu inbertsioa errentamendu finantzarioko kontratu baten xedea bada (energia zerbitzuen hornitzailea edo leasing); kasu horretan, enpresa errentatzailearen izenean egonen dira. Berrikuspena errazteko, fakturen zerrenda bat aurkeztu beharko da, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren arabera.

b) Errentamendu finantzarioko kontratu baten bidez (leasing edo energia zerbitzuen hornitzaile batekin egindako kontratua) egindako instalazioen kasuan, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Energia zerbitzuen hornitzailearekin izenpetutako kontratuaren kopia.

–Errentamendu finantzarioaren amortizazio-taula.

Kontratua izanez gero energia zerbitzuen hornitzailearekin, aurrekoaz gain, ondokoa ere aurkeztu behar da:

–Energia zerbitzuaren prezioaren kalkulu zehatza, euro/kWh-tan adierazia.

–Errendimendu energetikoaren kontratuetan edo aurreztea bermatzen duten kontratuetan, Aurreztea bermatzen duten zerbitzu energetikoen kontratuen erregistroan erregistratu beharko da kontratua. Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariaren bidez sar daiteke hara (www.navarra.es).

–Energia zerbitzuaren hornitzaileak inskribaturik egon behar du Energia Zerbitzuaren Hornitzaileen zerrendan, otsailaren 12ko 56/2016 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat.

c) II. eranskinean neurri bakoitzerako zehaztu den dokumentazioa.

d) Diru-laguntza emateko ebazpenean zehazten den beste edozein agiri.

2. Laguntzen organo kudeatzaileak onuradunek aurkeztutako justifikazio dokumentazioa aztertuko du, eta, diru-laguntza 60.000 eurotik gorakoa bada, inbertsioaren egiaztapen materiala eginen du. Ondoren, ordaintzeko ebazpenaren proposamen arrazoitua igorriko dio organo eskudunari, non jasoko baita onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten eginbeharrak bete dituztela.

Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuko zuzendariak diru-laguntza ordaintzeko ebazpena emanen du bi hilabeteko epean frogagiriak aurkezten direnetik.

7. oinarria. Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Diru-laguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztu beharko dute diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, irailaren 11ko 59/2013 Dekretuan arautua, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa.

Onuradunak informatzeko betebehar hori betetzen ez badu, ez da onartutako diru-laguntza ordainduko.

b) Inbertsioaren jabetza mantentzea gutxienez ere bost urtez, laguntza ordaintzeko ebazpenaren egunetik hasita. Hori egiaztatu ondoan, espedientea itxiko da.

c) Jasotako laguntzari buruzko publizitatea egitea, inbertsioen finantzaketa publikoa dela zabalduz, bai web korporatiboan bai onuradunak diruz lagundutako proiektuen inguruan egiten duen dokumentazioan.

d) Errentamendu finantzarioaren bidez finantzatutako inbertsioen kasuan (leasing eta energia zerbitzuen hornitzaileekin sinatutako kontratuak), onuradunak enpresa errentatzaileari ordaindutakoa diru-laguntza baino txikiagoa bada, diferentzia hori ordaindu beharko dio errentatzaileari, eta diru kopuru hori errentamendu finantzarioaren kuotak aldez aurretik amortizatzeko erabiliko da. Onuradunak ordainketa horren frogagiria eta amortizazio-taula berria aurkeztu beharko ditu laguntzak kudeatzen dituen organoaren aurrean, ordaintzeko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean.

e) II. eranskinean neurri bakoitzerako zehaztu diren berariazko betebeharrak.

f) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako eginbeharren bat bete ezik, onartutako diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

8. oinarria. Baliabide elektronikoen bidezko komunikazioak.

1. Administrazio-egintzen jakinarazpena eta laguntza horiek emateko prozeduran egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematika bidez eginen dira entitate eskatzaileen helbide elektroniko gaitura (DEH).

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke helbide elektroniko gaitua. Horretarako, ziurtagiri digitala beharko da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretan harpidetuta egon beharko da. DEH eskuratzen den helbide berean egiten da harpidetza.

2. Laguntzen eskaera eta eman beharreko dokumentazio guztia telematikoki aurkeztuko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (http://www.nafarroa.eus) zerbitzuen katalogoko laguntzen fitxaren bidez.

9. oinarria. Diru-laguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honetako diru-laguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ondasun beretarako ematen dituen edonolako beste diru-laguntzekin. Zehazki, abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legearen bidez onetsi zen 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Planaren ekarpenekin dira bateraezinak.

Diru-laguntza bateragarriak direnean, beste entitate publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek emanak izateagatik, diru-laguntza baten edo guztien zenbatekoak ezin du inola ere onuradunak egin beharreko jardueraren kostua gainditu.

10. oinarria. Oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

11. oinarria. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Diru-laguntzen Datu Base Nazionalaren bidez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), emandako diru-laguntzak jarriko ditu jendaurrean, deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egozten zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua adierazita.

Halaber, deialdiaren emaitzen zerrenda argitaratuko da laguntzen fitxan.

II. ERANSKINA

Diruz laguntzen ahal diren neurriak

1. neurria.– anpoko argiteria publikoaren instalazioak berritzea.

1.–Onuradunen berariazko betebeharrak.

Honako hauek dira laguntzak eskuratzeko berariazko betebeharrak:

a) Toki entitatearen populazioa 250 biztanlekoa izatea gutxienez, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren otsailaren 9ko 14/2016 Foru Aginduaren arabera (haren bidez, Nafarroako kontzejuetako 2015eko urtarrilaren 1eko populazio kopuruak ofizial deklaratu ziren).

b) Argiteria publikoaren alorreko eskumenak bere gain izatea.

c) Argiteria publikoaren auditoretza energetikoa izatea, 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera egina eta Energia Dibertsifikatu eta Aurrezteko Erakundeak ezarritako protokoloaren araberakoa.

2.–Diru-laguntza jaso dezaketen instalazioak.

Baldintza hauek betetzen dituzten inbertsioek jaso dezakete diru-laguntzak (ekipoak, linea eta instalazio elektrikoak berritzea, obra zibila eta proiektua eta obra zuzendaritza):

a) Bat egitea toki entitateak argiteriaren instalaziorako azaldutako auditoretza energetikoko alternatibekin.

b) Diru-laguntza jaso dezaketen instalazioek bete behar dute Behe Tentsioko Erregelamendu Elektroteknikoan xedatutakoa (abuztuaren 2ko 842/2002 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen) eta Kanpoko argiteriaren instalazioetan energia efizientzia bultzatzeari buruzko Erregelamenduan eta jarraibide tekniko osagarrietan (EA-01etik EA-07ra) xedatutakoa (azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretuaren bidez onetsi ziren).

c) Diruz laguntzen ahal diren instalazioek proiektua eta obra zuzendaritza beharko dituzte kasu guztietan. Horien zenbatekoak ez du inbertsio guztiaren %10 gaindituko.

3.–Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Organo kudeatzaileak diruz laguntzeko modukotzat jotako gastuaren %65 izanen da diru-laguntzaren zenbatekoa. Eskaera bakoitzeko 40.000 euro jaso daiteke gehienez.

4.–Eskabideak baloratzeko irizpideak.

Hona hemen diru-laguntza emateko eskaerak baloratzeko irizpideak:

4.1. Ratio energetiko-ekonomikoaren balorazioa: 45 puntura bitarte.

Hona ratio energetiko-ekonomikoa zer den: proposatutako berritzearekin kWh/urtean lortutako aurrezte teorikoaren eta eurotan egindako inbertsioaren arteko zatidura.

Modu proportzionalean baloratuko da. 45 puntu emanen zaizkio ratio energetiko-ekonomikorik handienari, eta 0, berriz, txikienari.

4.2. Luminariaren FHSinst < %1 eta kolore tenperatura ≤ 3000 K bada: 25 puntu.

4.3. Toki entitateak auditoretza energetikoa badu, 2015ean egina Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak 200 biztanletik beherako udalerrientzat garatutako ekintzaren esparruan: 20 puntu.

4.4. Ingurumen jasangarritasuna: jatorriaren bermea duten iturri berriztagarriko elektrizitatearen edo “elektrizitate berdearen” hornidura-kontratu bat izatea 2016ko abenduaren 31n: 10 puntu.

Esleitutako puntuazioak berdinak izanez gero, berritu aurretik argiteriaren potentziarik handiena zuten berritzeei emanen zaie lehentasuna. Berdinketak jarraituz gero, laguntzaren eskaera zer egunetan eta zer ordutan egin den, horrexen arabera ordenatuko dira.

5.–Laguntza eskatzeko behar diren agiriak.

Neurri honen laguntza eskatzeko aurkeztu beharreko agiriak:

a) Egindako auditoretzaren kopia, baita haren fakturarena eta ordainagiriarena ere, non ez duen Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak egin auditoretza 200 biztanletik beherako udalerrientzat garatutako ekintzaren esparruan.

b) Jarduketaren memoria, honako hau zehazten duena:

1. Auditoretzan zehaztutako proposamenen artean aukeratutakoa, eta aurreikusten ziren luminarien deskribapena (goiko hemisferioko fluxua, kolore tenperatura, etab.).

2. Aurrekontu zehaztua.

3. Aurreikusitako energia aurrezpenaren justifikazio zehaztua eta kuantifikatua (elektrizitate kWh-ak, urtero), frogatzen duena auditoretza horretan ezarritakoa egiten dela.

c) Erantzukizunpeko adierazpena lortutako beste laguntza batzuen gainekoa, laguntzei buruzko fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa.

d) Instalazioa energia zerbitzuen hornitzaile batek egiten badu, energia zerbitzuen gaineko aurrekontratuaren kopia aurkeztu beharko da; kontratua hornitzaileak eta instalazioaren erabiltzaileak sinatua izan behar du.

e) Eskatzaileak jatorriaren bermea duten iturri berriztagarriko elektrizitatearen edo “elektrizitate berdearen” hornidura-kontratu bat badu, kontratu hori erantsi beharko du.

f) Toki entitateak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako hartutako konpromisoa, 3.3.b) oinarriko laguntza osagarria justifikatzen duena, frogatzeko dokumentazioa.

6.–Frogagiriak.

Laguntzak eman ondoan, onuradunek berariazko dokumentazio hau aurkeztu behar dute, 6. oinarrian zehaztutakoaz gainera:

a) Proiektua eta obra zuzendaritza, 2.b) oinarrian zehaztutako erregelamenduetan (Behe Tentsioko Erregelamendu Elektroteknikoa eta Kanpoko argiteriaren instalazioetan energia efizientzia bultzatzeari buruzko Erregelamendua) eskatutakoa zehaztuta.

Proiektu horretan, berritzearen argazkiak ere erantsiko dira, baita inplementatutako materialen ziurtagiriak eta bermeak ere.

b) Behe tentsioko instalazioaren ziurtagiriaren kopia, Behe Tentsioko Erregelamendu Elektroteknikoan xedatutakoarekin bat.

c) Eskatzen diren egiaztapen ziurtagirien kopia, Kanpoko argiteriaren instalazioetan energia efizientzia bultzatzeari buruzko Erregelamenduan zehazten denarekin bat.

d) KEB ikuskapenaren ziurtagiriaren kopia, bai Behe Tentsioko Erregelamendu Elektroteknikoaren bai Kanpoko argiteriaren instalazioetan energia efizientzia bultzatzeari buruzko Erregelamenduaren esparruan, aplikatu beharreko araudiak eskatzen badu.

7.–Onuradunen berariazko betebeharrak.

Neurri honen onuradunek, 7. oinarrian zehaztutakoaz gainera, betebehar hauek ere konplitu behar dituzte:

a) Hilabeteko epean ordaintzeko ebazpena jakinarazten denetik aurrera, onuradunak argiteria publikoaren instalazioaren hornidura kontratuaren kopia bat aurkeztuko du, aldez aurreko auditoretzan zehaztutako potentzia kontratatuari dagokiona.

b) Diru-laguntza eman eta hurrengo bost urtean, modu telematikoan eta urte bakoitzeko ekainaren 30a baino lehenago, memoria-txosten bat aurkeztu behar du, berritzearen aurreko instalazioa eta ondokoa konparatzeko. Txosten horretan energiaren kontsumoak eta instalazioaren gastuak zehaztuko dira (prebenitzeko eta zuzentzeko mantentze-lanak, konponketak, etab.).

2. neurria.–Energia berriztagarrien instalazioetako inbertsioak.

Ez da berariazko betebeharrik ezartzen laguntzak neurri honen bidez eskatzen dituzten toki entitateentzat.

1.–Diru-laguntzaren xede diren instalazioak.

1.1. Nafarroan egiten diren inbertsio hauek jaso dezakete diru-laguntza:

a) Inbertsioak egitea iturri berriztagarrietako energia erabiltzen duten instalazioetan berokuntzan erabiltzeko eta elektrizitatea sortzeko. Jatorri ez-fosilekoak hartuko dira iturri berriztagarritzat, alegia, energia eolikoa, eguzki energia, aerotermikoa, geotermikoa, hidrotermikoa, ozeanikoa, hidraulikoa, biomasa, zabortegiko gasak, araztegietako gasak eta biogasa, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko apirilaren 23ko 2009/28/EE Zuzentarauko definizioaren arabera.

b) Inbertsioak mikroseareetan egitea. Mikrosarea da kargez, sortze banatuko bi elementuz edo gehiagoz, biltegiratzeko elementuez eta kontroleko eta kudeaketako elementu eta sistemez osatutako multzoa; horiek lotune beraren bidez daude sare elektrikoari lotuta, eta energia kudeatzeko estrategia bat dute atxikirik. Mikrosare horiek iturri berriztagarrien bidez hornitu beharko dira, baina ez da baztertzen energia fosilak euskarri gisa erabiltzeko aukera, egoera zehatz batzuetan edo errentagarritasun ekonomikoari lotutako arrazoiak daudenean, betiere ongi justifikatu beharko direnak. Berriztagarriak ez diren sorkuntza elementuek ez dute diru-laguntzarik jasoko.

1.2. Diruz laguntzen ahal diren jarduketek baldintza hauek bete beharko dituzte:

1.2.1. Kasu guztietan, diruz laguntzen diren instalazioek dibulgazio panel bat izan behar dute. Hartan, honako hau egonen da ikusgai une oro:

–Uneko edo eguneko produkzioa.

–Metatutako produkzioa.

–Eguneko energia erabilgarria.

–Hornitutako instalazioaren eguneko kontsumoa.

1.2.2. Elektrizitatea sortzeko instalazioen kasuan:

a) Energia elektrikoa sortzeko instalazioetan egiten diren inbertsio hauek jaso dezakete diru-laguntza:

–Isolatuak edo sarera lotu gabeak.

–Norberaren kontsumokoak, 900/2015 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraituz.

Bi instalazio horiek energia metatzeko sistemak eduki ditzakete.

b) Zentral hidroelektrikoen bitartez elektrizitatea sortzeko instalazioek diru-laguntza jaso dezakete instalatutako potentzia ez bada MW batetik gorakoa.

2.–Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

2.1. Diruz laguntzen ahal diren jarduketek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Diruz laguntzen ahal den inbertsioa ezin da 1.500 eurotik beherakoa izan (BEZa kanpo), mikrosareen instalazioaren kasuan izan ezik; izan ere, hartan, 30.000 eurokoa izanen da gutxieneko inbertsioa.

b) Diseinu edo ingeniaritzako lanak ez dira instalazioaren kostu osoaren %10 baino handiagoak izanen, salbu eta mikrosareen kasuan, kostu osoaren %20 izanen baita gehienez ere. Era berean, onuradunak egindako instalazioen kasuan, langile berekien gastuak ez dira izanen instalazioaren kostu osoaren %20 baino handiagoak.

c) Eraikuntzaren Kode Teknikoari jarraikiz instalazio batean derrigorrezkoa bada energia berriztagarrien instalazio bat egitea etxeko ur beroa sortzeko, berokuntza eta/edo hozte sistemaren osagarri gisa ere diseinatzen diren instalazioetan baino ez da diruz lagunduko inbertsioa. Kasu horretan instalazioaren kostu guztiaren %70 bakarrik izanen da diru-laguntzaren xede, ulertzen baita gainerako %30 dela aipatu araua betetzeko behar den inbertsioa.

d) Zentral hidroelektrikoen kasuan, bost urte baino gehiago zerbitzurik eman gabe egon diren zentralak martxan jartzeko egin behar diren inbertsioak zein instalazio berriak laguntzen ahal dira diruz.

e) Biomasa erregai moduan erabiltzen duten klimatizazio sareei dagokienez, eraikinetatik kanpokoak baino ez dira diruz lagunduko. Bezeroei zerbitzua egiteko harguneetan egindako inbertsioak diruz laguntzen ahal dira baldin eta haien kostua laguntza eskatzen duenak hartu badu bere gain.

f) Bero-ponpak erabiltzen dituzten instalazioen kasuan, hornitutako energia berriztagarriaren eta ponpak emandako energia termiko erabilgarriaren arteko erlazioari dagokion inbertsioa soilik hartuko da diruz laguntzeko moduko, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009/28/EE Zuzentarauari jarraituz, zeinak jarraibideak ezarri baitzituen Batasuneko kide diren estatuek iturri berriztagarrietatik sortzen den energia kalkulatzeko. Ponpa martxan jartzeko lehen mailako energia guztia iturri berriztagarrietatik sortua bada, inbertsio guztia hartuko da diruz laguntzeko moduko.

g) Hirugarren neurri honen 1.2 ataleko dibulgazio panelaren kostua diruz laguntzen ahal da, horren instalazio osagarrien kostua barne dagoela (zundak, kontagailuak, etab.).

Edonola ere, diruz laguntzen ahal den zenbatekoa ezin da instalazio osoaren kostuaren %15etik gorakoa izan.

2.2. Ez dira diruz lagunduko Eraikuntzaren Kode Teknikoaren aplikazioaren ondorioz nahitaezkoak diren elektrizitatea sortzeko instalazioak; salbu eta instalazioaren potentzia nominala eskatutako gutxienekoa baino handiagoa denean, kasu horretan diruz laguntzen ahalko delako instalazioaren kostuaren zati bat, eskatutako gutxieneko horren gaineko potentzia instalatuari dagokion zati proportzionalarena, hain zuzen.

3.–Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Organo kudeatzaileak diruz laguntzeko modukotzat jotako gastuaren %30 izanen da diru-laguntzaren zenbatekoa. Eskaera bakoitzeko 150.000 euro jaso daiteke gehienez.

4.–Eskabideak baloratzeko irizpideak.

Hona hemen diru-laguntza emateko eskaerak baloratzeko irizpideak:

1. Energia berriztagarriak noraino dauden ezarrita (instalazio guztietan aplikagarri, erabilera termikoetan izan ezik biomasa erregai moduan erabiltzen badute): 35 puntu bitarte.

a) Diru-laguntzaren xede den instalazioa toki entitateko energia berriztagarrien aurreneko instalazioa baldin bada (ez da ulertu behar toki entitatearen lurraldean kokatutakoa): 35 puntu.

b) Toki entitateak dagoeneko energia berriztagarrien instalazio 1, 2 edo 3 baldin baditu: 20 puntu.

b) Toki entitateak dagoeneko energia berriztagarrien 3 instalazio baino gehiago baldin baditu: 0 puntu.

2. Instalazioaren erregaia (biomasa erregai moduan erabiltzen duten erabilera termikoetan soilik aplikagarri): 35 puntu bitarte.

a) Instalazioa prest baldin badago erregai batekin baino gehiagorekin funtzionatzeko: 35 puntu.

b) Bestelako kasu bat: 0 puntu.

3. Toki entitatearen biztanle kopurua: 25 puntu bitarte.

a) 1.000 biztanletik behera: 25 puntu.

b) 1.001 eta 10.000 biztanle bitarte: 15 puntu.

c) 10.001 biztanle baino gehiago: 0 puntu.

Ondorio horietarako, kontuan hartuko da populazioaren estatistikak egiteko eskumena duen departamentuko titularrak kontzejuetako populazio zifrak ofizial deklaratzeko emandako azken foru aginduan xedatutakoa.

4. Energia zerbitzuen hornitzaile batekin egindako kontratuaren esparruko inbertsioak: 20 puntu bitarte.

a) Aurreztea bermatzen duen kontratua: 20 puntu.

Aurreztea bermatzen duen kontratua izateko, energia zerbitzuen hornitzailearen diru-sarrera guztiak edo haien zati bat lotuko zaizkio bezeroaren instalazioetan energia aurrezteko neurriak hartzearen ondorioz lortzen den aurrezteari. Aurrezte hori urtero kalkulatuko da, egiaztatzeko eta neurtzeko prozedura baten bidez.

b) Energiaz hornitzeko kontratua: 10 puntu.

Energiaz hornitzeko kontratua izateko, bezeroak energia zerbitzuaren hornitzailearekin kontratu bat sinatuko du energiaren hornidura egiteko, ezarritako eperako, saltzeko prezioa txikiagoa izanik ohiko enpresa merkaturatzailearekin ordainduko zukeena baino.

c) Inbertsioak ez badira egiten energia zerbitzuaren hornitzaile batekin egindako kontratu baten bidez: 0 puntu.

5. Ingurumenaren jasangarritasuna: 20 puntu bitarte ondotik ematen diren baldintzetako bat edo gehiago betetzen badira:

a) Ingurumen arloko kudeaketa eta auditoria egiteko sistema komunitarioa ezarria eta ziurtatua izatea (EMAS) 2016ko abenduaren 31n: 10 puntu.

b) Jatorriaren bermea duten iturri berriztagarriko elektrizitatearen edo “elektrizitate berdearen” hornidura-kontratu bat izatea 2016ko abenduaren 31n: 10 puntu.

Eskatzaileei esleitutako puntuazioetan berdinketa izanez gero, irizpide bakoitza emateko ordenaren arabera lortzen den puntuazioa hartuko da kontuan. Berdinketak jarraituz gero, laguntzaren eskaera zer egunetan eta zer ordutan egin den, horrexen arabera ordenatuko dira.

5.–Laguntza eskatzeko behar diren agiriak.

Neurri honetarako laguntzak eskatzeko aurkeztu beharreko agiriak:

a) Aurreikusita dagoen jarduketa zehazten duen memoria:

1. Egungo egoera eta lortu nahi den egoera.

2. Elektrizitatea sortzeko elementuen eta sistemen deskribapena.

3. Elektrizitatea biltegiratzeko elementuen eta sistemen deskribapena.

4. Kontroleko sistemen eta metodologiaren deskribapena.

5. 1.2 ataleko panelaren ezaugarrien deskripzioa.

6. Ibilgailu elektrikoa kargatzeko puntuaren instalazioaren deskripzioa, egoki bada.

7. Gauzatzearen kronograma.

b) Inbertsioen aurrekontua, kontzeptutan xehakatuta eta berariaz aipatuta dibulgazio panela eta horrek behar dituen instalazio osagarriak.

c) Eraikuntzaren Kode Teknikoari jarraikiz derrigorrezkoak diren instalazioetan, instalazioaren kokalekuaren herriko Udaleko idazkariak emandako ziurtagiria.

d) Elementu sortzaileen fitxa teknikoen kopia.

e) Instalazioa energia zerbitzuen hornitzaile batek egiten badu, energia zerbitzuen gaineko aurrekontratuaren kopia aurkeztu beharko da; kontratua hornitzaileak eta instalazioaren erabiltzaileak sinatua izan behar du.

f) Lortutako beste laguntza batzuei eta Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko baldintzak betetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren arabera.

g) Eskatzaileak jatorriaren bermea duten iturri berriztagarriko elektrizitatearen edo “elektrizitate berdearen” hornidura-kontratu bat badu, kontratu hori erantsi beharko du. Eskatzaileak Ingurumen arloko kudeaketa eta auditoria egiteko sistema komunitarioa ezarria eta ziurtatua duela adierazi badu, hala frogatzen duen agiria erantsi beharko du.

h) Toki entitateak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako hartutako konpromisoa, 3.3.b) oinarriko laguntza osagarria justifikatzen duena, frogatzeko dokumentazioa.

6.–Frogagiriak.

Laguntzak eman ondoan, onuradunek dokumentazio hau aurkeztu behar dute, 6. oinarrian zehaztutakoaz gainera:

a) Instalazioaren eta hura osatzen duten elementuen argazkiak.

b) Elektrizitatea sortzen duten instalazioen kasuan:

1. Instalazioa isolatua izan edo norberaren kontsumokoa izan, instalazioaren erregistro zenbakia edo zerbitzuan jartzeko akta aurkeztuko da, kasua zein den, eta martxoaren 5eko 60/2015 Foru Aginduan ezarritakoari jarraituz tramitatuko da (60/2015 Foru Agindua, martxoaren 5ekoa, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak emana, industria segurtasunaren arloko erregelamenduzko arauak bete behar dituzten instalazioen titularrek eta agenteek jarraitu beharreko prozedura arautzen duena, segurtasun baldintzak betetzen dituztela frogatzeko).

2. Norberaren kontsumoko instalazioek, gainera, energia elektrikoaren autokontsumoaren erregistro administratiboko inskripzio zenbakia aurkeztuko dute, edo, halakorik izan ezean, erregistro horretan inskribatzeko eskaeraren kopia, energia elektrikoa autokontsumoarekin hornitzeko eta autokontsumoarekin ekoizteko modalitateek bete beharreko baldintza administratiboak, teknikoak eta ekonomikoak arautzen dituen urriaren 9ko 900/2015 Errege Dekretuarekin edo aplikatu beharreko arauarekin bat.

c) Sorkuntza termikoko instalazioen kasuan, instalazioaren erregistro zenbakia, hala behar bada.

7.–Onuradunen berariazko betebeharrak.

Neurri honen onuradunek, 7. oinarrian zehaztutakoaz gain, emaitzen memoria-txosten bat ere aurkeztu behar dute, 1.2 ataleko bistaratze panelean erregistratutako datuekin, diru-laguntza eman eta hurrengo bost urtean, urte bakoitzeko ekainaren 30a baino lehenago, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez.

3. neurria.–Mugigarritasun elektrikoa.

1.–Onuradunen berariazko betebeharrak.

Honako hauek dira laguntzak eskuratzeko berariazko betebeharrak:

a) Toki entitatearen populazioa 20.000 biztanlekoa izatea gutxienez, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren otsailaren 9ko 14/2016 Foru Aginduaren arabera (haren bidez, Nafarroako kontzejuetako 2015eko urtarrilaren 1eko populazio kopuruak ofizial deklaratu ziren).

b) Eskumenak izatea bide azpiegituretan.

2.–Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

2.1. Ondoren aipatzen diren gastuak izanen dira diru-laguntzaren xede:

2.1.1. Ondoan ematen diren kategorietako batekoa den garraiobide bat eskuratzea:

a) M eta N kategoriako ibilgailuak:

–M1 kategoria: motordun turismoak edo ibilgailuak, bereziki pertsonak eta horien bagajea garraiatzeko sortuak eta fabrikatuak, baldin eta, gidariaren eserlekuaz gain, beste zortzi badituzte.

–N1 kategoria: motordun furgonetak edo kamioi arinak, bereziki salgaiak garraiatzeko sortuak eta fabrikatuak, baldin eta haien gehieneko masa ez bada 3,5 tonatik gorakoa.

b) L kategoriako ibilgailuak:

–L1e kategoria: ziklomotorrak edo bi gurpileko ibilgailuak, fabrikazioko gehieneko abiadura 45 km/h-tik gorakoa ez dutenak eta gehieneko etengabeko potentzia izendatua 4 kW-ekoa edo hortik beherakoa dutenak.

–L2e kategoria: trizikloak edo hiru gurpileko ibilgailuak, fabrikazioko gehieneko abiadura 45 km/h-tik gorakoa ez dutenak eta gehieneko etengabeko potentzia izendatua 4 kW-ekoa edo hortik beherakoa dutenak.

–L3e, L4e eta L5e kategoriak: bi gurpileko ibilgailuak, edo ibilgailuaren luzetarako erdiko ardatzarekiko simetrikoak edo asimetrikoak diren hiru gurpilekoak, diseinuko abiadura 45 km/h-tik gorakoa dutenak.

–L6e kategoria: kuadriziklo arinak, hutsik egonik 350 kg-ko masa edo hortik beherakoa dutenak, baterien masa kanpo, fabrikazioko gehieneko abiadura 45 km/h-koa edo hortik beherakoa dutenak eta gehieneko etengabeko potentzia izendatua 4 kW-ekoa edo hortik beherakoa dutenak.

–Kuadriziklo astunak (L7e): kuadrizikloak hutsik egonik 400 kg-ko masa edo hortik txikiagoa dutenak, edo 550 kg-koa edo hortik txikiagoa, salgaiak garraiatzeko ibilgailuen kasuan, baterien masa kanpo, eta gehieneko etengabeko potentzia izendatua 15 kW-ekoa edo hortik beherakoa dutenak.

c) Motor elektrikoz lagundutako pedal bizikletak.

2.1.2. Ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegitura bakarra instalatzea, Behe-tentsioko Erregelamendu Elektroteknikoaren ITC BT 52ren arabera zehaztutako ondoko estandarretakoa baldin bada:

a) Kargatzeko 2. modua.

b) Kargatzeko 3. modua.

c) Kargatzeko 4. modua.

2.2. Diru-laguntzaren xedeko gastuek betebehar hauek konplitu beharko dituzte:

2.2.1. Garraiobideak:

a) Berriak izatea, elektriko soilak, eta Espainian matrikulatuak egotea.

b) L kategoriako ibilgailuek eta bizikletek bereziki ondokoa bete behar dute:

i) Ibilgailu elektriko gisa homologatuak egotea.

ii) L3e, L4 eta L5e kategorikoek 70 km-ko autonomia izan behar dute.

iii) Motor elektrikoz lagundutako pedal bizikletek UNE-EN 15194:2009 Arauko aginduak bete behar dituzte eta bizikleta identifikatzeko modua izanen dute, txasis-zenbakiaren bidez edo sistema ezabaezinaren bidez eta bateriaren serie zenbakiaren bidez.

c) M eta N kategorietako ibilgailuek ondokoa bete behar dute:

i) Laguntzen deialdi honen esparruan karga sistema bati lotuak egotea, edo eremu publikoko aparkaleku publiko iraunkorretan dagoeneko eskura dagoen karga sistema bati.

ii) Kontzeptu hauek idaztea ibilgailuko aldeetan, A3aren pareko tamainan, gutxienez:

–Toki entitatearen logotipoa edo armarria.

–Nafarroako Gobernuaren Iogotipoa, elebidunez.

–”Elektrikoa naiz %100”.

2.2.2. Ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegituraren instalazioa (ekipoak, linea eta instalazio elektrikoen aldaketa, obra zibila eta proiektua eta obra zuzendaritza):

a) Abenduaren 12ko 1053/2014 Errege Dekretuan ezarritakoa betetzea (haren bidez ITC-BT-52 Jarraibide Tekniko Osagarria onetsi zen).

b) Eremu publikoan kokatutako aparkaleku publiko iraunkorretan eginen da kargatzeko azpiegituraren instalazioa.

c) Kargatzeko azpiegiturak nahitaez erregistratu behar du gutxienez zenbat karga egiten den eta zenbateko energia hornitzen den karga bakoitzean.

d) Kontzeptu hauek idatzi behar dira kargatzeko azpiegituran, A4aren pareko tamainan, gutxienez:

–Toki entitatearen logotipoa edo armarria.

–Nafarroako Gobernuaren Iogotipoa, elebidunez.

–Ibilgailu elektrikoen karga islatzen duen ikonoa.

3.–Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Diru-laguntza bakoitzaren zenbatekoa honakoa izanen da:

1. Garraiobideak: kostu hautagarriaren %15, baina kostu hautagarri horrek ezin ditu inola ere ondotik ematen diren gehieneko mugak gainditu:

a) M eta N kategoriako ibilgailuak: 32.000 euro.

b) L kategoriako ibilgailuak:

i. L1e eta L2e kategoriak: 5.000 euro.

ii. L3e, L4 eta L5e kategoriak: 10.000 euro.

iii. L6e eta L7e kategoriak:15.000 euro.

c) Motor elektrikoz lagundutako pedal bizikletak: 1.500 euro.

2. Ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegituraren instalazioa: kostu hautagarriaren %80, baina kostu hautagarri horrek ezin ditu inola ere ondotik ematen diren gehieneko mugak gainditu:

a) Kargatzeko 2. modua: 1.000 euro.

b) Kargatzeko 3. modua: 3.000 euro.

c) Kargatzeko 4. modua: 5.000 euro.

4.–Eskabideak baloratzeko irizpideak.

Hona hemen diru-laguntza emateko eskaerak baloratzeko irizpideak:

1. Noraino inplementatu den udalerrian mugigarritasun elektrikoa: 45 puntu arte. Atal honetan baloratzen diren irizpideak bateraezinak dira elkarren artean.

a) Toki entitateak deialdi honen babesean diru-laguntza eskatzen badu kargatzeko azpiegitura instalatzeko nahiz garraiobidea eskuratzeko: 45 puntu.

b) Toki entitateak deialdi honen babesean diru-laguntza eskatzen badu ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegitura inplementatzeko soilik, aldez aurretik garraiobidea baitu: 20 puntu.

2. Toki entitatearen biztanle kopurua: 25 puntu arte.

a) 1.000 biztanletik behera: 25 puntu.

b) 1.001 eta 10.000 biztanle arte: 15 puntu.

c) 10.001 biztanle baino gehiago: 0 puntu.

Ondorio horietarako, kontuan hartuko da populazioaren estatistikak egiteko eskumena duen departamentuko titularrak kontzejuetako populazio zifrak ofizial deklaratzeko emandako azken foru aginduan xedatutakoa.

3. Inplementatutako tipologia: 20 puntu arte.

a) Inplementatutako tipologia kargatzeko 4. modua bada: 20 puntu.

b) Inplementatutako tipologia kargatzeko 3. modua bada: 10 puntu.

c) Inplementatutako tipologia kargatzeko 2. modua bada: 0 puntu.

4. Ingurumenaren jasangarritasuna: 10 puntu bitarte ondotik ematen diren baldintzetako bat edo gehiago betetzen badira:

a) Ingurumen arloko kudeaketa eta auditoria egiteko sistema komunitarioa ezarria eta ziurtatua izatea (EMAS) 2016ko abenduaren 31n: 5 puntu.

b) Jatorriaren bermea duten iturri berriztagarriko elektrizitatearen edo “elektrizitate berdearen” hornidura-kontratu bat izatea 2016ko abenduaren 31n: 5 puntu.

Eskatzaileei emandako puntuazioetan berdinketa izanez gero, irizpide bakoitza emateko ordenaren arabera lortzen den puntuazioa hartuko da kontuan. Berdinketak jarraituz gero, laguntzaren eskaera zer egunetan eta zer ordutan egin den, horrexen arabera ordenatuko dira.

5.–Laguntza eskatzeko behar diren agiriak.

Neurri honetarako laguntzak eskatzeko aurkeztu beharreko agiriak:

a) Eskatzaileak kargatzeko azpiegitura eta/edo garraiobide bat gutxienez badu, hori frogatu beharko du beharrezko dokumentazioarekin.

b) Garraiobide bat eskuratzeko eskaeretan, haren fitxa teknikoa aurkeztuko da, non 2. ataleko baldintzak justifikatuko baitira. Fitxa teknikoarekin batera, garraiobidearen aurrekontua zehaztuko da, ibilgailuaren errotuluari dagokion zatia barne.

c) Ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegitura elektrikoa eta elektronikoa instalatzeko eskaeretan, hura ezartzeko memoria bat aurkeztu beharko da, non 2. ataleko baldintzak justifikatuko baitira, jarduketa gauzatzeko aurrekontua eta UTM koordenatuen bidezko azpiegituraren kokaleku zehatza barne daudela.

d) Instalazioa energia zerbitzuen hornitzaile batek egiten badu, energia zerbitzuen gaineko aurrekontratuaren kopia aurkeztu beharko da; kontratua hornitzaileak eta instalazioaren erabiltzaileak sinatua izan behar du.

e) Eskatzaileak jatorriaren bermea duten iturri berriztagarriko elektrizitatearen edo “elektrizitate berdearen” hornidura-kontratu bat badu, kontratu hori erantsi beharko du. Eskatzaileak ingurumen arloko kudeaketa eta auditoria egiteko sistema komunitarioa ezarria eta ziurtatua duela adierazi badu, hala frogatzen duen agiria erantsi beharko du.

f) Lortutako beste laguntza batzuei eta Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko baldintzak betetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren arabera.

g) Toki entitateak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako hartutako konpromisoa, 3.3.b) oinarriko laguntza osagarria justifikatzen duena, frogatzeko dokumentazioa.

6.–Frogagiriak.

Laguntzak eman ondoan, onuradunek berariazko dokumentazio hau aurkeztu behar dute, 6. oinarrian zehaztutakoaz gainera:

a) Instalazioaren eta hura osatzen duten elementuen argazkiak.

b) Instalazioaren erregistro zenbakia, martxoaren 5eko 60/2015 Foru Aginduan ezarritakoari jarraituz tramitatua (60/2015 Foru Agindua, martxoaren 5ekoa, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak emana, industria segurtasunaren arloko erregelamenduzko arauak bete behar dituzten instalazioen titularrek eta agenteek jarraitu beharreko prozedura arautzen duena, segurtasun baldintzak betetzen dituztela frogatzeko).

c) Zabalkundea egitean 7.b eta 7.c ataletako betebeharrak konplitu direla frogatzea. Horretarako, toki entitatearen webgunea erabiliko da, edo, hori izan ezean, iragarki ohola.

7.–Onuradunen berariazko betebeharrak.

Neurri honen onuradunek, 7. oinarrian zehaztutakoaz gainera, betebehar hauek ere konplitu behar dituzte:

a) Diru-laguntza eman eta hurrengo bost urtean, modu telematikoan eta urte bakoitzeko ekainaren 30a baino lehenago, emaitzen memoria-txosten bat aurkeztu behar da, egindako kargen kopuruaz eta karga bakoitzean hornitutako energiaz erregistratu diren datuekin.

b) Onuradunak ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegitura bat instalatu badu, horren zabalkundea egin beharko du herritarren artean eta jendearen artean, ohikotasunez erabili eta zabaltzeko.

c) Onuradunak garraiobide bat eskuratu badu, hura toki entitatearen enplegatuen eskura jarri beharko du, ohikotasunez erabili eta zabaltzeko.

Iragarkiaren kodea: F1703519

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa