(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Bilatzaile erabili!

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Google
  • Facebook

Nire NAOrako sarrera

169. ALDIZKARIA - 2017ko irailaren 1a

  • 1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
    • 1.7. BESTELAKOAK

361/2017 EBAZPENA, abuztuaren 1ekoa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, 2017-2018 ikasturtean Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren antolaketa eta jarduna arautzeko jarraibideak eta 2017-2018 ikasturtean Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruari egokitzeko arauak onesten dituena.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren bidez goi mailako arte ikasketak arautu ziren, eta urriaren 26ko 1614/2009 Errege Dekretuak ikasketa horien antolamendua ezarri zuen. Bestalde, maiatzaren 14ko 631/2010 Errege Dekretuak musikako goi mailako arte ikasketen plan berriaren oinarrizko edukia arautu zuen, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritakoarekin bat.

Nafarroan, uztailaren 1eko 109/2010 Foru Aginduaren bidez, musikako goi mailako ikasketak antolatu ziren, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruaren barnean, eta uztailaren 1eko 110/2010 Foru Aginduaren bidez, hura aldatzen duen abuztuaren 27ko 77/2013 Foru Aginduaren bidez eta apirilaren 22ko 34/2014 Foru Aginduaren bidez musikako goi mailako ikasketa planak ezarri ziren, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruaren barnean.

Goi mailako musikako arte ikasketak Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparru berriari egokitzeko, arau-garapen berariazko bat beharko da, Nafarroako Musikako Goi Mailako Kontserbatorioaren antolaketa eta jarduna arautuko dituena. Prozesu hori bukatu bitartean, ebazpen honen eranskinean agertzen diren jarraibideei esker, errazagoa izanen da ikasketa plan batetik bestera igarotzeko bidea.

Arte Ikasketen Atalak 2017-2018 ikasturtean Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren antolaketa eta jarduna arautzen dituzten jarraibideak eta Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruari egokitzeko arauak onestearen aldeko txostena egin du.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urtarrilaren 11ko 5/2017 Foru Dekretuaren 8. artikuluan ezarritakoaren bidez eman dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 2017-2018 ikasturtean Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren antolaketa eta jarduna arautzeko jarraibideak onestea, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruari egokitzeko. Jarraibide horiek eranskinean ageri dira.

2. Ebazpen hau eta bere eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

3. Ebazpen hau eta dagokion eranskina igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Giza Baliabideen Zerbitzuari, Arte Ikasketen Atalari, Musikaren Hiria Koordinatzeko Bulegoari eta Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioari, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iruñean, 2017ko abuztuaren 1ean.–Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendaria, Ander Domblás García (Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ordez, Hezkuntzako kontseilariaren irailaren 10eko 115/2015 Foru Aginduaren indarrez).

ERANSKINA

2017-2018 ikasturtean Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren antolaketa eta jarduna arautzeko jarraibideak

Aurretik kontuan hartu beharrekoak.

Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren antolaketa eta jarduna arautzeko araudi berariazko bat, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruari egokitua, garatu bitartean, gobernu eta koordinazio organoek gaur egun indarra duten izen berberak izanen dituzte.

I.–Kontserbatorioaren urteko programazio orokorra.

1.–Urteko programazio orokorraren edukia.

Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioak, ikasturtea hastean, urteko programazio orokorra eginen du; programazio horrek hezkuntzako jarduera guztiak koordinatuko ditu, eta beren eskumenak zuzen betetzen direla eta hezkuntza komunitateko arlo guztiek esku hartzen dutela bermatuko du.

Urteko programazio orokor hori Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan (LOE) eta abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoan (LOMCE) ezartzen denari jarraikiz prestatuko da.

Urteko programazio orokorrean honako hauek jasoko dira:

A.–Kontserbatorioaren ordutegi orokorra eta hura prestatzeko ezarri diren irizpide pedagogikoak.

B.–LOEn araututako goi mailako musikako arte ikasketei dagozkien irakaskuntzako jarduerak, kasuan kasuko ikasketa planetarako.

C.–Kontserbatorioko irakasleen prestakuntza plana.

D.–Jarduera osagarrien eta eskolaz kanpokoen urteko programazioa.

E.–Memoria administratiboa.

F.–Hezkuntza proiektuaren zehaztapena.

G.–Curriculum proiektua edo hari egiten zaizkion aldaketak.

A.–Kontserbatorioaren ordutegi orokorra eta hura prestatzeko ezarri diren irizpide pedagogikoak.

Kontserbatorioaren ordutegi orokorra zuzendaritza taldeak prestatuko du, klaustroaren iritzia aditu ondoren, eta bide eman beharko du urteko programazio orokorrean aurreikusitako jarduerak aurrera eramateko. Hortaz, Kontserbatorioaren ordutegi orokorrak honako hauek bilduko ditu gutxienez:

a) Kontserbatorioa eskola komunitatearentzat zein ordutan egonen den irekita.

b) Ikasleen eskola orduak.

c) Ikasleek eskolakoak ez diren jarduerak egiteko izanen duten ordutegia.

d) Maiatzeko eta ekaineko jardueren behin betiko egutegiaren aurreikuspena; horretan probak eta azken ebaluazioak noiz eginen diren adieraziko da, baita kontsultak egiteko epea zein izanen den ere. Ekainaren 12a baino lehen, Kontserbatorioak aipatu jarduera horien behin betiko egutegia igorriko du Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura.

e) Irakasleen ordutegi orokorra.

f) Irakasleen banakako ordutegia.

Ikastetxearen ordutegi orokorra egiteko nahitaez hartuko dira kontuan, klaustroak adierazitakoaz eta Musikaren Hiria Koordinatzeko Bulegoak ezarritako jarraibideez gain, honako irizpide hauek:

–Kontserbatorioaren ordutegia astelehenetik larunbatera bitartekoa izanen da, biak barne. Astelehenetik ostiralera 8:30etik 20:45ak arte. Larunbatetan 9:00etatik 14:00ak arte.

–Larunbatak ikasteko eskola egunak izanen dira Kontserbatorioan, eta zuzendaritza taldeak, Musikaren Hiria Koordinatzeko Bulegoko buruarekin bat, ikasleak ikasgeletan sartu eta instrumentuak erabiltzeko eta horiek zaintzeko sistema ezarriko du.

–Bulegoko buruak, zuzendaritza taldearekin koordinaturik, neurriak hartuko ditu ikastetxea oporraldietan, goizez, irekita edukitzeko.

–Irakasleek ordutegien arloan izaten ahal dituzten lehentasunak ezin dira inoiz izan ikasleen beharren kontrakoak edo klaustroak ezartzen dituen irizpideen kontrakoak.

B.–Irakaskuntzako jarduerak.

Klaustroak, departamentu didaktikoen bidez, Kontserbatorioaren irakaskuntzako jarduerak programatuko ditu eta zuzendaritza taldeari igorriko dizkio. Programazio didaktikoen adostasun agiriak, zuzendaritzak ikus-onetsiak, urteko programazio orokorrean sartu beharko dira.

Irakaskuntzako jardueren programazioa egiteko, ordutegiak egiterakoan erabilitako irizpideak hartuko dira kontuan, eta, gutxienez, honako hauek bilduko ditu: tutoretza plana, ebaluazioak eta errekuperazio sistemak, diziplinarteko koordinazio proiektuak eta departamentu didaktikoen programazioak.

C.–Kontserbatorioko irakasleen prestakuntza plana.

Kontserbatorioak ikastetxeko irakasleentzako prestakuntza plan bat sartuko du bere programazioan. Koordinazio Pedagogikorako Batzordeak irakasleak prestatzeko planaren proposamena aurkeztuko dio klaustroari. Proposamen hori egiteko, aintzat hartuko ditu Hezkuntza Departamentuak aurkezten duen prestakuntza planeko eskaintza eta ikastetxeak proposatzen dituen prestakuntza jarduerak. Nolanahi ere, irakasleek egindako kontzertuak eta bestelako jarduera artistikoak ez dira prestakuntza jardueratzat hartuko.

Atal honetan aipatzen den planean kontuan hartuko dira curriculum proiektua egin eta berrikusteko prozesuan ikusten diren beharrak, bai eta Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparru berrian irakas-praktikari buruzko hausnarketaren eta berriztapenaren emaitza direnak ere.

D.–Jarduera osagarrien eta eskolaz kanpokoen urteko programazioa.

Kontserbatorioak programatzen dituen jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak irakaskuntzako ekintzak osatu edo garatzeko izanen dira.

E.–Memoria administratiboa.

Zuzendaritza taldeak eginen du, eta bertan sartuko da, besteak beste, Kontserbatorioa antolatzeko dokumentua.

Kontserbatorioa antolatzeko dokumentua Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak Kontserbatorioari bidaltzen dizkion inprimakiak erabiliz beteko da. Inprimaki horiek, behar bezala beterik, zerbitzu horretara bidaliko dira, ikasturteko eskolak hasi eta 20 eguneko epean.

F.–Hezkuntza proiektuaren zehaztapena.

Kontserbatorioaren hezkuntza proiektuan honako hauek biltzen dira:

a) Bere ezaugarriak.

b) Hezkuntzako helburuak.

c) Antolaketa orokorra.

d) Bizikidetza plana.

e) Ezarritako helburuak errazago lortzeko erakunde publiko eta pribatuekin aurreikusi diren harremanak.

Zuzendaritza taldeak eta Koordinazio Pedagogikorako Batzordeak, irailean, jarduketa plana eginen dute eta Kontserbatorioko organo guztiek hori bete eginen dute 2017-2018 ikasturtean, musikako goi mailako ikasketen proiektua eta curriculum proiektua era koordinatuan prestatu eta/edo berrikusteko.

Plan horretan, gutxienez honako alderdi hauek hartuko dira kontuan:

–Kontserbatorioko hezkuntza programa garatzeko ikasturtean zehar egin beharreko lanak zehaztea.

–Zeregin eta lan horiei ekiteko antolakuntzako neurriak aurreikustea.

–Jarduketa horiek denboran antolatzea eta horietako bakoitzean erantzukizuna norena den zehaztea.

–Eskaintzen diren espezialitateen programazio didaktikoak prestatzea eta berrikustea.

–Jarduketa plana ebaluatzeko irizpideak.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak Kontserbatorioak egiten duen jarduketa planaren proposamena berrikusiko du, indarrean dagoen araudian ezarri denari egokitzen zaion egiaztatuko du, ikasturtean zehar horren garapenaren jarraipena eginen du eta era egokian betetzeko behar den laguntza eskainiko du.

Kontserbatorioaren hezkuntza proiektua zuzendaritza taldeak prestatu eta berrikusiko du. Horretarako, kontuan izanen ditu irakasleen klaustroak egindako proposamenak. Onetsi ondoren, jendaurrean jarriko da.

G.–Curriculum proiektua.

Kontserbatorioak ikasketa planari eta programazio didaktikoei jarraikiz emanen ditu goi mailako ikasketak, eta horietan martxoaren 22ko 34/2014 Foru Aginduan araututakoa zehaztuko da (foru agindu horren bidez musikako goi mailako arte ikasketen plana ezarri zen Nafarroako Foru Komunitatean, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruari egokitzeko).

Curriculum proiektuak, ikasketa planeko elementuei buruzko erabaki multzo bat den aldetik, ikasleen prestakuntza behar profesionalei erantzun nahi die, betiere Kontserbatorioaren beraren egoeratik abiatuta. Gainera, irakasleen jarduketa guztiak koherenteak direla ziurtatu behar du. Curriculum proiektuak hezkuntza proiektua du abiapuntu.

Curriculum proiektuan honako hauek sartuko dira:

1.–Curriculumaren gaineko koordinazioari buruzko erabaki eta neurriak, ondotik heldu direnak:

a) Goi mailako musikako ikasketen gaitasunak Kontserbatorioaren eta ikasleen inguruabarrei egokitzea, helburu horiek benetan lortzeko hartu behar diren neurriak zehaztuta.

b) Metodologiari buruzko erabaki orokorrak.

c) Ikasleak ebaluatu eta mailaz igotzeko prozesuari buruzko irizpideak.

d) Erabiliko diren curriculum materialak eta baliabide didaktikoak.

e) Irakasleen irakaskuntza prozesuak eta irakas-praktika, baita curriculum proiektua bera ere, ebaluatzeko eta, kasua bada, berraztertzeko irizpideak.

2.–Hezkuntza Departamentuak baimendutako aukerako ikasgaien eskaintza, Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 22ko 34/2014 Foru Aginduan xedatuarekin bat.

3.–Tutoretza planaren ezarpena.

4.–Curriculum proiektuak irakasgai bakoitzerako programazio didaktikoa ere izanen du. Irakasleek ikasgelan garatuko dituzte programazio didaktikoak, gelako programazioen bidez.

5.–Kontserbatorioak prestatzen dituen ikerketa programak.

Koordinazio Pedagogikorako Batzordeak curriculum proiektuaren prestakuntza koordinatuko du, honako hauei jarraikiz: ikasketa plana, hezkuntza proiektua, klaustroak ezarritako irizpideak eta departamentuek egindako proposamenak. Proiektuaren erredakzioaren ardura ere izanen du. Curriculum proiektua prestatzeko aldian Koordinazio Pedagogikorako Batzordeak irakasleen parte-hartzea sustatuko du.

Curriculum proiektua irakasleen klaustroak ebaluatu eta onetsiko du, eta jendaurrean jarriko. Irakasleek curriculum proiektuaren garapena eta programazioak ebaluatu beharko dituzte, ikasleen hezkuntza beharrei egokitzen zaizkiela ziurtatzeko.

Programazio didaktikoak curriculum proiektua garatzeko baliabideak dira, eta haien prestaketa departamentuei dagokie.

Irakasleek beren departamentuetako programazio didaktikoen arabera prestatuko dute irakaslana. Irakasleren batek erabakitzen badu gelako programazioan aldaketaren bat egitea bere departamentuko baterako programazioan, aldaketa hori eta behar den justifikazioa departamentuko programazio didaktikoan sartuko dira.

LOEren ikasketa planaren arabera ematen diren irakasgaien programazio didaktikoak ikasketa berrietarako indarra duen araudira egokituko dira. Horietan, honako hauek jasoko dira:

a) Inplikatutako gaitasun orokorrak, zeharkakoak eta berariazkoak.

b) Edukiak eta haien denbora banaketa.

c) Aplikatuko den metodologia didaktikoa.

d) Horretarako zehazten diren parametroen arabera neurtzeko modukoak diren ebaluazio-irizpide eta prozedura objektiboak.

e) Kalifikatzeko irizpideak.

f) Errepertorioa, erabiliko diren materialak eta baliabide didaktikoak.

g) Beste departamentuekin batera jarduerak antolatzea, baldin eta horiek espezialitate edo irakasgai bat baino gehiago hartzen badituzte, esate baterako Ganbera Musika.

h) Departamentuak egin nahi dituen jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak.

Irakasgai bakoitzaren programazioaren edukia jendaurrean jarri beharko da ikasturtea hastean, eskolako komunitateko kide guztiek horren berri izan dezaten.

Departamentuburuek programazioaren jarraipena eginen dute. Departamentuko bilkuren aktetan jarraipen horren berri jasoko da.

Kontserbatorioko zuzendaritzak egiaztatuko du programazio horiek jarraibide hauetan ezarri dena betetzen duten. Hala ez bada, zuzendaritzak kasuan kasuko departamentuari itzuliko dio programazioa, berregin dezan. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak programazio didaktikoen gaineko adostasun agiriak berrikusiko ditu eta egin beharreko aldaketak bilduko dituen txostena igorriko du ikastetxera edo departamentu bakoitzera.

2.–Urteko programazio orokorra prestatu, onetsi eta ebaluatzea.

Urteko programazio orokorra zuzendaritza taldeak eginen du, klaustroaren proposamen eta erabakiak kontuan hartuta, eta, behin onetsirik, Kontserbatorioko kide guztiek nahitaez bete beharko dute.

Kontserbatorioko zuzendaritzari dagokio urteko programazio orokorra era egokian egiteko jarduketa egutegia ezartzea.

Irakasleen klaustroak urteko programazio orokorrari buruzko txostena egin ondoren, Eskola Kontseiluak ebaluatu beharko du, eta zuzendariak onetsi; betiere, klaustroaren eskumen diren irakaskuntzako alderdiak errespetatuko dira. Programazio horren ale bat Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura igorriko da, urriaren 31 baino lehen. Ale horretan ez dira irakasgaien programazio didaktiko osoak sartuko, baizik eta dagozkien adostasun agiriak bakarrik. Urteko programazio orokorraren beste ale bat ikastetxearen Idazkaritzan geldituko da, irakasleen eta Eskola Kontseiluko kideen eskura.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak egiaztatuko du urteko programazio orokorra jarraibide hauetan xedatzen denari egokitzen zaion, eta zer zuzenketa egin behar den adieraziko du, bakarren bat egin behar bada.

Ikasturtea bukatutakoan, Kontserbatorioko zuzendaritza taldeak eta Eskola Kontseiluak ebaluatu eginen dute urteko programazio orokorra zenbateraino bete den. Ondoriorik aipagarrienak memoria batean jasoko dira eta hura Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura bidaliko da uztailaren 10a baino lehen.

II.–Kontserbatorioaren jarduna.

1.–Alderdi orokorrak.

Kapitulu honetan aipatzen diren organo guztien zeregina da eskola jarduera eta jarduera osagarri guztien koherentzia bermatzea, Kontserbatorioaren hezkuntza helburuak modu eraginkorrean lortzeko.

2.–Gobernu organoak eta kide anitzeko organoak.

Nafarroako Musikako Goi Mailako Kontserbatorioak honako gobernu organo eta kide anitzeko organo hauek izanen ditu:

a) Gobernu organoak: zuzendaria, ikasketaburua eta idazkaria.

b) Kide anitzeko organoak: Kontserbatorioko Eskola Kontseilua eta irakasleen klaustroa.

Gobernu organoen eta kide anitzeko organoen ardura da Kontserbatorioko jarduerak Konstituzioaren printzipioekin eta balioekin bat egiten direla begiratzea, hezkuntzaren helburuak lortu eta hezkuntzaren kalitatea hobetu ahal izateko.

Gobernu organoek eta kide anitzeko organoek bermatuko dute, beren eskumenen eremuan, ikasleek, irakasleek eta administrazio eta zerbitzuetako langileek aitorturik dituzten eskubideak beteko direla, eta begiratuko dute dagozkien betebeharrak bete ditzaten. Era berean, erraztasunak emanen dituzte hezkuntza komunitateko kide guztiek parte har dezaten ikastetxeko bizitzan, kudeaketan eta ebaluazioan.

2.1. Zuzendaritza taldea.

Kide bakarreko kargu hauek osatuko dute zuzendaritza taldea: zuzendaria, ikasketaburua eta idazkaria.

A. Zuzendariaren, ikasketaburuaren eta idazkariaren eginkizunak eta eskumenak.

Nafarroako Foru Komunitateko Bigarren Hezkuntzako Institutuen Erregelamendu Organikoa onetsi zuen otsailaren 10eko 25/1997 Foru Dekretuan ezarri ziren zuzendaritza taldearen eginkizunak, baita kide bakarreko kargu bakoitzaren eskumenak ere. Zuzendariaren kasuan, eskumenak Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeari buruzko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoan ezarritakoak izanen dira.

2.2. Kide anitzeko organoak.

2.2.1. Eskola Kontseilua.

Eskola Kontseiluaren bidez hartuko du parte hezkuntza komunitateak Kontserbatorioaren kontrolean eta kudeaketan. Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren hezkuntza komunitatea osatzen duten sektoreetatik ikasleek eta irakasleek baizik ez dute izanen ordezkaritza Eskola Kontseiluan.

Sortzen diren postu hutsak Eskola Kontseiluen urteroko deialdiaren ondorioz berrituko dira.

Honako hauetan ezarritakoak dira Eskola Kontseiluaren eskumenak: Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeari buruzko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoaren 80. atala eta Nafarroako Foru Komunitateko Bigarren Hezkuntzako Institutuen Erregelamendu Organikoa onetsi zuen otsailaren 10eko 25/1997 Foru Dekretua, betiere, 8/2013 Lege Organikoan ezarritakoei aurka egiten ez badie.

2.2.2. Irakasleen Klaustroa.

A.–Alderdi orokorrak.

Klaustroak, irakasleek Kontserbatorioan parte hartzeko duten berezko organoa denez, irakaslanaren alderdi guztiak planifikatu, koordinatu eta erabakitzen ditu, eta, hala behar denean, horiei buruzko txostena ematen du.

Zuzendaria izanen da klaustroko burua. Ikastetxean diharduten irakasle guztiek osatuko dute klaustroa.

B.–Klaustroaren eskumenak.

Hauek dira klaustroaren eskumenak:

a) Zuzendaritza taldeari eta Eskola Kontseiluari ikastetxeko hezkuntza proiektuetarako eta urteko programazio orokorrerako proposamenak egitea.

b) Curriculum zehaztua onestea eta ebaluatzea, baita proiektuen eta urteko programazio orokorraren hezkuntza alderdi guztiak ere.

c) Orientabideari, tutoretzari, ebaluazioari eta ikasleen errekuperazioari buruzko irizpideak finkatzea.

d) Ekimenak sustatzea esperimentazio eta ikerketa pedagogikoaren arloan eta ikastetxeko irakasleen prestakuntzaren eremuan.

e) Eskola Kontseiluan izanen dituen ordezkariak aukeratzea eta zuzendariaren hautaketa prozesuan parte hartzea, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak ezarritako moduan.

f) Zuzendaritzarako hautagaiak ezagutzea, baita hautagaiek aurkeztutako zuzendaritza proiektuak ere.

g) Honako hauek aztertzea eta baloratzea: ikastetxearen jardun orokorra, eskola errendimenduaren bilakaera, eta ikastetxearen parte-hartzea izan duten barne eta kanpo ebaluazioen emaitzak.

h) Ikastetxearen antolaketaren eta jardunaren arauei buruzko txostenak egitea.

i) Diziplina gatazkak nola konpondu diren eta ezarri diren zuzenketa neurriak ezagutzea, eta indarreko araudiaren araberakoak izan daitezela begiratzea.

j) Ikastetxeko bizikidetza errazten duten neurriak eta ekimenak proposatzea.

k) Hezkuntza arloko administrazioak edo antolaketa eta funtzionamendu arauek esleitzen dizkioten beste edozein.

l) Nafarroako Foru Komunitateko Bigarren Hezkuntzako Institutuen Erregelamendu Organikoa onetsi zuen otsailaren 10eko 25/1997 Foru Dekretuan jasotakoak, baldin eta 8/2013 Lege Organikoan ezarritakoei aurka egiten ez badiete.

3.–Irakaslana koordinatzeko organoak.

Hauek dira irakaslana koordinatzeko organoak Kontserbatorioan: koordinazio didaktikoko departamentuak, Koordinazio Pedagogikorako Batzordea eta tutoreak. Ikasle bakoitzak irakasle-tutore bat izanen du, bere espezialitatearen arabera.

Organo horien zeregina eskola jarduera eta jarduera osagarri guztien koherentzia bermatzea da, Kontserbatorioaren hezkuntza helburuak modu eraginkorrean lortzeko.

3.1. Koordinazio didaktikoko departamentuak.

A.–Alderdi orokorrak.

Departamentu didaktikoak irakasleak Kontserbatorioko bizitzan integratzeko bidea ematen duten lantaldeak dira, eta haien ardura da espezialitate eta irakasgaiei dagozkien ikasketak antolatu eta garatzea, bai eta dagozkien eskumenen esparruan agintzen zaizkien jarduerak egitea ere.

Irakasleek irakaslanaren antolaketan parte hartzeko daukaten ohiko bidea dira, eta, halaber, haien hobekuntza pedagogiko eta zientifikorako etengabeko baliabidea. Kideen aldizkako bilera-sistemaren bidez jarduten dute.

Departamentu bakoitzaren zuzendaritza eta erantzukizuna departamentuburuari dagozkio, eta, hori ez dagoenean, ikasketaburuari.

B.–Departamentu didaktikoen osaera.

Kontserbatorioan departamentu didaktiko hauek izanen dira:

–Ahots eta Instrumentu Taldeak.

–Kantua.

–Konposizioa.

–Harizko Instrumentuak.

–Haizezko eta Perkusiozko Instrumentuak.

–Teklazko Instrumentuak.

–Jazza.

–Musikologia.

–Pedagogia.

“Pablo Sarasate” Musika Kontserbatorio Profesionalean ere eskolak ematen dituzten irakasleak, horren ondorioz, kontserbatorio horretan dagozkien departamentuetan ere sartuko dira. Horrelakoetan, irakasleek bi kontserbatorioetako departamentu didaktikoek deitzen dituzten bileretara joan behar dute.

C.–Departamentuen eginkizunak.

Honak hauek dira departamentu didaktikoen eginkizunak:

1. Ikasturte bakoitzeko irakaskuntza antolatzea eta programatzea, departamentuko irakasgai eta/edo espezialitateen ikasketak garatuz.

2. Ikasturtea hastean, departamentuko irakasgai eta/edo espezialitateen programazio didaktikoak egitea. Lan hori departamentuburuak koordinatuta eta haren zuzendaritzapean eginen da, Koordinazio Pedagogikorako Batzordeak ezarri dituen irizpide orokorrei jarraikiz.

Departamentu guztiek indarra duen legediaren arabera egokitu beharko dituzte beren programazioak.

3. Departamentua osatzen duten espezialitate eta/edo irakasgaien programazioen alderdi orokorrekin lotuta dauden irizpideak bateratzea, horien arteko koherentzia bermatzeko eta ebaluazioaren oinarrizko ildoak ezartzeko, irakasleen klaustroaren irizpideei jarraikiz.

4. Behar diren probak egitea, indarrean dagoen araudian ezarri denarekin eta ebaluazioaren oinarrizko ildoei buruz hartu diren erabakiekin bat.

5. Zuzendaritza taldeari eta irakasleen klaustroari Kontserbatorioaren hezkuntza proiektuari buruzko proposamenak aurkeztea.

6. Zuzendaritza taldeari eta irakasleen klaustroari urteko programazio orokorrari buruzko proposamenak aurkeztea.

7. Koordinazio Pedagogikorako Batzordeari Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruaren araberako ikasketa plan berrien hezkuntza garapenari buruzko proposamenak egitea.

8. Koordinazio Pedagogikorako Batzordeari onarpen probei eta mailara heltzeko probei buruzko proposamenak aurkeztea.

9. Jarduera osagarriak eta ikasketez kanpokoak antolatzea eta koordinatzea, bidezko organoek ezarri dituzten irizpideak eta klaustroak zuzendaritza taldeari aurkeztu dizkion proposamenak betez.

10. Beste departamentu batzuekin batera lankidetzan aritzea baterako jarduerak antolatzen, bai eskolako jarduerak bai osagarriak, ikasketaburuarekin koordinatuta.

11. Liburutegiaren Ekintza Planaren diseinuan eta garapenean parte hartzea, zerbitzu horrek jardun ahal izateko zehazten diren lanetan aktiboki lagunduz.

12. Ebaluazioaren prozesuaren ondorioz ikasleek egiten dituzten erreklamazioei buruzko txostena egitea eta indarreko araudian adierazi diren kasuetan ebaztea.

13. Departamentuko irakasgai eta/edo espezialitateen programazio didaktikoaren garapena ebaluatzea eta ebaluazio horrek aholkatzen dituen neurri zuzentzaileak aplikatzea.

14. Ikasturtearen bukaeran memoria egitea eta horretan programazio didaktikoaren garapena eta lortu diren emaitzak ebaluatzea.

Ikasturte bukaerako memoriak atal hauek izanen ditu:

a) Emaitzen balorazioa.

–Kalifikazioen estatistikak, talde eta kurtsoen arabera.

–Ikasleen errendimenduaren azterketa, errendimendu horren faktoreak azalduta.

b) Funtzionamenduaren balorazioa. Programazioa nola garatu den.

–Garatutako gaitasun, eduki eta jardueren balorazioa, bai eta programazioa betetzeko erabilitako metodologia eta baliabideena ere, eta ager litezkeen akatsen zergatiak azaldu, egoki diren zuzenketak ezarri, eta hobekuntzak proposatzea hurrengo ikasturterako.

–Baldin eta programazio pertsonalizaturik badago, aurreko analisi hori errepikatu beharko da horietariko bakoitzerako, eta konparazio azterlan bat egin.

–Ebaluazioa egiteko erabili diren irizpide, prozedura eta jardueren balorazioa.

–Egindako jarduera osagarriei eta ikasketez kanpokoei buruzko iruzkina: berariazko helburuak, ukitutako taldeak, balorazioa, aurkitutako zailtasunak, eta abar.

c) Kontserbatorioko curriculum proiektuak prestatu, berrikusi eta eguneratzeari buruz egin den lanaren balorazioa.

15. Irakasleen eguneratze zientifikoa eta didaktikoa bideratuko duten prestakuntza jarduerak sustatzea.

16. Ikaskuntza prozesuan estrategia metodologikoak bideratu eta sustatuko dituzten bitartekoak eta baliabideak aukeratzea. Eginkizun hori aurrera eramateko, departamentuak, besteak beste, irizpide hauei begiratuko die: irisgarritasuna eta eraginkortasuna, motibazioa, edukien aberastasuna, errealitatearekin izandako harremana eta ikaskuntza prozesuaren esperientzien antolaketa.

17. Ebaluazio eta errekuperaziorako irizpide komunak prestatzea.

D.–Departamentu didaktikoen bilerak.

Departamentu didaktikoek, ikasturtean, behar diren bilerak eginen dituzte beren eginkizunak modu egokian beteko direla bermatzeko. Departamentuko kideek nahitaez joan beharko dute bilera horietara.

Irakasleak behartuak daude partaide diren departamentu didaktikoek deitzen dituzten bileretara joatera.

Irailean, departamentu didaktikoek behar diren bilerak eginen dituzte hurrengo ikasturteko irakasgaien programazioak prestatzeko.

Ikastetxeko ordutegiaren barruan, eskolaldia bitartean ordu bat utziko da gutxienez astean, departamentu didaktikoko kide guztiak bil daitezen; ordu hori ikastetxeko eskola ordutegian agertuko da, bai eta irakasle bakoitzaren ordutegi pertsonalean ere.

Bilera horietako bat, hilero, programazioen garapena ebaluatzeko erabiliko da, eta ebaluazio horrek gomendatzen dituen neurri zuzentzaileak ezartzeko.

Ekainean, departamentuko kideak bildu eginen dira lan plangintza, lorpenak eta hurrengo ikasturterako behar dituen zuzenketak aztertzeko; horri dagokion azken memoria eginen da, eta Kontserbatorioko zuzendaritzari emanen zaio, ekainaren 30a baino lehen, eta, ondoren, zuzendaritzak urteko programazio orokorrari buruzko memorian sartuko du, eta, dena, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura igorriko, uztailaren 10a baino lehen.

Departamentu didaktikoen bilkura guztietako akta eginen da akta liburuan. Akta horiek departamentuburuak egin eta sinatuko ditu.

Akta liburuaz gainera, departamentuek inbentarioaren liburua ere eguneratu beharko dute, non material inbentariagarri guztia agertuko den.

Ikasturtean zehar ikasleen ebaluazioa egiteko erabili diren probak eta agiriak departamentuan gorde beharko dira hiru hilabetez gutxienez, edo behar den denboraz, ikasleen erreklamazioak aurkezteko ezarritako prozeduraren tramitazioari jarraikiz.

E.–Departamentuburuaren izendapena eta eginkizunak.

Departamentu didaktikoetan elkarlanean jarduten da, talde lanean, kide guztiek lagundu eta parte hartzen baitute. Departamentu bakoitzak buru bat izanen du eta bere esku egonen da departamentuaren ardura; bera izanen da departamentuko kideen elkarlana koordinatu eta zuzenduko duena.

Departamentuburuak izendatzea Kontserbatorioko zuzendariari dagokio. Irailean izendatuko ditu, eta karguak ikasturte bat iraunen du.

Zuzendariak departamentuko kideen artetik bat buru izendatuko du, haiei entzutea eman ondoren, eta lehenetsiko da departamentuko espezialitateetakoak diren irakasleak izatea, musika eta arte eszenikoko katedradunen kidegokoak, eta behin betiko destinoa ikastetxean dutenak. Katedradunik ez badago, zuzendariak musika eta arte eszenikoko irakasleen kidegoko irakasle bat izendatuko du. Horrelakorik ezean, zuzendariak departamentuko kideen arteko edozein irakasle izendatuko du, horiei entzun ondoren.

Departamentuburuak departamentuaren jardunaren ardura du, eta eginkizun hauek:

a) Departamentuko lana zuzentzea.

b) Bilerak antolatu, prestatu, deitu eta zuzentzea, eta bilera bakoitzean egin beharreko akta idaztea eta sinatzea. Akta dagokion akta liburuan jasoko da nahitaez.

c) Akta liburua zaintzea eta inbentarioaren liburua eguneratzen dela bermatzea.

d) Curriculum proiektuen prestakuntzaren ondoriozko lanen ardura hartzea eta haietan parte hartzea, departamentuak hezkuntza proiektua eta urteko programazio orokorra prestatzeko egin behar duen ekarpenean, eta honako hauek erredaktatzea: departamentuan dauden irakasgaietako programazio didaktikoa, ikasturte bukaerako memoria eta curriculumetan kasuan-kasuan zehazten diren egokitzapenak.

e) Departamentuko programazio didaktikoa betetzen den begiratzea eta horretarako koordinazioa egitea, gutxieneko eduki eta mailei dagokienez.

f) Koordinazio Pedagogikorako Batzordeko kide den neurrian, ikastetxeko curriculum proiektuaren prestakuntzan parte hartzea.

g) Ikasketaburuarekin eta kasuan kasuko departamentuekin elkarlanean aritzea, batera egin behar diren irakaskuntzako jardueren plangintzan.

h) Ikasleak ebaluatzeko prozesuan erreklamazioak aurkezteko prozedura betetzen dela bermatzea, indarra duten arauei jarraikiz.

i) Ikasleen balorazioa egiteko erabili diren proba eta dokumentuak altxatzea.

j) Departamentuan aurkitzen den edozein akatsen berri ematea zuzendariari edo ikasketaburuari.

k) Departamentuari esleitu zaizkion eremu, instalazio, material eta ekipamenduen erabilera koordinatzea eta horiek mantentzea.

l) Departamentuak material eta ekipamendu zehatza eskuratzeari buruz dituen proposamenak aurkeztea.

m) Zuzendaritza taldearekin elkarlanean aritzea beste ikastetxe edo erakunde batzuekiko harremanak sustatzen, horiekin prestakuntza jarduera osagarriak antolatzeko.

n) Hobekuntza pedagogikoa bulkatzea, aldian behingo bilerek lagun dezaten departamentuko kideen autoprestakuntzan, eta barne nahiz kanpo prestakuntza jarduerak sustatzea, irakasleak zientziaren eta didaktikarekin aldetik eguneratzeko.

ñ) Departamentuak ikasturterako izanen duen lanerako plana egitea eta aurkeztea.

Lan plangintza hori, curriculumaren zehaztapena osatzen duten departamentuko programazio didaktikoei dagozkien dokumentuekin batera, ikastetxeko urteko programazio orokorrari batuko zaio, eta dena Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura igorriko da.

Lan plangintzak ikasturte osoan egin behar diren zereginak hartuko ditu kontuan: bai departamentuburuak horretarako orduetan eginen dituenak, bai eta jarduera horretarako dauden ordu osagarrietan bertako kide guztiek eginen dituztenak ere. Departamentuburuek urte hasieran zehaztutako plangintzaren jarraipena eginen dute etenik gabe, eta, horretarako, departamentuko kide guztiekin lan hori egiteko astero dauden bi orduetan egindako asteko saio guztien aktak idatziko dituzte.

3.2. Koordinazio Pedagogikorako Batzordea.

A.–Koordinazio Pedagogikorako Batzordea eratzea.

Koordinazio Pedagogikorako Batzordea irailean eratuko da. Honako hauek osatuko dute: zuzendaria, batzordeko burua izanen baita, ikasketaburua eta departamentuburuak.

Batzordeburuak idazkari bat izendatuko du, Koordinazio Pedagogikorako Batzordeko kideen artetik hautatuta.

B.–Koordinazio Pedagogikorako Batzordearen eskumenak.

Koordinazio Pedagogikorako Batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Curriculum proiektuaren prestakuntza zuzendu eta koordinatzea, bai eta egin litezkeen aldaketak ere, eta proiektua idazteko ardura hartzea.

b) Klaustroak aurkeztutako irizpideetatik abiatuta, curriculum proiektua egiteko ildo orokorrak ezartzea. Departamentu didaktikoek beren lana egitean kontuan hartu beharko dituzte iritzi horiek. Horrela, barne koordinazio eta koherentzia bermatuko da.

c) Hezkuntza proiektuaren, curriculum proiektuaren eta urteko programazio orokorraren arteko koherentzia ziurtatzea.

d) Curriculum proiektua eta bere aldaketak klaustroari proposatzea, ebaluatu eta onets ditzan.

e) Curriculum proiektua Kontserbatorioko irakas-praktikan betetzen den begiratzea, bai eta haren ebaluazioa egiten den ere.

f) Ebaluaziorako nahiz kalifikaziorako saioen plangintza orokorra eta azterketen egutegia proposatzea klaustroari, ikasketaburuarekin bat.

g) Kontserbatorioko irakasleen prestakuntza plana egiteko proposamena klaustroari helaraztea.

h) Irakasleen klaustroari honako hauek ebaluatzeko plan bat proposatzea: curriculum proiektua, hezkuntza proiektuaren eta urteko programazio orokorraren irakaskuntzako alderdiak, eskola errendimenduaren bilakaera eta irakaskuntza prozesua.

i) Barne ebaluazio bat egitea, non aztertuko baitira planaren garapenean gertatzen diren aurrerapenak eta desorekak eta, halaber, kasua bada, horiek zuzentzeko aplikatu beharreko neurriak edo hartu beharreko erabakiak.

j) Ezarritako espezialitateetan dauden aukerako irakasgaien eskaintza koordinatzea.

k) Kontserbatorioko liburutegia ongi aritzeko laguntza ematea, Kontserbatorioak berak ezartzen dituen baldintzetan, eta dagokion Ekintza Planaren garapena sustatzea.

l) Koordinazio Pedagogikorako Batzordearen beraren funtzionamenduari buruzko txostena Eskola Kontseilura igortzea ikasturtearen bukaeran; ikasturteko azken memorian sartuko da.

3.3. Tutoretzak.

A.–Tutorea izendatzea.

Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruaren beharrekin bat, tutoretzak ikasketei buruzko orientabideak emateko dira.

LOEren ikasketa planerako aplikatzekoa den araudian xedatutakoak arautuko du Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko tutoreen izendapena.

B.–Tutorearen eginkizunak.

Tutorearen eginkizunak hauek dira:

a) Ikasketa burutzak koordinatuta tutoretzako ekintzen plangintzan eta orientazio akademiko eta profesionaleko jardueretan parte hartzea, eta aldian-aldian beharrezko bilerak egitea.

b) Ikasketa burutzak deiturik, bere ikasleei dagozkien ebaluazio bileretan buru egitea.

c) Ikasleek ikastetxean izan behar duten integrazioa erraztea eta bertako jardueretan parte har dezaten sustatzea.

d) Ikasleen eskariak eta kezkak jakinaraztea gainerako irakasleei eta zuzendaritza taldeari.

e) Ikasleei eta irakasleei informazioa ematea irakaskuntzako jarduerei eta eskolako errendimenduari lotuta dauden gai garrantzitsu guztiei buruz.

f) Ikasleei orientazioa eta aholkuak ematea beren ahalbideei, hezkuntza edo lanbide arloan dituzten aukerei eta horretarako egokiena den ikasketa bideari buruz.

g) Bere ikasleen ebaluazioaren etengabeko segimendua egitea.

4. Beste eginkizun batzuk.

4.1. Ikastetxeko orkestraren arduraduna.

Orkestraren arduradun horrek, ikasturtearen hasieran, ikasturte osorako lan plana eginen du eta zuzendaritza taldeari aurkeztuko, onets dezan, eta hori sartuko da urteko programazio orokorreko “Jarduera osagarrien eta eskolaz kanpokoen urteko programazioa” atalean. Plan horretan jaso beharko dira ikastetxeko orkestrak ikastetxea bera ordezkatzeko lanean urtean eskainiko dituen hainbat emanaldi, bai zuzendaritza taldeak eskatuta bai Hezkuntza Departamentuak eskatuta. Halaber, egindako jarduketaren bukaerako memoria egin beharko du, eta ikasturte bukaerako memorian sartu.

Orkestraren arduraduna izendatzeko (espezialitateko irakasle bat), eranskin honen IV. ataleko (Irakasleak) 3. puntuan ezarritako irizpide orokorra aplikatuko da.

Ikastetxeko orkestraren jarduerak Orkestra irakasgaiaren curriculumean sar daitezke, dagokion programazio didaktikoaren arabera. Hala ere, irakasgaian matrikulatuta ez dauden ikasleen parte-hartzea ere onartzen ahal da, baita ikastetxean matrikulatuta ez daudenena ere, bai eta beste ikastetxe eta entitate batzuekin lankidetza izatea ere, zehazten diren baldintzak betez.

Ikastetxean zehazten diren eta erabilgarri dauden gelak erabiliko dira orkestraren saioak eta emanaldien prestaketak egiteko; kontuan hartuko da erabilpen hori dagozkion irakasgaien helburu didaktikoetarako izanen dela, bai eta urteko programazio orokorrean sartutako lan planean programatutako jarduerak prestatzeko ere.

4.2. Teknologia berrien arduraduna.

Teknologia berrien arduradunak zeregin hauek izanen ditu bere ardurapean: ikastetxeko ekipamendu informatikoak eta ikus-entzunezkoak koordinatu eta mantentzea, ikastetxeko sare informatikoa, gorabeherak konpontzeko laguntza teknikoa, instalatutako ekipamenduetako material informatikoa eta ikus-entzunezkoa zuzen erabiltzen den begiratzea.

4.3. Mugikortasun Programen arduraduna (Erasmus +).

Mugikortasun Programen arduraduna, ikasketaburuak gainbegiraturik, ikastetxean egiten diren prozesuen koordinatzaile gisa ariko da, Erasmus + programa eta ezar daitezkeen beste batzuk garatu eta egoki funtzionatzeko behar diren ekintzak ezarri, abiarazi eta burutzen. Eginkizun hauek izanen ditu:

a) Europar Batasunak edo beste erakunde batzuek antolatutako hezkuntza programetan ikastetxeko ikasleek eta irakasleek parte hartzea kudeatzea.

b) Kontserbatorioko ikasle eta irakasleen joan-etorriei buruzko informazioaren berri ematea Hezkuntza Departamentuari, behar diren ondorioak izan ditzan, haiek aurreikusita egon edo burutuak izan.

5.–Zaintza.

Kontuan harturik Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko ikasleen ezaugarri bereziak, zaintza kontzeptuak esan nahi du Kontserbatorioak erantzukizuna duela eskola ordu guztietan irakasleen arretapean dauden eremuak izanen direla bermatzeko, horrela ikasleak, nahi badute, eremu horietan beren ikaskuntza prozesuaren zereginetan aritu ahal izateko. Irakaskuntzarako eremuen funtzionamendu egokia ere bermatuko da.

Kontserbatorioa, eta, hortaz, bertako Zuzendaritza, haren ordezkaria den aldetik, ikasleen arduraduna da eskolako orduetan; beraz, ikastetxean uneoro behar adina irakasle izan behar da zaintza-lanean.

Zaintzako irakasleen eginkizun nagusiak hauek dira:

a) Irakasleak huts egiteagatik edo beste edozein arrazoirengatik zaintzailerik ez duten ikasleei kasu egitea.

b) Beren zaintza-orduetan sortzen diren gorabehera guztiak konpontzea, bai eta ikastetxeko norbait mediku beharrean gertatuz gero hartarako kudeaketak egitea ere, eta ikasketaburua lehenbailehen jakinaren gainean jartzea.

c) Bere zaintza-orduetan, irakasleak eskoletara, zaintza-txandetara, liburutegira edo bestelako jardueretara joaten direla eta puntual iristen direla jakinaraztea idatziz.

Ikasketaburuak zaintza-orduei buruzko parte bat prestatuko du egunero, eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren eskura egonen da beti. Gutxienez honako datu hauek jasoko dira bertan:

–Irakasleen hutsegite eta atzerapenak.

–Ikastetxeko edozein egoitzatan izan diren gorabeherak.

–Gertatu diren istripuak.

–Irakasle zaintzaileen sinadurak.

III.–Ikasketen ordu banaketa.

1.–Alderdi orokorrak.

Ikasleak ikasketetan sartzeko prozesua, irakasle-ikasle ratioa eta ikasketen iraupena indarra duen araudian ezarri denari egokituko zaizkio.

2.–Irakasle Praktikak irakasgaiaren antolaketa.

Irakasgaiaren arduraduna den irakasleak programa koordinatu beharko du ikasleek praktikak egiteko hautatzen diren musika ikastetxeekin eta ikastetxe horietan tutore lanak eginen dituzten irakasleekin. Gainera, programaren ardura duen irakasleak jarraipena egin beharko du praktikak egiten diren bitartean. Ikasturtean zehar, irakasleak ordubeteko hamabost saio eginen ditu ikasle talde bakoitzarekin, praktikak prestatzeko, jarraipena egiteko eta praktikei buruzko memoria prestatzeko. Gainerako denbora ikastetxeekin koordinatzeko lanetan, praktiken jarraipenean eta ikasleei laguntzen emanen du. Azkenik, irakasle arduradunak ikasleen ebaluazioa eta kalifikazioa egin beharko ditu. Horretarako kontuan hartuko ditu praktikak egin diren ikastetxeko tutorearen balorazioa, kurtsoaren nondik-norakoak eta ikasle bakoitzak aurkeztu beharko duen memoria.

Irakasgai hau duten ikasleek programari jarraitu beharko diote, irakasle arduradunarekin egin beharreko saioei, esleitzen zaien ikastetxean praktikak egiteari eta memoria prestatu eta aurkezteari dagokienez. Ikasleek kurtso bakoitzeko gutxienez hogeita hamar ordu emanen dituzte esleitzen zaien ikastetxean, irakaslana nola egiten den ikusten eta eginkizun horretan parte hartzen.

Praktikak musika ikastetxeetan eginen dira; ahal dela, Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionalean.

IV.–Irakasleak.

1.–Lanaldia.

Irakasleek, oro har, Nafarroako Gobernuaren menpeko funtzionarioentzat finkatzen den lanaldi bera izanen dute, beren eginkizunen ezaugarrietara egokitua. Irakasleen jaiegunak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileen lan egutegian jaieguntzat hartzen diren egun berberak izanen dira.

Ikasturtea irailaren 1ean hasiko da, eta ekainaren 30ean bukatuko.

Ikasturtean, irakasleek jarraibide hauetan finkatutako lanaldia eta ordutegia beteko dituzte, horri buruz indar duten legerian ezarritakoa bete beharra galarazi gabe.

Ekaineko eta iraileko eskola gabeko lan egunetan, egunean Kontserbatorioan egon beharreko bost orduko lanaldi etengabea baimentzen ahalko zaie irakasleei.

Irakasleek hogeita hamar ordu emanen dituzte astean Kontserbatorioko jardueretan, irakastorduetan eta ordu osagarrietan banatuta. Gainerako orduak, ikastetxean egon beharrik gabekoak, irakaskuntzako jarduerak prestatzeko eta irakasleen hobekuntza profesionalerako erabiliko dira, bai eta batzorde eta epaimahaietan parte hartzeko edo antzeko jarduerak egiteko ere, baldin eta horretarako hautatzen badira.

2.–Orduen banaketa.

Ikastetxean bertan eman beharreko orduak honela banatuko dira:

A.–Irakastorduak.

Ikasleekin irakaslan zuzenean emandakoak jotzen dira irakastordutzat.

Oro har, astean Hezkuntza Departamentuak ezarri eta indarra duen araudian finkatzen diren irakastorduak beteko dira.

Irakaslana neurtzeari begira, honako jarduera eta inguruabar hauek hartuko dira kontuan:

a) Zuzendaritza taldea.

Zuzendaritza taldeak bere irakastorduetatik gehienez ere 39 erabiliko ditu karguetako eginkizunetan, bere irizpidearen arabera banatuta.

Dena dela, puntu honetan xedatutakoa egokitu beharko da, ikastetxeetako zuzendaritza taldeen funtzionamendurako aproposak diren antolaketa neurriak aplikatzeko indarra duen araudian ezarritakoa bete dadin.

b) Kontserbatorioko Orkestraren arduraduna.

Orkestraren arduradunak bere eskola ordutegitik astero 6 ordu emanen ditu lan horietarako, eta, ikastetxeko beharrek hala uzten badute, 3 osagarri bitarte.

c) Teknologia Berrien arduraduna.

Teknologia Berrien arduradunak astean 4 irakastordu izanen ditu eta, ikastetxeko beharrek horretarako aukera emanez gero, 4 ordu osagarri bitarte.

d) Mugikortasun Programen arduraduna.

Kontserbatorioko Mugikortasun Programen arduradunak bere eskola ordutegitik astero 2 ordu emanen ditu bere karguari dagozkion eginkizunetan, eta, ikastetxeko beharrek horretarako aukera emanez gero, ordu osagarri bat, gehienez.

e) Bost irakasgai edo gehiago ematen dituzten irakasleak.

Bostetik bederatzira bitarte irakasgai ematen dituzten irakasleei ordu bat kenduko zaie irakastorduetatik. Hamar irakasgai edo gehiago ematen dituztenei, berriz, bi irakastordu kenduko zaizkie.

f) 58 urtetik gorako irakasleak.

58 urtetik gorako irakasleei Hezkuntza Departamentuaren indarreko legerian irakastordu murrizketaren gainean horretarako ezarrita dauden baldintzak aplikatuko zaizkie.

g) Departamentuko burutza.

Departamentuburuek beren ordutegitik zenbait irakastordu (indarreko legerian ezartzen direnak) erabiliko dituzte curriculum proiektuak idatzi edo berrikusteari loturiko lanetarako.

h) Ikerkuntza.

Ikerketa proiektu bat esleiturik duten irakasleek 3 irakastordu izanen dituzte horretan emateko.

B.–Astean zenbatu beharreko ordu osagarriak.

Irakasle bakoitzaren asteko ordutegian irakastorduak eta ordu osagarriak batuta hogeita bost ordu izanen dira astean guztira.

Astean zenbatu beharreko ordu osagarrietan, irakasle bakoitzari esleitutako eginkizunen arabera, honako hauek sartuko dira:

a) Astean ordu bat departamentuaren bileretarako.

b) Astean bi ordu ikasketen gaineko tutoretza lanak egiteko. Ordutegia egiten denean ahaleginak eginen dira ikasleen ordu libreak eta tutoreari esleitu zaizkion orduetariko bat behintzat bateratzeko, tutorea ikasleekin biltzeko aukera egon dadin.

c) Ordu bat astean irakasleek Eskola Kontseiluan dituzten ordezkarientzat.

d) Zuzendaritza taldeko kideen koordinazio lanetarako orduak.

a), b), c) eta d) ataletan aipatutako eginkizunen bidez asteko lanaldia betetzen ez duten irakasleei dagokienez, zuzendaritza taldeak honako hauek esleituko ditu:

a) Orkestrako, abesbatzako, bandako eta big bandeko arduradunekin elkarlanean aritzeko orduak.

b) Liburutegian, ikastetxeko aldizkarian eta webgunearen, Facebooken eta blogaren mantentze-lanetan laguntzeko orduak.

c) Irakasle taldeek Kontserbatorioak parte hartzen duen erakunde-proiektuetan eta proiektu solidarioetan lan egiteko orduak.

d) Zaintzarako orduak.

e) Bestelakoak. Irakasleek lanorduak erabiltzeko proposamena aurkezten ahalko dute irailean. Dagokion departamentu didaktikoak proposamen hori onetsi beharko du, Koordinazio Pedagogikorako Batzordeak ezarritako jarraibideen arabera, eta, horrez gain, ikastetxeko zuzendaritzak ikus-onetsi beharko du. Jarduera amaitutakoan, irakasleak memoria aurkeztuko dio bere departamentuburuari.

C.–Hilabetean zenbatu beharreko ordu osagarriak.

Irakasle bakoitzak ikastetxean nahitaez egin behar dituen asteko 30 orduak betetzeko falta diren bost orduak hilean zenbatuko dira eta honako jarduera hauetan erabiliko dira:

a) Klaustroaren bileretan parte hartzea.

b) Ebaluazioko eta irakaskuntza taldeko bileretara joatea.

c) Planifikazio instituzionalerako tresnak prestatu, berrikusi eta eguneratzeko lanetan sartutako orduak. Era berean, Hezkuntza Departamentuak hezkuntza proiektuak ikasketa plan berrietara urratsez urrats egokitzeko prozesuari buruz ezartzen diren balizko lan planetan lan eginen dute. Ikastetxeak beharrezko neurriak hartuko ditu irakasle guztiek parte hartzeko jarduera horretan.

d) Beste jarduera osagarri batzuk eta ikasketez kanpoko jarduerak.

Jarduera jakin batzuk egiteko, astean tarte komun bat gordeko da ordutegian, eta irakasle guztiek gutxienez 2 ordu izanen dituzte klaustroaren bilerak, ebaluazio bilkurak eta, oro har, Kontserbatorioaren funtzionamendu egokirako beharrezkoak diren beste jarduera batzuk egiteko.

3.–Ordutegiak prestatu, onetsi eta argitaratzea.

Ikasketaburuak ordutegiak prestatuko ditu klaustroak ezarritako irizpide pedagogikoei eta jarraibide hauetan ezarri denari jarraikiz; halaber, bermatuko da ordutegia funtzionala izatea ikasleentzat, baina lehentasuna Kontserbatorioaren beharrek izanen dute beti.

Ikastetxeko matrikula bukatu ondoren, ikasketaburuak irakasgai bakoitzeko ikasleen eta taldeen kopuruaren berri emanen die departamentuei.

Ordutegiak prestatzean kontuan izanen da Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionalean ere irakasle lana egiten duten irakasleen egoera, bi kontserbatorioetan dituzten ordutegiak bateratu ahal izateko.

Irakaslana, lehenbizi, espezialitate bakoitzeko katedradunen artean banatuko da. Irakaslan hori oso-osorik ezin badute bete, atal honetan aipatutako kategoriak ere sartuko dira sisteman, ezarritako ordenaren eta beharren arabera.

Antolaketak horretarako aukera emanez gero, irakaslana beteko duten katedradun, irakasle eta profesional espezialisten multzoa zehaztu ondoren, ikasleak eta taldeak hautatzeari ekinen zaio. Hautapen horretan departamentuko kideak ados jartzen ez badira, honako prozedura hau erabiliko da:

Atal honetan ezarritako ordenaren arabera, lehenik hautatu behar duen irakasleak beretzat lehentasunez nahi duen irakasgaiko eta mailako ikaslea edo ikasle taldea hautatuko du; ondoren, hautatzeko bigarrena den irakasleak eginen du, eta horrela, hurrenez hurren, espezialitateko eta departamentuko irakasle guztiek lehenengo txanda egin arte. Lehenengo txandaren ondotik beste batzuk eginen dira, irakasleek beren irakastorduak osatu arte edo departamentuari dagozkion irakasgai, ikasle eta talde guztiak esleitu arte.

Bilera berezi horretan izaten diren gorabehera guztien akta eginen da eta departamentuko kide guztiek sinatuko dute; aktaren kopia bat ikasketaburuari emanen zaio.

Arestian adierazi diren ondorioetarako, departamentu bakoitzeko irakasleek hautatzeko duten lehentasuna ordena honen araberakoa izanen da:

1. Musikako eta Arte Eszenikoetako katedradunak, behar den espezialitateko titularrak.

2. Beste espezialitate batzuetako Musikako eta Arte Eszenikoetako katedradunak, irakatsi nahi duten espezialitateko titulazioa dutenak.

3. Zerbitzu eginkizunetan dauden Musikako eta Arte Eszenikoetako Irakasleen Kidegoko irakasleak.

4. Musikako eta Arte Eszenikoetako Irakasleen Kidegoko irakasleak, Instrumentu arloko prestakuntza osagarria eta/edo Musikako hizkuntza eta teknika osagarriak irakasten dutenak.

5. Zerbitzu berezietan ari diren funtzionarioak.

6. Aldi baterako irakasle kontratudunak eta profesional espezialistak.

Hautatzeko lehentasuna, lehenbiziko lau atalei dagokienez, beren kidegoan antzinatasun handiena izateak emanen du, eta, antzinatasun bera izanez gero, atal bakoitzeko lehentasuna erabakitzeko honako irizpide hauek ezarriko dira, hurrenez hurren:

–Kontserbatorioan antzinatasun handiena.

–Kidegoan edo Administrazioan lehenik sartu izana, eszedentzia urteak zenbatu gabe.

–Sarrerako hautapen prozesuetan puntu gehien lortu izana.

6. atalean, lehentasuna ezarriko da, irakasleek Giza Baliabideen Zerbitzuko zerrendetan duten tokiaren arabera.

Hori hala izanik ere, salbuespenezko kasuetan, eta plantilla prestatzeko prozesuan sortzen diren beharrei erantzuteko, Hezkuntza Departamentuak baimena ematen ahal du, egokia iruditzen bazaio, irakasgai edo espezialitate batzuk horien titular ez diren irakasleek emateko, kontuan izanik baimendutako espezialitateko irakasgaien edukiak eta horien titular ez den irakaslearenak hurbilak diren.

Ikasketaburuak egiaztatuko du departamentuko kide guztien irakastorduak eta derrigorrez Kontserbatorioan egin behar dituzten gainerakoak bat datozela honako jarraibide hauetan ezarri denarekin, eta begiratuko du ea ikasle guztiei eta ikasle talde guztiei arreta ematen zaien eta ordu guztiak bete gabe dituen irakaslerik ba ote dagoen.

Lan horiek guztiak egin ondoren, ikasketaburuak, irakasleen klaustroak ordutegiak egiteko ezarri dituen irizpide pedagogikoak kontuan hartuta, behin betiko ordutegiaren proposamena eginen du, departamentuek egindako irakasgaien eta mailen banaketaren arabera.

Irakasleen eskola ordutegia astean lau egunetan gutxienez banatuko da, lanaldi partzialerako kontratatutako irakasleen kasuan izan ezik. Nolanahi ere, egunean 6 irakastordu egonen dira, gehienez.

Bestalde, Kontserbatorioko irakasle guztiek ikastetxean egon beharreko orduetatik bi gutxienez gorde beharko dituzte klaustroaren bileretan, ebaluazio saioetan, ikasleen bileretan eta Kontserbatorioaren funtzionamendu egokirako programatzen diren bestelako jardueretan parte hartzeko, eta ordu horiek berberak izanen dira irakasle guztientzat, batera egon daitezen.

Ordutegi orokorraren barnean, Kontserbatorioak ezartzen duen ordu tarte egokienean, egunean 4 ordu gutxienez astelehenetik ostiralera, zuzendaritza karguren batek egon beharko du ikastetxean.

Ikasle baten baja gertatzen bada eta betetzen ez bada, irakasleak hutsik duen denbora nola erabili zuzendaritzak erabakiko du:

–Denbora hori beste ikasle batzuei arreta emateko erabil daiteke: atzeratuta dauden ikasleei laguntzeko, aurreratuenak sustatzeko, etab.

–Beste jarduera batzuk egiteko.

–Material pedagogikoa prestatzeko.

–Beste batzuk.

Instrumentuen eskoletan, hala taldekoak nola bakarkakoak, baldin eta ikasle bat agertzen ez bada, denbora hori bertaratu diren ikasleei arreta emateko erabiliko da, eta agertu ez den ikasleari dagokion denbora ezin izanen da murriztu irakasleak eskolak emateko dituen ordu guztien multzotik.

Zuzendariak onetsiko du Kontserbatorioko ordutegia. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ebatziko du horri buruzko edozein erreklamazio, eta gehienez ere 15 eguneko epea izanen du horretarako. Epe hori bukaturik berariazko ebazpenik eman ez bada, erreklamazioa ezetsitzat joko da.”

Ikastetxearen egoera agertzen duen informazioak iragarki oholeko toki ikusgarri batean, ikasketaburuaren bulegoan eta sarbide guztietan egon beharko du denbora guztian. Informazio horretan, bereziki, irakasle bakoitzaren ordutegia eta lan tokia adieraziko dira, zehazki, bakoitzaren irakastorduak, tutoretza orduak, zaintza orduak, departamentuko bilerak eta abar.

Informazio hori guztia hezkuntza komunitateko kide guztien eskura egonen da. Era berean, zuzendaritza kargu bakoitza Kontserbatorioan zein ordutan egonen den adieraziko da.

Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionaleko irakasle izanik Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan ere irakasten duten irakasleek, edo, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko irakasle izanik beren ordutegia Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionalean osatu behar dutenek, ikastetxe horietako departamentu didaktikoetarako ezarritako hautapen ordenan parte hartu beharko dute.

4.–Goi mailako musika ikasketetan irakasteko betebeharrak.

Oinarritzat harturik apirilaren 30eko 37/2014 Foru Dekretuaren 4. artikuluko 1.e) apartatua (haren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren unibertsitatez kanpoko irakasle kidegoei dagozkien lanpostuak hornitzeko modua arautu zen), Musikako eta Arte Eszenikoetako Irakasleen Kidegoko funtzionarioek, goi mailako titulazioaren jabe badira, aukera izanen dute, sortzen diren beharren arabera eta ezartzen den prozedurari jarraikiz, Musikako eta Arte Eszenikoetako katedradunen kidegoari dagozkion espezialitateak irakasteko.

Bestalde, ekainaren 14ko 427/2013 Errege Dekretuaren 6. artikulua betez (haren bidez ezarri ziren musikako eta dantzako goi mailako irakaskuntzekin loturik dauden musikako eta arte eszenikoetako katedradunen kidegoaren irakaskuntza espezialitateak), Musikako eta Arte Eszenikoetako Irakasleen Kidegoko funtzionarioek aukera izanen dute, sortzen diren beharren arabera eta horretarako ezarritako prozedurarekin bat, “Instrumentu arloko prestakuntza osagarria” eta “Musikako hizkuntza eta teknika osagarriak” jakintzagaiak irakasteko, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan indarrean diren ikasketa planen barnean.

5.–Irakasleek ordutegia betetzea eta asistentzia orria.

Zuzendaritza taldeak irakasleak Kontserbatorioan egoten diren kontrolatu behar du, baita ekaineko eta iraileko eskola gabeko egunetan ere. Halaber kontuan hartuko du, eta horren berri emanen dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, lan araubideko kontratudunak zein egunetan hasten diren lanean ikastetxean.

Aldi baterako ezintasun batengatik irakaslea lanera agertzen ez denean ikastetxeko zuzendaritzak egin behar duen kontrola Hezkuntza Departamentuko web orrian ezarritakoari jarraituko zaio: https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/incapacidad-temporal

Irakaslea agertzen ez bada, falten egiaztagiriak lanera itzultzen den egunean berean aurkeztu beharko zaizkio zuzendaritzari. Falten egiaztagiria aurkezten ez bada irakaslea ikastetxera itzultzen den egunetik hasita 2 egun naturaleko epean, zuzendaritzak horren berri emanen dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, indarreko araudian ezarri bezala jokatzeko.

Irakasleari ere jakinaraziko zaio idatziz.

Baja-agiria Hezkuntza Departamentuan aurkezten bada, agiriaren kopia bat aurkeztu edo bidali beharko da lantokira, ahalik eta lasterren, bertan bajaren eta altaren datak zehatz-mehatz ezagut ditzaten. Ikastetxeko zuzendaritzaren iritziz salbuespenezko egoera bat gertatzen denean bakar-bakarrik, agiria bidali ordez telefonoz jakinarazten ahalko da.

V. Ikasleen eskubideak eta eginbeharrak.

1.–Alderdi orokorrak.

Ikasleen eskubide eta betebeharrei dagokienez, indarreko araudian ezarritakoari jarraituko zaio, unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako ikasleen eskubide eta eginbeharrak ezarri eta ikastetxe horietako elkarbizitza arautzen duen abuztuaren 23ko 47/2010 Foru Dekretua betez.

2.–Ikasleak eskoletara joatea.

Hezkuntzako kontseilariak abenduaren 16an emandako 204/2010 Foru Aginduak Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako bizikidetza arautzen du, eta ikastetxe bakoitzak, ikastetxeko hezkuntza proiektuaren barnean, bere bizikidetza plana prestatu behar duela ezartzen du.

Ikastetxeko zuzendaritzak hutsegiteak justifikatzeko prozedura finkatuko du, eta beharrezkotzat jotzen dituen neurriak ezarriko ditu hutsegiteak justifikatzeko informazioa biltzeko.

Eskoletara behin eta berriz huts egitea zer den eta horren ondorioak ikastetxeko Bizikietzaren Erregelamenduan zehaztuko dira.

3.–Erreklamazioak egiteko prozedura.

Ikasleei beren errendimendu akademikoaren balorazio objektiboa bermatzeko, beharrezkoa da ikasleek aurretik izatea helburuen, edukien eta ebaluazio-irizpideen berri, bai eta balorazio positiboa izateko eskatutako gutxieneko mailarena, ikasturtean erabiliko diren kalifikaziorako irizpideena eta ebaluazio-prozedurena ere.

Irakasle titularrak ikasleek programazio didaktikoei buruz eskatzen dituzten argibideak emanen dizkie.

Argibideak eskatzeko edo bidezko erreklamazioak egiteko prozedura Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 21eko 49/2013 Foru Aginduan araututakoa izanen da. Foru agindu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan ematen diren unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzetako ikasleak ebaluatzeko prozesuan erreklamazioak egiteko sistema ezarri zen.

VI. Onartzeko irizpideak eta matrikulazioa.

Ikasleen onarpenari eta matrikulazioari dagokienez, irakaskuntza hauen gaineko araudian ezarritakoari lotuko zaio.

VII. Beste jarraibide batzuk.

1.–Irakasleen erantzukizuna.

Hezkuntza Departamentuak, indarrean dauden legeek ezartzen dutenari jarraikiz, bere gain hartuko ditu irakasle funtzionarioen kontrako prozedura judizialetatik sortzen ahal diren erantzukizun zibil ordaingarriak; hori ez da eragozpen izanen bidezkoa den kasuetan atzera egiteko ekintza gauzatzeko. Irakasleek beren eginkizunak betetzearen ondorioz letratuen laguntza behar izanez gero, defentsa egokia izan dezaten ere arduratuko da.

2.–Eskola-informazioaren kudeaketa: Educa.

Zuzendaritza taldeak edo hark eskuordetutako pertsonak aholkuak emanen dizkie ikastetxeko erabiltzaileei Educa kudeaketa sistemari buruz. Horrez gain, sistema horren aldaketen eta funtzionalitate berrien informazioa jasoko du, eta haiek ikastetxean erabil daitezen sustatu eta koordinatuko du.

3.–Kontserbatorioko langileen jarduerak.

Urteko programazio orokorrean sartuta ez dagoen edozein jarduera egin ahal izateko, Kontserbatorioko zuzendariaren berariazko baimena beharko dute bai irakasleek, bai hezkuntza komunitateko beste edozein kidek.

4.–Ingurune osasungarriak, osasun hezkuntza eta osasunaren sustapena.

Kontserbatorioak sustatu beharko du ingurune egokia sortzea, ikasle guztien eta hezkuntza komunitatearen osasuna babestu eta sustatzeko baldintzak beteko dituena, eta bizimodu osasungarriak bultzatuko ditu.

Helburu horrekin, proposatzen da hezkuntza planetan bizimodu eta ohitura osasungarriak sustatzeko proposamenak sartzea, honako alderdi hauei lotuak: elikadura, ariketa fisikoa egitea, gorputzaren eta gorputz jarreren higienea, segurtasuna eta istripuen prebentzioa eta droga-menpekotasunen prebentzioa.

Orobat, Eskola Kontseiluak erretzeko debekua (indarreko legeriak ezartzen duena) zorrozki betearazi behar du eta neurri egokiak ezarri behar ditu Kontserbatorioan edari alkoholdunik ez saltzeko eta ez kontsumitzeko. Baldintza horiek kontuan hartuko dira ikastetxeko bizikidetza arauak prestatzerakoan.

5.–Bizikidetza.

Ikastetxeetan bizikidetza arautzen duen araudi berriak ezartzen duenez, ikastetxe bakoitzak bere bizikidetza plana eta horren urteko zehaztapenak egin eta abian jarri behar ditu.

Bizikidetza Plana 47/2010 Foru Dekretuan eta 204/2010 Foru Aginduan xedatutakoari egokituko zaio, eta 2017-2018 ikasturteko urteko programazio orokorrarekin batera bukaturik eta onetsirik egon behar du.

Araudi hori bizikidetza kudeatzeko osoko eredu batean dago oinarritua. Eredu horrek hezkuntza-komunitateko eragile guztien parte-hartzea sustatzen du, bizikidetzarako giro positiboa eratu eta mantendu nahi du, gatazkan dauden alderdien arteko komunikazioa sustatzen du, eta hezkuntza neurriak eta eragindako kaltea konpontzeko neurriak aplikatzea aurreikusten du, hartutako portaeraren beharrezko ondorio gisa.

Irakasleentzako Arretaren Bulegoa dute irakasleek orientazio eta laguntza jasotzeko.

6.–Kontserbatorioez kanpoko jendea sartzea.

Kontserbatorioan edozein mezu aditzera eman, transmititu edo banatu nahi duten pertsona guztiek zuzendaritza taldearen baimena beharko dute. Betiere, baimen hori idatziz agertuko da Kontserbatorioko artxiboan.

Hori guztia ez da eragozpen izanen legez aitorturiko eskubide sindikalak erabiltzeko.

7.–Jarraibide hauen berri ematea.

Zuzendaritza taldeak begiratuko du hezkuntza-komunitateko sektore guztiek jarraibide hauen edukiaren berri izan dezaten.

Iragarkiaren kodea: F1709232

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa